124,29 euro
124,29 Euro lapurtu dizkidate kontu korrontetik, eta astebete daramat vietnamita alu baten atzetik. Orain egun batzuk gure kontu korrontearen miseriak begiratzen ari nitzela ezezaguna gertatu zitzaidan enpresa baten kargua ikusi nuen. "Nochex Limited" jartzen zuen, eta ondoan zenbatekoa: 124,29 Euro. Pentsatzen hasi nintzen zer izango ote zen hori eta ez zitzaidan ezer bururatzen. Prezio horretako ordainketak ez ditut usu egiten, eta beraz harrigarria gertatzen zitzaidan ez gogoratzea. Ainhoari galdetu nion. Honek ere ideiarik ez. Googlen begiratu eta berehala aurkitu nuen Nochex Limited enpresaren webgunea: "Online payment Solutions for Internet Bussines". Beraz, internet bidez ordainketak egiteko sistema eskaintzen duen enpresa bat. Webgunean bertan nire moduko zalantzak argitzeko sistema dute eta bertan jarri nuen nire galdera. "Aizu, Nochex-en izenean ordainketa bat dut nire kontuan, baina ez dut gogoratzen zerena izan daitekeen". Ashley izeneko langile atsegin batekin email trukea izan dut, eta nire datuak eman eta konfirmatu ondoren, jakinarazi dit noren eskura joan diren nire 124,29 euroak: "Max Mara Discount".
Berriz ere Googlen bilatu eta berehala agertu zait Max Mara Discount izeneko modako jantzi denda. Bertan ageri den helbidera idatzi dut nire galdera. Oraingoan James izeneko langile atsegin batek erantzun dit. Baietz, han egin dela aipatutako erosketa eta eskatutako jantziak kreditu txartelean bertan agertzen diren helbidera bidali dituztela. "Eta jakin al daiteke nora bidali dituzuen, ni bainaiz txartelaren jabea, eta nik ez dut halako jantzirik ez eskatu ez jaso". Eta honako helbidea eman didate: "SN 04 Ngo 02 Truong Chinh Son La SL". Niretzat hori txinoa dela esan diot, eta berak ezetz erantzun dit, Vietnam dela. Beraz, vietnamita alu batek Londresko denda guay batean erosi ditu modako jantziak eta nire txartel zenbakiarekin ordaindu ditu.
Bai Nochex Limited-ekoek eta baita Max Mara Discount-ekoek esaten didate ez dela beraien errua izan. Nire nortasuna faltsifikatu eta nire zenbakia erabiltzeko aukera eman duen bankuarena dela errua. Max Mara Discount-ekoek esaten didate hori posible egin duen bankuarengana jo behar dudala erantzunkizun eske. Nik ez dakit zein den banku hori, nirea ala vietnamita modazalearena. Kutxara joan naiz, eta gertatzen ari zaidana azaldu diet. Erreklamazio bat jarriko dutela esan didate. Besterik ezin daitekeela egin. Erreklamazio horrek eman dezakeenaren zain nago. Nochex Limited-ekoek esaten didate merkataritza poliziara joateko eta denuntzia jartzeko. Beraiek duten informazio guztia emango dutela ikerketa baten aurrean. Baina nik ez dut merkataritza poliziarik ezagutzen. Arratsaldean ertzaintzara joateko tentazioa dut, baina komisaldegian harrera egiten duenak ulertuko al dit batere? Eta ulertuta ere, ertzaintzak ezer egiteko aukerarik ba al du?
Ba tira, zer esangotzut, neu zu baniz Ertzantzara joku nuke dudarik gabe, ez dakazu ezer galtzerik. Edo bestela bidaia ordaintzen badidazu Vietnamera tipuari jipoi bat ematera jungo nintzateke jajajajaaja
Sorte on!