Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Jaurlaritzaren zeregina da udalak behartzea elizei lurzoru publikoa ematera?

Jaurlaritzaren zeregina da udalak behartzea elizei lurzoru publikoa ematera?

Markos Zapiain 2021/09/30 10:10
Elkarrizketa Berrian Iñaki Agirrerekin

 

Eibartarrakeko sarrera honekin dago lotua

 

Iñaki Agirreren artikulu nagusia

"Erlijio aniztasuna kultu lekuak bermatuz ondu nahi du Jaurlaritzak"


Elkarrizketa:

Markos Zapiain filosofoa eta Hezkuntza Laikoa elkarteko kidea kritikoa da Jaurlaritzaren lege proiektuarekin, botere publiko bezala behar ez diren marrak gainditzen dituela uste duelako.


Erlijio aniztasunaren babesa eta kultu zentro berrien irekiera bermatzea elkarri lotuta daude?

Ez derrigorrez. Erlijio aniztasuna babestea helburu ederra da, eta erakunde publikoen lana, beti ere agnostikoak eta ateoak diskriminatu gabe. Jaurlaritzak jagon beharko luke inor ez dela bere fedeagatik edo fedegabetasunagatik saritzen edo zigortzen, eta eliza berrien eraikuntza fededunen esku utzi beharko luke. Ez bakarrik Jaurlaritzak badituelako askoz ere premiazkoagoak diren zereginak; printzipio kontua ere bada.

 

Desegokia da erakunde publikoek kultu lekuak bermatzea?

Erakundeen lana emakumeen eta LGTBI kolektiboen eskubideak babestea da, eta garbi erakustea eskubide horiek, elkarbizitza antolatzeko orduan, edozein liburu sakraturen gainetik daudela.

 

Lege honekin, botere publikotik erlijioen sustapen bat egiten dela iruditzen zaizu?

Bai. Erakunde publikoek, kultu lekuak bermatuz, haizea ematen diete erlijioei. Egokiagoa da zergetako dirua hurbileko ospitale bat eraikitzeko erabiltzea, beste eliza baterako baino. Ospitalean berdin onartzen dituzte kristauak, ateoak, musulmanak eta masoiak. Elizak, berriz, ez dira fededunentzat baizik; hori bai, ateoen eta agnostikoen zergez ere eraikiak. Nola ez ditugu bada arazoak izango pentsio duinak lortzeko, laster eliza gehiago izango baditugu tabernak baino?

Beste arazo bat da inork ez dakiela zer den Jaurlaritzarentzat erlijio bat. Kristauei eta musulmanei subentzioak jasotzeko estatusa tradizioak, fededunen kopuruak, lobbyen indarrak eta ikaratzeko ahalmenak ematen die. Honezkero Basajaunek ez du inor kikiltzen, ordea. Orain dela zenbait urte lagun batzuek, Jon Miranderen eraginpean, berezko euskal erlijioa berpizteko dirulaguntza eskatu genuen eta Jaurlaritzak muzin egin zigun. Bertoko Mari eta akelarrea ez dira Asiatik etorritako judu-kristauen San Pedro eta transubstantziazioa bezain erlijio ala? Anitz adituren ustez, antzera dabiltza bi erlijio horiek absurdotasun mailari dagokionez.


Legea udalen aurkako eraso bat dela esan izan duzu. Zergatik?

Jaurlaritzak larderiaz ezarri nahi du goitik behera agindu hori, hainbat udal bat ez etorri arren. Corrugadosekoa ez da gertatu zaharra. Hurbiltasunagatik, udalak hobeto daki Jaurlaritzak baino zer behar duen, zer komeni zaion. Tenplu erlijiosoak eraikitzeko lurzorua elizen esku utzi edo ez, udalaren esku beharko luke. Gainera, deigarria egiten da Jaurlaritzaren mintzamoldeen kontrastea: elizei goxo, eta udalei errieta eta kontu-eskea. Elizei dagokienez, Jaurlaritzak «zaindu» eta «bermatu» darabil; udalei zuzentzeko orduan, ostera, «exijitu» eta «behartu».

Erasoa da, bai: erabakia, Jaurlaritzarena da; onurak, elizentzat; erantzukizuna, udalena baino ez. Garbi ikusten da jokaldia: elizek, gauzak ez badira berek nahi bezala irteten, udala salatu ahalko dute, udalari ordainarazi, ez Jaurlaritzari, are gutxiago beren buruari.

Iñaki Agirrerekin elkarrizketa Berrian bertan 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.