Dantzari heavya atondu
1992ko azaroan 13an iritsi zen Donostiara Metallicaren tourra. Jaka beltz, zorri hegalari eta dezibelio orgia eroan sartu eta ia lepahezurra hautsi arte dantzarazi nuen burua. Biharamunean jaka beltzaren ordez baserritar brusa jantzi, eta txapela buruan makaleko bestondoarekin joan nintzen dantza taldearekin neukan zitara. Izan ere, 1990ean Argia dantzari taldearen Zortziko ikuskizunak liluratu ninduen. Zortzikoren doinuek eta dantzek mozkortuta erori nintzen dantza tradizionalaren sarean. Metallica, Argia dantzari taldea, Guns N Roses eta Sutagar dira 90eko hamarkada hasierako nire bizitzaren soinu bandaren toptenak.
Ez dakit esaten noiz pasa ziren modaz heavyak. Akaso ez ziren inoiz modan egon, baina eredu musikal horri tinko eusten diote zenbait taldek eta doinu gogorren proposamenak jarraitzaile fidelak ditu belaunaldi berrietan ere. Gure taldeko dantzari gazteagoekin 15 urteko tartea dut, baina horien artean badira Metallica eta Sutagarren zaleak. Metallica, Sutagar eta ezpata-dantzak osatutako menuak baditu jarraitzaileak oraindik ere.
70eko hamarkadan abiatu zenetik heavyak oso argi izan ditu bere ezaugarri nagusiak: soinu astuna, kitarra eta bateria indartsuen nagusitasuna, distorsiorako zaletasun mugagabea, abiadura handiko trenaren erritmo azkar eta errepikakorra, eta rockarollaren bolumena eta teatralitatea azken muturreraino eramatea. Gaur egun tradiziozko musika da heavy metala. Diska-denda handietan “musika tradizionala” izeneko atalean sailkatu beharko genituzke Iron Maiden eta enparauak. Baina bidea egin duten beste zenbait tradiziotan bezala, heavy metalean ere arruntak dira hasierako oinarriei eusteko joeren eta berritzeko borondateen arteko tentsioak. Heavy ortodoxoaren ezaugarrietatik abiatu eta soro berrietan sartzen hasi direnek berehala antzematen dituzte tradiziozale itsuen makilakadak.
Zenbaitek ez diote barkatuko inoiz Metallicari 1996an ilea moztu izana. Beste batzuk ahalegin handiak egin dituzte ile motza izan arren heavyak izan daitezkeela frogatzen. Rammstein taldeak heavy tradiziotik abiatu eta heavy izpirituari traiziorik egin gabe bide berriak jorratu ditu. Metala, rock industriala eta musika elektronikoaren eraginak ditu alemaniarren proposamen bortitzak. Hori bai, gauza bat da ilea motza izatea, eta bestea parafernalia heavya ez erabiltzea. Rammsteinek muturreraino eraman ditu tradizio heavyko emanaldi piroteknikoak. Donostiako su artifizialen lehiaketa bera irabazteko moduko su eta eztanda erakustaldiak dira horien kontzertuak.
Sutagarreko gure lagunek ere moztu zuten ilea. Horrek ez zien indar zipitzik ere kendu, baina handik piska batera, haietako batzuk konturatu ziren erosoago sentitzen zirela txima luzeekin. Beraz, bakantzen hasitako ileak luzatzen utzi dituzte berriz. Ikerfolk elkarteko Ane Albisuk idatzitako Atondu liburua argitaratu da egunotan. Euskal tradiziozko jantzien nondik norakoak eta aurrera begirako proposamenak bildu ditu bertan. Euskal janzkeraren oinarri-oinarrizko ezaugarriak txapela eta buruko zapia direla esan zigun Albisuk aurkezpen ekitaldian. Azken urteotan dantzarion artean ohikoak dira txapela kentzeko ahaleginak. Txapelik gabe primeran dantzatu daitekeela erakutsi du zenbaitek. Hori bai, lehen ere dantzan kaskar zebiltzanak, txapelik gabe kaskar jarraitzen dute. Gu ere txapela kenduta konforme ibiliko ginateke, baina Sutagarrekoak txima luzeekin bezala ohitu gara gu txapelarekin, eta eroso daramagu, roskan sartuta. Gainera, ileak urritzen hasi zaizkigu dagoeneko eta oraintxe egiten digu benetan mesede.