Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Teknosexua

Ikasitakoa desikasten ikasten

Segurtasun arazoa Firefox-en

Gari Araolaza 2005/02/07 18:33

...eta iritsi da eguna. Gaur azaldu da azkenik segurtasun arazo bat gure nabigatzaile gogokoena den Firefox-en .

Arazoa ez da larria, eta minutu batean konpontzen da, baina albiste da, lehenengo aldiz gertatu delako. Explorerri arazo berdina ez zaio atera, Firefox-ek duen aukera berri bat ez dagoelako IE-rako garatuta.

Detaile eta test-ak egiteko, onena Kriptopolis-era baina zuzenketa hemen behean:

  1. Idatzi about:config helbide barran eta Enter
  2. Bilatu IDN eta network.enableIDN aukera aurkituko duzu.
  3. Bi aldiz klik egin horren gainean, eta bukaerako True, False bihurtuko da.

Listo!

Garbitu spama Gmail-en bidez (2)

Gari Araolaza 2005/02/07 09:21

Jarraitzen dugu:

Aurreko pausoa: Gmail helbide bat lortu

Bigarren pausoa: desbideratu zure e-posta guztia zure Gmail-eko helbidera

Zenbait e-posta sistemek hau norberaren eskutan uzten dute. Beste batzuk aldiz, e-posta administratzaile baten beharra izaten dute. Baina badaude aukera hau ez duten ematen sistemak, beraz onena da hau aztertzea aurretik. Zure administratzailearekin hitzegin beharko duzu agian.

Ni Eibar.ORG-eko postaren administratzaile naizenetik, badut aukera horiek aldatzeko modua, honelako pantaila batean lan eginez:

mailconfig.gif

Bada, oso sinplea da. Hor norberaren gmail-eko helbidea jarrita mezuak zuzenean etorriko dira Gmail-era.

Gmail hasi da lanean, spama zakarrontzira botatzen. Lehenengo egunetan adi! komeni da gainbegiratzea spam direnak zuri erakutsi eta ez direnak zakarrontzira ez ote dituen botatzen. Hasieran pixka bat ikasi behar izaten du.

Bloglines saldu dute

Gari Araolaza 2005/02/06 09:06

Atzo gauean jakin nuen eta asteburua izan arren albistea korrika dabil batetik bestera : Mark Fletcherrek lortu du berriz ere bere asmakizun bat enpresa handi bati saltzea.

Kasu honetan Bloglines izan da, eta AskJeeves-i saldu dio. AskJeeves ez da oso ezaguna hemen inguruan, baina bilaketak eta galderak egiteko sistema da, mundu amerikarrean nahiko arrakasta duena.

Bloglines aldiz, gure blog/feed irakurgailu maiteena da Joxe Aranzabalek aipatu zuen behin eta Erabili.com-en ere azaldu zuten nola ibili.

Mark Fletcher argia

Tresna ikaragarria asmatu du Markek bere Bloglines-ekin. Beti galdetzen genion geure buruari nola demontre ordaintzen zen sistema. Orain ikusi dugu: salduta.

Mark Fletcherren aurreko asmakizuna YahooGroups izan zen. Hobeto esateko, 1997an OneList sortu zuen, gero eGroups izango zena eta 2000. urtean Yahoo-ri saldu zion tresna osoa.

Mark-en jarduna asko jarraitzen dugu bere Wingedpig (txerri hegaduna) blogean, nahiz eta guk nahi baino gutxiago idazten duen.

Garbitu spama Gmail-en bidez (1)

Gari Araolaza 2005/02/04 15:47

Azkarregi esplikatu dudala kexatu dira, eta hona hemen azalpen argiagoak:

Funtsean egin behar dena da mezuak irakurri aurretik, Gmail-etik pasatzea. Bidean, Gmail-ek spam iruditzen zaizkionak bazterreratuko ditu eta guk ez dugu zabor hori jasoko.

Has gaitezen:

  1. Pausoa: GMAIL helbide bat lortu

    Gmail helbideak lagunen gonbidapenez lortzen dira. Gmail helbidea duen norbait ezagutzen baduzu, eskatu berari eta berak bidaliko dizu gonbidapena. Nik ere oraindik badauzkat zenbait gonbidapen, nahi baduzue.

    Gonbidapen hori e-postaz iristen da orain daukazun helbidera. Mezu horretan dagoen lotura batean klik eginik, Gmail-en webgunera joan eta izena eman ahal izango duzu.

    Hori egindakoan, utzi egun batzuk horrela, eta egin aproba batzuk, mezuak bidali eta irakurriz nabigatzailearen bidez. Ikasi nola antolatu daitezkeen mezuak etiketen bidez, egin bilaketak eta abar. Aztertu sistema pixka bat, eroso sentitu arte.

(Jarraituko du)

Faxen segurtasuna

Gari Araolaza 2005/02/04 12:20

Ez dakit nor izan zen esan zuena faxak segurtasun gehigarriren bat zuela e-postaren gainean. Sarritan jasotzen ditugu sinatuta eta matasello batekin fax bat bueltatzeko eskaerak. Alferrik. Lantokian ez dugu faxik.

Akaso, ezin al da fax bat faltsifikatu? oraintsu jakin dugu preso batek gartzelatik ihes egin duela fax bat faltsifikatuz .

Hurrengoan soluzio erraza:

  • Eskaneatu sinadura eta enpresaren mataselloa
  • Jaso dokumentua rdf, word edo dena delako formatuan eta dokumentu horretan itsatsi sinadura eta mataselloa
  • Bidali e-postaz eta besteak inprimatu dezala

Listo!

Bihurri on-line

Gari Araolaza 2005/02/03 18:33

Teknosexual berri bat dugu gure artean, transformazio handia jasan duena: Ernesto Ezpeleta "Bihurri" aizkolari eibartarra.

Webgunea zabaldu berri du, baina ez edonola: munduko errekor batekin, aizkoran. Abadiñoko feria izan da tokia.

Guztira 3 ordu 7 minutu eta 48 segundu behar izan ditu 5,00 metro perimetroko pago egurtzarra mozteko, 4.797 aizkorakada emanez.

Ez da ezagutzen honelako beste markarik. Esan daiteke munduko errekorra izan dela beraz.

Hau da, hau. Duela bi aste ordenagailua nondik piztu ere ez zekien. Orain etxera iristen denean seguru egiten duen lehenengo gauza piztea dela, albistea ikusteko bere Bihurri.com webgunean.

Zorionak eta ongi etorri Teknosexualen artera!

Spam guztia garbitzen Gmail-en bidez

Gari Araolaza 2005/02/02 12:10

Aspaldi otu zitzaidan, eta beste ingles edo amerikar bati ere irakurri nion, baina gaur arte aplikatu gabe. Eta merezi du!

Thunderbird edo Mozilla ederrak dira spama garbitzen. Desabantaila bakarra da, mezu guztiak deskargatu beharra dagoela, gure programak spama zein den erabaki eta ezabatzeko. Lantokian ez da hain arazo gogorra, ADSLarekin, baina modemaz dabilenak badaki zertaz ari naizen. Bestalde, Thunderbird-ak ere lanak dituela azkenaldian datorren spam guztia garbitzen.

Gaur egin dut bi pausotan gauza azkarra:

  1. Nire Eibar.ORG-eko korreo guztia birbidali nire gmail helbidera.
  2. Thunderbird (edo zuen Mozilla, Outlook edo dena delakoa) konfiguratu mezuak Gmail-etik har ditzan pop protokolo bitartez.

...eta listo! Orain beharrezko mezuak bakar bakarrik datoz, eta edonondik kontsulta dezaket nire korreoa Gmail bidez, eibar.org-en web sistema normaltxoa erabili beharrean!

Portzierto, Gmail helbideak erregalatzeko dauzkat. Nahi duenak eska dezala.

Solaris open source bihurtu dute

Gari Araolaza 2005/02/01 20:36

Gaurtik aurrera Sun-en Solaris sistema kode irekikoa izango da.

Solaris da gaur egun dagoen UNIX sistema indartsuena. Windows, Linux edo Mac-OS ezagutuko dituzu agian. Solaris hori da, beste sistema mota bat, UNIX-en familiakoa eta orain arte zerbitzari handietan nagusi zena.

Kontua da Solaris oso garestia zela, eta Linuxa lekua kentzen ari zitzaiola. Azkenean Sun handiak erabaki du Solaris-en barne kodea erakustea, garatzaileek berarekin lan egin dezaten eta zenbait kasutan kodea kopiatzeko eskubidea izango dute.

Proiektuak OpenSolaris izena du.

Aldaketak fabrikante handien artean

Pauso ikaragarriak gertatzen ari dira software librearen inguruan. Lehenengo IBM hasi da Linux gomendatzen, eta orain beste enpresa erraldoi hau beraien kodea banatzen.

Honen atzean zer dagoen? ba, konturatu direla beraien negozioak izan behar duela hardwarea saltzea, eta ez hainbeste programak. Microsoften alderantzizkoa beraz. Luzarora nork asmatuko duen... hemendik zenbait urtetara esango dugu.

Kasualitatez iritsi da nire eskuetara 1992 urte inguruko aldizkari baten fotokopia. IBM-ren OS/2 sistema aipatzen da han, Microsoft-en Windows 3.1-ri irabaziko ziola eta abar. Orduko teknosexualek Windows baino sistema hobea zela zioten... tokitan gelditu dira.

IBM horrekin hasi zen ikustean edonork fabrikatzen zituela berak asmatutako PCak (askoz merkeago gainera, klonikoen garaia orduan hasi zen) eta softwarean Microsoft zela jaun eta jabe. Horregatik sortu zuten OS/2-a, UNIX-aren gauza onenetan oinarriturik eta Windows-ekin bateragarria. Orduan ere itxura ona zeukan estrategiak.

Prospektibarik nahi baduzue, joan nire auzokide Prospektiba blog-era. Auskalo zer gertatzen den datorren urtean, Ogrosabelek berak ere Linux-a uztea erabaki duenean.

Azalpenen bat ere eman beharko...

Gari Araolaza 2005/02/01 02:00

Zer da hau? egun batetik bestera idazten jarri eta aurkezpenik ere ez...

Gari naiz. Internetaren euskal munduan ibili bazara ezagutzen gara, hemen inguruan nabil eta, azkeneko urteetan. Eibar.ORG Elkartean eta CodeSyntax enpresan batez ere.

Bart lorik ezin egin eta bloga izan behar nuela erabaki dut, eta hementxe nago. Goizean kafe orduan txorakeria batzuk egin ditugu argazki kamerarekin eta hor goikaldean duzue emaitza, Maite Etiam-en esku finetatik pasa ondoren.

Aitzakia Anjel Lertxundik eman dit, bere herenegungo zutabean

Teknosexuala

anjel lertxundi

Irakurle, metrosexuala baldin bahaut, jakik ez hagoela modan, hirea fashion itxura oso iraupen laburreko lorea izan dela. Moda-modan egon nahi baduk, teknosexualena duk orain modernitatearen gailurra. Emaiek berriro askatasuna hire paparreko ileei, etzak sosik gastatu kremak erosten, eskura ezak ostera ere hire ar itxura, bihur hadi teknosexual, eta eskura itzak, atzo goizeko metrosexualen kremen ordez, trepeta teknoak: azken orduko ordenagailu eta segapotoa, iPod-a lepotik zintzilik

Ez duk aski. Hona, halaber, modan egon nahi baduk, jarraitu beharreko diziplina: kirola egin; jana zaindu; ar itxura eskuratu, baina, ororen gainetik, teknologia berrien zale itsua izan. Blog bat zer den ez balekik, edo Sustatuk ematen dituen aholku teknologikoak ulertzen ez badituk, hireak egin dik.Teknosexualen sexua ere birtuala ote den, horixe ez diat jakiterik izan.

Laster arte.

Paperaren gatibu

Gari Araolaza 2005/01/31 10:48

Paper saltzaileak lasai egon daitezke oraindik urte batzuetan, negozioa ez bait da oraingoz hilko.

Nire inguruan agian bai. 10 lagunez osatutako bulego batean lan egiten dut. Esango nuke median egunero bizpahiru orri ateratzen direla gure inprimagailutik. Sarritan deitzen digu norbaitek galdezka, ea gure fax zenbakia zein den. Alferrik. Ez daukagu. Bidali dezala e-postaz eta gero erabakiko dugu inprimatu ala ez. Bide batez bidalitako testua egoki artxibatuko dugu enpresako sarean eta listo. Baina gu oso teknosexualak gara.

Aste honetan eskutan izan ditut kontraesanez betetako paperezko produktu bi:

  • IHOBE-ren 2005 egutegia: postari bidez buzoi guztietan banatutakoa, nahi ta nahi ez. Gure peoran badugu zakarrontzi txiki bat propaganda eta, botatzeko. Han joan dira egutegi gehiena. Eskerrak ingurumenaren ingurukoa zen.
  • Diario Vasco-ren gehigarri bat igandean, ingurumenaren ingurukoa, publizitate instituzionala barra-barra eta 20 bat orrialde.

Ingurumenaren izenean, ingurumenaren aurka!

Teknosexuala

Gari Araolaza 2005/01/31 10:04

Anjel Lertxundik ez du aipatu baina badago inglesezko hitz bat berak asmatutako Teknosexual horren antzerako zentzua duena: Geek

Googleri Geek-en definizioaz eskatu ezkero, ez dator igurtzi haundirik:

Baliabide sozialetan motz eta aldi berean ezagutza tekniko indartsuak dituen pertsona

Eremu tekniko bat edo gehiagotan abila den pertsona, batez ere teknologia erabilpenean. Mugaraino eraman ezkero, geek izateak teknologiaz kanpoko edozein arlotan interes, abilezia eta ezagutza falta izatea esan nahi du.

Ez gara hain arraroak. Gu baino txarragoak badaude, hamabostean behin Anoetara joaten diren masokistak adibidez.

Aurkezpena

naiz. Teknogauza guzti hauetaz idazteko sortu nuen bloga, baina orain gai eta maiztasun librean nabil.

Mastodon