Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Mormoiak eta irakaskuntza publikoa

Mormoiak eta irakaskuntza publikoa

Markos Zapiain 2021/09/18 13:55

Berriki eraiki dute Bilbon, Lehendakari Agirre kaleko gune pribilegiatu batean, Azken Egunetako Santuen Jesukristoren Eliza, alegia, mormoiena. 850 inguru mormoi baino ez badaude ere Bizkaian, 430 lagun hartzeko kultu-gela ederra dauka. Hiru solairuko garajea du gainera, eta espaloitik gorako lau solairu. Noski, abortuaren edota homosexualen arteko ezkontzaren aurka daude, baina dirudienez txikikeriak dira horiek Jaurlaritzarentzat: elizak babestu beharra dago, diru eta lurzoru publikoz lagundu, udalak elizen exijentzien arabera dantzarazi.

Bien bitartean, hezkuntza ertainetako oposizioetan, uda honetan bertan, ekainaren hogeitik uztailaren hogeita bederatzira arte, irakasle epaimahaikideak goizeko zortzietatik arratsaldeko zazpiak arte aritu dira azterketei notak ipintzen, gela ilun ospeletan, musukoa mozal, hamaika ordu segidan, zenbait egunetan hamabi ere bai, hiru ordu laurden kenduta bazkaltzeko. Filosofiakoek, azterketak jaso, irakurri eta kontsideratu bitartean, esklabo beltzek Georgian kotoia biltzean kantatzen zituzten bluesak tarareatzen zituzten. Ganoraz baloratu daitezke horrela azterketak? Epaimahai gehiago sor zitezkeen, baina dirua falta ei da.

Oposizioak urrira arte luzatuko dira. Eta orain, ikasturte hasieran, epaimahaikide horien ordezkoak, irailaren lehenaz geroztik egon beharrean ikastetxean, lankideak eta lantokiko gorabeherak ezagutu eta irakatsi beharrekoa zehazteko, irailaren zortzirako deitu dituzte Institutuetara, ikasleekin batera, ikasleak sartzen diren egun berean hasteko ikasturtea, kolpez. Sosik ez, iraileko lehen asteko ordezkapenak ordaintzeko. Azken Egunetako Santuen Jesukristoren Elizan esango dizute diru hori non bilatu.

Bistan da Hezkuntza Saileko buruek itunpeko ikastetxeetan dituztela sustraiak eta bihotzak, baina disimulatu zezaketen apur bat. Eusko Jaurlaritzak, oro har, erakunde publikoen gainetik jartzen ditu elizen tankerako pribatuak, are beren testu sakratuak zein gaur egungo jokaerak eta adierazpenak giza eskubideen aurkakoak direnean ere nabarmen. Egun hauetako batean Jainkoari txibatuko diot Jaurlaritzak nola tratatzen nauen.   

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.