Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Eneko Irigaray (II)

Eneko Irigaray (II)

Markos Zapiain 2021/08/02 20:50

IRIGARAY ETA TXILLARDEGI

Falangistez betetako trena deskarrilarazi ostean, 1961ean, egundoko errepresioa etorri zen eta jende askok igaro behar izan zuen muga. Irigarayk Txillardegiri muga pasatzen lagundu zion.

ETAren lehenbiziko Biltzarrean zortzi-bederatzi lagun bildu ziren Beloken, Irigarayk aurkitu zuen egoitza, eta Biltzarra ETAren Printzipioak idazteari eman zioten ia osorik. Gero, multikopistetan inprimatzen zituzten Printzipio horiek eta beste edozein panfleto. Itzela zen ordea garai hartako multikopistek ateratzen zuten zarata, eta orduan Txillardegi piano jotzera jartzen zuten. Txillardegi ez da inoiz artearen autonomiaren aldekoa izan, bere ustez hilzorian dagoen herriaren borrokaren alde egin behar dute bai literaturak eta bai pianoak. 

Gero, Frantziatik kanporatu zituztenean, Madariaga, Irigaray eta Txillardegi elkarrekin joan ziren Bruselara. Diru aldetik ez zebiltzan batere fuerte. Etxebizitza txiki merke bat alokatu zuten auzo pobre batean eta ohe berean egiten zuten elkarrekin lo.  

 

ALJERIAN

Belgikatik alde egin eta Irigaray, Madariagarekin batera, Aljerrera iritsi zenean Aljeriak independentzia lortu berria zuen, eta babesa ematen zien mundu osoko askapen mugimenduei: PAEko palestinarrak (Arafat eta), angolarrak eta vietnamdarrak bezalako handiei zein sahararren Polisarioa, kanariarrak edo ETA bezalako txikiei. Dena den, Irigarayk, ETAren ordezkari gisa, kontsularen estatusa zuen, gobernuak auto ofizial bat jarri zion, harreman ona zuen ministroekin, harreman estua zerbitzu sekretuetako buruarekin. Yasser Arafatekin eta vietnamdarren liberazio mugimenduaren buru Giap jeneralarekin ere harremana izan zuen. 

Harreman eta giro atseginak sortzeko dohaina igartzen zaio Irigarayri. Maizen darabilen esamoldea da "oso ondo konpontzen ginen". Oso ondo konpontzen zen Angolako presidenteordearekin, primeran Antonio Cubillo Kanarietako independentisten buruarekin, baita ere ia beste edonorekin batere ondo konpontzen ez ziren Jon Mirande eta Federico Krutwigekin… Txinatarrekin ere harreman ona zuen. Krutwigi eta txinatarrei esker atera zuten Maoren Liburu Gorria euskaraz. 

Irigarayk, liberazio mugimenduetako buruzagiekin Aljerren lotu zituen harreman on horiek eta bere izaera atsegina eta hizkuntzen ezagutza gerora baliatuko zituen SPRI-ri eta euskal enpresei negozio-bideak zabaltzeko. Besteak beste, Bascotekniari Angolan. Mitsusi japoniarraren eta Orbegozo, Marcial Ucin eta beste enpresa garrantzitsu batzuen arteko bitartekaritza lanak ere egin zituen. Gainera, Corberó eta Agni-ren ordezkari ere izan da. Horrek mundu osoan barrena bidaiatzera eraman du. Eta ez zuen ezkutatzen ETAkoa zela. Galdetzen bazioten, beti erantzuten zuen ETAkoa zela eta jendeak normal hartzen ei zuen.

Dena den, Eneko Irigarayk erradiologoaren ikasketak egin zituen, eta makina bat erradiografia eginikoa da Aljerreko ospitaleetan.

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.