Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Eneko Irigaray (eta IV)

Eneko Irigaray (eta IV)

Markos Zapiain 2021/08/03 11:32

Eneko Irigarayren bizitzak eta nortasunak ETAkidearen estereotipoa ezin hobeki apurtzen dute. Kaputxadun krudelaren ordez, hagina bete odol, negozio gizon patxadatsu eta umoretsu bat dugu, inoiz ez duena ezkutatzen ETAkoa dela. Behin batean, Europako aireportu batean gizon potolo bat leihatilakoarekin arazoak zituela ikusi eta lagundu egin zion. Gizonak ez zekien frantsesez ez ingelesez. Hizketan jarraitu, “a, joño, Euskal Herrikoa, ni bezala”, eta aurrerago politikaz mintzo Irigarayk “ba ni ETAn nabil, fundatzaileetako bat izan nintzen”. “Jakin izan banu, ez nizuke laguntzen utziko”. Irigarayk unean bertan ez zuen ezagutu, baina gero egunkarietako argazkietan ikusi zuen PPren Arabako buruzagi bat zela.   

Irigarayk Perturri buruz kontatzen dituenak ere aspaldiko urteotan zabaldu den Perturren irudia ere mugitzen dute. 

Badago kezka bat txit gizatiarra, oraingo kontakizunaren batailari lotua baina Julio Zesarrek eta Akilesek ere izan zutena: zer esango dute nitaz ni hil ondoren? Liburuetara pasatzen den Historian parte hartu baldin baduzu, egunkarietan atera den zerbait egin baduzu, ‘nola epaituko nau historiak?’ kezkatzen zara. Errudun joko nau, ala absolbitu?

ETAren fundatzaileen liburuetan, Txillardegiren Euskal Herria helburu, Julen Madariagaren Egiari zor, sumatzen da kezka hori. Baita hurrengo urteetako buruzagien artean ere, Mario Onaindiaren eta Mikel Antzaren liburuetan, besteak beste. Hau gertatu zen, hauxe egin nuen, hara zehazki orduko hartan zer idatzi nuen. Garbi eduki dezatela historialariek.

Noski, erabat ulergarria da kezka hori, egia adierazteko bultzada hori, ikusita nola manipulatzen duten sistematikoki hedabide eta argitaletxe indartsuek. Espainia aldean PRISAk, Vocentok eta enparauek aditu seriotzat jotzen duten eta ederki saltzen duen Fernando Reinares baten liburuak hemen irakurrita ez dira txiste merkeak baizik: etakideak hizketan jartzen dituenean, euskalduna gaztelaniaz aritzean betetzen omen dituen estereotipo guztiak erabiltzen ditu: “cómo eres Josechu, ya te dije pues que la goma dos hay que haser aldrevés”, “Si los maketos comprarían los puerros de aquí, entonses no serían tan enemigos putasemik; kilometro sero es cosa buena pero”. Antzekoak dakartza “Patriotas de la muerte. Quiénes han militado en ETA  y por qué” liburuan.

Ekainaren batean errege-erreginek Biktimen Memoriala inauguratu zuten Gasteizen. Txiringitoaren komite zientifiko ekidistantea osatzen dute Iñaki Ezkerrak, Joseba Arregik eta Edurne Uriartek; komite-buru, Florencio Dominguez. Bakarrik falta dira Abascal, Rosa Díez, Pío Mora eta Esparteroren zaldiaren kozkorrak. Disimulatzeko, ipin zezaketen beste norbait erabat neutroa, Carlos Iturgaitz edo.

Horrelako testuinguru fanatizatu batean, Eneko Irigarayk buru osasun bikainaren inpresioa ematen du; medikuntza, erizaintza eta sendakuntza izan da eta da Irigaraytarren zeregin nagusia, ez alferrik. Zentzu horretan, ederki futitzen zaizkio historiaren tribunalak, eta etorkizunak nola epaituko duen. Minutu bakar batez ere ez du gogoan. Ez du bere burua zuritzen, ez ditu bestek esandakoak ñabartzen.

Horregatik ez du hartu inongo autobiografiarik idazteko edo lekukotasunik emateko ardura. Joxean Agirre joan zaio elkarrizketa- liburu biografikoa proposatzera; eta liburua irakurrita irudi luke barruak garbi uztera bultzatzen duen kontu nagusia dela emaztea izan zela ETAko lehenbiziko militante andrazkoa.

Mugalari franko zituen amaren aldeko familian, Urdazubin, eta poliziari iskin egiteko sen berezia handik zetorkiola uste du, geneetan edo. Usaimen aparta izan du beti poliziak eta sekretak detektatzeko, eta inoiz ez dute atxilotu.  

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.