Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Teknosexua / Agiro mendiko altxorrak ezagutzen

Agiro mendiko altxorrak ezagutzen

Gari Araolaza 2018/01/29 23:25
Agiro mendiko altxorrak ezagutzen

Lainoa Zestoa gainean

Itziarko Auzo Udalak antolatutako Agiro mendiko altxorrak ibilaldian parte hartzeko aukera izan dugu asteburuan. Aurkezpenean esan ziguten moduan mendia kirol ikuspuntutik ikusi beharrean geologia, biologia edo antropologia aldetik ikusteko proposamen bat izan zen igandekoa. (Alde gastronomikoa ahaztu gabe noski, ibilaldia Aittola-Zarren bukatu genuen eta). Antolaketa ona izan zen, hainbat adituk bidean azalpenak eman zizkiguten (geologo, biologo eta antropologoak) eta bakoitzari mapa eta hainbat testutaz osatutako txostena ederra eman ziguten.

Agiro (edo Agirao) mendia Andutz eta Erlo artean dago, Itziartik gora hasita. Agiro iparraldean dagoen tontorrari esaten diogun arren, bertakoek Haitzmelar esaten omen diote tontor horri eta alboko Sesiarte tontorrarekin batera osatzen duen inguru guztiari Agiro.


Ikusi mapa handiagoa

Sesiarte txikitatik ezagutzen nuen eta sarri joan izan naiz tontorrera igo gabe Sesiarteri buelta egitera. Umeekin joateko buelta polita da, malda gogorrik gabekoa. Baina inguru horretako altxor batzuk ezagutzen nituen arren, beste asko ezagutu ahal izan ditut atzokoan.

Zelai-txikin hasi zen ibilaldia. Artzai-txabola honetan igandero egiten omen zen erromeria duela gutxi arte. Uztapide berak kontatzen du alboko txabola batean artzai zegoela erromeriara etortzen zela.

Sesiarte mendiaren albotik doan bidetik Arrateko sakonera iristen da bidea. Arrateko sakona Agiro eta Sesiarte mendien artean dago, jatorri karstikoa du sakon honek eta elurzulo bat ere bai. Aurrera jarraituz mendien beste aldera iritsiko gara eta handik itsaso aldeko bistak ikusiko ditugu.

Eskumara hartuz, Sesiarteren albotik doan bidetik jarraituz beste elurzulo batera iritsiko gara. Kasu honetan forma borobilekoa.

Elurzulo borobilaren aurrean azalpenak entzuten
azalpenak entzuten

Elurzulo borobilaren aurrean azalpenak entzuten

Inguruko pinuak bota berri dituztenez, elurzulo hau baino pixka bat beherago erraz ikusiko ditugu beste artzai txabola baten hondakinak. Hauxe da Uztapide artzain egondako tokia.

Uztapideren artzai txabolaren aurrean

Uztapideren artzai txabola aurrean

Aurrerago jarraituta, eskumako aldean geldituko da Gaztelua izeneko haitza, Sesiarteren magalean. Ibilbidearen une honetan gurekin zetozen biologoek hitz egin ziguten inguruko txori berezietaz (belatxingak, okil beltzak...) eta zuhaitzetaz (agiñak, pagoak eta beraien arteko erlazioaz, miuraz eta abar).

Sagarretako sakonera jeisten

Sagarretako sakonera bidean, Sesiarteko antiklinala atzean utzita. Artzantzarako esparrua mugatzeko harresia bistan.

Sesiarteko antiklinala

Sesiarteko antiklinala

Sagarretako sakona

Bidea eskumara utzita, Sesiarteko antiklinalean behera jeitsi ginen Sagarretako sakonera. Eguerdia aurreratua izan arren oraindik izotza zen nagusi zelaian. Hortik berriz ere gora, bide garbirik gabe basoan gora, eta hainbat txondor-plaza erakutsi zizkiguten, Otxako puntara iritsi aurretik. Toki ikusgarria da Otxako punta, bertan dauden haitz handiekin.

Otxako punta

Otxako puntako haitzak

Otxako puntatik berriz ere irristaka zulora, oraingoan Porrutako sakoneko txaboletara, eta handik ezkerrera eginez Goltzibarko bailaran sartu ginen. Goltzibar hau da beheraka joanez Ekaingo kobazuloan eta ondorioz Zestoara iristeko bide azkarrena. Goltzibar aranean izan genuen eguneko harribitxia ezagutzeko aukera: Astigarraga kobazuloa. Berez 1967an aurkitu zuten kobazuloa eta hainbat indusketa kanpaina egin dira, baina 2009an konturatu ziren ormetan margoak zeudela. Luxua izan zen kobazuloa ezagutu eta adituen ahotik azalpenak entzutea.

Handik zuzenean Aittola-Zarrera lagunarteko bazkarira, azkenean 6 orduko ibilaldia eginez. Kilometro asko ez ziren izan (7 inguru guztira) baina ibilitako aldapek sortutako nekearekin ederki sartu zitzaizkigun babarrunak! Irrifarre eta kolore politarekin etxera.

Wikiloc-en marraztu dut gutxi gora-behera ibilbidea, mendian zaildutakoentzat da, nahiz eta Sesiarte inguruko buelta umeekin lasai egiteko modukoa den.

Agiro mendiko altxorrak Wikiloc-en

Eskerrik asko antolatzaile eta laguntzaile guztiei.

etiketak: mendia
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

naiz. Teknogauza guzti hauetaz idazteko sortu nuen bloga, baina orain gai eta maiztasun librean nabil.

Mastodon