Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Beti original

Beti original

Markos Zapiain 2021/09/04 10:30

Kapitalismoa sendotzen ari zelarik sortu ziren Parisen abanguardiako arte bohemio antiburgesaren lehenbiziko ernamuinak.

Lehen begiratuan, kapitalista eta artista iraultzailea etsaiak dira: bizi dituzten balio etiko eta politikoak kontrakoak dira, haien bizimoduak bezala, zehazki familiarekin eta sexuarekin dituzten harremanak.

Ordea, Daniel Bell-ek nabarmendu duenez, bat datoz izpirituan; bien jokabidearen funtsak, paradoxaz, logika berbera erakusten du: bai enpresarioak eta bai artista modernoak ezinbesteko dute tradizioarekin hautsi eta berria etengabe sortzea. Aspaldi erakutsi zuen Marxek kapitalismoa ez dela ez tradizionalista ez kontserbadorea; aitzitik, iraultza permanentera derrigortua dago.

Henry Ford auto-sortzaile handiarekin hasi eta Bill Gatesenganaino, enpresarioek ez dute atsedenik gabe asmatu beste erremediorik, biziraun ahal izateko besterik ez bada ere: berrikuntza ahaztuz gero, konpetentziak suntsituko lituzke eta merkatuak irentsiko; izateari utziko liokete.

Era berean, Schönberg, Kandinsky, Picasso, Duchamp eta enparauak, subertsiboak eta antikapitalistak izan arren, bizi izan ziren, abanguardiek tai gabeko originaltasuna goretsi eta bedeinkatzearen ondorioz, antzeko frenesian, iraganaren tabula rasa egin (besteak beste, musika tonala eta figurazioa eta perspektiba klasikoa) eta epe laburren baitan behin eta berriz estiloz aldatuz… Duchamp harro zegoen urte bakar batean bere buruarekin eta bere ibilbidea sei aldiz apurtu eta horrenbestez estiloz ere beste sei aldiz aldatu izanaz.

Egia bada ere XXI. mendearen lehenbiziko laurden honetan arte plastikoaren panorama biziki dibertsifikatu dela eta edozer aurki dezakezula, funtsean berdintsu gabiltza. Aspaldi bilakatu da gainera transgresioa zeremonia, eta abanguardia akademian dago, Estatuak diruz laguntzen du eta merkatuak eusten dio. Artista plastiko berritzaileenen obra, hala nola Cady Noland edo Demian Hirstena, ezin dute erosi François Pinaulten gisako milioidunek baizik, artistak miresten dituztenak norberak bere burua ispiluan bezalaxe.   

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.