Ikasitakoa desikasten ikasten
Web zerbitzuak
Atzoko IEBan Web Zerbitzuei buruzko hitzaldia iruditu zitzaidan interesgarriena. Gainera Iruñean dagoen NMP enpresako Alberto Silva ezagutzeko aukera izan nuen, berak eman bait zuen hitzaldia. NMP enpresan CMSak (Content Management Systems) lantzen dituzte, guk bezala, nahiz eta bide desberdina daramagun.
Zer dira Web zerbitzuak?
Web zerbitzari batean jartzen diren funtzioak, XML bidez beste nonbaitetik norberaren interesaren arabera erabiltzeko. Normalean programatzaileen kontuak dira.
Zenbait adibide:
- Google API-ak : honi esker gure etxean aplikazio bat sor dezakegu zuzenean Googleri galderak egiten dizkiona. Adibidez, jar genezake bilaketa bat gure Intranetean gure erabiltzaileentzat pertsonalizaturik, eta benetako bilaketa lana Googlek egingo luke.
- RSS-en erabilera : hau da web zerbitzu erraz eta arruntena, baina gehien funtzionatzen duena. Iturri askotan RSS fitxategi bat sortzen dute eta guk Aurkin euskarazkoak bakarrik aukeratu eta modu egokian aurkezten ditugu.
- EHKME-ren eguraldi aurreikuspena : EHKME elkarteak egunero herri askotako eguraldi aurreikuspena egiten du. Gero, web zerbitzu baten bitartez (hau ez da XML baina...) eguraldi hori automatikoki azaltzen da beste toki batzuetan Goiena.net Uztarria.com
- Eposta kontrola: Zure webgunean jendeak e-posta idazten badu eta jakin nahi baduzu benetan esistitzen den helbide hori, nahikoa da lan hori egiten duen web zerbitzu bat erabiltzea.
Web zerbitzuen arriskua
Albertok bere hitzaldian arrisku edo desabantaila moduan jarri zuen hirugarren batek kontrolatzea gure aplikazioaren zati bat. Nik uste dut arriskua dagoela hori esatean, eta komentatu nion gero. Izan ere, arrisku pixka bat izan dezake norberak zerbitzu hori ez kontrolatzea, ez teknikoki eta ez aurrera begira zertan bihurtuko den edo zein aukera emango dituen.
Baina abantailak askoz handiagoak dira. Norberak ardura hori kentzen du. Lan hori beste "esperto" batek egin diezaioke, eta ziur nago asko eta asko horrrelako zerbitzuak ordaintzeko prest daudela. Zerbitzu bat ordaintzeak ere kontrol pixka bat ematen digu, eskaintzen duenak gure iritzia kontutan izango bait du.
Zein web zerbitzu nahi nituzke?
Web zerbitzuak izateak beste pauso bat emango luke euskal sarea ongi erabiltzeko saiakeran.
- EHKME-ren zerbitzu profesionala. Ez ditu elkartea, beraien jarduna eta egoera gehiegi ezagutzen, baina agian posible litzateke garapen tekniko gehigarri gutxirekin eguraldia kontsultatzeko API zabalagoa eskaintzea. Zerbitzu hori kuota baten ordainketa bidez sal zitekeen komunikabide desberdinetara. Gogoratu dena lokalera doala. Buruan ditut herri komunikabideak, Berriaren edizio lokalak, eta baita medio espainolak.
- Farmaziak, zineak, garraioak, agenda, telebistako programak eta abar: berriz ere maila lokalera joanez. Informazio hori urrea da, pikatzetik aparte balio erantsi gutxi eman dezakeena, eta Euskal Herri osoan egunero 12 toki desberdinetan 12 bekadunek tekleatuko dutena. Zergatik ez zerbitzu zentralizatu bat, eleanitza, beste medioei eskainiz web zerbitzu bidez?
- Eustat-eko datuak: Zenbait dirulaguntza edo aplikazio Eustaten datuetan oinarrituta daude adibidez: "Dirulaguntza jasoko dute errenta ertainaren azpitik dabiltzan familiek" edo "Langabezi tasa mediaren beherakoa duten herriek" eta abar. Informazio publikoa izanik, zergatik ez eman niri aukera datuak nik nahi dudan moduan nahasteko?
- Hezkuntza zentru guztien ikastaroetan kontsulta egiteko web zerbitzuak: horrela bilatzaile zentral bat sortu ahal izango genuke adibidez, jarraitzeko zein zentrotan ematen diren "Elektrohigaduraren inguruko ikastaroak".
- Euskarazko ortografia zuzentzailea: Demagun aplikazio bat egiten dudala, hitz bakoitza hartu eta Euskaltzaindiaren zerbitzariari bidaltzen diona. Euskaltzaindiaren zerbitzariak erantzungo luke (deklinazioa garbitu ondoren) h itz zuzena den ala ez. Ez da zerbitzu interesgarria komunikabideentzat?
Mila adibide izan ditzazkegu, eta denbora joango da horiek erakusten. Bitartean, begiak ireki Web Zerbitzuak, SOAP edo XML hitzak entzuten dituzuen bakoitzean.
BST-tik IEB-ra
Pasa den igandeko BST-ko argazki gehiago kargatu ditut Flickr-en.
Gaur aldiz, IEB-ra goaz. Bai, Informatikari Euskaldunen Biltzarrera. Hango argazkiak ere bidaliko ditugu.
Bestalde, atzo argazki panoramiko bat egin nuen Autostitch programa erabiliz. Ikaragarria programa hau!
Flickr, zure argazkiak sarean
Argazki kamara digitala dugunontzat beharrezko webgunea eta azkenaldian enamoratuta naukana: Flickr
Lastima oraindik inglesez bakarrik dagoela.
Oso inbento erraza da:
- Errejistratu zaitez
- Kargatu argazki bat (Upload) eta jarri titulua, deskribapena eta etiketak.
...eta nabigatu, besteen argazkietan kuxkuxeatu, nahi dituzun gaien araberako argazkiak bilatu etiketen bidez
Kuxkuxeatzeko zenbait etiketa: basque mutriku sexy bst2005 bullfight
eta ordaindu ezkero (urtean 40 dolar inguru), hilean 2 GB kargatzeko aukera eta argazkiak tamaina orijinalean han gordeta, etiketa eta guzti.
Eibar.ORG Elkartearen inguruan hasi beharko genuke ikastaro motzak egiten berriz ere. Han esplikatu genezake marabilla hau. Interesatutako norbait?
Que paren el mundo que me bajo!!
Mafaldaren esaera da hau, gaurkoan Ogrosabel orakuluari irakurritakoaren antzekoa.
Ez nago ados. Batzuk tiraka ari dira frenatu nahian baina beste batzuk uste dugu aurrera eta aurrera egin behar dugula. Horri esker gaude gaur hemen Elgetako Espaloian blogariak elkartuta
Joango gara neurria hartzen. Oraingoz jo ta su hemen, gero arte!!
Eguneraketa: Hau idaztean ahaztu zitzaidan esatea Orakulua bera dela abangoardia beste hainbat gauzatan, eta horietan ez du frenorik eskatzen, jopelas!
Firefox-en extensioak edozertarako
Extensioak (luzapenak esan beharko genuke?) Firefox nabigatzaileak sortu dituen aplikazio txikiak dira, hari lotu eta nabigatzen gaudela erabilera desberdinak ematen dizkigutenak. Milaka erabilera dauzkate
Aita Santua hilko dela ez ez dela, horrekin arduratuta gabiltza gaur, eta noizean behin albiste berri bila goaz egunkarien webguneetara.
Akordatu naiz duela zenbait aste ikusi nuela Abe Vigoda Status extensioa. Abe Vigoda aktore bat da , besteak beste Godfather filman parte hartutakoa. Bere fan batek webgune bat prestatu du, non adierazten den Abe hil den ala bizirik dagoen oraindik. Beste fan batek Firefox-en estensio bat egin du.
Pentsatu dut horrelako albiste asko egoten direla, zertan bukatuko den jakin bai, baina noiz izango den ez.
Horrelakoa da Aita Santuaren kasua, momentu batetik bestera hilko omen da eta. Antzera omen dago Rainiero, eta atzo berdin gertatu zaigu Aukera Guztiak-ekin. EHAK-rekin berdin gertatuko ote zaigu?
Googlen egotea baino hobea da RSSa edukitzea
Esaldi ausarta bururatu zait.
Demagun webgunea egin duzula eta aukeratu behar duzula:
- Nire webguneak RSS-a izango du.
ala
- Nire webgunea Googlen azalduko da.
Nire adibidean bateraezinak dira bi aukerak. Zer duzu nahiago?
RSSa, noski.
Hona hemen Sustaturen martxoko estatistiketan, bidaltzailea edo REFERRER esaten zaiona. Hau da, zein webgunetik etorri den Sustatura etorri den hori:
- 4641 http://www.google.es/
- 1052 http://www.bloglines.com/myblogs_display
- 848 http://www.lezo.net/
- ...eta abar
Hortaz, 4641 bisita etorri dira bilaketak eginda Googletik, 1052 Bloglines RSS tresnatik eta 848 Lezotik.
Lezoko webgunetik hainbeste etortzeak badu arrazoi tekniko bat, RSSa ematearekin lotuta dagoena. Sustatuko RSStik albisteak atera eta webgunean jartzen dituzte, eta Sustaturen ikonotxoa ere jartzen dutenez, Lezo.net-era sartzen den bakoitza gurean ere bisita moduan kontatzen du. Bale, hori alde batetara utzi.
Baina Bloglines-en kasua desberdina da. Googleren eta Bloglinesen erabiltzaile kopuruak alderatu ditzagun. Zein faktore izan genezake? Bloglinesen erabiltzaile bakoitzeko Googleren 1000 erabiltzaile adibidez? Ba begira, bisitarien aldea ez da 1-1000 erlazio bat, 1-4 baizik. Hau da, Googlen baino 250 aldiz errentagarriagoa da Bloglinesen harpidedun bat edukitzea.
Eta hori Bloglines-ekin bakarrik. Beste feed irakurgailu batzuk badaude, eta jendeak erabiliko ditu seguru. Horri gehitu RSS-ak oraindik fenomeno minoritarioa direla, eta atera kontuak. Aurrerantzean jarraitzeko bezalako gai garrantzitsua da hau.
Gainera, RSS bidez gure webguneetara etorritako lagunak fidelak dira, aktiboak, irizpide kontzientedunak (gurera harpidetu dira zerbaitegatik eta ez beste batera) eta bisita asko egiten dituztenak, eta beraien ingurukoetan iritziak markatzen dituzte. Aldiz, Googletik datorren erabiltzailea askotan gauza konkreturen baten bila etortzen da gurera gure webgunean interes orokorrik gabe, eta beste askotan txiripaz erori da gure sarean. Ederra aldea.
Noski, onena da bai Googlen eta bai Bloglinesen egotea. Lan horretan gogor saiatzen gara! :-)
Aukera guztiak eta Monty Python
Aukera Guztiak-en inguruan oraindik ez dut erabakirik entzun, baina itxura guztien arabera inpugnatuko dute eta ezingo dute hauteskundeetara aurkeztu.
Honen inguruan niri Monty Python etortzen zait burura. Garai batean ETBn bazegoen hauen fan-a zen programatzaile bat eta makina bat programa ikusi ahal izan genituen euskaraturik. Makina bat barre egin genuen beraien filma euskaratuekin.
Zehazki The Holy Grail filmako zati bat etortzen zait burura, hemen gaztelaniaz "Los Caballeros de la Mesa Cuadrada" bezala itzuli zena. Ertaroa, sorgin bat harrapatu dute eta erabaki behar erre behar den ala ez, eta nola frogatu behar den hori erabakitzeko. Ba, antzera dago asuntua Aukera Guztiakekin.
Ingelesetik itzultzera ausartu naiz. Barkatu okerrak. Testu originala hemen JENDETZA: Sorgin bat! Sorgin bat! Sorgin bat! Sorgin bat harrapatu dugu! Sorgin bat!
HERRITARRA #1: Sorgin bat harrapatu dugu, erre genezake?
JENDETZA:Erre! Erre!
BEDEVERE: Nola dakizue sorgina dela?
HERRITARRA #2: Sorgin itxura du.
BEDEVERE: Ekarri hona.
SORGINA: Ez naiz sorgina. Ez naiz sorgina.
BEDEVERE: Baina sorgin jantzita zaude.
SORGINA: Beraiek jantzi naute honela.
JENDETZA: Ez, guk ez dugu egin hori, ez.
SORGINA: Eta hau ez da nire sudurra, gezurretakoa da.
BEDEVERE: ...eta?
HERRITARRA #1: Bai, bale. Sudurra guk jarri diogu.
BEDEVERE: Sudurra?
HERRITARRA #1: Eta kapela ere bai - Baina bera sorgina da!
JENDETZA: Erre ezazue! Sorgina! Sorgina! Erre ezazue!
BEDEVERE: Zuek jantzi duzue honela?
JENDETZA: Ez, ez.. ez... bai. Bai, bai, pixka bat, pixka bat.
HERRITARRA #1: Garatxo bat dauka.
BEDEVERE: Zerk eragiten dizue sorgina dela pentsatzea?
HERRITARRA #3: Begira, ni musker bihurtu ninduen.
BEDEVERE: Muskerra?
HERRITARRA #3: Gerora hobetu naiz.
HERRITARRA #2: Erre ezazue dena dela!
JENDETZA: Erre! Erre!
BEDEVERE: Isilik, isilik, isilik! Badaude sorgina den frogatzeko moduak.
JENDETZA: Badaude? Non daude?
BEDEVERE: Esan, zer egiten da sorginekin?
HERRITARRA #2: Erre!
JENDETZA: Erre, denak erre!
BEDEVERE: Eta zer erretzen da sorginetaz aparte?
HERRITARRA #1: Sorgin gehiago!
HERRITARRA #2: Egurra!
BEDEVERE: Orduan, zergatik hartzen dute sua sorginek?
(isiltasun une bat)
HERRITARRA #3: Ba... egurrezkoak direlako...?
BEDEVERE: Ongi!
JENDETZA: A, bai, bai...
BEDEVERE: Orduan, nola jakin egurrezkoa den?
HERRITARRA #1: Berarekin zubi bat eginez.
BEDEVERE: A! baina ezin al dira zubiak harriz ere egin?
HERRITARRA #2: A, bai
BEDEVERE: Egurra uretan murgiltzen da?
HERRITARRA #1: Ez, ez.
HERRITARRA #2: Flotatu egiten du, flotatu egiten du!
HERRITARRA #1: Bota ezazue putzura!
JENDETZA: Putzura!
BEDEVERE: Zer gehiagok flotatzen du?
HERRITARRA #1: Ogiak!
HERRITARRA #2: Sagarrek!
HERRITARRA #3: Harri oso txikiek!
HERRITARRA #1: Sagardoak!
HERRITARRA #2: Saltsa ederrak!
HERRITARRA #1: Gereiziek!
HERRITARRA #2: Lokatzak!
HERRITARRA #3: Eleizek -- Eleizek!
HERRITARRA #2: Berunak - Berunak!
ARTHUR: Ahate batek.
JENDETZA: Oooh.
BEDEVERE: Hori da! orduan, lojikari jarraituz...,
HERRITARRA #1: Ba...berak... ahate baten pisu berdina badu, egurrezkoa izango da.
BEDEVERE: Eta orduan?
HERRITARRA #1: Sorgina!
JENDETZA: Sorgina!
BEDEVERE: Nire eskailera luzeena erabiliko dugu!
(garraisiak)
BEDEVERE: Ongi da, kendu euskarriak!
(whop)
(balantzaka) (zer esanik ez balantza batean jarritakoan ahate eta sorginak pisu berdina zutela.
JENDETZA: Sorgina da! Sorgina da!
SORGINA: Erabaki justua da.
JENDETZA: Erre ezazue! erre ezazue!
(...)
Internetaren faktura Gigabyten arabera
Erralek IP telefono sistemen inguruan hitz egiten du bere blogean. Ez dut oraindik berak gomendatzen duen bideoa ikusi, baina zerbait ikusten dut nik:
Orain arte telefonoaren erabilpena kobratzeko denbora hartu da kontutan. Itxura guztien arabera geroz eta gehiago erabiliko da trafikoaren tamaina Gigabytetan, hilabeteko faktura kalkulatzeko.
Denok Skype edo horrelako IP bidezko telefono sistema bat jartzen dugunean, telekomunikazio enpresek abiadura handiko Internet loturak emango dizkigute, eta kontsumitzen dugunaren arabera kobratuko digute. Gainera, beraiei komeni zaie lotura oso azkarrak ematea, horrela gehiago kontsumituko bait dugu eta gehiago kobratu ahal izango digute eta. Agur tarifa laua!
Multiplexazioaz
Teknika honi multiplexazioa deitzen zaio: kable (edo medio) berdinetik datu desberdinak pasatzea. Hasieran bi puntu lotzeko (dela telefonoz edo telebista edo dena delakoa) kable bat jartzen zen eta erabilera hori bakarrik ematen zitzaion. Gero norbaiti okurritu zitzaion frekuentzia desberdinetan emititzea kable horretatik. Horrela datozkigu 20 edo 40 telebista kanal antenaren kable berdinetik, bakoitza maiztasun edo frekuentzia desberdin batean.
Dijitalizazioak beste soluzio bat ekarri du: denboraren araberako multiplexazioa. Kableak kapazitate handikoak direnez, datuak dijitalizatu, paketetxotan antolatu, eta kable batetik pasatu iturri desberdinetako datuak. Horrela, nabigatzen jarrai dezakegu Skype erabiltzen dugun bitartean edo e-mulerekin filma bat deskargatzen ari garenean aldi berean. Hau da Internetaren funtsa: TCP/IP protokoloa.
Teknosexuala izateaz
Blog honen hasieran bota nituen termino honen inguruko definizio pare bat. Lehengoan, Joxeren post baten inguruan pentsatu nuen erantzutea, eta eman nuen definizio bat, nik zer ulertzen dudan geek edo teknosexual hitzak erabiltzean:
Bai, definizioak asko egon daitezke, eta asmatu zuenak jakingo zuen zer adierazteko asmatu zuen.Nik geek edo teknosexuala gehiago ikusten dut informatika, Internet, gadget eta horrelakoen zaletua, horrelako gaietan gustora ibiltzen dena. Teknologikoki aintzindari ere da geek-a, gauza berriak frogatzeko beldurrik ez duena eta erabiltzaile arruntei pauso berriak eman ditzaten tiraka egiten diena.
Kuriositate ase ezina da teknosexual baten beste ezaugarrietako bat, eta besteoi gure aurkikuntzak ezagutarazi eta ulertarazi nahia.
Eman eta Jaso
Beti ez dira ongi ulertzen aditz hauek sareari gagozkionean.
Ez zaizkit batere gustatzen plaza publiko bat beraien onurarako bakarrik erabiltzen dutenak. Beti JASOTZEN.
Badaude erakunde eta pertsonak, sareko komunitateak beraien probetxurako bakarrik erabiltzen dakitenak; "Informazio interesgarri bat bidaliko diet hauei!" pentsatzen dute, "Hau da aportatzea, EMATEA, nik egiten dudana."
Batzutan bai. Informazio, iritzi edo edonolako aportazio interesgarria izan daiteke, beste inon irakurri ezin duguna.
Behin euskal erakunde batetako Internet arduradunari aurpegiratu nion komunitatean ez zutela ezer aportatzen, aukera haundia zutelarik gainera. Baietz esan zidan, beraiek beraien propaganda guztia bidaltzen zutela komunitatera. Ez zuen ezer ulertzen. Nik ez nuen beraien propaganda nahi, beraiek zuten informazio baliotsu eta eguneratua baizik.
Izan ere, hori ez da EMATEA; hori probetxua JASOTZEA da, inor ez dadila engaina. Agian informazioa EMAN egingo du, baina saretik propaganda eta probetxua JASO egiten ditu.
Eta ni autobonboaren alde nago. Gauzak ongi egiten ditugunean garrantzitsua da horiek zabaltzea. Gure egoa bultzatuz gain besteengan inbidia eta lehiakortasun apur bat sortzea. Gauza sanoa da. Baina neurria ere hartu behar zaio. Norbaiten aportazioa komunitate batean ezin da autobonboa bakarrik izan. Komunitate batean JASO egiten dugu asko, baina EMAN beharra ere badago.
Hori da adibidez Sustaturekiko euskal erakunde askoren jokaera. Ez dute posteatzen kontatzeko zerbait interesgarria dutenean, interes berezi bat dutenean baizik.
Horretarako, norberaren egoa puztutzeko, egin dezatela guk bezala, blog bat ireki, eta agian horrela noizbait izango dute aportazio interesgarriren bat EMATEKO aukera.
Hor badago kontzeptu bat azkenaldian entzuten duguna: aurrerantzean irakurleen atentzioa izango da urrea, eta ez hainbeste informazioa bera. Baina irakurleen atentzioa mantentzeko, urrezko edukiak beharko ditugu. Hor dago erronka!