Bizikletan Eibarren. Epikarik gabe
Banaka-banaka, uste baino jende gehiago dabil bizikletan. Pare bat elektriko ikusten ditut Azitainen gora, La Salleko ikasle batzuk, eta abar. Kontua da txirrindulariak ez duela destakatzen, ez du ataskorik sortzen, ez du aparkalekurik jaten eta ez du zaratarik egiten, baina adi-adi bazaude, hainbat txirrindulari ikusiko dituzu goizetan lanera doazela.
Lizarralden artikuluari jarraituz kontu gehiago idatzi nahi izan ditut. Ea jende gehiago animatzen den eta apurka apurka masa kritikoa osatzen dugun.
Epikarik gabe diot, ez dudalako uste eguneroko erabilerarako superkirol edo arrisku-kirol moduan ikusi behar dugunik. Ez dugu Indurain izan beharrik. Ez genuke jarduera arriskutsu moduan hartu behar. Autobusa edo autoa hartzen duenak bezala lasai, horrela joan beharko genuke bizikletan Eibarren, bide batez Donostian, Bartzelonan, Holandan edo Belgikan egiten duten moduan.
Gainera Eibarren inspiraziorako Juan daukagu. Duela 25 urte baino gehiago Eibarren bizikleta garraiobide arrunt bezala erabili izan duen bakarrenetakoa da bera (baina agian hori bada nahikoa epikoa).
- Kaskorik gabe (16 urtetik gorakoek bakarrik).
- Printzipioz bizikleta arrunt batekin, kanbioak eta guardabarrosekin. Agian elektrikoan pentsatu behar, segun noraino igotzea tokatzen zaizun. Nik sarritan pentsatzen dut, baina oraindik garesti daude elektrikoak.
- Kaleko arroparekin joan daiteke. Aldapetan indarrak neurtuta ez da asko izerditzen.
- Eurirako arropa hartu beharko da. Oraindik ez dut esperientzia askorik honetan.
- Aukera dagoenean eskailera mekanikoak edo igogailuak erabili.
- Aldapa bat oinez igotzea ez da lotsatzekoa. Poliki-poliki.
- Kale erditik joan, hori da legeak dioena hirigunean. Aparkatutako kotxeen ate irekierengandik babestu.
- Segurtasun aldetik aukera hoberik ez badago, espaloian ibili. Poliki eta kontuz.
- Sarritan autoan baino azkarrago joango zara. Zer esanik ez aparkatzeko denbora kontutan hartzen badugu: Azitaingo Industrialdetik Untzagara, 10 minutu egiten ditut. Untzagatik Azitaingo Industrialdera, 15 minutu (Debegesaren alturaraino).
- Poligonora igotzeko Azitaingo errotonda ez erabili ahal dela. La Salletik hobeto. (Gainera gogoratu errepidera ateratzean kaskoa beharrezkoa dela)
Oraingoz hori da esateko neukana. Zalantzan bazaude edo zu ere bizikletan ibiltzen bazara, eman toke bat eta hitz egingo dugu.