Web zerbitzuak
Atzoko IEBan Web Zerbitzuei buruzko hitzaldia iruditu zitzaidan interesgarriena. Gainera Iruñean dagoen NMP enpresako Alberto Silva ezagutzeko aukera izan nuen, berak eman bait zuen hitzaldia. NMP enpresan CMSak (Content Management Systems) lantzen dituzte, guk bezala, nahiz eta bide desberdina daramagun.
Zer dira Web zerbitzuak?
Web zerbitzari batean jartzen diren funtzioak, XML bidez beste nonbaitetik norberaren interesaren arabera erabiltzeko. Normalean programatzaileen kontuak dira.
Zenbait adibide:
- Google API-ak : honi esker gure etxean aplikazio bat sor dezakegu zuzenean Googleri galderak egiten dizkiona. Adibidez, jar genezake bilaketa bat gure Intranetean gure erabiltzaileentzat pertsonalizaturik, eta benetako bilaketa lana Googlek egingo luke.
- RSS-en erabilera : hau da web zerbitzu erraz eta arruntena, baina gehien funtzionatzen duena. Iturri askotan RSS fitxategi bat sortzen dute eta guk Aurkin euskarazkoak bakarrik aukeratu eta modu egokian aurkezten ditugu.
- EHKME-ren eguraldi aurreikuspena : EHKME elkarteak egunero herri askotako eguraldi aurreikuspena egiten du. Gero, web zerbitzu baten bitartez (hau ez da XML baina...) eguraldi hori automatikoki azaltzen da beste toki batzuetan Goiena.net Uztarria.com
- Eposta kontrola: Zure webgunean jendeak e-posta idazten badu eta jakin nahi baduzu benetan esistitzen den helbide hori, nahikoa da lan hori egiten duen web zerbitzu bat erabiltzea.
Web zerbitzuen arriskua
Albertok bere hitzaldian arrisku edo desabantaila moduan jarri zuen hirugarren batek kontrolatzea gure aplikazioaren zati bat. Nik uste dut arriskua dagoela hori esatean, eta komentatu nion gero. Izan ere, arrisku pixka bat izan dezake norberak zerbitzu hori ez kontrolatzea, ez teknikoki eta ez aurrera begira zertan bihurtuko den edo zein aukera emango dituen.
Baina abantailak askoz handiagoak dira. Norberak ardura hori kentzen du. Lan hori beste "esperto" batek egin diezaioke, eta ziur nago asko eta asko horrrelako zerbitzuak ordaintzeko prest daudela. Zerbitzu bat ordaintzeak ere kontrol pixka bat ematen digu, eskaintzen duenak gure iritzia kontutan izango bait du.
Zein web zerbitzu nahi nituzke?
Web zerbitzuak izateak beste pauso bat emango luke euskal sarea ongi erabiltzeko saiakeran.
- EHKME-ren zerbitzu profesionala. Ez ditu elkartea, beraien jarduna eta egoera gehiegi ezagutzen, baina agian posible litzateke garapen tekniko gehigarri gutxirekin eguraldia kontsultatzeko API zabalagoa eskaintzea. Zerbitzu hori kuota baten ordainketa bidez sal zitekeen komunikabide desberdinetara. Gogoratu dena lokalera doala. Buruan ditut herri komunikabideak, Berriaren edizio lokalak, eta baita medio espainolak.
- Farmaziak, zineak, garraioak, agenda, telebistako programak eta abar: berriz ere maila lokalera joanez. Informazio hori urrea da, pikatzetik aparte balio erantsi gutxi eman dezakeena, eta Euskal Herri osoan egunero 12 toki desberdinetan 12 bekadunek tekleatuko dutena. Zergatik ez zerbitzu zentralizatu bat, eleanitza, beste medioei eskainiz web zerbitzu bidez?
- Eustat-eko datuak: Zenbait dirulaguntza edo aplikazio Eustaten datuetan oinarrituta daude adibidez: "Dirulaguntza jasoko dute errenta ertainaren azpitik dabiltzan familiek" edo "Langabezi tasa mediaren beherakoa duten herriek" eta abar. Informazio publikoa izanik, zergatik ez eman niri aukera datuak nik nahi dudan moduan nahasteko?
- Hezkuntza zentru guztien ikastaroetan kontsulta egiteko web zerbitzuak: horrela bilatzaile zentral bat sortu ahal izango genuke adibidez, jarraitzeko zein zentrotan ematen diren "Elektrohigaduraren inguruko ikastaroak".
- Euskarazko ortografia zuzentzailea: Demagun aplikazio bat egiten dudala, hitz bakoitza hartu eta Euskaltzaindiaren zerbitzariari bidaltzen diona. Euskaltzaindiaren zerbitzariak erantzungo luke (deklinazioa garbitu ondoren) h itz zuzena den ala ez. Ez da zerbitzu interesgarria komunikabideentzat?
Mila adibide izan ditzazkegu, eta denbora joango da horiek erakusten. Bitartean, begiak ireki Web Zerbitzuak, SOAP edo XML hitzak entzuten dituzuen bakoitzean.