Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Teknosexua

Hobe da argi baten phiztea, eziz ülhünpeaz kurrinkatzea

PVR bat frogatu dut

Gari Araolaza 2010/07/16 00:02
PVR edo Personal Video Recorder. Horixe frogatu dut duela zenbait aste ETBko Teknoflash programako Iñaki Olanori esker. Tresna honi esker telebista modu berezian ikusi daiteke.
Memup Mediadisk ZX

Hauxe da Memup Mediadisk ZX HD Series katxarroa.  Zenbait datu:

  • 2Tb-eko diska (2.000 GB inguru dira)
  • DVB-T HD TV tuner (nik esango nuke bi zituela, kanal bat ikusi eta bestea grabatu ahal izateko)
  • Mpeg, XviD, H.264, VC-1, RM/RMVB
  • Jukebox: mp3, wma, wav, aac, ogg, flac, Dolby Digital, DTS
  • Digital photo: jpg, bmp, png, gif
  • Subtitles SSA, SMI, SRT, SUB, SUB+IDX
  • HD recording 1080p
  • USB host & slave
  • SD HC/MMC/MS reader
  • HDMI
  • Wifi eta Ethernet

Hau guztiaren itzulpena

Gauza asko pakete berean sartuta:

  • LTD dekodetzailea
  • 2 TB-etatko disko gogorra
  • Bideo grabatzailea (disko gogorrean grabatzen ditu filmak, HD)
  • Argazkiak, bideoak, mp3an duzun musika eta abar entzuteko tresna.
  • Wifi edo sare informatiko bidez entxufatu daiteke, baita USB bidez ere. Sareko diska bezala erabili daiteke.
  • Tresna bera konektatzen da sarera eta BitTorrent bidez pelikulak deskargatzen ditu
  • Bereizmen handiko telebista (HD), baita 5.1 audioa ere.
  • Flickr, YouTube eta horrelakoak telebistan ikusteko aukera, ordenagailu beharrik gabe.

 Telebistako programazio arruntarekin ezin baduzu, horrelako katxarroren bat behar duzu, gauzak nahi duzunean grabatu eta gero ikusteko.

Gutxien gustatu zaidana, bentiladoreak zarata gehiegi ateratzen duela, eta Flickr eta Youtube-ren integrazioa nahiko traketsa dela, baina agian beste aukera handiagorik ez dago teklaturik gabeko tresna batean, ez?

 Gehiago jakiteko, Memup-en webgunean bertan: Mediadisk ZX HD Series

Facebook distantzia motzerako

Gari Araolaza 2010/05/23 08:39
Ia hiru urte daramatzat Facebooken (FB), eta azkenaldian geroz eta gehiago erabiltzen ari naiz.

Bai, FB-ek pribazitate eta segurtasun arazoak ditut. Kontziente naiz, eta berriz ere Interneteko jarduna zentralizatzen ari gara dudarik gabe, informazio gehiegi esku bakar batzuetan. Alde ilun hauetaz jakiteko onena da Teketeni irakurtzea eta gaiaz konturatzea, eta gero nola jokatu pentsatzea. Optimista inkontziente bat naiz agian, eta sarearen autoregulazio indarrean esperantza dut. Pentsatzen dut gauza hauek ere konponduko direla pixkanaka. Ea egia den.

Baina dudarik gabe FBek iraultza txiki bat ekarri du nire ingurura. Han aurkitu ditut lehenengo aldiz nire Internetetik kanpoko lagunak, aspaldi ikusi gabekoak, parkean umeekin egoten garenak eta abar. Interneten ibili naizen azken 12 urteotan jende hau ere ibili da maila desberdinetan, DV irakurtzen, bidaiak erosten, Youtuben bideoak ikusten eta abar. Baina ikustezinak ziren niretzat, eta orain hor daude, askoz gertuago Interneti esker.

Horregatik azkenaldian nire jokaera aldatu dut. Lehen edozeini lagun eskaera egin eta onartzen nion. 180 lagun izatera iritsi nintzen. Orain ez. Orain benetan ezagutu behar dut eta lotura bat behar dut pertsona horrekin lagun egiteko. Gertatzen zaizkidan gauzak kontatu nahi ditut, gertukoei nahi dudana esan, gaur daukadan plana kontatu, lagun batek apuntatu nahi badu, ezezagunek behatua sentitu gabe. Internetetik kanpora ere, inguruan FB bultzatzen ari naiz, benetan inporta zaidan jendea ikusteko eta jarraitzeko aukera delako.

Twitter desberdina da.Twitterren ezezagun askok jarraitzen nau (300 bat jarraitzaile ditut guztira) eta idazteko kontu handiagoz ibili behar da. "Audientziari" gehiago begiratzen diot. Gainera han geek-ak bakarrik gaude, inguruko ebento guztietan ikusten garenak, laneko jendea. Nire eguneroko bizitzako oso jende gutxik ezagutzen du Twitter.

Hizkuntzaren erabileraren aldetik ere askoz gehiago egiten dut gazteleraz eta inglesez Twitterren, FB-en baino. Badakit euskaraz ez dakien jende askok irakurtzen nauela han eta nahi gabe ere, "audientziari begira" idazten dira gauza asko.

Beste inork egin du erreflexiorik honen inguruan?

Oporren errepasoa

Gari Araolaza 2010/04/13 08:15
Izan ditugun 11 egunetan etxean egon gara eta hemendik egin ditugu txangoak, ia egunero. Etxeratzean egunean zehar ibilitako tokietako detaileak gehitu ditut OpenStreetMap-en. Hemen errepasoa, OSM eta Tagzanian.

Apache: The Shadows-en instrumental berezia

Gari Araolaza 2010/04/12 08:00
Apache kantua 1960. urtean grabatu zuten The Shadows britainiarrek. Ziurrenez ez zuten pentsatuko instrumental batek halako bidea egin behar zuenik.

Kantu hau urteetan zehar famatu egin da. Nik bertsio friki bat twitter bidez jaso nuen. Honek interesa piztu eta Wikipedian ikasi dudana zuekin konpartitu nahi nuke.

Incredible Bongo Band

Soka luzeena ekarri duen bertsioa, Incredible Bongo Band taldearena izan da. Hauek perkusio lan ederra egin zioten kantuari 1973-an, eta bertsio honek izan du eragin gehien.

Eratorriak

Batez ere kantuaren hasierako bongo erritmo horrek eragin dio beste musikari askori, bai inspirazio moduan eta baita zuzenean sampleatu modura ere. Erritmo horrek izugarrizko eragina izan du Hip-hop musikan adibidez, eta rap munduko musikari askok erabili dute. Besteak beste, Beastie boys, Amy Winehouse, Vanilla Ice eta C+C Music Factory bezalakoek erabili dute kantuaren zatiren bat.

Hemen adibidez Sugarhill Gang-en rap bertsioa:

Bertsio ikusgarriena

Baina dudarik gabe bertsio ikusgarriena Tommy Seebach-ena izan da. Bertsio honek ekarri ninduen kantuaren harira, bideoa barrez lehertu beharrean ikusi nuelako. Seebach hau musikari daniarra zen, 3 aldiz Eurovisionen bere herrialdea ordezkatutakoa. Batez ere disko musika egiten zuen 70. eta 80. hamarkadetan, eta berak ere Apache kantuaren bertsio diskotekeroa egin zuen. 2003. urtean hil zen Tommy Seebach.

Musika aldetik bertsioa ez da beste mundukoa, baina bideoa ikusi beharra dago, beste garai bateko estetika duela esango nuke. Enjoy!

Kantuaz gehiago jakiteko

Apache (Instrumental)

Egur zati bat autopistan

Gari Araolaza 2010/04/10 14:00
Gehiegi azaldu gabe ulertu daiteke. Egun ederra Landa eta Ozaeta inguruetan, itzuleran autopistan zerbaitekin egin genuen topo, egur zati handi bat. Eskerrak kotxeak ongi erantzun zuen eta ondo gelditu ahal izan genuela, 120 Km/h abiaduran gindoazen eta.

Tokia:

Egur zati handi bat autopistan map

Egur zatia:

Egur zatiaren tamaina

Erroberaren egoera:

Autoaren errobera nola gelditu den

Arrasaten, Mondragon Unibertsitatean egon naiz gaur

Gari Araolaza 2010/03/25 18:20
Duela 4 urte hasi nintzen garai honetan Arrasatera joaten. Enpresa sorkuntza bultzatzeko hitzalditxoa ematera deitzen didate, eta normalean adi entzuten didate ikasleek.

Azkenean, egiten dudan bakarra nire/gure historia kontatzea da. Nola hasi ginen, zein pauso eman ditugun, zertan sinesten dugun eta zer sentitzen dugun. Ez da hitzaldi majistrala, baizik eta sentitzen dudana kontatzea. Esperantza edo ideia bat dut, horrekin konektatuko dutela eta beraien ametsak aurrera eramateko gogo pixka bat emango diedala.

Gaurkoan ikasle asko izan ditut aurrean, ehundik gora agian. Hasieran urduri, baina kontatzen hasi naizenean lasaitzen joan naiz eta gero beti bezala, bero bukatu dut. Segituan nabaritzen da gainera noiz hasten diren aspertzen, eta une horretan aurrera jarraitzen dut, pentsatuz gai horrekin enrrollatzen ari naizela.

Neretzat gustokoa izaten da, batallitak eta gustatzen zaizkidan gauzetaz hitz egiten dudanez. Bukaeran galdera batzuk egoten dira. Normalean epe motzeko galderak izaten dira. Uste dut seinale ona dela, buruan zerbait konkretua dutelako agian. Gero beti ondoratzen zaizu buruan proiektu bat duen norbait. Aire freskoa izaten da niretzat, eta gazte interesgarriak ezagutzeko aukera ona.

Pasa den urtean eta aurten, bukaeran bideo hau jarri diet, motibaziorako polita delakoan:

Workrave: Ordenagailu aurrean ariketak

Gari Araolaza 2010/02/18 13:04
Askotan ordenagailu aurrean ordu asko egiten dugu geldi eta azkenean minez bukatzen dugu. Horretan laguntzera dator Workrave programa.

Programa honen helburua postura berdinean ordu luzez tekleatzen ez ibiltzea da, bizkarrean, lepoan, edo eskumuturrean minik eduki ez dezagun. Nik instalatu eta egun batzuetan probatu dut eta oso gustora nago.

Workrave instalatu eta aktibatu ondoren, honela funtzionatzen du:

Mikro-atsedenak

Hainbat minututik behin, leiho txiki batek deskantsatzeko abixatuko dizu. Teklatua eta xagua utzi, eta une horretan hasiko da zure mikro-atseden denbora kontatzen. Normalean mikro-atseden hauek 20 segundukoak izan daitezke, 5 minututik behin adibidez. Une hauetan onena eskuak ordenagailutik altxa eta leihotik begiratzea, bistak ere deskantsu har dezan.

Atsedenak

Orduero, 5 minutuko pausak proposatzen dizkizu programak, kasu honetan leiho bat atera eta abisua ematen dizu. Atseden tarteetan hainbat ariketa proposatzen ditu programak, besoa, lepoa edo bizkarrean luzapenak, begiak mugitzeko ariketak eta abar.

Workrave-ko ariketa bat

 

Eguneko denbora muga

Bestalde, egunero ordenagailu aurrean egiten duzun denboraren kontrola darama Workravek. Kontrola gainera efektiboa da, hau da, benetan ordenagiluan aktibo zauden denbora bakarrik neurtzen du. Adibidez, komunera joateko jeikitzen bazara edo telefonoz ari bazara ez du denbora hori kontatzen. Horrela, egun osoan ordenagailu aurrean zauden denbora mugatzeko aukera ere baduzu.

Denboraren kontrola

Gogoratu, bai mikro-atseden, atseden eta denbora mugen kasuan denbora efektiboa kontatzen dela. Hau da, teorian mikro-atseden bat tokatzen zitzaizun unean programak detektatu badu ez zarela ordenagailuan aktibo egon, ez dizu mikro-atseden hori proposatzen eta berriz tekleatzen hasten zarenean hasten da denbora kontrolatzen.

Denbora tarteak, zenbatetik behin nahi duzun atsedena eta zenbatekoa, zuk zehaztea komeni da zure beharren arabera. Badago eskumuturreko minez bajan egon den jendea, ziurrenez horrek pausa gehiago eta luzeagoak beharko ditu ziurrenez. Denbora guzti hauek zehazteko aukera ematen du Workravek.

Workrave programa euskaratuta dago eta GNU/Linux eta Windows-erako aurkituko duzu beraien webgunean: Workrave.org . Ubuntu eta Debianen programa gordailu arruntean duzu eskuragarri, minutu batean instalatzeko moduan.

Ipod-arentzat sounddock bat erostekotan?

Gari Araolaza 2010/02/15 10:21
ETBko lagun Iñaki Olanori esker, pare bat astetan gadget batzuk izan ditugu, Teknoflash mikrosaiorako. Gero txostena egin dugunez, hemen nik frogatutako tresnak:

BOSE Sounddock-a

Bose SoundDock 10

Lehenengo itxuran zirrara sortzen du trastoak, daukan itxura eta pixuagatik. Martxan jarri eta egia esan soinu espektakularra du, modernoa. Soinua oso garbi eta indartsua da, goi eta beheko frekuentzietan indartuta. Tono altuetan ere batere distortsio gabe funtzionatzen du.

Erabilpen aldetik, iPod-arekin dabilenarentzat egokia, baina apur bat motz gelditzen da beste tresna batzuekin lotu nahi badugu, hala nola kanpoko soinu iturri bat, CD-ak eta abar.  Bluetooth bidezko konexioa ideia ona da baina ez du gehiegi zabaltzen tresnaren erabilpen esparrua.

Interneten ikusi dugun prezioa ondo badago (500 Euro inguru), luxuzko tresna bat dela esan dezakegu, iPod-arekin bakarrik erabiltzeko nahiko motz gelditzen bait da.

Yamaha Sounddock-a

Yamaha TSX-130

Itxura guztiz klasikoa ematen du tresna honek, baina barrutik gaur egungo teknologia arrunta duela dirudi. Soinu aldetik tono klasikoagoa du, eta egokia izan daiteke musika "klasikoak" entzuteko (50. hamarkadatik honakoak). Soinu ona du, baina ez oso zorrotza eta arbia. Oso natural entzuten dira Eagles edo Led Zeppelin bezalako klasikoak.

Tresna honen abantaila handiena, barruan dauzkala iPod-a, CD-ak eta USB-ak irakurtzeko adaptadoreak. Horrez gain irratia dakar eta kanpotik lotzen zaion sarrera auxiliarra onartzen ditu. Errematatzeko, iratzargailu aukera. Logelan edukitzeko tresna edeeeerra!
Gainera, ikusi dugu 300 Eurotik beherako prezioa duela. Oso aukera ona.

Denon kaskoak

Denon AH-NC732

Txikiak eta erosoak dira. Agian belarrietan egiten duten presioagatik denbora luzez eramanez astun suertatu daitezke.

Soinu aldetik izugarri garbiak eta nekerik ez dute eragiten. Zarata kantzelatzeko aukera ere frogatu dugu eta oso efektiboa da bulego batean egoten den anbienteko zaratarekin. Lastima hain garestiak izatea, baina ulertzen dut eliteko kaskoak direla.

Eguneraketa: EITB-ren webgunean jarri dute BOSE katxarroaren bideoa:

Etorkizuneko SEO-a azpiegitura omen da

Gari Araolaza 2010/01/29 10:13
Bilbon nago, Search Congress Bilbao hitzaldietan. Atzo mintegien eguna izan zen eta gaur kongresua bera.

Atzo Javier Casares-en hitzaldian egon nintzen: El próximo SEO: la infraestructura.

Javierren teoria da gaur egun gehienok gauzak ongi egiten ditugula SEO aldetik. Orduan, desberdintzeko hurrengo pausoaren bila jarraitu behar dugula, eta hurrengo pausoa beretzat, abiadura eta perfekzio teknikoa dela. Hau da, zerbitzariak ongi konfiguratzea, webguneak azkar erantzutea, redirekziorik ez edukitzea eta abar. Hainbeste sinesten du gai honetan, bere datacenter propioa sortzen hasi dela!

Hor badugu zer hobetu egia esan. Merezi du Javierren aurkezpena ikustea, informazio gehiena hor dago, bere webgunean jarrita.

Facebook eta pribatutasuna

Gari Araolaza 2010/01/25 10:18
Duela aste gutxi esan zuen Mark Zuckerberg, Facebook-en asmatzaileak, "pribatutasunaren garaia bukatu da, ez dago modan".

Oraindik ere Facebook-i neurria hartzen ari gara, eta nire jardunean kontu handiz ibiltzen naiz, kontzienteki erabakiz zer publikatu eta zer ez.

Baina aspaldi konturatuta nago sekretu gehiegirekin ibiltzea ez dela jostagarria. Zer gustatzen zaigu Facebooken? Ba besteen jardunak ikustea, gure lagunak zertan dabiltzan eta guk egindakoak konpartitzea. Eta hori printzipioz pribatutasunaren aurka doa. Nola bukatuko den hau? Ba ez dakit. Pixkanaka pausoak ematearen aldekoa izaten naiz normalean, harik eta lur labaina aurkitu arte. Azkenean, betikoa. Neurria aurkitu behar.

Hala ere, Twitterrekin alderatuta baditu abantailak. Twitter sarritan oso azalekoa egiten zait, ez dakit ziur nor dagoen esaten dudana irakurtzen. Uste dut praktika txarra dela Twitterreko perfila itxia edukitzea, baina aldi berean guztiz irekita uzteak mugatu eta distorsionatu egiten du norberak esaten duena. Kontraesan handiak.

Facebook aldiz, etxekoago sentitzen dut. Nik onartutakoek bakarrik jasotzen dituzte nire eguneraketak. Konfidantza gehiago sentitzen dut Facebooken. Agian horregatik idazten dut Facebooken ia beti euskaraz, eta Twitterren askoz gaztelania gehiago.

Aurkezpena

naiz. Teknogauza guzti hauetaz idazteko sortu nuen bloga, baina orain gai eta maiztasun librean nabil.