Volga Sarien emanaldia (eta II)
Edozelan ere, festak aurrera jarraitu zuen pelutxea desagertu ondoren, eta Annek eta Edurnek, oraindik emozionatuta, baina profesionaltasun osoz, aurrera jarraitzeko bidea egin zuten, hurrengo sariaren aurkezleei oholtzara igotzeko eskatuz; Telesforo Monzonen ektoplasma eta Alizia Stürtze agertu ziren bertan, ezerezetik sortuak izan balira bezala. Dotorezia handiz, denok gogoratzen genuen bezala, Monzonek TRANSIBERIAR SARIA ematera etorriak zirela aipatu zuen, baina ez zuen jarraitu ahal izan, norbaitek sari hori libururik bidaiatuenari ematen zitzaiola ulertu eta “Arretxe!, Arretxe!” hasi baitzen entzuten oholtza behetik. Monzonek ez zekien zer egin, bere txapela espektrala behin eta berriro erortzen zitzaion lurrera, margarinaz igurtzita egongo balitz bezala; beharrik Stürtze azkar ibili eta harantz gidatu zuen fokuaren argia. Publiko artean zeuden, Arretxeren bidaia-liburu guztien bildumak eskuan harturik salto eta salto, zimurrak aurpegian. Jakina, Ostegunak Jon Arretxeren liburuan erretratatutako xaharkillo –garai haietan gazte– koadrila zen. Betikoan jantzirik, forro-polarra eta mendiko galtza adabakidunak. Fokuak berak, batere giza laguntzarik gabe, egin zuen berriz ere Monzonen gainera: “Baina ez, adiskideak, lasai zaitezte –hasi zen fantasma bere ahots irmoaz, Batelarioi begirada urduriak zuzentzen zizkigun bitartean–, Transiberiar saria ez zaio esleitzen libururik nazioartekoarenari, ezta bidaia libururik onenari, baizik eta, oinarriak oker ez badaude behintzat, liburu nazionalenari. Beraz…”. Stürtzek, orduan, aurrea hartuz, kartazala urratu eta irakurri zuen “Transiberiar Saria... aurten... JON MAIARENTZAT! Bere familia etorkinaren integrazio eredugarriaren testigantza jasotzeagatik Riomundo eleberrian, gure kostaldeetara pateretan ailegatzen diren guztiei lurra ukitu bezain laster oparitu beharko litzaiekeen liburua”.
Herioak harturik hasi zen fokuan salan zehar bertsolari, kantari eta musikaria ezin bilatuz. Harrapatu zuenean Maia kantuka hasi zen, baina, ez zitzaion entzuten. Gora-gora ailegatu zen oholtza gainera eta ematen zuen tentaturik zegoela eskerrak ematekoa bertsotan edo hitz lauz eman. Azkenekoa aukeratu zuen (zorionez esanen zuten batzu-batzuk). Maiak, bertsolarien artean eredu bihurtzen ari den bezala, bere familia aitatu zuen, gerra ondoren Extremaduratik etorritakoak, abuelo eta abuela, padre eta madre eta abar. Luzatzen ari zela ikusita txalo bat jo eta gitarra bat agertu zen oholtza gainean. Eta halako batean Benito Lertxundi (edo Mikel Urdangarin, zaila da zehatz esatea) sortu zen eszenatokiaren atzetik. Gitarra hartu eta han hasi ziren biak (edo hirurak) flamenko doinuak jo eta jo. Benitoren (edo Urdangarinen), egia esan behar baldin bada, gerrien mugimenduari erreparatzeko aritu beharra zegoen, baina Maiak… hura grazia, hura estiloa, haiek txilioak, haiek takoneoak. Camaron txiki utzi zuten egia esateko.
Publikoa eroturik txalo flamenkotan lehertu zen eta seguritateko zaindariei deitu behar izan zitzaien orden pixka bat jartzeko. Maiak bertso bat kantatzeko baimena eskatu zuen, baina nahikoa zuela esan zitzaion. Arsa!
Oholtzan zeuden guztiak jaitsi bezain laster, eszenatokia ilundu eta The Empire Strikes Back filmeko “Martxa Inperiala”-ren akordeak entzun ziren; urteko euskal liburu españolenari edo frantsesari emango zitzaion OKHRANA SARIAren ordu beltza iritsi zela ohartarazi zigun Anne Igartibururen ahots dardaratiak. John Williamsen pieza amaitu zenean, argi gorrixka batzuek oholtzaren espazioa agerrarazi zuten atzera, eta atrilaren –edo pulpituaren– atzean, hieratiko, Lander Garro eta Joxe Austin Arrieta zeudela ikusi ahal izan genuen; Garro larruzko soingaineko beltz distiranta batez jantzita zegoen, bere proletkult bisera buruan, eta Arrietak, aldiz, Umberto Ecok laurogeiko hamarkadan inposatutako lookaren zantzuak erakusten zituen traje koadroduna zeraman, Auzmendi sastrearen galbahetik pasatua noski. Garro, eskuak irmo atrilaren gainean, hitz egiten hasi zen: “Euskal literatura kolonia bat da. Askotan esan dugu, baina gaur ere esango dugu, inork ez dezan eztabaidaren norabidea aldatu. Esaten dute hemen euskal literatura badagoela, nahiz eta ez den literatura sakona, nahiz eta ez den literatura bikaina edo perfektua. Alegia, gauden bezala, gehiegi mugitu gabe, gure letrak hobetzeko aukera aurki dezakegula. Hori esaten dute espainolek eta hori esaten dute hemengo erregionalistek ere. Horren aurrean, benetako euskal literatook hauxe erantzuten dugu: ez, ez jaun-andreak, hemen kolonia bat dago, euskal literatura, eta kolonizatzaile bi, Espainiako eta Frantziako literaturak. Egoera zaila da egungoa, eta Volkgeist Literarioak bere Deiari bai esateko gonbitea egin zigun idazleok baietz esaten dugu, Benetako Euskal Literatura dela gure hautua. Askok erantzun diogu dei horri, eta beste askok ez: beraiek ikusiko dute. Eta ez dut nik españolez, zapaltzailearen hizkuntzan, dihardutenen defentsarik egingo, baina derradan, bidenabar, nahiago dudala españolez españolen kontra aritzen dena, euskaraz euskaldunon kontra aritzen dena baino, edo, bestela esanda, euskaraz, españolen alde. Euskal Literatura kinka larrian dago, izan ala ez izan. Hori da erabakitzeko dagoena, inposizioa ala askatasuna, zintzotasuna ala hipokresia, metafora ala metonimia, pantxoa ala peioa, izan ala ez izan. Euskal Literaturak berea defendatzeko borroka luzea egin du, ehunka urte dira handik eta hemendik gure ondarea lapurtzeko saiakera tematia pairatzen dugula; lehendik gurutzez zamatuta etorri ziren, gure belarriak eta gure begiak katiximez eta bibliez betetzera; ondoren ilustrazioaz eta kosmopolitismoaz, irakurleen kontzientziak kateatuta eramatera; orain posmodernitateaz eta haien nobeletarako Barne Ministerioak hornitutako dokumentazio-lanaz, ilea gominaz bustirik eta hitz ederrez datozkigu, estetika ikasgaiak ematera. Arrotzetik datozkigu, hegoaldetik nahiz iparraldetik, ekialdetik eta mendebaldetik, inframundutik eta espazio sakonetik, baina baditugu batzuk hemen ere, etxe barruan. Nortzuk direla uste dute! Ez al dute lotsarik, geure letrak zikiratu, ustiatu, bortxatu, kolpatu, eta gainera literatura zer ote den irakatsi behar al digute?” (txaloak) .
“Badakizue zer den puntxinbola? –jarraitu zuen Garrok–. Boxeolariek entrenatzeko erabiltzen duten larruzko zaku handi hori. Boxeolariak errukirik gabe ematen dio, eta puntxinbolak apenas egin dezake ezer boxeolariaren kolpeak saihesteko. Eman eta eman ari da boxeolaria, jo eta jo. Entrenamendua bukatuta, ordea, boxeolaria lehertuta dago, nekeak akabatuta, eta puntxinbolak hortxe jarraitzen du, kolpeak hartzeko gaitasun paregabeaz. Euskal idazleok horixe gara, puntxinbola; puntxinbola izpiritual bat. Zapaltzailearen amorruaren aurrean gutxi egin dezakegu, gehiago dira, bitarteko gehiago dituzte, hobeto idazten dute, baina nekatzen direnean, eta nekatuko dira, hortxe egongo gara, zutik eta harro (txaloak). Gurekin bukatzeko boxeolari bat baino askoz gehiago beharko dutelako, ez izan dudarik (txaloak). Eta boxeolari horiei mozorroa kentzeko helburuarekin (txaloak), zerrenda luze bateko lehen asteriskoa jartzeko asmoarekin (txaloak), Okhrana sari hauek (txaloak) ezarri dira (txaloak). Ez (txaloak) da (txaloak) lan (txaloak) e (txaloak) rra (txaloak) za (txaloak) i (txaloak) z (txaloak) a (txaloak) n (sekulako txalo zaparrada)…”.
Une horretan, Joxe Austin Arrietak Lander Garrori laguntza ematea erabaki zuen, horrela jarraitzea ezinezkoa zelakoan, eta hitz egiten hasi zen: “Eskerrik asko, Lander adixkidea. Esaten zenuen bezala, epaimahaiaren lana ez da batere erraza izan. Beste kandidato asko zeuden, Okhrana saria eskuratzeko puntu asko metatu dituztenak azken urteotan: Jokin Muñoz, Mariasun Landa, Aingeru Epaltza, Volgako Batelariak themselves… –begi-keinu bat zuzendu zigun orduan Arrietak–. Baina guztien artean, azkenik –kartazala irekitzen hasi zen mantso-mantso–, euskal liburu españolazoenari edo frantximantenari, hots, traidoreenari eskaintzen zaion Okhrana Saria… ITXARO BORDAri dagokio, noski! Ez bakarrik bere Jalgi hadi plazara nobela guztiz irreberente, antiabertzale eta antieuskaldunagatik, zeina, zorionez eta ohi bezala, ez baitu ia inork irakurri, baizik eta (gogora dezagun) orobat Segolène Royal jakobindarraren aldeko kanpainia egin zuelako, eta baita bere artikuluetan Madonna bezalako izaki funtsean antieuskaldun eta antisozialista bat goraipatzeko atrebentzia izan duelako ere”.
Galaiki, Zuberoako maskaradetako kantiniersaz jantzita –saria irabaztea espero zuen seinale, guk uste– igo zen Itxaro Borda oholtzara, jauzitxoak eginez. Carla Bruniren diskografia osoa –bi diskoak– eta beraren argazki bat, gorputz osokoa eman zizkioten Garrok eta Arrietak, eta, eskerrak-edo murduskatu ondoren, bistatik desagertu zen Itxaro, deus –zehatzik edo ulergarririk– erantsi nahi izan ez baitzuen.
KRIMEN ETA ZIGORRA SARIAren txanda iritsita, tentsioa ezin zen ezta Australian egindako aizkora euskaldunenekin moztu ere, ekitaldiaren hasieratik zurrumurruak edonon entzuten ziren, Volgako Batelarien maltzurkeriak, gaiztakeriak eta azpijoko zikinak denon ahoetan zeuden (hori bai, laguntxoen belarriek bakarrik entzun ahal zuten hori guztia). Batzuek manifestuak idazteko gailuak eta sinadurak biltzeko papertzarrak prest zeuzkaten epaia entzun orduko euskal irakurle (sic) sufrituari bazka gehiago emateko. Urteko libururik txarrena! Urteko libururik txarrena! Jendeak uste zuen bost batelariok igoko ginela taulara, ez genuela halako aukerarik galduko, horregatik harridura puntu bat sumatu zen giroan Edurne Ormazabalek igotzeko eskatu zienean Jose Mari Sors Elkar megaenpresako buruari eta Luis Haranburu-Altuna Hiriako argitaldariari (sic), eguneko salmenten irabazien kontabilitatea egitetik iritsi berriak ziurrenik, nor bere Azokako stand-etik. Gutunazala beltza zen baina bertatik atera zuten papera zuriegia. Sorsek irakurri zuen epaia ahots sendoz, Haranburu-Altunaren begirada konplizepean: “Urteko libururik txarrenari esleitzen zaion Krimen eta Zigorra Saria... ez dugu emango, eman gabe gelditzen da, hau da desierto, basamortu alegia, erran nahi baita Sahara, Gobi eta Kalahari gelditzen dela Saria, ez baitugu aurten topatu liburu txarrik euskal literaturan, liburu guzti-guztietan badago esaldi gogoangarri bat, hitz ahantzi ezin bat liburua salbatzeko, literaturaz benetan gozatzeko, erraiak mugitu eta emozionatzeko, are gehiago esaldirik edo hitzik ez dagonean ere badago koma bat ondo paraturik, koma miresgarri bat mundu ikuskera oso bat eskaintzen diguna. Ezin liburu txarrik aurkitu. Biba zuek, euskaraz idazten duzuen euskal idazleak!!!”; atzeko pantaila erraldoian, bitartean, eta badaezpada ere, “Elkar Fundazioak finantzatutako ekitaldia” leloa agertu zen fosforitoz azpimarratuta. Manifestuak idazteko gailuak kontenedorretara joan ziren zuzenean; mundu guztia zirudien kontent, eta ez zen gutxirako: euskal letren benetako anaitasun festa miresgarri baten antza ari zen hartzen hura.
Eta heldu zen, sari handietan ohi denez azken unean, gauerdia urratzen zen unean berean, VOLGA SARIAren irabazlea jakinarazteko unea ere. Donostiako Orfeoiaren sekzio maskulinoak Volgako Batelariak herri kantaren solemnitate aireak zabaltzen zituela Durangoko luze-zabalean, igo zen oholtzara inork gutxik identifikatu zuen pertsona bat, urteko libururik onena iragarri zuena, erre-merre nabarmenaz. Susmoak zabaltzen hasi ziren (aurkezlearen ingurukoak; sarituari dagokionez denok seguru baitzekiten nor izanen zen: nork bere burua), baina, fokoaren argitik kanpo egoteak laguntzen ez zuen arren, duda izpirik ez zen geratu aurkezpen lanetan laguntzeko aspaldiko laguna deitu eta lagun hori Jon Juaristi zela denek ikusi zutenean. Juaristi, gorbatadun trajez, kipá buruan, eta izena esatea ezin dugun bestea besarkada estu batean urtu ziren Ez ziren falta izan “españolazo”, “VB fatxorra” eta antzerako oihurik, baina lagun izoztu antzaren presentzia baretzaileak, hala nola festa grinak eta jakinminak indar handiagoz isilarazi zituzten oihuak. Urduritasunak eta urtean zehar eutsitako emozioak gainezka egitear zirudien, bihotzak golkotik ateratzear, izerdi tantak zetazko alkondaretan behera, eta orduantxe erori zen zerraldo ekitaldiaren hasieratik lehen lerroan zegoen agure saldoko gizon bat, 90 urteen jirakoa. Itxura denez, Unai Elorriagaren ekimenez Algortako Zahar Etxeak antolatutako autobusean etorriak ziren lehen lerroa osatzen zuten berrogeita zazpi lagunak (zeinak, bidenabar, ospakizunaren gatz, piper eta perrexila izan baitziren), baita R. G. E. inizialei erantzuten zien gizona ere. Berehalakoan artatu zuten gizona, aglomerazioen beldur apropos bertaratutako osasun zerbitzuek, eta berrekin ahal izan zitzaion sarien emanaldiari. Ez ziren baretu, hala ere, urduritasunak eta jakin-minaren harrak, gaueko sari nagusi eta preziatua nork jaso behar ote zuen jakiteko.
Izan zen bi sari-emaileen arteko irribarreak behartu xamarrak zirela iruditu zitzaionik; baina kortesiaz eta profesionaltasunez ekin zioten erabakia irakurtzeari: “Erdibiturik du epaimahaiak bihotza. Zer egin gure literaturaren bi gailur, bi tontor, bi maisulan, dagoeneko literatura unibertsalaren itsasokoak diren bi ale begien aurrean izanda? Hala nola banaturik egon arren aurikula eta bentrikulua, bihotz bakarra osatzen duten, gure bihotza ere bitan banatzen da, bakarra izateko”. Isiltasuna harrizkoa zen une hartan, eta, emozioaren soka areago tenkatuz, sari-emaileek saioa arretaz grabatzen zuten Sautrelako kamerei begirada bana botatzeko segundo parea hartu zuten, “2007ko Volga saridun nagusiak: BERNARDO ATXAGA eta JOXEMARI ITURRALDE!” oihukatu aurretik. Txalo zaparrada itxia, erabatekoa eta ahobatekoa izan zen. “Beren lanei darien neurrigabeko humanismo finagatik, oroimenaren gorestearen bidez, oraina eta lehenaren arteko zubiak eraikitzen egindako lanagatik, balio unibertsalez blaitutako lanengatik eta, halaber, hogeita hamar urteko ibilbide luze bezain sendoek merezi duten begiruneagatik.” Txaloek eta gora eta bibek eten zuten une batez sari-emaileen jarduna. “Bernardo Atxagak ongi merezia du saria, Markaken gaizkiaz, gerraz eta ahanzturaz egindako gogoeta gizatiar, sakon, unibertsal eta poetikoagatik, non bere ibilbideko hainbat marka maisuki berrartzen eta berrasmatzen duen, beste zenbait egileren testu atalak ezin aproposago txertatuz bere lanean; orobat Iturraldek ere, irakurlea hasieratik gatibatzen duen Hyde Parkeko hizlaria lanean eleberri generoaren gailurra lortu baitu, erritmo trepidanteak lekua egiten diolarik xehetasun xumeenari, bizitzaren gazi-gozoei.”
Bernardo Atxagaren holograma bat materializatu zen orduan oholtzan, Renoko Nevadako Unibertsitatetik propio igorria satelitez. Eskerrak eman zituen, adeitsu, eta, Ibon Egañari begira, gehitu zuen pozten zela zentzutasuna nagusitu izanaz, azkenik. Une batez Obamaren aldeko kanta-aldarrikapenaren adaptazio obabar batekin amaituko zuela pentsatu genuen, baina oker geunden, eta oso neurritsu agurtu gintuen han bilduta geunden guztiok.
Iturralde ez zirudien pozarren, ordea. “Behin zerbait irabazi –hasi zen, autoironikoki, oso estilo amerikarrean–, eta Bernardorekin ex aequo izan behar… Ez dago ahate, hots, patu honetatik libratzerik…”. Baina berehala itzuli zen bere onera, Scott Fitzgeralden eta John Dos Passosen anekdota mamitsu batzuk kontatzen hasi bezain laster, eta amaierarako samintxoa guztiz pasatu zitzaiola zirudien, batik bat saria osatzen zuen Eric Burdon, The Hollies eta The Kinks-en diskografia osoen luxuzko edizioak jaso ondoren. “Oso oroitzapen politak ekartzen dizkidate –aitortu zuen gero–, Pott bandan ibiltzen ginen garaietakoak, sñig…”. Une horretan, nola ez, Ruper Ordorika igo zen eszenatokira, eta bertako guztien laguntzarekin –Jon Juaristik bongoak jo zituen, eta Marijo Olaziregi, Roberto Cavallik H&Mrentzat diseinatutako soineko felino batez jantzita bide batez esanda, koroak egitera igo zen ustekabean– mini-kontzertu bat eskaini zuen, zeinetan, besteak beste, “Ez da posible”, “Bye-bye gizontxo”, “Hintzena” eta “La conga de Jalisco”-ren euskarazko bertsio hunkigarri bat entzun ahal izan genituen. Kolofoi ezin zirrarazkoagoa, zinez, gure sari emanaldirako. Nahiz eta hura ez zen, jakina, amaiera suertatu.
Izan ere, kontzertua bukatzean festak jarraitu zuen, eta Batelariok, alkoholaren eta drogaren lainoen artean galdurik eta gizon bakarra bagina bezala, gertaturikoaren testigantza fidela jasotzeari utzi genion; lan horretarako propio deitu genion gure kazetari adiskideari utziko diogu, beraz, kronika hau osatzeko ardura arduragabea.
Halaxe da. Sarien eta Ruperren saioaren ondoren pintxoak zeuden aginduta, eta hantxe agertu ziren, ezerezetik atereak bezala, zenbait aeroneska eta aeromutil lerden eta mamitsu, erretiluz ondo kargaturik. Kazetari honek esan beharra dauka Volgako Batelariak ez zirela fin aritu katerinarekin, eta hala konfirmatu zion kontu hauetan aditu ezinbestekoa den Xabier Mendiguren (Elizegik): “Pintxoak txarrak eta ardoa are txarrago”, aipatu zidan mauka-mauka egiteari utzi gabe. Txillardegi ere handik zebilen, bere editorearengandik ez oso urruti, Iratzederri saria eman zitzaiolakoz pozik eta haiek bakarrik paragrafoak osatzen zituzten esaldi lapidarioak botatzen. Iratzeder daukagun poeta bakarra dela adierazi zuen. Kazetari honek ez du haren janzkerari buruz ezer esanen bai baitaki iraultzaileak ez direla arropaz kezkatzen.
Izkina batean ikusi nituen Kanon ofizialeko batzuk. Bernardo Atxagaren holograma (ia perfektua zena eta ukitzean karranpatxo gozo bat ematen zuena), Jimu Iturralde eta Anjel Lertxundi sarituak. Euskal Herriaren egoeraz ari ziren eztabaidatzen pintxo bana eskuan (Atxagarena pintxo holografiko bat zen, jakina, Hasier Etxeberriak propio diseinatua ETBko lanak uzten dizkion ordu mortuetan). Harkaitz Canoren modeloaren aurreko bertsioa zeramaten, esan nahi baita panazko txaketak higatuagoa zeudela, batez ere ukondotan, idazletzaren ezaugarri bere-berezkoa berau. Pixka batera Juan Garzia eta Ramon Saizarbitoria hurbildu zitzaizkien. Kazetari honek esan beharra dauka adi-adi egon zela elkarrekiko etsaigo, edo behintzat indiferentzia, arrastoren baten bila eta ez zuela antzeman. Egia ote ongi konpontzen direla? Kazetari honek uste du horrenbeste armoniak zerbait ezkutatzen zuela.
Handik metro gutxi batzuetara Arantxa Iturbe eta Arantxa Urretabizkaia zeuden. Hizketan ari ziren kopa bana eskutan. Kazetari hau hurbildu zitzaienean "emakumeen literaturarik ba ote zenentz" ari ziren. Baiezkoan daudela esan zion kazetari honi, Arantxa Iturbek eskua aldaketan paratuz bere gorputz osoa seinalatzen zuela. Kazetari honek "Maria eta Jose" bota zion Iturberi keinu moduan, baina badirudi ez zuela ulertu. Akordatzen ote da emakume hau berak idatzitakoez? Kazetari honek zalantza egiten du. Urretabizkaiarekin, aldiz, dena izan zen panpox gora panpox behera. Kazetari hau kokoteraino zegoen jada horrenbeste panpoxez eta pentsatu zuen atzera berriz esaten bazuen zaunka eginen ziola, baina hobe inguruko jendilajeaz oharturik, alegia, zein idazlek ez du bere liburua batere harira etorri gabe aipatzen, ulerkorra izatea erabaki zuen Arantxa Urretabizkaiarekin. Baina halako batean berriz ere panpox bota zuenean, kazetari hau sutan jarri zen eta "Saturno!" aurpegiratu zion. Arantxak zeharka so egin zion kazetari honi eta gero barrez hasi zen. Eta "Pluton!" gehitu zuen gero, misterioz.
Ardo merkea eta pintxo eskaxak zioen zurrumurrua hotsandi bilakatzen joan zen euskaldunei dagokien moduan. Ibon Sarasola ere ikusi genuen inguruan jende mordoan zuela haien artean Luis Fernandez lehen letra gizona eta orain mutilmedia. Zein ongi hitz egiten duen gizon honek, Fernandezek ez Sarasolak, ze presentzia daukan, nola janzten den Donostiako pijismoaren eboluzio country horrekin! Kazetari honek esan beharra dauka aho txuloari begira aritu zitzaiola eta ez zela gauza izan galdera bakarra ere egiteko. Sarasolak ez zeukan ardorik eskuan, horrenbestez, abstemioa da edo, ardoa probaturik, azkarra. Entzuleen artean Eduardo Gil Bera eta Patziku Perurena zituen, ezin jakin liluraturik edo oholtzatik botatzeko prest. Kazetaria adi-adi egon zen Perurenak eta Berak zerbait eginen zuten esperoan baina ez ziren mugitu, ez eta Sarasolak bere ihardun luze eta kultua eta inteligentea eta arauemailea bota ondoren festa utzi zuenean ere. Kazetari hau hurbildu zitzaien eta okasiorako oso egokia zeritzon galdera egin zien: "zein larretan?" Baina kazetari honek ez zuen erantzunik jaso.
Soineko beltza zeramaten bi emakume begiz jo zituen kazetari honek. Kazetari honek lepoa eginen zuen, mojak ziren ez balitz aurpegiak nonbaitetik ezagunak egiten zitzaizkiolako. Eta kazetari hau orduan erori zen: Miren Azkarate eta Mari Karmen Garmendia ziren. Kazetari hau korrika joan zen haiengana, bata nola besteari Volga Sarieri buruz galdetzeko. Azkaratek ez zuen busti nahi izan, Euskadi Sariak eta abar, konprenitzekoa da, ez horrenbeste Mari Karmen Garmendiari dagokionez: politikara itzultzea pentsatzen ari ote? Kazetari honek lookari buruz galdetu nahi izan zion baina ez zen ausartu. Karl Lagerfeld look eklesiastikoan pentsatzen ari ote da datorren udarako? Kazetari honek ez daki, baina gustatuko litzaioke jakitea, gordeta duen izeba zaharraren abitoa, zeina azkeneko inauteritatik ez baitu erabili, tintoreriara bidali behar ote duen.
Handik zebilen baita ere, izkina batean, ohi bezala, gure Juan Luis Zabala. Kazetari hau hurbildu eta kazetari honi Euskadi Sariei buruz galdetu zion. Kazetari honek Volga Sarien banaketan geundela erantzunik, burua alde batera bestera mugitu zuen Zabalak, mesfidati, esanen luke kazetari honek, baina izan zitekeen zalantzakor, ezustez, badaezpada. Izan ere, kazetari honek pentsatzen du Zabalaren imintzioak interpretatzea zaila dela, hala nola, ondoan zuen Alberto Barandiaran komisario politiko-kultural berriarenak. Azken hau Zabala baina askoz hobe jantzita, nahiz eta biak ala biak estilo berdinaren garapenaren une bi ezberdinetan egon, hain zuzen ere, hirurogei hamarkadako hippismo laurogeian berritua eta bere horretan gelditua Zabalarena, eta laurogeita hamarretan haize berriak estrematua Barandiaranena, zeinak esan beharra baitago, oso jaka polita baitzeraman.
Gasteizko Tertuliya ere deitua han zebilen: Patxi Zubizarreta, Joxean Sagastizabal, Gerardo Markuleta eta Manu Lopez Gaseni, zeinaren inguruan, likenetan algari onddoa sinbiotikoki itsasten zaion bezalatsu, Xabier Etxaniz (Erle) baitzebilen burrunban, Volga Sariek euskal literaturaren zinezko ardatza den Haur eta Gazte Literaturari muzin egin izanagatik kexu. Kazetari honek jakin du Gasteizen paratu dieten Ken Follet-en estatua berria zer koloreko pinturarekin zikintzeaz eztabaidatzen ari zirela.
Festak aurrera egin zuen. Handik zebiltzan gero eta okerrago eginda (zer azalduko dio kazetari honek festei buruz euskal jendeari?): Beñat Sarasola; Josu Landa; Miren Agur Meabe; Iñigo Astiz (Renotik low cost hegazkin konpainia batean propio etorria); Edgar Allan Poe; Karmelo Landa Gabriel Arestiren eskalako poliuretanozko irudi bati helduta (Bilboko bazar txinatar batean erositakoa zela aitortu zion kazetari honi); Jokin Muñozek, Jon Alonsok eta Aingeru Epaltzak osatutako eskuderia nafarra (elkarrekin baina ez nahastuak); Inazio Mujika Iraola eta Jorge Gimenez (kazetari hau saiatu zen bakoitzarekin aparte bat egiten, baina ezinezkoa izan zen; mihi gaiztoek diote matrimonioko ohea eta guzti konpartitzen dutela Durangon Azokako egunetan hartzen duten hotelean); Fito Rodriguez eta Tere Irastorza idazleen elkarteen kudeaketa kreatiborako amarrutxoak trukatzen; Etxeberria bizkiak surflari itxura ezin sanoagoarekin; Ur Apalategi bere hurrengo metanobela autoargitaraturako apunteak hartzen; Luzien Etxezaharreta Maiatz aldizkariaren zenbaki atzeratuak erdi prezioan saldu nahian (alferrik); Lourdes Oñederra eta Aurelia Arkotxa euskaltzainak (hauek ere protestatzen ari ziren pintxoen eta arnoaren kalitateagatik, eta Xabier Kintanari deitu zioten kazetari honi esplika ziezaion zein kontu handiz eta euskal tradizioarekiko errespetu gutiziatsuz antolatzen dituen gure Erret Akademiak otorduen kontua…); Jon Kortazar barraldeko izkina batean, bakarrik, liburu batzuekin “Dona-dona-katona” egiten 2008ko Kritikoaren Saria zein izango den erabakitze aldera; Xabier Amuriza erosketa-gurditxo batekin bere magnum opus proustarraren hurrengo alea (bederatziehun eta hogeita hamahiru orrialde) bertan bildutako editoreen artean kolokatu nahirik (kazetari hau editoreen ihesaldi abilen lekuko pribilegiatu izan zen); Fernando Morillo ere nahiko isolaturik zegoen, bere PSParekin Pursuit Force: Extreme Justice jolasari jo eta fuego eta aldi berean bere hurrengo eleberrirako kapitulu bat idazten (PSPan bertan: zientziak alimaleko aurrerapena egiten ari dira…); bakarrik zebilen ere, despistaturik, Markos Zapiain, Sigmund Freud-en Das Ich und Das Es liburua irakurtzen, noizbehinka burua altxatu eta fokoei begira gelditzen zen, eta kazetari honek telebistan duen esperientziaz galdetu nahi zion baina ez zuen esaldi oso bat lortu, bakarrik Ich Ich Ich solte batzuk. Eta handik ikusi nuen jende gehiago ere, eta abar luze edo labur bat alegia, depende zer ikuspuntutik begiratzen zaion bilera gero eta bitxiago haren mailari.
Eta festak esan bezala aurrera DJ Montoiaren tekno alemanaren abarrotsean. Kazetari honek aitortu beharra dauka ez dagoela gauza hauetarako. Kazetari hau joatea pentsatzen ari zenean ohartu zen harrapuska zihoala idazle jendea komunetarantz. Sartu zenean euskal idazle gehienak han zeuden bilduta trinki-tranka ari zen komuneko ate berde(xehetasunak maite dituztenendako diot) bati begira.
Isiltasuna ikaragarri zen, eta Montoiaren tekno alemaniar mailukaria urrun nabari zen. Eta atea trinki eta tranka, trinki eta tranka. Kazetari hau zer gertatzen zen esatera adoretuko zen, isiltzeko agindu zion Itxaro Bordaren begirada hiltzaileak ez balu sastatu.
Ate berde hari begiak kendu gabe zeuden gure idazle guztiak. "Deabrukeria da" esan zuen norbaitek; "misterioa ezarria dago" beste batek; "gure egoera politikoaren metafora da" beste batek. Kazetari honi, prosaikoa izanik, eta metaforak, eta paralelismoak, eta sinbolismoak, eta geografia imaginarioak, eta tesi nobelak, eta abarrak mesprezatu gabe (ze matraka) atearen atzekoari buruz zer otuko zitzaion? Ohikoa, zera zeratzen ari zirela euskal idazle bi.
Kazetari honek ez ditu esango, ez eta torturapean ere, zein bikote (ba ote nahikoa irudipen euskal idazleak hirukoteka, laukoteka... aritzeko?) irudikatu zituen atearen beste aldean. Kazetari honek, oraingoz behintzat, Euskal Herrian bizitzen jarraitu nahi du.
Eta halako batean danba... atea zabaldu zen... eta ez zegoen inor. Kazetari honek ziurta dezake ez duela idazle jendea inoiz horren harriturik ikusi. Elkarri so egiten zioten eta pixkana-pixkana zurrumurru sor bat altxatu zen komunean.
Gerardo Markuletak "honek poema bat merezi dik" esan eta poema errezitatzen hasi zen baina berehala isilarazi zuten (hau, egia esan, ez zen horrela gertatu, zehazki: Batelariek kazetari honi eskatu zioten mesedez bigarren aldiz aipatzeko Markuleta, nahigabetu egiten baita bestela VBn hain gutxi ateratzeagatik. Benetan gertatu zena izan zen Unai Iturriaga bertso bat osatzen hasi zela baina hura isilarazi egin zutela).
–Begira –oihukatu zuen halako batean Laura Mintegik–, kondoi bat eta 50 euroko bat daude lurrean. Euskal Literaturaren metafora da.
–Bai, bai, bai –egin zuten garrasi guztiek.
–Posmodernitatea da –bota zuten halako batean Volgako Batelariek denak batera (sic).
–Euskal Literaturari gorputza ostu diote –garrasi egin zuen Itxaro Bordak, bere teoriak betetzen zirelako ardailaturik.
–Euskal Literaturaren kolonizazioaren sinbolo da –laburtu zuen erdi negarrez Edorta Jimenezek, Lander Garrok, urduri, bere biserari hozka egiten zion bitartean.
–Bai, bai, bai! Kolonizaturik gaude! –entzun zen atetik.
–La literatura vasca es una vendida –Silveirak, “Adixkidia Andoaindikan”-en doinuaz–. Are gehiago esango nuke, una cualquiera…
Laura Mintegi Lacanekin hasi zen, Lacan eta sujetua, Lacan eta literatura baina marrantak joa geratu zen une horretan eta (zorionez) ezin izan zuen bere tesia osatu.
–Eta kondoia zer, kondoia zer? –garrasi egin zuen Fito Rodriguez Bornaetxeak.
Orduan Aitor Aranak "nik arrazoi" bota zuen isilpean enigmatikoki.
–Ez, emakumeen literaturaren sinbolo da. Begira kondoia, begira dirua –aldarrikatu zuen ozenki Ana Urkizak, emakume idazle gehienek baiezkoa egiten ziotela.
Kazetari hau emakumetasuna bilatzen saiatu zen baina ez zuen aurkitu.
Sarrerako atean hots bat entzun zenean denak hara so egin zutela aprobetxaturik kazetari honek, makurtu, 50 euroak hartu eta alde egin zuen.
Jesus, nola dagoen Euskal Literatura!
Erreportari baldarra Markos Zapianini adierazpenak atera ez zizkion hori. Hona bideo bat non Zapiainek luze eta zabal jarduten duen, besteak beste, telebistako esperientziaz.
http://www.youtube.com/watch?v=MS827rUHkd4