Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Volga Sarien emanaldia (I)

Volga Sarien emanaldia (I)

Volgako Batelariak 2008/01/10 18:47
Azkenean bete genuen hitza eta eman genituen, bai horixe, Volga Sari preziatuak, arrakasta eta glamour handiko festa batean, Durangoko Azokaren datak aprobetxatuz. Badakigu atzeratu garela, baina tira, Joxe Azurmendik "Manifestu atzeratu" bat argitaratzeko eskubidea izan bazuen, zergatik ez ginen atzeratuko gu kronika honekin? Gainera, luze samarra atera zaigu, eta horregatik bi partetan ematea erabaki dugu. Volgako Batelariok ubikuitatearen dohaina desio bai, baina eduki ez daukagunez (eta dena ondo atera zedin ekitaldia zaintzen egon ginenez, nerbio-atake baten ertzetan beti), gure lagun kazetari bati laguntza eskatu eta berak idatzitako kronika mundanoa txertatu dugu (kurtsibaz) testuan, gure ekitaldiaren deskribapen formalagoa (letra normalean) aberasteko asmoz (ez dugu gure lagun kazetariaren izenik emango, ezta inizialak ere, lan egiten duen komunikabidean errepresaliatu ez dezaten).

Giro aparta bizi izan zen pasa den igandean Durangoko Plateruena Kafe Antzokia ezagunean Volga Sarien banatze ekitaldian (2006ko literatur uztari zegokiona, ikus hemen). Literaturako eta, oro har, kultura munduko aurpegi ezagun asko bildu zen letren festa oparoan, zeinak, txintxo-txintxo, Volgako Batelariek ezarritako protokolo-arauak onartu eta arropazaindegian utzi baitzituzten haiekin zeramatzaten soingaineko, zorro eta arma oro; guztira bederatzi labana toledotar, zazpi eden-flasko (zikutazko bi barne), hiru Kalashnikov, kalibre ezberdinetako lau pistola eta Xabier Silveiraren nobela bat (zorionez oraindik plastikoan bildua) atzeman zirela jakin dut.

Kazetari honek ikusi zuen lehendabizikoa Jon Arano izan zen, liburu argitaratu berria besapean ohikoa baino atseginago, Iñaki Segurola alboan zuela. Pare bat krianza sabeleratu ondoren, Aranok aitortu zidan sari banaketa lehertzera omen zetozela Segurola eta bera. Zer egin behar zuten galdeturik begi ameslariak paratu zituen Aranok ezpainak muturtzearekin batera edozein top modelen moduan. Makurrenaren zain gelditu nintzen.

Haien ondoren Eider Rodriguez sartu zen bere azkeneko liburua eskuan; ederki jantzita zetorren begien kolorearekin bat egiten zion soineko luze batekin. Liburuari buruz galdetu nion baina saridunei itzalik egin nahi ez ziela eta ez zuen erantzun. Atzetik Paddy Rekalde etorri zen. Paddyk hasieran ez zidan erantzun nahi izan baina gero amore emate itxurak eginez ezin izan nuen isildu. Mikrofonoa eta guzti kendu behar izan bainion. Bere betiko look rockeroarekin, are luzeagoak dauzka patillak. Esan beharra dago galtza pitilloak deskubritu dituela eta ez nagoela seguru ongi gelditzen zaizkion, edade txarrean sarturik baitago look errebelde horri eusteko.

Castillo Suarez, Uxue Apaolaza eta Leire Bilbao biribilean zeuden, haien arteko elkarrizketari kasu gehiegi eman gabe, aspertu antzo, seguruenik emakumezko literaturaz ez zirelako hitz egiten ari. Letren mundutxo hau oraindik ongi ezagutu gabe, hortik hurbil Beñat Sarasola alderrai igaro zela aprobetxatu zuen haietariko batek (ez dago zein esan behar) taldera erakartzeko, intentzio aitorrezinagoez gain, behingoz emakumezko literaturaz ez hitz egiteari utzi ahal izateko, kazetari honek susmatzen duenez.

Harkaitz Cano sartu zen ondoren. Mikrofonoa muturrean paratu nionean bere nobelari buruz galdetzeko begi ameslariak paratu zituen eta ez zuen ezer erantzun nahi izan. Belaunaldi gazteak Volgako Batelarien sariei buruz zer iritzi dion galdeturik ezbaibatzuetanagianordeabaiezbatzuetan erantzun zigun belaunaldi gaztearen ordezkari nagusiak. Ederki jantzita zihoan Frantziako intelektualek modan paratu zuten galtza eta jaka binomioa galaiki konbinaturik. Oholtza aldera desagertu zen, bere ohiko sotileziaz (izan ere, hain izan zen sotila ezen hasieran ez bainintzen konturatu desagertu zenik ere).

Urtzi Urrutikoetxea ere bertan zebilen, ohiko moduan euskal atuendoaz jantzita, hala nola, Unai Iturriaga, Igor Elortza, Jon Maia eta enparauak; kazetari honek esan beharra dauka poztu zela Ternuako galtza adabakidun horiekin etorri ez zirela ikustean. Kazetari hau gaizkitu eginen zen.

Pixka bat haratago, eszenatokitik hurbil, Volgako Batelari batzuk aurkitu nituen. Han zegoen Rikardo Arregi, Merc markako arropaz hornitua goitik behera eta irribarre nerbioso batekin; sabaiko diskobolaren distirak bortizki islatzen ziren bere kopeta garbalduan, eta horrek, itsutu ez ezik, despistatu egin ninduen esaten ari zenaz, Chuecako ez dakit zein izkinan ireki berri duten denda leather berri bati buruzko zer edo zer. Haratago zegoen Iban Zaldua, bere gin-tonicari ondo helduta eta Euskadi Sarietan eraman zuen jaka berdina (eta baita alkandora ere, apustu egingo nuke) soinean; jakan zintzilikatuta, edonola ere, Straight is cool (too) esanahi iluneko txapa zeraman. Armairu-hondo zabalago bat eratzeko bezainbeste irabazten duela esatekotan egon nintzaion, baina alkoholak serio jartzen omen du gizona eta politikaz-edo hitz egiten hasi zitzaidan; kazetari honek, disimulatuki, ihes egin behar izan zuen hainbeste ekidistantzian ez itotzeko. Ezinezkoa izan zitzaidan, bestalde, Ibon Egañarekin hitz bat gurutzatzea ere, saltoka ari baitzen bere txokoan, bozgorailuek jaurtitzen zuten musikaren erritmoa segituz: bera da, ezagutzen ditudanen artean, Nick Cave and the Bad Seeds-en kanta deprimenteenetakoekin saltoka dantza egiteko gai den gizaseme bakarra, nahiz eta onartu behar den jauziek agerian uzten zutela bere paparraren ikuspegi txit interesgarria, alkandora loredunaren lepo zabal-setentero erdi irekien artetik; gauza bera pentsatzen zuten, haien aho irekiei kasu eginez gero behintzat, inguruan zeuden bi neska gaztek, seinale guztien arabera haien emakume-armak erasorako prestatzen ari zirenak: kazetari honek irribarre egin zuen kontuaren segidan pentsatzean.

Juanjo Olasagarre, Emidio Tucciz jantzita (Unzu-ren desagerpenak kalte handia egin dio, oro har, nafarren janzkerari), alai zegoen, eta kazetari honek ez daki zerk pozten zuen gehiago, bere nobela berria helmugako zuzenean sartuta egoteak edo bere senarrak gau horretarako emanda zion kortso-patenteak (ziurrenik senarra ez zegoen batere arduratuta gau horretako ehizaki posibleez, euskal idazleen ganadua ezagututa); Angel Erro, ordea, ohi baino uzkurrago aurkitu nuen, agian astero idatzi behar duen dozena-erdi zutabe horietako bat amaitzen ari zelako istant horretan bertan bere ordenagailu eramangarrian; "Ezagutzen al du inork inmarcesible hitzaren ordainik?", zihoen errukarri, "Hemen ez dago estaldurarik eta ezin dut kontsultatu Elhuyar hitzegia on line! Ai ene!". Laguntzera hurbildu nintzaion, baina ekitaldia hastera zihoan une horretan, eta kazetari honek konkurrentziaren artean bueltak emateari utzi, eta sari emanaldian bertan ipini zuen bere arreta guztia.

Eta halaxe izan zen: Edurne Ormazabalen eta Anne Igartibururen gidaritzapean, arratsaldeko zortziak eta laurden puntu-puntuan hasi zen jaialdia. Marina D'Or-eko paradisuaren inguruko iruzkinez zipriztindutako aurkezpen labur eta goxo baten ondoren, Volgako bost Batelariok izan ginen oholtzara igo ginen lehenak, eta ongi etorria eman geniena bertaratutakoei, zortziko txikian eta nahiko ondo modulatutako ahotsez (hau, jakina, ez da gure iritzia, bertan zebiltzan eta batere susmagarriak ez diren Piter Ansorena eta Xabier Paia bezain aditu ezberdinena baizik).

Txalo zaparradaren ondoren lehenengo gonbidatuei eman zieten paso, ingelesez eta euskaraz, Edurnek eta Annek: Ana Toledo euskaltzaina, Adolfo Domínguezen osagarriz ondo hornitua, eta Gorka Arrese editorea, zeinaren izpiritu errebeldeak eraman baitzuen gure etiketa-aholkuei entzungor egin eta bere ohiko alkandora koadrodunaz jantzita etortzera. Toledok hartu zuen hitza: "Ez dakit zergatik aukeratu gaituzten gu RASPUTIN SARIAREN berri emateko, hau da, urteko kritikarik kriptikoenari esleitzen zaiona". "Nik bazeukanat susmoren bat", gehitu zuen Arresek, Billy Crystalenak gogorarazten zuen keinu bat marraztuz eta publikoaren artean barre-algara batzuk sortaraziz. "Ekin diezaiogun, beraz, Gorka adiskidea, epaimahaiaren erabakia ezagutzeari", gehitu zuen euskaltzainak. Arresek ireki behar zuen kartazala, eta Toledok irakurri epaimahai inpartzialaren ebazpena, baina zarauztarra, urduri nonbait, ez zen gai izan hura irekitzen asmatzeko, eta azkenean Toledok egin behar izan zuen lana, Arreseri testuaren irakurketa utziz: "And the winner is... FELIPE JUARISTI! Nola ez, Xabier Montoiaren Euskal Hiria sutan liburuari egin zion kritika guztiz ulertezina dela eta! Zeina, bide batez esanda, armiarma.com eredugarrian aurkitu baitezakezue". (ondoren, mikroa itxita zuelakoan, Arresek Ana Toledori honako hau komentatzen ziola entzun ahal izan genuen: "Bueno, Ana, inporta ez bazain, hau amaitzean pixka bat hitz egingo dinagu Diputazioaren subentzioaz, bale?". Eta Toledok erantzun: "Baina, gizona, ez al zara gogoratzen nire senarra jada ez...").

Baina justu momentu horretan FELIPE JUARISTI igo zen oholtzara, txaloen artean, eta Ana Toledoren beso sendoengandik besarkada bat eta saria osatzen duten Harold Bloomen obra osoaren aleak jaso ondoren, mikrofonora hurbildu eta, eskerrak eman ondoren, hitz hauek xuxurlatu zituen, kritikakoak bezain inkonprensibleak: "Nekez ohitzen gara kritikara. Nekez onartzen dugu gure ezaugarri mugatuen artean. Ez da kritikak ospe ona edo fama txarra izanagatik. Ospea ere bakarrik dabil munduan, bere azkonaz nor joko nor ez joko. Hain da bera arrotza, ezen barneratuz gero ezezagun bihurtzen baita, mendikateak bezain kanpoko eta ezdeus. Ospeak ez du sostengurik, norberaren desira eta irrika basotik kanpo. Kritika egin nahi eta ezin bakarrik kritika egin, eta kritika egin nahi ez denean ezin kendu bera gainetik, edo ondotik. Horra hor kritikaren paradoxa eta ironia, eta bakardadea". Jarraitzeko asmoa zuela zirudien, baina ekitaldiari ezarri nahi zitzaion erritmo bizia gogoan (orduka kobratzen ziguten lokala, eta ez merke alafede), arima karitatetsu batek audioa moztu eta ekitaldiaren hurrengo atalera pasatu ginen.

Barbara Goenaga eta Patziku Perurena arduratu ziren ANA KARENINA SARIA banatzeaz, eta horretarako biak ala biak pintxo-pintxo agertu ziren denon aurrera, galazko smoking bat, mendirako botekin xalotua, eta Lorenzo Caprileren diseinu esklusibo bat, deshurrenez deshurren, jantzita, jakina denez sari honen bitartez urteko euskal idazlerik edo idazlesarik ederrena hautatzen delako. Aukeraketaren zailtasunari buruzko txantxa batzuk trukatu ostean, Barbarak gutunazala urratu eta izena ikusi bezain agudo, emozioaren emozioaz, izen osoa eta epaimahairen motibazioa irakurtzeko ere ezgaitua, deiadar batean hasi zen: PERUUUU!!! oihukatzera, poz eutsiezinezko saltotxoak ere emanez.

Peru, noski, PERU MAGDALENA zen. Bera, ezusteak hasieran eta berehala lotsak hartuta, oholtzara igotzen zen bitartean, Patziku Perurena ezinean ahalegindu zen, Barbararen imintzioen eta publikoaren txaloen artean, PERU MAGDALENAren merezimenduak (bidenabar, nahikoa begi bistakoak) entzunarazten. "beraren egoblog politean zintzilikatu argazkiengatik, liburu hegalak ere alaitzeagatik eta, aurreko guztia gutxi balitz, literatur errezitaldietan eginiko striptease oso-osoengatik".

Peru Magdalenak ez zien bertaratuei errezitaldirik ez errezitaldi ondokorik oparitu nahi izan; bere Springfieldeko kamiseta ozta-ozta altxatu zuen, bere gorputzak daukan koipe portzentaiaren irudi eta eredua datekeen bere zilborra zenbait segundoz agerian utzita. Sariaren epaimahaikideei eskertu nahi izan zien berarengan fijatu izana: "Nik baditut adiskide homosexual pila bat eta oso jende zintzoa zarete."

Galak ez zuen erritmorik galdu, batere. Plateruenean bildutako jendea ezusterik ezuste zebilen. LEON TOSTOI SARIA emateko ordua iritsita, tupustean, argi guztiak itzali, alboko (eta alboka) orkestra erabat isildu eta batzuek intzientsotzat hartu zuten lurrin bat hedatu eta koral errusiar baten kantu arima ebasle horietariko bat aditzen zen bitartean, oholtzara Estepan Aldamiz agertu zen, Patricia Gastañaga euskalherriratuaren konpainian. Estepanen hasierako jarduna herabe izan zen, hainbeste jenderen aurrean aritzeko erantzukizunak eta beldurrak hartua (300 bat lagunek betetzen zuten aretoa, bere irratsaio telebisatuaren baino hamar aldiz gehiagok). Patricia shareina trebeagoak, berriz, arrain baten moduan aritzen zen, enbatari buru egiten, eskuan aurkezpen txartelak zituela.

Iparraldearekiko deskonexio bat egin behar zen (zeinek esan du lurraldetasunak ez diela Volgako Batelarioi ardura?), urtarrilean 88 urte egiten dituen Jean Diharce, IRATZEDER poeta bizi den monasterioarekin, fraide onari eta poeta hobeari sorpresa-sorpresa bat emateko, bizitza oso bati eskainitako sari honen mereziduna izan dela jakinaraztean haren erreakzioak bertatik bertara jasotzeko eta zuzenean Durangoratzeko, guztion gozagarri. Zoritxarrez (guretako), Frank Dolosor korrespontsalarekin ezin izan zen konektatu, EITBri bakarrik egozgarriak diren arazo teknikoak direla medio (edo ezmedio)

Beharrik Patricia Gastañagak holako egoeretan eskarmentua duen. Ataka txarretik nola atera segituan bururatu baitzitzaion, edozein bertsolarik beretako nahiko lukeen bat-batekotasunarekin Pako Aristi deitu baitzuen eszenatokira. Publikoaren txaloek igoarazi zuten. "IRATZEDERri ezin diogu sorpresa eman, baina zuretzat prestatu dugun sorpresa bai eman ahalko dizugu." Behetik lagunek irri konplizea egiten zuten. Ikustekoak Pako onaren izerdiak. Nobia erdeinatu bat ote? Seme-alaba sekreturen bat? Osho santoiaren berraragiztatze bat bere Debía tener cuatro años cuando empecé a rebelarme DVDa (bildumako hamahirugarrena) eskura ekartzera? Tentsioa ezin zenean goragokoa izan, La Oreja de Van Gogh taldearen abeslari ohia, Amaia Montero, atera zen teloi atzetik berari a capella Lau teilatu kantatzera.

Klaudio Landa eta Iñigo Lamarka Jaun Ararteko agertu zirenean goien gradora igo zen ekitaldiaren glamourra eta dibertsioa. YOGURINA VIBOROVA SARIA eman behar zuten urteko liburu transmarikabolleroenari. Iñigo Lamarka Jaun Arartekok Armaniren traje beltz bat jantzirik erakutsi zuen badela betiko dotorezia klasikoa urteetan iraun egingo duena. Hasperenak edonon entzuten ziren. Klaudio Landak John Gallianoren 2009/10 neguko denboraldia (sexu guztietarako berdina) aurreratu zigun festa osoko jantzirik esklusiboenarekin. Pauma ederragorik ez da Euskal Herrian sekula ikusi, ahoa irekitzen zuen bakoitzean barreek areto osoa hartzen zuten olatuek Kontxa maittia bezala egun txarretan.

Gutunazalaren koloreek (ortzadarraren bandera) seinalatzen zuten sariaren nolakoa. Jaun Arartekok ireki eta Klaudio Landak imintzioak eginez irakurri zuen: "Arlo honetan lehia handia izan bada ere, gayen gaia modan jarri delako euskal letretan eta kasik ez delako argitaratzen jada gutxienez homosexual bat agertzen den euskal nobela edo ipuin-bildumarik, hala ere, hala ere... Yogurina Viborova Saria ANJEL LERTXUNDIri eman behar zaio Ihes betea nobelagatik, inork ez dakielako protagonistak ulertzen duen ala ez, edo batzutan bai, eta bestetan ez, edo auskalo; neska batekin oheratu arren (gutxieneko dena bestalde) buruan beste gauza bat duelako, edo ez, edo auskalo; horrela demostratuz arraren eta emearen arteko desberdintasunak desegiten ari direla Euskal Herrian, edo ez, edo auskalo; eta sexurik ez duela garrantzirik, edo bai, edo auskalo; postidentitate sexualaren arazoari buelta metasexuala egin diolako, edo ez, edo auskalo; eta euskal literaturak queer teoriari egin dion ekarpen nagusia delako, azken hori eztabaidarik eta auskalorik gabe". Gora Euskal Herri queer postmodernoa! ohikatu zuen Klaudiok bukatzean. Jaun Ararteko gorritu zen. Gora, gora!, entzuten zen komunetan.

ANJEL LERTXUNDI igo zen taulara saria jasotzeko: lumatzarra (idaztekoa). "Eskeggik asko, eskeggik asko, eskeggik asko". Emozioak eta txaloek ez zioten beste hitzik esateko betarik ematen. Zinez festaren unerik hunkigarriena. Batelari gehienok negarzotinka geunden elkar besarkaturik.

Iritsia zen aurtengo sari berezienetako baten ordua, Anne Igartiburuk goxoki iragarri bezala: ELIZA ORTODOXOAREN PATRIARKA SARIA hain zuzen ere; elorriarraren emozioa bene-benetakoa zela ikusi ahal izan genuen, publikoari hitz egitean "Corazones" behin eta berriro errepikatzeaz ahaztu zen eta. Ondoren, ke lehorreko bafada batzuek bete zuten eszenatokia, eta une batzuk geroago, lainopetik, oso zurbil, flâneur uniforme ofizialaz eta traktore fabrika bateko buzo urdinaz jantzita (hurrenez hurren), Charles Baudelaire eta Vladimir Maiakovski agertu ziren, gonbidatu batzuek susmatu arren Iñigo Aranbarri eta Jose Luis Otamendi baino ez zirela, izugarri ondo karakterizatuta hori bai. Baudelairek apenas ireki zuen ahoa, eta inork gutxik ulertu zuen Maiakovskik bota zuen hitz-aspertua, errusierazko auskalo zein euskalkitan murduskatua; hala eta guztiz ere, ekintza aski adierazgarria gauzatu zuen solasaldiaren erdian, 1978ko Konstituzio espainiarraren ale txiki bat poltsikotik atera (Kritika Sariaren arautegia zela diote batzuek) eta, Baudelairek prest zeukan pospolo baten laguntzaz, su eman zionean. Gure aurkezle bereziek ez zuten, oraingoan, kartazalaren beharrik izan sariduna izendatzeko: fokuek Oreka TX taldea argiztatu zuten eta haiek izan ziren, hogeita hamar segundo eskasetan zehar luzatu zen txalaparta-joaldi bikain batez, haren berri eman zigutenak. Maiakovskik soinu horiek deskodetu eta epaimahaiaren erabakia transmititu zigun, oraingoan euskaraz, azentu eslaviar bortitz baina ulergarri batean: "Eta Eliza Ortodoxoaren Patriarrrrrrka Sariaren irabazle, oi burkideak... KOLDO IZAGIRRE da!".

Giroa gorez! eta bibez! bete zen, mila urrik (edo mila azarok, segun eta egutegi juliarra edo gregoriarra erabiltzen dugun) aldi berean eztanda egin izan balute bezala. KOLDO IZAGIRRE, jendeak espero bezala, ez zen ekitaldira azaldu, baina bere ordez Nabar hartzaren ale bat igo zen oholtzara, eta, ad hoc prestatu zitzaion taberna-eserleku luze bateraino igota, ahots Vocoderresko samarrarekin, hitz bakarra bota zuen zazpi hizkuntza piriniotarretan (katalanez, aragoieraz, okzitanieraz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez eta euskaraz alegia): "Fora!", "¡Fuera!", "Defòra!", "Afora!", "Dehors!", "Scram!", "Utikan!". Gero, pelutxezko hartz batean sinestezina den indarraz, saria osatzen zuten urre eta zilarrezko mitra eta Andrei Rubleven ikono handi bat (San Migel arkanjeluarena, zehazki) bizkar gainean kargatuz, eszenatokiaren atzeko aldetik desagertu zen isilka, atoiontziek Pasaiako bokalea zeharkatu ondoren egiten duten legez.

Bixente Serrano Izko
Bixente Serrano Izko dio:
2008/01/12 05:17

Ona, dibertigarria, benetan, kontu honen emanaldia! Baina bi aldiz eman behar al duzue?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44