Internetaren faktura Gigabyten arabera
Erralek IP telefono sistemen inguruan hitz egiten du bere blogean. Ez dut oraindik berak gomendatzen duen bideoa ikusi, baina zerbait ikusten dut nik:
Orain arte telefonoaren erabilpena kobratzeko denbora hartu da kontutan. Itxura guztien arabera geroz eta gehiago erabiliko da trafikoaren tamaina Gigabytetan, hilabeteko faktura kalkulatzeko.
Denok Skype edo horrelako IP bidezko telefono sistema bat jartzen dugunean, telekomunikazio enpresek abiadura handiko Internet loturak emango dizkigute, eta kontsumitzen dugunaren arabera kobratuko digute. Gainera, beraiei komeni zaie lotura oso azkarrak ematea, horrela gehiago kontsumituko bait dugu eta gehiago kobratu ahal izango digute eta. Agur tarifa laua!
Multiplexazioaz
Teknika honi multiplexazioa deitzen zaio: kable (edo medio) berdinetik datu desberdinak pasatzea. Hasieran bi puntu lotzeko (dela telefonoz edo telebista edo dena delakoa) kable bat jartzen zen eta erabilera hori bakarrik ematen zitzaion. Gero norbaiti okurritu zitzaion frekuentzia desberdinetan emititzea kable horretatik. Horrela datozkigu 20 edo 40 telebista kanal antenaren kable berdinetik, bakoitza maiztasun edo frekuentzia desberdin batean.
Dijitalizazioak beste soluzio bat ekarri du: denboraren araberako multiplexazioa. Kableak kapazitate handikoak direnez, datuak dijitalizatu, paketetxotan antolatu, eta kable batetik pasatu iturri desberdinetako datuak. Horrela, nabigatzen jarrai dezakegu Skype erabiltzen dugun bitartean edo e-mulerekin filma bat deskargatzen ari garenean aldi berean. Hau da Internetaren funtsa: TCP/IP protokoloa.