Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Julen Madariagaren Egiari zor (eta V)

Julen Madariagaren Egiari zor (eta V)

Markos Zapiain 2021/07/10 12:15

ATURRI

Julen Madariagak Aturri enpresa sortu zuen Miarritzen. Langile guztiak etakideak ziren. GALek horietarik hiru hil zituen. Gero Sokoako paperetan Aturri agertu eta berriro giltzapetu zuten Madariaga, Fresnesen. Hantxe jakin zuen hemeretzi hilabeteko alaba, Iraia, Senpereko etxeko igerilekuan ito zela. Gorpua ikusteko baimena eman zioten. Baina jendarmeek ez zioten emaztearekin eta seme-alabekin euskaraz mintzatzen utzi. Espainolez edo frantsesez bai, bestela mutu.

 

JOSU URRUTIKOETXEAREKIN TXARTO

Josu Urrutikoetxearen eta Julen Madariagaren arteko gorrotoak  prepolitikoa ematen du, fisiko-kimikoa. Fresnesen zeuden etakide guztien artean, Madariaga zen ETAk diruz laguntzen ez zuen bakarra. Ez Julen ez bere sendia. Alta, Aturri enpresa pikutara joana zen eta Madariagaren sendia  diru-iturririk gabe gelditua. Bera espetxean. Lehenbiziko emaztearekin bost seme-alaba izan zituen, bigarrenarekin sei. Azkenik, Santi Potrosek konpondu zuen bidegabekeria hura.

Edonola ere, Fresnesen, ziega berean jarri zituzten Josu Urrutikoetxea eta Madariaga. Hirugarren preso bat ere bazen, Goizuetakoa, berehala Urrutiren alde egin zuena. Madariagak kontatzen du normalean ziegetan garbiketak eta halakoak txandaka egiten direla. Urrutik sistema demokratikoagoa asmatu zuen: bozketa. Bozketa, garbiketa nork egin behar zuen erabakitzeko. Botoetan nagusi, jakina, beti Madariaga.

Beste batean, gainera, kiroldegian zeudela, Urrutikoetxeak zartako bat eman zion.  
 

ETAREN EKINTZARIK EDERRENA

ETAren historia osoko ekintza armaturik onena, Madariagaren iritziz, Carrero Blanco garbitzea izan zen; eta ekintzarik onena, oro har, ETAren historia osoko erabakirik ederrena, armak behin betiko uztea.

 

BEOLA ETXEAN

Behin batean, 2015ean edota 16an izango zen, Pello Gaztelumendi laguna eta biok Beola Etxean bazkaldu genuen, Ibardinen. Hantxe zen Madariaga, bera ere bazkaltzen, bakarrik. Nik irakurri berria nuen Egiari zor eta zalantza batzuk neuzkan, galderak, baina ez nintzen ausartu Madariagarekin mintzatzera. Pellok animatzen ninduen baina nik erantzuten nion ziur aski lasai egon nahiko zuela, anonimotasunaren bila ibiliko zela, eta galderak eginez gero patxada hautsiko geniola.  

Madariagak bazkaltzen bukatu eta on egin esan zigun, ondo ibili, adio. Guk ardoarekin bazkaldu genuen; ez nago ohituta eta "mila esker, Julen!", erantzun nion goraki, "Gora Euskal Herria askatuta!". Madariagak "Gora!" erantzun zigun eta irri egin zuen. Ziur aski pentsatuko zuen tamaina horretako txotxoloekin Euskal Herria askatzen ahalegintzea ere ez duela merezi. 

 

ZINGIRA KALEAN

Madariagak behin batean esan zuen ETAko bururik azkarrenak Txillardegi, Txabi, Beltza, Argala eta Pertur izan zirela. Gero izenen bat eransten zuen, edo bizpahiru kendu. Bazuen zerrendak egiteko eta zuzentzeko zaletasun hori.

Bilbon ofizialki Xendra edo Sendeja deitzen zaion kalean zuen etxea. Berak bakarrik deitzen zion Zingira kalea. Areatzaren aurrean dago, udaletxearen ondoko biribilguneari itsatsita. Etxe horretantxe idatzi zuen aitite On Ramonek Lizarrako Estatutua. Azkeneko urteetan, behin baino gehiagotan ikusi nuen hango atarian, zutik, bakarrik, zerbaiten zain balego bezala. Zeren zain?

 

 

 

 

 

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.