Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Teknosexua / Etxetik atera aurretik begiratu Kapilduiko radarrari

Etxetik atera aurretik begiratu Kapilduiko radarrari

Gari Araolaza 2017/09/09 09:30
Kapilduiko radarrak prezipitazioen inguruan informazio baliotsua ematen digu, baina ez da oso ezaguna.
Etxetik atera aurretik begiratu Kapilduiko radarrari

Kapilduiko radarrak ematen duen irudia

Euskal Herriko eguraldi aldakorraren inguruan kexa entzuten da, batez ere udaberri edo udazken-antzeko garai hauetan. Goizetik gauera eguzki bizia, euria, txingorra eta elurra izaten diren egunak ez dira arraroak gurean. Kaletarrok ez dugu jakiten jakarekin, aterkiarekin edo manga motzean atera behar dugun kalera. Aldiz, arrantzale edo baserritarrek begiak altxatu eta segituan jakiten dute "euria dator" edo "hango puntako toki hartan elurra ari du".

Epe motzeko auto-meteorologia honetarako neretzat oso tresna baliagarria da Kapilduiko radarra.

Kapildui Arabako mendi bat da, Bernedon dagoena. Bertan jarri zuen Jaurlaritzak gure radar meteorologikoa eta gaur egun Euskalmetek kudeatzen du. Radarrari esker 150 kilometroko radioan une honetan gertatzen ari diren prezipitazioen berri izan dezakegu.

Radarrak 10 minutuero egoeraren argazki bat egiten du eta kolorez margotzen dizkigu euria, txingorra edo elurra ari duen tokiak:

Radarraren irudia 2017ko irailak 9ko goizean

Kontutan izan behar da irudiak ez dituela lainoak adierazten, prezipitazioak baizik. Hau da, lurralde osoa lainotuta egon daiteke baina euri tantarik ez.

Mapan Euskal Herriko lurralde guztien mugak marraztuta daude eta horri esker erraz situatu dezakegu gure kokapena. Zirkulu kontzentrikoen erdian dago Kapildui mendia.

Radarkapildui.com webgunea

Radarraren uneko irudia Euskalmeten webgunean ikusi daiteke. Baina norbaitek (partikular baten lana dirudi) pentsatu zuen (arrazoiz) ez zela aurkitzeko erraza eta erabilgarria, eta webgune bat egin zuen egun batean, Radarkapildui.com.

Webgune horretan modu azkarragoan ikusten da radarraren irudia, eta gainera historiko bat gordetzen du. Gainera irudiak txandakatuta animazio bat egiten du webguneak (azkenaldian ez dabil tresna hau tamalez) eta horrela eboluzioa ikustea oso erraza da:

Kapilduiko radarra - animazioa

Hauxe da gaur goizaldean goizeko 8:40 arte izan den eboluzioa. (Goian azaltzen den orduari 2 ordu gehitu behar zaizkio udan).

Nola erabili radarraren informazioa?

Esan bezala, epe motzeko informazioa ematen digu tresnak, azken orduetan izan den eboluzioa. Ez digu etorkizuneko prebisiorik ematen, baina irudien segidari begira erraz asma dezakegu noruntza joango den ekaitza.

Jakina da gure egoera meteorologiko arruntean eguraldia ipar-mendebaldetik datorkigula, gure haize nagusia hori bait da. Askotan entzuten da Galizia eta itsas aldetik etortzen zaizkigula normalean euriak. Beti ez da horrela izaten baina kasu horretan ere radarraren eboluzioak emango digu beharrezko pista.

Adibidez:

  • Asteburu honetan euria eta euria izango dugula esan digute. Noski, tarte batzuk izango ditugu ateri, baina noiz? Orain unean ateri dago, baina eutsiko dio guk umearekin osteratxoa egin bitartean? Ala hobe izango da beranduxeago?
  • Eibartik Azpeitira joan behar dut baina elurra emanda dago. Azkaraten oraintxe elurra ari du?
  • Goizeko 10ak dira eta Kontxako bandera ikustera joateko zalantzan gaude. Nesken ala mutilen txandan egingo du euri gutxiago?
  • Dantza erakustaldia dugu Untzaga plazan baina euri arriskua dugu. Amaitzeko denbora emango digu ala Markina aldetik badator euria?

Kasu hauetarako oso informazio interesgarria eman dezake Kapilduiko radarrak.

Kapilduiko radar antena. Jaurlaritzaren irudia.
Radarra antena gainean, Kapildui mendian

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

naiz. Teknogauza guzti hauetaz idazteko sortu nuen bloga, baina orain gai eta maiztasun librean nabil.

Mastodon