Eneko Irigaray (I)
Badago ETAren sortzaileen argazki mitiko bat: Txillardegi, Julen Madariaga, Eneko Irigaray eta Benito del Valle. Joxean Agirrek elkarrizketa luze bat egin dio Irigarayri. Txalapartak argitaratu du, oso da mamitsua. Hainbat pasadizo harrigarri dakar, garrantzirik ez balute bezala kontatuak. ETAren sortzaileen artean, gazteena izateaz gain, izaera bitxi eta deskontzertanteena duena da Irigaray. Joxean Agirreri berari harridura dibertitu bat sumatzen zaio elkarrizketan barrena. 85 urte ditu, Donostian bizi da. Orain dela bi urte hil zaio hainbeste maite zuen emaztea, Miren Josebe Alduntzin erizaina, ETAko lehenbiziko militante andrazkoa, “Antonio” ezizena zerabilena.
ETAkidearen irudi tipikoari buruz izan ditzakezun aurreiritziak eta topikoak zapartatzeko tresnarik egokiena da Joxean Agirreren “Eneko Irigaray. Aljeriar konexioa”. Txillardegik eta Madariagak “Euskal Herria helburu” eta “Egiari zor” gauzak argitzeko idatzi zituzten, leporatzen zitzaizkienak ukatzeko, defentsazko jarrera batean maiz. Aldiz, Irigarayk ez du liburua bere kabuz idatzi. Elkarrizketa eskatu egin diote. Onezkoak egin ditu bizitzarekin, ez du ez errurik ez damurik, ez du beharrik sentitzen ezer ñabartzeko, azaltzeko edo zehazteko. Futitzen da Historiaren Epaimahaiaren aurrean eman dezakeen itxuraz, eta “Historiaren Epaimahaia” kontzeptuaz. Historiaren zurrunbiloa eta gertaeren olatuak badatoz eta badoaz, eta Irigarayk zorte oneko surflari jakintsuaren antzera baliatzen ditu.
Argazki mitiko hartan Julen Madariaga, Txillardegi, Benito del Valle eta Eneko Irigaray ageri dira. Txillardegi, Madariaga eta Irigarayri buruz baditugu liburuak, haien nortasun eta ibilbideen irudi argi samar bat egin dezakegu. Benito del Valle daukagu oraingoz ilunpe misteriotsu batean. Ea baten bat argitara ekartzera animatzen den.
EGIA ALA ZIGORRA. ARGALA ALTZUTZATIK EZABATU
Ulergarria da ETA desagertu ostean jendeak galdetzea "zer arraio gertatu da hemen zehazki?" Horregatik dira garrantzitsuak Eneko Irigarayrena bezalako lekukotasunak, edo kontatzeko zerbait duen beste edonorenak, trintxeren alde batekoa zein bestekoa. Baina kontatzeko asko daukan jende mordoa isilik dago, ez duelako zigortua izan nahi. Horregatik dago aukeratu beharra: historia ezagutu, eta egia, edo bestela zigortu; ezin biak aldi berean.
Pentsa Eneko Irigaray, laurogeita bost urte inguru dauzkana, Joxean Agirrek bildu dizkionak kontatu gabe hil izan balitz: galera izugarria litzateke ez soilik abertzaleentzat, baizik eta historia eta egia ezagutu nahi duen edonorentzat, Fernando Reinares barne, noizbait animatuko balitz.
Egia modu zabal samarrean ezagutu eta asumitzeari ukoa maila triste batera iristen ari da. Esaterako, Oteitza eskultorearen laguna izan zen Irigaray. Oteitzak Altzuzan zeukan bulegoa eta estudioa. Orain, museo bilakaturik, bere horretan gorde dute, Oteitza bizirik zenean zeuzkan berezitasun guztiekin. Bat izan ezik. Oteitzak Argalaren argazki bat zeukan horman zintzilik. Eta kendu egin dute. Irigarayk kontatu du. Egia, justizia eta erreparazioa nahi badugu, ez da abiapunturik azkarrena Oteitza histerikoki Argalarengandik bereizteko grina hori. Den-dena gorde dute bere horretan, Argalaren argazkia izan ezik. Zer da oroimena horrela mutilatuz bilatzen dena? ETAren edozein arrasto ezabatzea, Stalinek argazkietatik Trotsky ezabatzen zuen bezala? Jende guztiak daki hutsune horietan Trotsky falta dela Stalinek kendu zuelako, eta horrek sekulako publizitatea egin dio Trotskyri eta Stalin barregarri utzi du.