Eneko Irigaray (III)
IRIGARAY ETA PERTUR
ETAren komandoak hasieran beren kabuz entrenatzen ziren. Profesionalek gidaturiko lehenbiziko entrenamenduak Aljerian egin zituzten, Irigarayren bitartekaritzari esker. Laurogei polimili eta hirurogei mili ibili ziren han. Miliak Peixotoren eta Atxuloren bidez joan ziren, eta polimiliak Perturren eta Sabin Atxalandabasoren bidez.
Irigaray bereziki ondo konpontzen zen Perturrekin. Pertur 1976ko uztailean desagerrarazi zuten. Maiatzean Aljerren egon zen Irigarayren bidez polimilientzako entrenamendua adosten. Pertur Irigarayren etxean zen lo egitekoa, baina ezin, bete-betea baitzuen.
Non pasa zituen orduan gau haiek?
Aspaceren sortzailearen etxean!!!
Badakizu, Aspace, elbarritasun zerebralak jotakoei laguntzen dien elkartea. Carmen Aldabek sortu zuen, Iruñean. Oso emakume argia zen. Gaur egun badago Iruñean Carmen Aldaberen izena duen eraikin ikusgarri bat. Kanadan ikasi zuen Pediatria. Lagun onak egin ziren Irigaray eta Aldabe Aljerren. Medicus Mundirekin zegoen Aldabe Aljerren, sendagile lanetan. Aspace eta ETA horrela lotzea ere estereotipotik kanpo dago, eta Irigarayri zor diogu.
Joxean Agirreren liburuko hitzaurrean, Iñaki Egaña historialariak dio bere ustez Pertur Euskal Herrira itzuli eta poliziak Aljerren entrenatzera zihoazenen zerrenda atera nahi izan ziola, eta hori izan zela Perturren desagertzearen kausa nagusia.
Irigarayk dio ez dela ezinezkoa, baina ez duela daturik eta frogarik hori ziurtatzeko.
GAUR EGUN
Gaur egun Irigarayk, laurogeita sei urte, goizeko zazpi eta erdietan jaikitzen jarraitzen du. Lehenbiziko gauza, yoga egiten du. Gero, meditazio pixka bat, Budaren posizioan. Zangoak ondo gurutzatuta, lotoaren jarreran. Lehen bi zangoak kokotearen atzean gurutzatzen zituen, baina utzia du. Ayurvedaren jarraitzailea da, Indiako medikuntza tradizionalarena, prebentzioan eta elikaduran oinarritua, eta oso pozik dabil.