Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Teknosexua

Ikasitakoa desikasten ikasten

Bizikletan Eibarren. Epikarik gabe

Gari Araolaza 2017/09/21 18:50
Ez dakit zenbat denbora iraungo didan sukarrak, baina azkenaldian ahal dudanean bizikletan joaten naiz lanera.

Banaka-banaka, uste baino jende gehiago dabil bizikletan. Pare bat elektriko ikusten ditut Azitainen gora, La Salleko ikasle batzuk, eta abar. Kontua da txirrindulariak ez duela destakatzen, ez du ataskorik sortzen, ez du aparkalekurik jaten eta ez du zaratarik egiten, baina adi-adi bazaude, hainbat txirrindulari ikusiko dituzu goizetan lanera doazela. 

Lizarralden artikuluari jarraituz kontu gehiago idatzi nahi izan ditut. Ea jende gehiago animatzen den eta apurka apurka masa kritikoa osatzen dugun.

Epikarik gabe diot, ez dudalako uste eguneroko erabilerarako superkirol edo arrisku-kirol moduan ikusi behar dugunik. Ez dugu Indurain izan beharrik. Ez genuke jarduera arriskutsu moduan hartu behar. Autobusa edo autoa hartzen duenak bezala lasai, horrela joan beharko genuke bizikletan Eibarren, bide batez Donostian, Bartzelonan, Holandan edo Belgikan egiten duten moduan.

Gainera Eibarren inspiraziorako Juan daukagu. Duela 25 urte baino gehiago Eibarren bizikleta garraiobide arrunt bezala erabili izan duen bakarrenetakoa da bera (baina agian hori bada nahikoa epikoa).

  • Kaskorik gabe (16 urtetik gorakoek bakarrik).
  • Printzipioz bizikleta arrunt batekin, kanbioak eta guardabarrosekin. Agian elektrikoan pentsatu behar, segun noraino igotzea tokatzen zaizun. Nik sarritan pentsatzen dut, baina oraindik garesti daude elektrikoak.
  • Kaleko arroparekin joan daiteke. Aldapetan indarrak neurtuta ez da asko izerditzen.
  • Eurirako arropa hartu beharko da. Oraindik ez dut esperientzia askorik honetan.
  • Aukera dagoenean eskailera mekanikoak edo igogailuak erabili.
  • Aldapa bat oinez igotzea ez da lotsatzekoa. Poliki-poliki.
  • Kale erditik joan, hori da legeak dioena hirigunean. Aparkatutako kotxeen ate irekierengandik babestu.
  • Segurtasun aldetik aukera hoberik ez badago, espaloian ibili. Poliki eta kontuz.
  • Sarritan autoan baino azkarrago joango zara. Zer esanik ez aparkatzeko denbora kontutan hartzen badugu: Azitaingo Industrialdetik Untzagara, 10 minutu egiten ditut. Untzagatik Azitaingo Industrialdera, 15 minutu (Debegesaren alturaraino).
  • Poligonora igotzeko Azitaingo errotonda ez erabili ahal dela. La Salletik hobeto. (Gainera gogoratu errepidera ateratzean kaskoa beharrezkoa dela)

Oraingoz hori da esateko neukana. Zalantzan bazaude edo zu ere bizikletan ibiltzen bazara, eman toke bat eta hitz egingo dugu.

Etxetik atera aurretik begiratu Kapilduiko radarrari

Gari Araolaza 2017/09/09 09:30
Kapilduiko radarrak prezipitazioen inguruan informazio baliotsua ematen digu, baina ez da oso ezaguna.
Etxetik atera aurretik begiratu Kapilduiko radarrari

Kapilduiko radarrak ematen duen irudia

Euskal Herriko eguraldi aldakorraren inguruan kexa entzuten da, batez ere udaberri edo udazken-antzeko garai hauetan. Goizetik gauera eguzki bizia, euria, txingorra eta elurra izaten diren egunak ez dira arraroak gurean. Kaletarrok ez dugu jakiten jakarekin, aterkiarekin edo manga motzean atera behar dugun kalera. Aldiz, arrantzale edo baserritarrek begiak altxatu eta segituan jakiten dute "euria dator" edo "hango puntako toki hartan elurra ari du".

Epe motzeko auto-meteorologia honetarako neretzat oso tresna baliagarria da Kapilduiko radarra.

Kapildui Arabako mendi bat da, Bernedon dagoena. Bertan jarri zuen Jaurlaritzak gure radar meteorologikoa eta gaur egun Euskalmetek kudeatzen du. Radarrari esker 150 kilometroko radioan une honetan gertatzen ari diren prezipitazioen berri izan dezakegu.

Radarrak 10 minutuero egoeraren argazki bat egiten du eta kolorez margotzen dizkigu euria, txingorra edo elurra ari duen tokiak:

Radarraren irudia 2017ko irailak 9ko goizean

Kontutan izan behar da irudiak ez dituela lainoak adierazten, prezipitazioak baizik. Hau da, lurralde osoa lainotuta egon daiteke baina euri tantarik ez.

Mapan Euskal Herriko lurralde guztien mugak marraztuta daude eta horri esker erraz situatu dezakegu gure kokapena. Zirkulu kontzentrikoen erdian dago Kapildui mendia.

Radarkapildui.com webgunea

Radarraren uneko irudia Euskalmeten webgunean ikusi daiteke. Baina norbaitek (partikular baten lana dirudi) pentsatu zuen (arrazoiz) ez zela aurkitzeko erraza eta erabilgarria, eta webgune bat egin zuen egun batean, Radarkapildui.com.

Webgune horretan modu azkarragoan ikusten da radarraren irudia, eta gainera historiko bat gordetzen du. Gainera irudiak txandakatuta animazio bat egiten du webguneak (azkenaldian ez dabil tresna hau tamalez) eta horrela eboluzioa ikustea oso erraza da:

Kapilduiko radarra - animazioa

Hauxe da gaur goizaldean goizeko 8:40 arte izan den eboluzioa. (Goian azaltzen den orduari 2 ordu gehitu behar zaizkio udan).

Nola erabili radarraren informazioa?

Esan bezala, epe motzeko informazioa ematen digu tresnak, azken orduetan izan den eboluzioa. Ez digu etorkizuneko prebisiorik ematen, baina irudien segidari begira erraz asma dezakegu noruntza joango den ekaitza.

Jakina da gure egoera meteorologiko arruntean eguraldia ipar-mendebaldetik datorkigula, gure haize nagusia hori bait da. Askotan entzuten da Galizia eta itsas aldetik etortzen zaizkigula normalean euriak. Beti ez da horrela izaten baina kasu horretan ere radarraren eboluzioak emango digu beharrezko pista.

Adibidez:

  • Asteburu honetan euria eta euria izango dugula esan digute. Noski, tarte batzuk izango ditugu ateri, baina noiz? Orain unean ateri dago, baina eutsiko dio guk umearekin osteratxoa egin bitartean? Ala hobe izango da beranduxeago?
  • Eibartik Azpeitira joan behar dut baina elurra emanda dago. Azkaraten oraintxe elurra ari du?
  • Goizeko 10ak dira eta Kontxako bandera ikustera joateko zalantzan gaude. Nesken ala mutilen txandan egingo du euri gutxiago?
  • Dantza erakustaldia dugu Untzaga plazan baina euri arriskua dugu. Amaitzeko denbora emango digu ala Markina aldetik badator euria?

Kasu hauetarako oso informazio interesgarria eman dezake Kapilduiko radarrak.

Kapilduiko radar antena. Jaurlaritzaren irudia.
Radarra antena gainean, Kapildui mendian

Euskara retorikoa

Gari Araolaza 2015/12/30 13:05
Lotu ditudan hiru edo lau gai hementxe, ez nuen Iturriren estiloa kopiatzeko intentziorik baina azkenean nahiko korala atera zait. ;-)

Aitak atzo aipatu zidan Gure Bazkaren azken atala, Joxerra Gartziari egindakoa. Benetan azken atala omen da, ez dituztelako gehiago egingo. Gure bazka, Donostiako Hiru Damatxo komunikazio ajentziak egiten duen bideo elkarrizketa bat da. Euskal kulturaren inguruko pertsona esanguratsuekin bazkaldu, elkarrizketa egin eta esandakoen entresaka egiten dute. Normalean nahiko interesgarriak, eta 10 minutu irauten dutenez, ikusteko oso errazak.

Gure Bazka, elkarrizketa guztiak 

Entzun dut Joxerra Gartziarena eta poztu naiz entzutean nola euskara formala egiterakoan gaztelerazko ereduak kopiatzen saiatzen garen. Eta ez du zentzurik. Euskaraz orijinala seguru egin daitekeela askoz sinpleago. Aipatzen dituen beste kontu interesgarri batzuk, gazteleraz pentsatutako euskarazko publizitate kanpainak edo Euskadi Gaztearen planteamentu negargarriak.

Euskara retorikoa egitearen inguruan Joxerrak aipatzen dituenetik akordatu naiz nere neska tesia euskaraz egiten ari dela. Bera testu erraz eta zuzenak idazten saiatzen den arren, bere tesi zuzendariari esaldi sinpleegiak iruditzen zaizkio. Horrela bada, 3 esaldi subordinatu idaztera behartzen du, sujetua eta aditza 4 lerroz banatuta gelditzen diren esaldi horietakoak. Bestetan, kirol kazetariek egiten duten bezala (el portero, guardameta, cancerbero eta abar), hitz jakin bat ez errepikatzeagatik hainbat hitz baliokide erabiltzen dituzte, eta azkenean ez da jakiten zertaz ari den. Batzuetan testuak niri pasatzen dizkit eta ez dut askorik ulertzea lortzen. Hori bai, oso maila altuko testuaren itxurak ematen ditu.

Aurreko batean nere pegoran Eibarko udalak jarritako kartel bat zegoen, alboko obra batzuen zaraten ingurukoa. Euskarazko testuak 4 lerro zituen. Gaztelerazkoak 9 edo 10! Hasieran gaizki pentsatu nuen, sarritan egiten den bezala euskaldunei informazio gutxiago ematen zigutela, laburpen modura. Baina testua ondo errepasatuta, konturatu nintzen informazio berdin-berdina ematen zela bi hizkuntzatan. Gazteleraz modu enrebesatu formal eta retorikoan. Euskaraz modu zuzen eta argian. Orduan pentsatu nuen orijinala gazteleraz izango zela eta gure Bego Azpiri udaleko itzultzaileak euskarazkoa egiterakoan lan oso ona egin zuela. Zuzen banabil, zorionak Bego eta eskerrik asko!

Elkarrizketan gitarrarekin azaltzen da Joxerra Gartzia, eta Fermin Etxegoienen azkeneko esperimentuarekin lotu dut. Fermin Etxegoien Euskadi Irratiko kazetari ohia bideo-guitar-blog batekin ari da azkenaldian, gitarra eskuan. Kantuak aztertu eta analisatzen ditu, akordeak probatuz eta esperimentatuz. Gutxienez kuriosoa da kontua eta ni bezalako guitar-freakentzat interesgarria 

Ondo bukatu urtea eta 2016 hobea izan dezazuela!

Beste negozio bat pikutara

Gari Araolaza 2015/10/01 09:15
Juan Gisasola kalean beste negozio bat ixtera doa: josteko eskulanetarako materiala saltzen zuen negozio bat. Agian Eibarko beste kale batzuetan ere gertatuko da, baina kale horretan bizi naizenez, horretxekin fijatzen naiz.

Horren aurretik zenbat eta zenbat negozio itxi ote dira kale honetan? Ikaragarria da, zenbat kreditu eta zulo egiten ari ote dira?

Zorrak lagatzen dituztenak ere izango dira ziurrenez, baina normalean zulo ekonomiko handiena negozioa jarri duenak eta bere familiak asumitzen du. Lokalaren jabeak hilero kobratzen du alokairua, Udalak IAE-a kobratzen du, zabor eta ura ere kobratzen da, telefono konpainiak, jestoriak, lokala egokitzeko obrak gremioek... eta abar.

Jende ekintzailea ikusten dut negozio polit batekin ilusionatuta, normalean kobratu gabe hainbat ordu eta amets bertan jarrita, eta azkenean zorrarekin eta denbora galdutako sentsazioarekin doa etxera.

Zorte txarra egongo da kasuren batean, baina hainbeste eta hainbeste negozio itxita ikustean, pentsatzen dut badaudela faktore amankomunak, eta egoera honen inguruan hainbat erantzule ikusten ditut nik, zerbait egin dezaketenak.

  • Ekintzailea bera: errealitatea ondo neurtu eta negozioa modu egokian planteatu gabe jartzen dira sarri negozioak. Are gehiago krisi garaian. Garapen agentzia batetako batek esan zidan krisiarekin jende asko dabilela suizida moduan negozioak jartzen, etxea edo familia hipotekatuta.
  • Lokalen jabeak: Argi dago behin eta berriz negozioak ireki eta itxi dabiltzan kale batean lokala daukanak beste modu batean planteatu behar duela bere lokalaren kudeaketa. Lokala urtean 6 hilabete alkilatuta eta beste 6 hilabete alkilatu gabe eduki dezake, edo agian errenta erdira jeitsi (gutxienez hasierako urte batzuetarako) eta negozio berriak aurrera ateratzea erraztu. Beti ere negozioa jarri behar duena ezagutu, ulertu zertaz doan bere negozioa eta zer arriskatzen duen ulertuta.
  • Udala, Debegesa eta administrazioa orokorrean: negozioak irekitzeko aholkularitza inplikatua behar da ahal den azkarren. Ez du balio "dirulaguntza hauek hor dituzu" edo "ikastaro hau han duzu" bezalako aholkuekin. Jende askori argi esan behar zaio "gure ustez negozio hori pikutara joango da, honengatik, horregatik edo hango hargatik". Edozein asesoriatan badakite ondo zein negozio dabilen ondo, zein negoziok daukan ikuspegi okerra edo zein kasutan dagoen aurrera ateratzeko probabilitate baxua. Orduan, zergatik ez dago inplikaziorik negozioa jarri behar duenarekin? Ekintzaileak behar ditugula bai, baina benetan, zein laguntza ematen zaie? (laguntza hitza "lagun" hitzetik dator, eta benetako lagunek egia esaten dizute, zurekin inplikatzen dira)

 

Beste kontu gehigarri bat, gure Udalak "bertako komertzioa" eta "zerbitzuen hiria" bultzatzeko izan duen grina da. Oso eztabaidagarria, eredua beragatik. Aurreko batean komentatu nuen nolako soldata eta lanpostu kalitate baxua ematen duen komertzioak, marjinak oso txikiak dira (beraz aberastasun gutxi gelditzen da bertan), lokalak garestiak... Hor etorkizun oso gutxi dagoela iruditzen zait. Marc Andreesseni aspaldi irakurri nion denda tradizionalak (txikiak eta handiak) hilko direla: Retail Stores will die

¡Habla en cristiano!

Gari Araolaza 2015/04/29 08:01
Garitano affaireak Juan San Martini entzundako ipuinak ekarri dizkit burura

Hainbat aldiz entzun behar izango zituen Juan San Martinek euskaraz hitz egiteagatik, eta erantzunak prest zituen. Berak kontatzen zuen trenean zihoazela eibarko euskara ederrean hizketan:

  • Hable en cristiano
  • Yo no sé arameo, estoy hablando la lengua más antigua de España. Yo no soy separatista, pero ¡usted es separador!

Googlen bilatuta, elkarrizketa honetan aurkitu dut San Martin berak zuzenean aipatuta: Juan San Martin, Euskonews-en elkarrizketa

Euskaltelen wifi sare berriaz

Gari Araolaza 2015/03/17 15:15
Azken egunotan irakurri dugu nola Euskaltelek WIFI bidezko sare bat sortu duen etxe bakoitzeko routerrak erabiliz.

Zer den sare berri hau

Hemendik aurrera, Euskaltelen bezeroen etxeetako wifi routerrak aparteko sare bat emango du, Euskaltelen edozein bezerorentzat erabilgarri izango dena.

Sistema honekin, nik Eibarren Euskaltelen konexioa baldin badut, Bilboko kale batean beste norbaiten etxeko wifia erabili ahal izango dut, bere etxe parean jartzen banaiz adibidez.

Ideia ez da originala

Ideia ez da berria. Martin Varsavskyk 2005-ean sortu zuen FON enpresa, eta hori zen bere ideia. Kontua da sare hau oso poliki hazi dela, eta toki askotan gutxira ere joan da. Horregatik, FONen estrategia azken urteetan operadoreekin tratuak egitea izan da.

Horrela lortu dituzte sare zabalak hainbat herrialdetan, Frantzian adibidez: SFR enpresarekin tratua egin eta SFR-ren wifiak bi sarerekin konfiguratuta bidali dituzte etxeetara. Sare bat norberarena, pribatua, eta bestea FON-ena, pasahitz batekin harpidetutako edonork erabiltzeko moduan.

Wifia konpartitzearen alde nago

Ni ekimen hauen alde nago printzipioz. Internet konexioaren kapazitatearen ehuneko oso txikian erabiltzen dugu. Orduan, zergatik ez partekatu beste batzuekin?

Gorroto dut "wifia lapurtu" entzuten dudanean. Nire sarea norbaitek erabiltzen badu eta niri ez badit enbarazu egiten, zergatik ez diot utziko erabiltzen?

Routerra ez da zurea (normalean)

Bestalde, askori irakurri diot "nire routerra ez dut utziko" eta horrelako hainbat. Bada, normalean router hori ez da zurea. Nik Pepephoneren ADSL dut etxean, eta kasu horretan bai, routerra nirea da, nik eskuratu dut eta nik konfiguratu dut nahi nuen moduan. Hor nik erabakitzen dut.

Euskaltelen kasuan, beste sare hori baldin badaukazu, uste dut routerra ez dela zurea, Euskaltelena da, aizu. Euskaltelek zuri Internet zerbitzua ematen dizu, eta ematen jarraituko du.

Gainera, ez bazaizu ideia gustatzen (beste arrazoi pertsonalen batengatik, wifiaren radiazioen beldur bazara adibidez), deitu Euskaltelera eta blokeatzeko eskatu. Akabo arazoa.

Segurtasun eta abiadura kontuak

Ez dut uste sare berri bat jartzeak segurtasun arazo gehigarririk sortuko duenik. Sistema konplexuagoa denez, agian arazo puntualen bat egon daiteke egoera egonkortu arte, baina besterik ez litzateke egon behar.

Abiadurari buruz, printzipioz kable bidezko konexioak direnez abiadura gehigarria handitzeko aukera gehiago izango dute, ADSL batekin gertatzen ez dena.

Euskaltelen papera

Euskaltelek ez du behar den bezala komunikatu (historikoki Euskaltelen komunikazioa oso txarra iruditu izan zait, kasu honetan ere antzera). Agian zabalkunde honek zer ikusia du burtsako operazioekin (ideiarik ez nuen, oraintxe enteratu naiz), baina niretzat 2005. urtean ideia ona zen eta jarraitzen du ona izaten.

Nagusituko gara: Pete Seeger eta Arrieta familia

Gari Araolaza 2014/07/01 23:35
Gure etxean beti ezagutu dut "Nagusituko gara" kantua, elkartzen gineneko errepertorioko parte zen. Duela gutxi Pete Seeger kantari ipar-amerikarra hil da eta kantua berea dela deskubritu dugu.

We shall overcome

Kantu hau Pete Seeger kantari ipar-amerikarrak eman zuen ezagutzera protesta kantu moduan eta munduan zehar erabilia izan den arren, jatorrian Ipar-Amerikako beltzen eskubide zibilak aldarrikatzeko erabili zen. Charles Albert Tindley reberendoak konposatutako gospel kantu batean du oinarria kantuak.

Gure artean Joan Baezek egindako bertsioa egin zen ezagun. Gehiago, Wikipedian: We shall overcome

Lurgabe eta Arrieta familia

Kantua Joan Baezi entzunda, Lurgabe taldeak bertsio bat prestatu zuen, Juan San Martinen hitzak eta Jose Mari Altunaren arreglo eta armonizazioarekin.

Lurgabe taldea hiru neskek osatzen zuten eta 1968-1969 inguruan ibili zen kantuan, hainbat txapelketa eta jaialditan. Gehiago jakiteko: Lurgabe (Soundcloud)

1971. urteko ekainaren 4ean, Elgoibarko Odeon antzokian ospatutako jaialdi batean kantatu zuen kantua Arrieta familiak, Regina Arrieta bera Lurgabeko partaide bait zen.

Arrieta familia, Odeon antzokia 1971

Ezkerretik eskumara: Regina Arrieta, Arantza Arrieta, Pello Arrieta, Ion Arrieta eta Juanjose Araolaza. Aurrean, Jaime Arrese haurra. Elgoibarko Odeon antzokia, 1971-6-4

Geroztik, kantu hau Arrietatarren familia ospakizun gehienetan kantatu izan dugu, baita ere lagunen ezkontzetan eta beste ekitaldietan.

2014ko ekainak 23an kantuaren bertsioa grabatu dugu San Juan bezperako Arrietatarren ospakizuna aprobetxatuz.

Kantuaren hitzak: Nagusituko gara

1
Nausituko gara (hiru aldiz)
noizbaiten 
barne gogoz gu
sinisturik
egunen baten nausi

3
Bakezko bizitza (berriz)
bakez bizitza gu
noizbaiten 
barne gogoz gu
sinisturik
bakez biziko gara
2
Elkarturik joanez (berriz)
denok elkarturik
noizbaiten
barne gogoz gu
sinisturik
egunen baten nausi

4
Ez dugu beldurrik (berriz)
Bildurrik gabe gu
noizbaiten
barne gogoz gu
sinisturik
egunen baten nausi

Beste bertsioak

Dakigula, kantuaren euskarazko beste bi bertsio prestatu dira:

  • Josu Landak Pete Seegerren omenez euskaratutakoen artean: Garaituko dugu
  • Garik, Fermin Etxegoienek prestatutako hitzekin: Eutsiko diogu

Iurgi Arginzoniz, FON eta Gramofon

Gari Araolaza 2014/06/27 09:42
Hainbat gauza ikasi genituen atzo Iurgiren hitzaldian egon ginenok: garapen arina, negozio ikuspegi zabal eta internazionala, gaitasun teknikoa eta hori apaltasun naturalarekin.

Atzo arratsaldean BETORren ekitaldian Iurgi Arginzoniz izan genuen. Hurrengo egunotan publikatuko dugu ekitaldiko bideoa, laburpen eta dokumentazioa, baina handik ateratakoan lankideekin (Mikel eta Josu) konpartitutako batzuk hauek dira:

  • Denok garapen arinak egiten ditugula saltzen dugun garaian, Iurgi etorri eta erakusten digu nola sortu honelako trasto bat urtebetean. Pentsa dezagun honelako teknologia garatzeko gai den euskal enpresa batengan eta esaidazue zeinek egingo duen hori urtebetean eta dozena-erdi pertsonako garapen taldearekin.
  • Nolako ikuspegi internazionalarekin egin duten lan: Espainia bai, baina mundu osoan lanean. Fabrikazioa Taiwanen, diseinua New Yorken, eta abar.
  • Negozioetarako FON-eko nagusiaren gaitasuna eta abilezia.
  • Sorpresa, jakitean I+G eta prototipoaren garapena Getxon egin zela, bi pertsonak eta bi hilabetez. Asko dugu ikasteko, dudarik gabe.
  • Ze garrantzitsua den enfokea. Gauza gutxi egiten ditu Gramofonak, milaka feature eta aukera gabe, sinpletasuna enpresaren helburuetara zuzenduta eta ahalik eta erabiltzaile gehienengana iritsi ahal izateko.
  • Pena, Euskal Herria galtzen ari dena Iurgi Madrilen edukitzeagatik. Beno, inbertsio modura hartuko dugu, etortzen denerako. ;-)

Mutrikuko olatu energia zentrala ezagutzen

Gari Araolaza 2014/06/22 10:55
Duela pare bat hilabete azkenean izan nuen Mutrikuko olatu zentrala ezagutzeko aukera. Ez galdu aukera, urte osoan hilean behin izango bait da horretarako modua.

Askok pena handia dugu 2006. urtean hasi ziren Mutrikuko portu berriaren lanengatik, baina gutxienez energia berriztagarriak frogatzeko pauso garrantzitsu bezala gelditu da tokia.

Orain, hainbat urteren ondoren zentrala kudeatzen duen EVE-k bisitatzeko aukera eman du eta orain hilean behin tokia ezagutzeko aukera dago.

Zentralaz

Zentrala, olatuekin energia sorkuntza ikertzeko azpiegitura esperimentala da, Europako lehenengoa ez bada, bai bere estiloko lehenengoa. Hau dela eta, bere helburu nagusia ez da produkzioa, baizik eta energia sorkuntza mota berri honen baliagarritasuna frogatu ahal izatea, bide batez akatsak egiteko aukera izan eta horietatik etorkizunerako ikasteko.

Gure itsasoaren olatu jarduna oso aldagarria denez (konparatu aurtengo neguko ekaitzak, atzoko itsaso barearekin adibidez), garrantzitsua da hainbat urte jarraian aztertu ahal izatea, ea zenbat eman dezakeen x urtetan, zein arazo sor daitezkeen eta abar. Eta horretan ari dira.

Horregatik ez dute zentzu askorik zentral honi potentzia aldetik egiten zaizkion kritikek, eta hala ere ez dut uste gutxi denik:

Instalatuta dagoen potentzia 296 KW-koa da. Hau da egoera idealetan, olatu komenigarrienak dauden egunetan (ziurrenez ez handienak) lortu dezakegun potentzia maximoa. Gure etxe bakoitzean maximoa 3 edo 4 KWtan egoten denez, kalkulatu dezakegu gehienez-gehienez 100 etxetarako argindarra eman dezakela momentu onenetan. Urte guztian zehar gertatzen diren gorabeherekin (aberiak, olatu falta, olatu gehiegi eta abar), kalkulatzen da 600.000 KWh-ko energia ematen duela.

Hala ere, elektrizitate sorkuntzan ohituta gaudenerako zentral txikia da. Adibidez Oiz mendiko haize errotek 26 MWko potentzia dute (hau da, 26000 KW Oizen vs. 296 KW Mutrikun), hau da, Oizkoa Mutrikukoa baino ia 100 aldiz handiagoa da.

Potentziaz eta energiaz:

Nola erlazionatzen dira aipatutako 296 KW (potentzia, ahalmena une jakin batean), 600.000 KWh (energia, urte bukaeran lortutako agregatua) hauekin?

Zenbat ordu ditu urte batek? 24 x 365 = 8760 ordu

Urte osoan zentrala topera ibiliko balitz (olatu idealenak urte osoan, aberiarik ez eta abar):  296 KW x 8760 ordu = 2.592.960 KWh

Beraz, 2.5 miloi KWh lor genitzazke kasu idealean baina 600.000 KWh lortzen dira. Horrek esan nahi du, kasu idealenean egin lezakenaren %23a dela lortzen den energia. (datuen iturria, Wikipedia)

Beraz, pentsatzen dut EVEko teknikarien lanak horretan datzala orain: ehuneko hori handitu eta bide batez geldiuneak eta efizientzia-galerak zergatik gertatzen diren aztertzean, instalazio hauen bideragarritasuna neurtzeko eta teknologiaz ikasteko. Ez dezagun ahaztu oker egindakoetatik ikasten dela gehien.

Bisitaz

Esan bezala, orain bisitatzeko aukera dago. Normalean hilabeteko azken asteburuan izaten dira, eta tokiak eta instalazioak merezi du. Noemi gidaren azalpen interesgarriek ere bai.

Niretzat ikaragarriena portu berriaren tamaina da. Argazkiek ez dute benetan adierazten nolako tamainako tokia den. Kantauri itsasoko olatuetaz babesteko egindako egiturak honek, 450 metro zabaleran eta altueran 17 metro inguru ditu. 

Bisita Mutrikuko portuaren historia ezagutuz hasten da eta gero sorgailuen gela barrua ikusten da, horretarako prestatuta dauden bideo eta azalpen panel batzuek lagunduta. Zirrara handia sortzen du han barruan zaudela olatuek turbinetan sartzean eragiten duen zarata eta bibrazioak.

  • Bisita egutegia Mutrikuko Udalaren webgunean
  • Izen ematea Mutrikuko Turismo bulegoa
  • Gidaria: The Basque Way, Noemiren enpresa. Benetako euskal esperientziak eskaintzen ditu kanpotarrentzat: zesta puntan jokatu, arrain enkantera, pintxo dastaketak, soziedadean afariak historia ibilaldiak eta abar, ingelesez eta alemanez ere bai.

 

Mutrikuko babes dikea 2011an.

Hondartza eta babes dikea, 2011. urtean.

Mutrikuko babes dike aurreko plaza

Babes dike aurreko plaza ikusgarria

Mutrikuko energia sorgailu bat

Ezarrita dauden 16 energia sorgailuetako bat.

Hainbat turista Noemiren azalpenak entzuten

Noemiren azalpenak entzuten, zentral barruan horretarako prestatuta dagoen gelan.

Michael eta bluesa

Gari Araolaza 2014/03/19 09:10
Bere karreraren uneren batean Michael Jackson karikatura bat bihurtu zen, baina artifizio guztiak kenduta atzean bluesa zegoenaren froga.

Michael Jackson Thriller eta Bad disken artean jarraitu nuen. Aurrez ez nuen ezagutzen eta gerora atzera botatzen ninduen, esajeratuegi iruditzen zitzaidan.

Baina Los Reyes del K.O. bikoteak erakutsi zigun Michael Jacksonen kantu askoren atzean rhythm & blues purua zegoela.

Hemen Michael Jacksonen originala:

Aurkezpena

naiz. Teknogauza guzti hauetaz idazteko sortu nuen bloga, baina orain gai eta maiztasun librean nabil.

Mastodon