Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Kontsiderazio gutxi batzuk, berriak eta ez horren berriak, euskal literatur kritikagintzaren inguruan

Kontsiderazio gutxi batzuk, berriak eta ez horren berriak, euskal literatur kritikagintzaren inguruan

zaldua 2009/09/17 12:32
Uda amaituta, hemen gatoz berriro Volgako Batelariak, literaturaz aritzeko asmo berrituez. Hasteko, Iban Zalduaren hausnarketa batzuk ("hausnartu": hitz egiteko modu biologista eta agian erratu bat da) euskal kritikagintzari buruz.
kritikarako

Badago esaten duenik kritika gutxiengo baten kontua besterik ez dela, eta ez duela ezertarako balio. Ni ere nahiko ados egon ninteke iritzi horrekin, ez baitut uste soberarako balio duenik kritikak; poesiari gertatzen zaion moduan, bide batez esanda. Esanguratsua da ikustea, esaterako, zein eragin gutxi duten kritikek balizko kanonaren erakuntzan, Idurre Alonsoren azkenaldiko ikerketek aditzera ematen dutenez, behintzat.

Baina nik neuk bai aitortzen diodala balore txiki bat (poesiari bezala, bestalde), eta ez dut uste baztertzeko modukoa denik inondik ere: kritikak zerbaitetan laguntzen badio euskal literatur sistemari da, hain zuzen ere, literatur sistema bat dela sinestarazten, hots, aurkezpenek, bigarren hezkuntzako ikasketa-programek, megadendetako publizitateak, irakurle taldeen bilerek eta Jaurlaritzaren diru-laguntzek egiten duten gisara; ez gutxiago, behintzat, eta agian pixka bat gehiago, kritika, berez, kreazio-ekintza bat delako, literatura literarioa bezainbeste. Beraz, antzezpenak modu egokian jarrai dezan behar den koipeztaketa izan daiteke kritika, besterik ez bada. Bere helburu xume hori era egoki batean bete dezan, dena den, ondo funtzionatu beharko luke kritikak, maila guztietan. Nik uste dut badaudela, alde horretatik, hala optimismorako zantzuak, nola pesimista izaten jarraitzeko motiboak. Hona hemen, sei puntutan, horietako batzuk.


1. Azken urteotan dezente loditu da euskal kritikarien nomina. Honek ez du esan nahi, bistan da, literatur kritika negozio oparoa bihurtzeko bidean dagoenik. Aditzera eman nahi dudana da (idazleekin gertatzen den bezala) sekula baino kritikari gehiago dagoela gure artean, eta armiarma.com-eko Kritiken Hemerotekatik bueltaxka bat ematea besterik ez dago izen berrien hazkundeaz jabetzeko. Egia da agian pixka bat esajeratua dela, arlo honetan, erabateko “paradigma aldaketa” batez hitz egitea, Edorta Jimenezek Nabarra aldizkarian egiten zuen bezala (ikus 94, 95 eta 96 zenbakiak), besteak beste oraindik ez dagoelako nahikoa zabalduta amateur euskaldunen iruzkinen ohitura Interneten, ez behintzat beste hizkuntzetan bezainbeste, nahiz eta, arlo horretan, aurrera egin den: esate baterako, blogari batzuek, noizean behin, tartekatzen dituzte beren irakurketei buruzko iruzkinak (burura etortzen zaizkit, esaterako, Joxe Aranzabal  eta Leire Narbaizarenak, edo Maldan izenekoa); hor dago, halaber, Beterriko Liburuaren inguruan osatu den 111 Akademia ere, bere iruzkin laburrekin; kritika feministara emandako Sareinak, Euskaljakintzako batxilergoko ikasleen Irakurlearen Txokoan pilatzen doazenak; edo aurreneko urratsak eman dituen Irakurle Klub birtual hau bezalako ekimenak. Baina oraindik ez dago, ingelesez, gaztelaniaz edo frantsesez oso maiz gertatzen den bezala, soilik iruzkinetara emandako hainbeste blog espezifikorik; bestalde, aNobii.com bezalako interneteko “liburutegi pertsonaletan” agertzen diren euskal liburuen gaineko komentarioak oso gutxi dira oraindik. Dena dela, konparaketak konparaketa, argi dago gutxienez kritika “periodistiko” gehiago produzitzen dela lehen baino, eta horretan zer ikusi handia izan duela, Internetek ez ezik, Berria egunkariaren erabakiak, euskal liburuen asteroko iruzkinak bira igotzeak alegia.

Kritika unibertsitarioari buruz gauza bera esan daiteke: orain arte nagusi izan den dinosauroen belaunaldiarekin (Txuma Lasagabaster, Jon Kortazar… garai hartako gainontzekoak, ordea eta oro har, gure literatura klasikoaz arduratu dira, hitzaren zentzu kronologikoenean) eta Tropelari dagozkion kritikoen belaunaldiarekin batera (Joseba Gabilondo, Mari Jose Olaziregi, Iñaki Aldekoa, Xabier Etxaniz Erle, Manu Lopez…), sendo ari da hazten kritikoen belaunaldi gazte bat, karrera unibertsitarioan gora egiten ari dena pixkanaka eta maila ezberdinetan (Ur Apalategi, Ibon Egaña, Mikel Ayerbe, Iratxe Retolaza, Aritz Galarraga, Beñat Sarasola…), nahiz eta oraindik ez duten, argi dago, haien belaunaldikide literarioen (UribeCanoElorriagatarren, edo are Erasmustarren) arrakasta lortu (maila akademikoan), arrazoi dudarik gabe sistemikoengatik: letren errepublikan argi eta garbi merkatu ekonomia nagusitzen ari da, baina kritika unibertsitarioaren konderrian feudalismoak jarraitzen du izaten jaun eta jabe, mugikortasun soziala oztopatzen duen zerbait, aski jakina den bezala.

Kritika unibertsitarioaren ekoizpena, edonola ere, esanguratsuki handitu da azken urteotan, eta hor daude, horren froga gisa, EHUren bilduma geroz eta osoagoak, eta Labayru ikastegiko edo Utriusque Vasconiae bezalako argitaletxeen lana, euskaraz idatzitako kritika unibertsitarioaren eskaintza gero eta gehiago zabaltzen ari direnak.


2. Inoiz baino pluralismo handiagoa dago kritikarien artean (eta baita kritikatuen artean ere). Kopuruan gora egiteak, zalantzarik gabe, ondorio positiboak izan ditu kritikarien bioaniztasunean, hala arlo unibertsitarioan nola kazetaritzakoan. Gertakari literarioari aurre egiteko modu ezberdinak garatzen ari dira, eta nabarmena da kritikarien formazioa eta, beraz, haien kritikak eta azterketak eraikitzeko orduan oinarri hartzen duten talaiak aurrekoenak baino anitzagoak direla. Lehen ohikoagoak ziren enfoke estrukturalisten edota inpresionisten ondoan (edo enfoke falta absolutuen ondoan), beste batzuk joan dira agertzen: kritika postmodernoaren zantzuak, postkolonialismoaren eta ikasketa kulturalen eragina, kritika feminista(k)… Kritikarien irakurketen aniztasuna, batzuena bederen, zabaldu da, eta baita (berriro ere, batzuen) euskal argitarapenen panoramaz duten ezagutzaren sakontasuna ere, nazioarteko joera eta ikerketenaz bezala. Esango nuke, bestalde (baina inpresio bat besterik ez da), aurreiritzi politikoen pisua literatur kritiken eraketan murriztu dela zertxobait, hots, ez duela garai eta kritiko batzuengan lehenago ohi zuen garrantzia: egia da hor daudela oraindik Javier Rojo eta Felipe Juaristi, ia beti prest egurtzeko (edo, gutxienez, displizentziaz tratatzeko) ezker abertzale “konbentzionalaren” usaina duen edozer, eta, bestalde, Patxi Zubizarretaren Pikolo liburuaren inguruko kasu tamalgarria gertatu dela ez horren aspaldi. Baina oro har iritzi politikoen garrantzia apaldu dela uste dut, eta horretan ere kritikarien kopuruaren eta aniztasunaren zabalkuntzak zer ikusia izan dezakeela.

Aniztasun hori iritsi da ez bakarrik kritikoen mundura, baizik eta baita kritikoentzat aztergarri diren obren arlora ere (honako hau, oro har, kritika unibertsitarioari dagokio, kazetetakoari baino). Kontua da, garai batean, kritika akademikoak ez zuela kontuan hartzen ezta literatura garaikidea ere: unibertsitateko irakasleen zeregin nagusia ez ezik, bakarra, literaturaren klasikoak aztertzea zen; obra edo autore bat ikertzeko baldintza nagusia hura hilda egotea zen (eta zenbat eta lehenago, hobe), eta, jakina, ez zen edozein idazle hartzen kontuan, noizean behin erreskate-lan esanguratsuak egiten ziren arren. Literatura garaikidearen (ber)balioztatzea gauza erlatiboki modernoa da, XX. mendekoa (nahiz eta bere sustraiak XVII. mende amaierako modernoen eta antzinakoen arteko eztabaidan murgildu, jakina); literatura ingelesa  (English Studies delakoak, alegia), adibidez, ez da arlo unibertsitarioan sartzen 1920ko eta 30eko hamarkadak arte (eta egile garaikideei buruz aritzen zirenean testuinguru horretan, jakina, haiei buruz gaizki esaka aritzeko izan ohi zen, modernista delakoekin egin zuten bezala). Literatura garaikideena unibertsitatean agertzen hasi zenean, edonola ere, baldintza batekin izan zen: edozein egile garaikide ezin zen unibertsitatearen ikergai bihurtu, hots, unibertsitatea saiatuko zen kanon bat ezartzen, erabakitzen zeintzu egilek eta zeintzu obrek izango zuten letren olinpo akademikoan sartzeko eskubidea (jarrera horren iraupenaren adibiderik behinena Harold Bloom bezalako kritiko bat izango litzateke, esaterako). Funtzio hori 1960-70eko hamarkadetako iraultza kontrakulturalaren ondoren lurrindu zen, ikasketa kulturalak etab. eremu akademikoan zabaltzen hasi zirenean: ordutik aurrera behe eta goi kulturaren arteko mugen lausotzeaz bat, edozein gauza bihur zitekeen ikergai, baliagarria baldin bazen irakaslearen interes soziologiko, ekonomiko, politiko edo kulturalen arabera (baliagarria, batik bat, unibertsitate eremu konpetitiboan gora egiteko eta, agian, baita pixka bat epatatzeko ere…).

Nukleo unibertsitario nagusietan bizpahiru mendeetan zehar urratu zen bidea, hogeita hamar-berrogei urte eskasetan egin du euskal kritikak (edo, behintzat, euskal kritikaren zati batek): gaur egun, esaterako, Ramon Saizarbitoriaren ondoan Unai Elorriaga edo Karmele Jaio aztertu ahal dira; Karlos Linazasororekin batera Jasone Osoro eta kopla espainiarra; Joseba Sarrionandiarekin lotuta, Etxeberria bizkien nobelagintza eta Led Zeppelinen baladak; Bernardo Atxagaren ondoan Jon Arretxe eta aldaketa klimatiko globala… eta munduak, apokaliptikoek uste zezaketenaren kontra, jira eta bira jarraitu du, ezer gertatu izan ez balitz bezala… Ziurrenik, ez baita ezer gertatu, zeren eta, azken batean, litekeena baita literatur kritikak ezertarako balio ez izatea, hasieran aditzera eman dudan bezala.


3. Hala ere, Kritikaren Saria pertsona batek bakarrik ematen jarraitzen du. Kritiko gehiago eta anitzagoak egon daitezke, ados, baina gauza batzuk ez dira sekula aldatzen, eta urteko euskal narratiba eta poesia liburu onenari esleitutako Espainiako Kritikaren saria pertsona batek erabakitzen jarraitzen du, Jon Kortazarrek alegia (edo, urteren batean gertatu omen den bezala, haren ondoko batek), inoiz beste kritikari batzuei (ez guztiei, ezta hurrik ere) kontsulta-simulakro bat egin ostean. Argi gera bedi hori ez zaidala, berez, gaizki iruditzen (badakizue mota eta jite guztietako sarien aldekoak ez ezik, entusiastak garela Volgako Batelarietan), baina erabilitako irizpideak argiak izatea gustuko dut, eta gauza bakoitzari bere balioa aitortzea. Sariaren izenak, berez, beste zerbait iradokitzen duelako, hots, (gutxienez) hainbat kritikariren artean iritsitako kontsentsu baten emaitza izatea; Espainian eta Katalunian, behintzat, hala egiten dutela uste dugu (tira, auskalo). Ez dakit hori justifikatuago ote zegoen garai batean, liburu garaikideen kritikan aritzen zirenak gutxi zirenean, baina gaur egun, lehenengo puntuan aipatu dudan ofiziokoen ugaritzearekin, ez dut uste hala denik (susmatzen dut Jon Kortazarren zuribidea izan daitekeela bera baino ez dela Asociación Española de Críticos Literarios delakoaren sozio gurean -elkarte fantasmatiko samar bat zeinak ez baitauka web orririk ere, nik dakidala-, baina ez zait iruditzen, borondatea egon ezkero, gauzak beste era batean antolatzearen aukeraren aurkako argudio nahikoa sendoa).

Egin dezadan froga kontrafaktual bat. Zein libururi egotziko zitzaiokeen 2009ko Kritikaren Saria, narratibaren alorrean, baldin eta benetan kritiko ezberdinen kontsentsuaren emaitza izan balitz? Metacritic sistema erabiliko dut horretarako, eta armiarma.com webguneko Kritiken Hemerotekan argitaratutako prentsako iruzkinez baliatuko naiz; gauzak sinplifikatzeko, azkeneko Kritikaren Sariaren “finalera” iritsi omen ziren lau lanetara mugatuko dugu analisia, hau da, Bilbao-New York-Bilbao, Zulo bat uretan, La lutte finale eta Iragaitzaz –ilunbistan– nobeletara. Metacritic webguneko kritiken agregatzailean bezala, puntuazio bat egotziko diot kritika bakoitzari, 0tik 100era, negatiboa, erdipurdikoa edo positiboa izan den kontuan hartuta (badakit hau dela ariketa honen pausorik zalantzagarriena: ahalik eta objektibitate handienarekin egiten saiatu naiz, nahiz eta batzuetan, aitor dut, oso zaila eta badaezpadakoa izan den, adibidez Felipe Juaristiren “kritikei” -hitz egiteko modu bat da- aurre egiteko orduan… Noiz hasiko dira gure literatur kritikariak puntuazio bat gehitzen beren iruzkinei, zinemakoek edo musikakoek egiten duten bezala?). Eta gero obra bakoitzak eskuratuko lukeen bataz bestekoa aterako dut: hori izango litzateke kritikarien balizko kontsentsuaren isla.

Bon. Ariketa egin ondoren, hauek dira emaitzak:

-Bilbao-New York-Bilbao: 30+40+100+30+60+100+40 = 57 [Mixed or average reviews]

-Zulo bat uretan: 60+60+70+80+70+90 = 71,6 [Generally favorable reviews]

-La lutte finale: 90+70+50+60 = 67,5 [Generally favorable reviews]

-Iragaitzaz –ilunbistan–: 80+90+80+100+80 = 86 [Universal acclaim]

Kritikarien arteko kontsentsu hipotetiko batek, beraz, Iragaitzaz –ilunbistan– joko zukeen Kritikaren Sariaren irabazletzat, ziurrenik, eta ez Bilbao-New York-Bilbao, iritzi-disparitate handiagoa eragin duena zalantzarik gabe. Dena dela, azken horren irabazteko eskubidea, egun sariak funtzionatzen duen moduaren arabera, ez dudala zalantzan jartzen berretsi nahi dut (badaezpada diot: Kritika Saria irabazi nahiko nuke inoiz). Jon Kortazarri 2008ko narratiba lanik sendoena iruditu zaio, eta ez dago zertan kontuari buelta gehiago eman.


4. Kritika negatiboak eta are egurtzaileak gero eta ugariagoak dira. Duela urte batzuk literatura-iruzkin soilik informatiboen nagusitasun erabatekoaz kexatzen nintzen, hau da, besterik gabe euskaraz idatzita egoteagatik liburu gehienek jasotzen zuten abegikortasun orokorraz, eta ondo oinarritutako kritika negatiboen urritasunaz (azpimarratzen dut ondo oinarritutakoarena). Dena ezin zen (ezin da) horren bikaina izan, Euskal Letren Oasian: epe luzera begira, obra gogoangarriak eta ezinbestekoak salbuespena dira literaturaren historian, araua baino.

Ordu gaiztoan arranguratu nintzen! Ematen du une horretatik aurrera ugaldu dela kritika negatiboen kopurua, nahiz eta ez dudan benetan uste gertakari biak zuzenean lotuta daudenik (ez naiz horren handiustea): ziurrenik zerikusi gehiago dauka lehenengo puntuetan aipaturiko kritikoen kopuruaren (eta, ondorioz, aniztasunaren) igoerarekin, eta historiaren (batez ere euskal historiaren) pendulu-izaera saihestezinarekin. Gure literatura, alor horretan, ingurukoekin homologatzen hasi dela esan daiteke, hori ona edo txarra ote den esatera ausartzen ez banaiz ere.

Azpimarratu beharra dago, alabaina, kritika mota hori gutxitan zuzentzen zaiela idazle handien lanei, eta errazago jotzen duela idazle gazte eta eskarmentu gabeen ituetan; nekez aurkituko dugu, esaterako, Hasier Etxeberriaren bost idazleetako baten liburuari egindako kritika gogorrik: hurrengo puntuan azalduko dudanaren ondorioz, ez da harritzekoa halakorik gertatzea, kritikoak ez baitaude izuaren birusetik libre (Ibon Egañaren ustez, ukiezintasun hori zabaltzen ariko litzateke jada Tropeleko belaunaldiko idazle jakin batzuengana, nahiz eta oraindik ez litzatekeen inolaz ere joera orokor bihurtu). Enfin, Juanjo Olasagarrek duela urte batzuk ondo aditzera ematen zuen bezala (“Kritikoak II”, Berria, 2004-I-30):

Kritika, besteak beste, bata eta bestearen artean bereiztea bada, egunkarietako kritiko gehienek kritikarik ez dutela egiten esan nahi nuen [aurreko zutabe batean]. Arrazoia dutela gehitu beharko dut, nik ere berdin eginen nuke, Euskal idazleen ostia txarra ezaguturik, gauza baitira kritikoa jo eta bertan akabatzeko. Segurtasun pertsonala oso gauza serioa da.


5. Hots, kritikoa izatea ez da kontu bereziki erosoa: Beñat Sarasolak esaten duena esanda ere, eta jakina den bezala, kritikoarena unibertsalki mesprezatutako ofizioa da, topikorik errepikatuenetakoez hornitua (idazle frustratuarena, banpiroarena, bizkarroi paper-jalearena, etab.). Baina, argi gera bedi, eta kritikoak kritiketatik libre egon behar ez duela uste dudan arren, horrek ez du esan nahi pentsatzen dudanik idazleari komeni zaionik bere liburuei egindako kritikei erantzutea. Are gehiago, kalterako dela uste dut: kritikoari bere lana egiten utzi behar zaio, ahalik eta askatasun handienarekin, eta kritikoei egindako kritikek, egotekotan (eta egon behar dute), orokorragoak behar dute izan, kritikoaren ibilbidean oinarrituak, eta ez hainbeste kritika jakin batean edo bestean; Víctor Morenok Fuera de lugar. Lo que hay que leer de críticos y escritores (Pamiela, 2009) liburuan dioen bezala, “Gaztea denean eta, hori gutxi balitz, arduragabea, idazlea kritiketan sartu ohi da elefante bat Sévresko edalontzien denda batean bezalatsu. Pertsona inteligentea, dela idazle gazte edo heldua, ez da sekula sartzen kritikak komentatzera. Sen onagatik eta dotoreziagatik”. Alde horretatik, idazleak ahalik eta olinpikoena izaten saiatu beharko luke, eta sekula ez luke jaitsi behar kritika konkretu bat erantzutera: ez da batere elegantea, zer esanik ez (eta, gainera, horretarako daude adiskideak eta talde konspiratiboak, idazlearentzako lantxo horiek egiteko alegia). Baina, inportanteagoa dena, idazlearen interbentzionismo zuzenak, edo idazlearen zaleen protestek, irakurleen arteko (balizko) eztabaida oztopatzen du, eta hori bai izan daitekeela larria kritikaren garapenerako, kikildutako kritikari batek nekez beteko duelako ondo bere lana.

Euskal egileek, izan ere, gero eta asertibitate handiagoarekin egiten diete aurre kritikoen esanei (batzuetan beldurra emateraino), bereziki larria izan daitekeena kritikoa gazte samarra baldin bada, gure artean ohikoa dena, kobratzen denarekin (eta salbuespenak salbuespen) hasiberriak izaten baitira kritikaren tentazioan erortzeko aukera gehien dutenak. Eta are larriagoa, idazle ez-olinpikoa zenbat eta gorago dagoen Letren Errepublikaren piramidean. Hainbeste ari da zabaltzen kritikoak kritika konkretu bategatik egurtzeko ohitura, ezen euskal kritikoen martirologio bat osatzen hasteko egokieran gaudela uste baitut.

Hortxe daude kritikatuaren zaleek, adiskideek edo senideek kritikoaren kontra bultzatu dezaketen kanpainak, mingarriak izan daitezkeenak oso: gogoan hartu, besterik ez bada, Beñat Sarasolak bere blogean jaso zituen zaparradak Ero edo Bilbao-New York-Bilbao liburuei egin zizkien kritikengatik, edo Jose Luis Otamendik Maider Ziaurriz Berriako kritikoari (besteak beste) bota zizkionak Sua nahi, Mr. Churchill?en iruzkina zela eta, egunkari horretan bertan (bide batez, non ezkutatu da Ziaurriz gaixoa?).

Edo, kasu korapilatsuago eta zeharkakoago bat aipatzearren, Javier Rojok Beñat Sarasolaren Alea azkeneko liburuari eman zion egur piloarena, zeina, odolkiak ordainetan, Sarasolak berak lehenago Amaia Iturbide poetaren (eta Rojoren andrearen) Labirintoaren orduak lanari esleitutakoaren buelta zela susma baitaiteke (zergatik diot hau? Rojok ia argudio berberak erabiltzen dituelako Alea eta Sarasolaren beraren aurreko Kaxa huts bat iruzkintzeko, baina azken horrekin lana –nolabait– goraipatzeko baziren, oraingoan poemategi berria erabat deskalifikatzeko baliatzen ditu…). Honek iradokitzen du kritikoa izatea baino zerbait okerragoa egon daitekeela: kritikoa eta idazlea izatea, aldi berean…

Gogoan dut, bestalde, nola, duela urte batzuk, Sautrela saioaren lehenengo denboraldian aritu zen “kritikoen” mahaia (Gerardo Markuletak, Juan Luis Zabalak eta nik neuk osatua) bertan behera gelditu zen Pako Aristik Gara egunkarian protesta-zutabe bat argitaratu ondoren: antza denez, programa batean bere Urregilearen orduak eleberria gaizki tratatua izan zela sentitu zuen gizonak (eta, besteak beste, liburuak bi edizio izan zituela eta Kritikaren Saria irabazi zuela erabili zuen defentsa-argudio gisa urrestildarrak, cfr. Gara, 2000-VI-3), eta denboraldia amaitu ostean ez zitzaion konfiantza berritu “kritikoen” mahai hari (tira, agian ez zen horregatik bakarrik izan, onartzen dut: astun samarrak ere baginen, ez oso telebisiboak. Baina programako buruen jarrera gurekiko karta haren argitalpenetik hasi zen aldatzen, edo inpresio hori gelditu zitzaidan behintzat). Edozein modutan ere, ordutik ez da beste saio benetan kritikorik egin Sautrelan, nobedadeei buruzko iruzkin informatibo laburrak eskaini badira ere.

Beste bat: Ibon Egaña gazteak, aldi hartan Berriako kritikoa, Bernardo Atxagaren Markak liburuari eragozpen txiki bat jartzea bururatu zitzaion, eta berehala idazle asteasuarraren beraren erantzun ez bereziki xamurra jaso zuen egunkari horretako Zuzendariari sailean. Handik gutxira, agian ez horregatik bakarrik, egunkarietako kritika utzi zuen Egañak (espero dezagun ez dela betirako izango).

Azkeneko bat (oraingoz), Bilbao-New York-Bilbao nobelari dagokiona. Batzuk harritu ginen ikustean ez zela Mugalariko ohiko luma kritikoetako bat izan, Aritz Galarragarena, erreseina egin ziona bertan, Ana Arregirena baizik, hots, gehigarriko kolaboratzaile bat, baina ez dena oso maiz arduratzen euskal liburuen kritikaz, ez bertan ez beste inon; nobelari egin zion kritika, dena den, izugarri laudatzailea izan zen. Gerora iritsi zait, ordea, Aritz Galarraga ohiko kritikoak idatzi, idatzi zuela kritika hura, Mugalariko zuzendaritzaren eskariari jarraiki, baina testua entregatu zuelarik egunkariak ez ziola nahikoa entusiastiko iritzi, itxura guztien arabera, eta, horrenbestez, komunikatu ziola ez zela argitaratuko; ondoren, aipatu Ana Arregirena plazaratu zuen. Edonola ere, handik gutxira (agian ez horregatik bakarrik) Mugalarin kritikak idazteari utzi zion Galarragak.

(Honek guztiak beste gai batera eramango gintuzke, “enkarguzko” kritikenera hain zuzen ere, gure literatur munduan ugaltzeko joera daukan kontu bat, susmatzen dudanez; Volgako Batelarioi iritsi zaigu “enkarguzko” kritikaren bat edo beste egiteko eskaerarik, baina, zoritxarrez, ez nahikoa ondo ordainduak, eta ezezkoarekin erantzun izan dugu…).

Halako kasu gehiago izan direla entzun dut, baina, tamalez, ez ditut detaileak ezagutzen. Egunen batean osatu beharko dugu martirologio hori, bai…


6. Baina, tira, egileek gero eta lan gehiago egiten dute kritikoentzat, ofizioaren aipatu deserosotasun maila murrizten lagun dezakeena, dudarik gabe. Zeren eta, kritikoen bozkariorako, gaur egungo idazleak gero eta joera handiagoa baitauka bere obraren aurreneko kritikaria edo interpretea izateko. Liburuaren aurkezpen egunetik hasita, edo, ahal badu, lehenagotik, eta ondoren egingo dituen agerraldi, irakurraldi eta errezitaldietan, idazlea bere obraren interpretazio kanonikoa ematen saiatuko da, zalantzari ahalik eta tarte gutxiena utziz, eta, jakina, irakurlearen ulerkera ahalik eta gehien mugatuz. Egungo idazlea, edozeren gainetik, bere obran izan ohi da aditu, eta, ahal dela, kritikoari (eta irakurleari) behar dituen orientabide guztiak eskainiko dizkio. Hortaz, ez da harritzekoa idazleak bere obrari buruz errepikatutako gauzak, lehenago edo geroago, kritikariaren ahotan entzuten baditugu; hori kritika unibertsitarioan gero eta ohikoagoa dela esango nuke. Dudarik ez, joera horren erantzuleetako bat, besteak beste, prentsa da, elkarrizketak egiteko horrenbeste biderkatu den usadio tamalgarria, eta, oro har, idazlearen (bereziki idazle batzuen) etengabeko esposizioa masa-komunikabideekiko, ekidinezina dirudiena (nahiz eta horren aurrean idazleak beti hauta dezakeen ez erantzutea, itzulinguruka ibiltzea edo, zuzenean, gezurretan aritzea, gutxienez dibertigarriagoa izan daitekeena…).

Azken hori ez da, ordea, ohikoena: idazle trebeenak haien obra aparatu kritiko ahalik eta estilizatuenaz inguratzen ikasi dutenak dira. Eta kritiko zoriontsuenak, aldiz, idazlearekin pribilegiozko harremana ezarri eta beste kritikoak baino informazio gehiago atera ahal izango diotenak, haien lanak osatzeko erabili dituzten lehengaiak berak lortzen dituztenak –adibidez, eleberriak idazteko prozesuan erabili dituzten eskemak, aipu eta erreferentzia askoren edo guztien jatorria, etab.–: alde horretatik idazle batzuei nolabaiteko oheburuko kritikoak elkartu zaizkiela ematen du. Azken aldi honetan nabarmenak dira, lehen aipatu dugun kasura itzuliz, (idazle propiorik gabe geratu omen den) Jon Kortazarren ahalegin esanguratsuak Kirmen Uriberen oheburuko kritikoa bilakatzeko, are gehiago ondarrutarra, gero eta argiago ikusten ari den bezala, Euskal Trantsizio Osteko Atxagarentzako errekanbioa bihurtu nahi duten neurrian, idazle kanonikoaren rolean hain zuzen ere (Kortazarren arabera "Uribek egin behar den moduan proposatu du kanonaren aldaketa: literatur praktikaren bidez, literaturan berritasuna proposatuz". Hots, Pilatosena antzeztuz kasik, kritikariak idazlearen esku uzten du orain arte instituzio literarioaren baitan zegoen zeregina, kanona eratzearena alegia, kongruentea litzatekeena idazlea norberaren kritiko bilakatzearen aipatu joerarekin, bide batez esanda…).

Ez da guztiz egia, beraz, idazlea denik kritikoaren premia duena eta, ondorioz, haren bizkarroi soila bihurtzen denik. Rafael Chirbesek Crematorio eleberrian dioen bezala, kritiko baten ahotik:

Jaungoikoak […] baino ez zekik bildotsak egiten, baina harakinek ederki zatikatzen ditiztek guk jan ditzagun. Ni harakin ona nauk, sinets iezadak […]. Jendeak apetitu ezin hobearekin jaten dizkik nik laurdenkatzen dizkiedan nobelak. Gainera, [idazlea] ahanzturatik une batez defendatzen laguntzen ditek nire ikerketek […]. Morroi ona nauk. Irakasleok, kritikook ezin diagu hilezkortasuna eskaini, baina bai bizitza-itxaropen jakin bat.

Harremanak, alabaina, kontrako bidean funtzionatzen du, orobat: kritikoak ere idazlea behar du, ez soilik obren ekoizle bezala, antzina gertatzen zen bezala, baizik eta informazio-iturri bezala, eta agian baita kritikoaren bizitza-itxaropenaren luzagarri gisa ere; erlazioa, ondorioz, konplexuagoa bihurtzen da, eta, onddo eta alga biren elkartze sinbiotikoa legez, gehiago du likenetik, parasitismotik baino.


Amaitzeko. Imajinatzen dut, jorratu ditudanez aparte, beste gai batzuez aritu nintzatekeela euskal kritikagintzari buruzko saiotxo honetan, baina hauek dira, oraingoz, bururatzen zaizkidan esanguratsuenak. Agian, Víctor Morenok aldarrikatu bezala, onena litzateke prentsako kritika guztia desterratzea (eta agian baita unibertsitarioa ere, gutxienez egile garaikideen gainekoa), behintzat urte batzuetan zehar: “Kontuan izanik kritikoek ez dutela hobetzen, ez okertzen literatura (…) eta duela denbora pilo bat utzi ziotela ‘artearen eta eguneroko bizitzaren, eternitatearen eta unean uneko premien arteko’ bitartekariak izateari, inori ez litzaioke arraro egingo haien desagerpena” (Fuera de lugar, 316 orr.); liburuak egilearen izen-abizenik gabe argitaratzea osasungarria izango litzatekeen neurri berean, gehitzen dut nik. Baina nago Morenoren errezeta horrek, espainiar kritikarentzako espezifikoki pentsatuak, ez duela leku askorik gurea bezalako literatura txiki batean, non literaturaren instituzio tradizionalen funtzionamendua (tartean kritika) garrantzitsuagoa baita, susmatzen dut, literatura handietan baino, literatura bat garela (edo dugula) sinesten jarrai dezagun alegia. Ez duena esan nahi hobetu ezin daitezkeenik gauza asko. Bistan denez.

etiketak: Testuak
Iban Zaldua
Iban Zaldua dio:
2009/10/01 12:14

Eskerrik asko zuri ekarpenagatik, Antonio. Funtsean ados nago zurekin, kritika periodistiko batek zuk aipatzen dituzun funtzio horiek bete beharko lituzke. Baina pentsatzen dut kritikek, izen hori merezi izateko, liburuaren irakurketa jakin bat proposatu behar dutela, neurri handiagoan edo txikiagoan: sakonagoa kritika "unibertsitarioek", eta azalekoagoa edo "urjentziazkoagoa" periodistikoek. Irakurketa hori eskaintzen ez badute, iruzkin informatibo soila izango genuke, edo ohar publizitarioa. Nik uste.

Esango nuke kontua irakurketa zintzo eta ondo oinarritutakoa eskaintzean datzala. Eta hortxe dagoela koxka, hain zuzen ere.

Antonio Casado da Rocha
Antonio Casado da Rocha dio:
2009/09/26 10:11

Mila esker, Iban eta Xabier, zuen gogoeta (eta estekak) hausnartu beharrekoak dira. Momentuz, iruzkin txiki bat, prentsako kritika guztia desterratzeari buruzkoa. Ez al ote diogu gehiegi eskatzen kritikagileari? Agian bere eginkizunaz oker gabiltza hemen.

Kritika bat irakurtzen dudanean, euskaraz edo erdaraz, espero dudana oso gauza xume da. Beno, hiru gauza dira: hasierakoa, kazetaritza pixka bat, liburuaren eta egilearen nondik-norakoak ezagutzeko; lehenengo platera, liburuaren laburpena, haren edukiaz eta formaz jabetzeko; amaitzeko, postrea, non kritikagileak liburuaren balioa/ondorioak/bertute/akatsak/etab. eztabaida ditzagun sarbide bat proposatzen duen.

Nire uste apalean (euskaldunberriok esaten dugun bezala) kritikaren helburua ez da emaitza kuantitatiborik, edo azken judiziorik, eskaintzea izan behar, baizik eta irakurleei hiru tresna horiek ematea. Kritikak lagunduta, gero irakurleak berak erabaki dezan liburua bilatu nahi duen eta irakurri nahi duen.

Laburbiltzeko: ez dut epaiketaren emaitza jakin nahi, ez dut “txarra” edo “ona” den jakin nahi, ez dut nahi kritikagileak irakurlea ordezkatzea. Garrantzia duena ez da kritikagilea, baizik eta irakurlea: kritika irakurtzen duena, kritikatua den liburua irakur lezakeena.

Iban Zaldua
Iban Zaldua dio:
2009/09/23 16:26

Gogoeta interesgarriak, Xabier. Batzuekin bat nator. Adibidez, dispertsioari buruz diozun horretan. Ez dut uste kritikarien ugaltzeak berez ekartzen duenik kritiken kalitatearen igoera, eta kritikagintzan berriki hasi direnen artean denetik dago (idazle berrien artean bezala): onak eta ez horren onak. Baina, edonola ere, kritiko onak egoteko aurrebaldintza haietako gehiago egotea da, edo hori uste dut behintzat (kontu estatistiko bat da, azken batean). Eta haien artean gogoko bat (edo gehiago) “aukeratzeko” modu bakarra saiakuntza-eta-errore bide tradizionala da: kritikak irakurtzea, gero liburuak, eta kontatu digutena baliagarria den edo ez ikustea. Baina, jakina, horretarako denbora behar da, ibilbide bat, kritikariari soka eman behar zaio, eta testuinguruak, askotan, ez du gehiegi laguntzen: gaizki ordainduta dago, ez du prestigio askorik eskaintzen eta, gainera, egile bat haserretzen bazaizu, akabo. Ez da harritzekoa kritikari batzuek bere potentzial guztia ez garatzea, eta bide labur baten ondoren ezerezean galtzea; finean, sorgin-gurpil bat bihurtzen da kontua.

Kritikoaren Egoarena, iruzkin negatiboak azaltzeko orduan, oso hipotesi erakargarria iruditu zait, Xabier. Baina onartzen dut adibide posiblerik gabe zaila egiten zaidala onartzea ala ez. Nire historialari formazio enpirizistaren ondorio bat izango da, akaso, baina kontua hobeto ilustratzen ez baduzu, ez dakit zer esan.

Nik bai uste dut egunkariek eta gehigarriek plangintza bat egiten dutela, oso azalekoa bada ere, eta ondo dakitela zein egile edo libururi eman lehentasuna, eta zeini ez. Egiten dituzten elkarrizketetan (eta egiten ez dituztenetan) ikusten da hori; horretan ez dut uste hemengo komunikabideak (euskal literaturari kasu minimo bat egiten dietenak behintzat) hainbeste desberdintzen direnik Babelia edo ABCk egiten dutenetik. Nik zalantzan jartzen dudana da eredu hori kritiketara ere eraman behar denik (ez gure komunikabideetan, ezta hemengoak ez direnetan ere): hor, nire ustez, kritikoaren autonomia sakratua izan beharko litzateke. Eta, oinarri estatistikoa urria bada ere (dena da urria, gurea bezalako literatura batean), nik inpresioa daukat horretara goazela pixkanaka. Agian (ez dakit) zuri gustatuko zaizu eredu hori, “enkarguzko” kritikena edo kritika “zuzenduena”, Xabier, baina niri beldur pixka bat ematen dit.

Azkenik, onartzen dut hutsune handia daukadala Haur eta Gazte Literaturako kritikari dagokionean, eta horregatik ez dudala hemen aipatu. Ez dakit azkeneko paragrafoan aipatzen duzuna, egilea etxera deitzearena-eta, arlo horretan ezagutu duzun, edo helduen literaturarenean. Lehenengo kasua bada, aitor dut Haur eta Gazte literaturaren mundua (eta bere kritikarena) aingerutiarragoa zela pentsatzen nuela…

Manex Agirre
Manex Agirre dio:
2009/10/01 16:47

Zuzeun ikusi dut:

http://www.casarefugio.com/v3/reflexion.php?id=29&leng;=es

besterik gabe, kontu hau arintzeko eten bat. Orain segi hausnarketan, oso gustura ari naiz irakurtzen eta!

Antonio Casado da Rocha
Antonio Casado da Rocha dio:
2009/10/03 09:18

Kar kar kar, oso ona Manex. Eta gainera esan nahi nuena (arrapaladan bazen ere, gaizki esanak barkatu) ederki islatzen du item honek:

12- La función de la crítica hoy en día debería ser: a) Combatir el narcotráfico y salvaguardar la soberanía nacional. b) Criticar el combate al narcotráfico y exaltar los poderes de la lírica. c) Abrir las puertas a los lectores hacia textos oscuros.

Esan gabe doa zein aukera hobesten dudan, ezta? Poesiaz ari dela uste dut, baina orokorrean ere esan daiteke kritikaren helburu zilegi bat dela merezi duten testuak irakurleengana hurbiltzea. Helburu "didaktiko" hori baino ez nuen azpimarratu nahi, zeren eta batzuetan ematen du kritikagintza joko hutsal bihurtzen zaigula, kritikagileen eta idazleen arteko dantza (Ibanen 5. atalean dauden adibideak gogoan ditut).

Ibanek esan duenez, kontua da irakurketa zintzo eta ondo oinarritutakoa eskaintzea. Irakurketa horrek pertsonala izan behar du halabeharrez; zenbat eta pertsonalago orduan eta hobeto esatera ausartuko nintzateke, Xabier, baina horretan ere pasatzeko arriskua badago, eta izena merezi ez duten "kritikak" -hitz egiteko modu bat da-.

Edonola izanda ere, nire kezka zera zen: irakurketa zintzo eta ondo oinarritutakoa bai, baina nori eskainia? Egunkaria edo aldizkaria irakurtzen duen balizko irakurle ezezagunari, edo "sistema literario" delakoaren barnean diren ezagunei (beste idazleak, argitaletxeak, kritikagileak, kontubernioak etab.)?

Eztabaida mamitsu honetan irakurlearen rola indartzeak (blogen bidez partehartzea bultzatuz, adibidez) lagun diezaguke elementu batzuk erlatibizatzen: sariak, aipamenak eta gainontzekoak. Funtsean, kritikagilearen helburua "zerbitzu publiko" bat delakoan nago, irakurleei mesedea egiteko ahalegin soila (eta bide batez literatur bati, noski).

Xabier Etxaniz Erle
Xabier Etxaniz Erle dio:
2009/09/18 23:52

Kontu asko aipatzen ditu Ibanek, eta nik bakar batzuei buruz bakarrik hitz egingo dut. Egia da azken urteotan kritikarien nomina asko luzatu dela... baina horrek ere ikaragarrizko dispertsioa ekarri du; kritiko baten lanen bidez "fida" zaitezke edo ez haren iritziaz eta azken boladan ni neu behintzat galduta nago, ez baitakit oso ondo kritiko horien nondik norakoa (eta herri honetan askotan gerta daiteke kritikaturiko lanaren egilearen koadrilakoa, bandakoa edo delakoa izatea, tradizioa -eta kasu honetan tradizioa diot duela hogei urtetik hona argitaratutakoa!!!- ezagutzen ez duen kritikoa izatea, francotiradore bat izatea...).

Bestalde kritika negatiboak ere agertzen dira, baina uste dut edozein kritikak -prentsan agertzeagatik soilik- liburuari propaganda egiten diola eta horregatik zenbaitzetan ez da kritika negatiboa egiten, eta beste batzuetan egon daiteke kritikoaren egoa nabarmentzeko asmoa (idazle konsagratu honi jipoia emango diot!). Gainera, kritikak, normalean -ia-ia kasu guztietan, esnago nuke- ez dira enkarguz egiten, kritikoak berak erabakitzen du zein liburu komentatu eta zein utzi pasatzen. Honetan ere, beste kontu askotan bezala, gehigarrien (ba al da kultur gehigarririk???) arduradunek ez dute planifikazio bat egiten, ez dute merkaturatu den produkzioaren azterketa egiten eta erabakitzen zeintzuk liburu kritikatu behar diren nahi eta nahi ez.

Herri txikia gara eta hemen kritikoa eta idazlea oso hurbil bizi dira. Ibanek aipatzen ditu zenbait kasu baina egia da hemen kritikoa izatea askotan nahiko gogorra dela, etxera telefonoz deitzen dizutenean, zure obra bat jipoitu mendeku gisa, iraindu... eta horren aurrean oso normala izan daiteke kritikak egiteari uztea (zenbat ordaintzen dira kritika horiek? Ze prestigio du kritikariak hemen???).

Azken finean asko falta zaigu oraindik egiteko eta ikasteko (sitemaren beste ahulezia bat??)

Xabier Etxaniz Erle
Xabier Etxaniz Erle dio:
2009/10/01 13:35

Antonio, orokorrean ados nago diozunarekin. Batez ere irakurlea dela inportanteena diozunean, baina kritikagile baten lanaz ari zarenean nik uste dut liburuari buruzko zenbait pista emateaz gain (eta batzuetan argumentua ez da aipatu behar)irakurlea erakartzeko edo informatzeko, kritikagileak zuzenean edo zeharka liburuaz duen iritzia eman behar duela. Gero irakurleak ikusiko du kasurik egiten dion edo ez, baina nik neuk behintzat kasu gehienetan (batzuetan ez dut egin, hori ere aitortu behar dut) liburuaz dudan iritzia (beti pertsonala) ematen dut, eta hain zuzen horregatik sinatzen ditut kritikak, NIRE irakurketaren berri emateko. Irakurleak, ordea, ikusi egin behar du kritikagileen interpretazioaren ondoren, bere espektatiben ondoren, komunikabideen bidez jaso (edo ez) duen informazioaren ondoren zer egiten duen. Alegia, bere iritzia izan behar du (edo luke) eta prozesu horretean kritikagilearen lana laguntzea izan behar da. Edozein modutan, Ibanen hasierako testura bueltatuz, badira bestelako elementuak kritikagintzaren prozesuan (sariak, aipamenak,...) eta horiek guztiak erlatibizatzen jakin beharko genuke. Ibanek dioen bezala kritika saria Kortazarrek erabakitzen du, Euskadi saria urte horretako epaimahaikideek,... eta epaimahaietan egotea tokatu zaigunok badakigu urte batetik bestera irizpideak ezberdinak izaten direla, urte bateko irabazleak beste urte batean ez zuela aipamenik izango...

Xabier Etxaniz Erle
Xabier Etxaniz Erle dio:
2009/09/23 19:24

Amaieratik hasteko, Iban, HGLren mundua gure mundua da eta ez aingeruena. Ez nuen pertsonalizatu nahi (egia esan, hasieran uste nuen izena osorik jarri gabe argitaratu zela nire gogoeta), baina nik jazoak dira horiek... baita ere eskerrak emanez egindako deiak ere. Baina kontu horrek bakarrik balio du adierazteko askoz errazagoa, erosoagoa, dela kritikarik ez egitea horretan aritzea baino. Edozein modutan aurreko kontuei helduta nik aspalditik egin nion euskarazko egunkariko kultur arduradun bati eskaera eta eskaintza bat; bultza zezatela kultur gehigarri "potente" bat eta ni neu (eta uste nuen ni bezala beste batzuk ere) prest nengoela kolaboratzeko musu truk. Alegia, euskaraz erreferente bat (gutxienez) behar dugula gure kulturaren inguruko kritikak, komentarioak, eztabaidak... egiteko (gogoan dut abuztuaren 8an Pako Aristik Berrian eginiko lanbatean antzeko zerbait -beste kontu batzuen artean- esaten zuela "Gurea ez delako estetika kontua, biziraupen ataka baizik, euskal ekosistema bat sortzen ez dugun bitartean" esaldiarekin amaitzen zen artikuluan). Erreferentea diot euskal kulturaren berri izan nahi duenak horren beharra senti dezan, ez gaitezen umezurtz sentitu, liburutegietan -edo beste edozein tokitan- ez gaitezen egon zalantzan produktuen aurren (niri behintzat gero eta gehiagotan gertatzen zait euskarazko literaturan, ez dakit esku artean dudan liburua jasangaitza edo atsegina izango zaidan). Eta uste dut alde horretatik kulturaren ikuspegi ahalik eta osoena egin behar dela, eta hain zuzen horregatik diot kritika batzuk enkargatu edo agian ziurtatu egin behar direla. Imajinatu Unai Elorriagak atera berria duen liburua (niri gustatu zait)inork ez duela komentatzen, ez dela kritikarik plazaratzen; nik uste dut edozein gehigarritako arduradunak ziurtatu beharko zuela lan horren kritikaren bat (eta ahal balitz argitaratzen diren guztiena).

Beste kontu batera pasatuz nik uste dut euskal kritikarion egoera nahiko kezkagarria dela. Badago kritiko ofizial bat gure mugetatik kanpo (Jon Kortazar) eta ez bi, lau eta hamar; eta hori guztion ardura izan beharko litzateke. Zenbat pertsona daude unibertsitatean (kanpoan kritiko ofizial izateko uste dut -oker egon naiteke- unibertsitate inguruan aritu behar dela) paper hori betetzeko prest? Susmoa dut hor basamortu nahiko zabala dugula. Eta gero, hemen, barneko kritikoen artean ospe (prestigio) ezari, errekonozimendu ezari gehitu behar zaio mundutxo hau oso txikia dela eta hemen denok garela oso onak, oso inportanteak... eta nire liburua zoragarria. Susmoa dut kritiko askoren betebeharra normalizazio itxura baten barruan sartzen dela; liburuak komentatu behar dira baina berdin da zer diozun (nork egingo dizu kasu?, nork irakurriko du? idazleak salbu, jakina) eta horregatik askotan gustuko liburuen komentarioak besterik ez dira egiten. Gainera gurean -bai helduen literaturan bai haur eta gazte literaturan- merkatua bestelako faktore batzuen arabera mugitzen da; hemen askoz eragin handiagoa du argitaletxeak "saltzaile" bat izatea eskoletan kalitatezko liburuak argitaratzea baino. Euskaltegietan kolokatzen diren liburuak -helduen literaturan saltzen diren liburuak- sarritan hizkuntzaren mailagatik, sintasi sinplea edo egitura nahiko irakurterraza izateagatik kolokatzen dira, eta ez liburu horien balio literarioagatik. Gero, berriz, liburu arrakastatsua liburu onaren sinonimotzat hartzen da.

Nik neuk kritikatzen dudanean, liburuen komentarioak egiten ditudanean, hiru helburu nagusi ditut: idazlea, nire irakurketaren berri izan dezan, nahi badu zerbait hobetu..., irakurlea, pista batzuk izan ditzan; eta azkenik, euskarazko literaturaren berri emateko. Baina susmoa dut gero eta gehiago hau dena faltsua dela, kanpoan hemengo literaturari buruzko azterketa bat eskatzen dizutenean benetan euskarazko "kupoa" betetzeko esaten dizutela eta ez dutela benetan gure artean zer gertatzen den eta zer egiten den jakiteko aparteko interesik; susmoa dut gure literaturako bitartekariak (irakasleak, gurasoak,...) ez direla kritika eta komentariozaleak eta susmoa dut batzuetan kritikak egiterakoan klitxe batzuk errepikatzen ditugula.

Unibertsitaeko kritikari gehiago behar ditugu gure egunkarietan (ez hainbeste kongresu eta kanpoko argitalpen berezietan, nahiz eta horiek ere behar diren). Gure artean espazio bat behar dugu. Mugalarik pittin bat egiten du, Berriak ere zer edo zer... Argian ere egiten da, Beterrikoak hor daude... eta beste lantxo suelto asko baina ez dugu erreferente bat (gogoan dut lagun literatur zale bat esaten zidana berak larunbatean El País erosten zuela gehigarriagatik; edo beste bat -HBko diputatuta izana- ABC erosten zuena ostiraletan, eta... euskaraz ez dugu hori). Eta, azkenik, Argian duela gutxi Aingeruk zioen bezala, eztabaida gehiago behar ditugu gure artean.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44