Googlen egotea baino hobea da RSSa edukitzea
Esaldi ausarta bururatu zait.
Demagun webgunea egin duzula eta aukeratu behar duzula:
- Nire webguneak RSS-a izango du.
ala
- Nire webgunea Googlen azalduko da.
Nire adibidean bateraezinak dira bi aukerak. Zer duzu nahiago?
RSSa, noski.
Hona hemen Sustaturen martxoko estatistiketan, bidaltzailea edo REFERRER esaten zaiona. Hau da, zein webgunetik etorri den Sustatura etorri den hori:
- 4641 http://www.google.es/
- 1052 http://www.bloglines.com/myblogs_display
- 848 http://www.lezo.net/
- ...eta abar
Hortaz, 4641 bisita etorri dira bilaketak eginda Googletik, 1052 Bloglines RSS tresnatik eta 848 Lezotik.
Lezoko webgunetik hainbeste etortzeak badu arrazoi tekniko bat, RSSa ematearekin lotuta dagoena. Sustatuko RSStik albisteak atera eta webgunean jartzen dituzte, eta Sustaturen ikonotxoa ere jartzen dutenez, Lezo.net-era sartzen den bakoitza gurean ere bisita moduan kontatzen du. Bale, hori alde batetara utzi.
Baina Bloglines-en kasua desberdina da. Googleren eta Bloglinesen erabiltzaile kopuruak alderatu ditzagun. Zein faktore izan genezake? Bloglinesen erabiltzaile bakoitzeko Googleren 1000 erabiltzaile adibidez? Ba begira, bisitarien aldea ez da 1-1000 erlazio bat, 1-4 baizik. Hau da, Googlen baino 250 aldiz errentagarriagoa da Bloglinesen harpidedun bat edukitzea.
Eta hori Bloglines-ekin bakarrik. Beste feed irakurgailu batzuk badaude, eta jendeak erabiliko ditu seguru. Horri gehitu RSS-ak oraindik fenomeno minoritarioa direla, eta atera kontuak. Aurrerantzean jarraitzeko bezalako gai garrantzitsua da hau.
Gainera, RSS bidez gure webguneetara etorritako lagunak fidelak dira, aktiboak, irizpide kontzientedunak (gurera harpidetu dira zerbaitegatik eta ez beste batera) eta bisita asko egiten dituztenak, eta beraien ingurukoetan iritziak markatzen dituzte. Aldiz, Googletik datorren erabiltzailea askotan gauza konkreturen baten bila etortzen da gurera gure webgunean interes orokorrik gabe, eta beste askotan txiripaz erori da gure sarean. Ederra aldea.
Noski, onena da bai Googlen eta bai Bloglinesen egotea. Lan horretan gogor saiatzen gara! :-)
Nik ezer gitxi ulertu dot, baina komentarixo bat egingo dot (ia hankia ez doten sartzen).
Gustatzen jatazen blogetan, XML lotura hori billatzen juat, feedmaniaren bittartez gero irakortzeko. ¡Baina ez dauke! (edo nik topatzen jakin ez) Beraz ez dittudaz irakortzen.
Bestalde, eibarrespazixoko blog pare baten XML loturak kopixatzian, erroria emoten dezta (e-gor eta besteren bat ). Beraz, harek be ez ditudaz irakortzen.
Zeozetako balio ba dau, ba horra.