Txapeloaz
Munduko kultur ondare bizia ezagutzera ematea du helburu Smithsonian Folklife jaialdiak. Antolatzaileek euskal agintariei egindako eskaera argia zen: euskal folklorea, ondare tradizionala ezagutu nahi zuten. Euskaldunak moderno itxura eman nahiarekin obsesionatuta aritu gara: "Innovation by culture" lema jarrita euskal ordezkaritzari gure konplexuak behin eta berriz agertu dira programan: bertsolaritza “Modern bertsolaritza” izan da, sukaldaritza "Innovative Gastronomy", herri kirolei buruz aritzerakoan "Innovative Technologies in Sport" eta euskal dantzaz hitz egiteko "New Paths in Basque Dance".
Gure folkloreaz lotsatzen gara, eta ondorioz, ez dugu gure kultur ondarea ezagutzen. Edo alderantziz ote da? Ez dugulako ezagutzen lotsatzen gara gure kultur ondareaz? Ez dakit zein den oiloa eta zein arrautza, baina biak ditugu gurekin.
Washingtonen, euskal dantza ezagutzera emateko saioetan Txapeloaz dantza erakusten aritu dira euskal ordezkariak. XIX. mendean, Ameriketako Estatu Batuetan, Ingalaterratik iritsitako dantza inozo xamar bati aldaketa txiki baina iraultzailea egin zioten. Esaldi bakoitzaren bukaeran bikote aldaketa antolatu zuten. Gaur egun arte dirauen arrakasta izugarria eman zion horrek. All American Promenade izenarekin ezagutu zuten Eskandinabian XX. mendean eta Aleman's marsj izenarekin hedatzen jarraitu zuen Europan barrena. 1970eko hamarkadan Frantziako Chapelle des Bois herrian ikastaro batean erakutsi zuten. Han ikasi zutenek, dantzaren izenarekin akordatu ezin eta Chapelloise [Chapellekoa] deitzen hasi zitzaizkion. Euskal Herrira Patxi Perez-ek ekarri zuen 1990eko hamarkadan.Chapelloise gurean Txapeloaz da, dantza bera, izen bera, grafia euskaratuta.
Ondorioa? Ipar Amerikako dantza bat erakutsi diegula euskaldunok estatu-batuarrei, euskal dantza delakoan eta milaka urteko gure kultur ondarearen erakusgarri. Euskal Herrian artista handiak ditugu tangoa, capoeira edo hip-hop-a dantzatzen, eta modernoak eta kosmopolitak garela erakutsi nahi izanez gero horien ikastaroak eta erakustaldiak eman genitzakeen Washingtonen. Susmoa dut, ordea, ez gaituztela gonbidatu Ameriketara buffaloak ehizatzen eta bakearen pipa erretzen erakustera.
Argia astekaria, 2016-09-16.
Jalgi Obama pare
Gero eta berdinagoak gara, baina berdintasuna aspergarri zaigunez, zenbat eta berdinagoak izan, orduan eta erakargarriago gertatzen zaigu desberdintasuna. Exotismoak liluratzen gaitu, eta exotismoa, desberdina, arrotza, ez-ohikoa bilatzen dugu harritu gaitzan, kilika gaitzan, iratzarri gaitzan.
Marin Marais musikagile frantsesarentzat euskal kultura mundu exotikoa zen, eta arroztasun horrek inspiratuta sortu zuen 1717an Le Basque konposizio musikala. 299 urte beranduago, 2016ko uztailean euskal kultura Washingtonen izango da ikusgai. Euskaldunak nazioarteko kultur sisteman asimilatuta gaude, baina badirudi oraindik, guri oharkabean ateratzen zaizkigun zipriztin exotikoak antzeman dituztela guregan Washingtoneko antropologoek.
Ez Washingtonen bakarrik, Aiaran ere izango da kultura exotiko bat intentsiboki dastatzeko aukera 2016 honetan. Izugarrizko pagotxa. Washingtonera joan beharrik gabe, eguneroko kultura homogeneizatu pasteurizatuekin hautsiko duen kultura arraroa etxean bertan ezagutzeko aukera. Smithsonian fundazio ahalguztidunak Obamaren etxe aurrera eramateko hautatu duen kultura exotiko bera etxeko atarira ekarriko dizue Jalgik aiararrei.
***
JALGI euskal kulturaren plaza egitasmoaren aldizkarirako idatzia
Opari pozoiduna
Eskola ezartzeko hautatutako egoitza, Arriaga Kontserbatorioa ez da egokia. Irakasleek eta lehen ikasturteko ikasleek eman dezakete horren berri. Dantza irakasteko gelak txikiegiak dira, musika irakasteko pentsatuak baitira, eta ez dago azaldu beharrik espazioari dagokionez musikaren eta dantzaren premiak desberdinak direla. Bestalde, eskolak ez du antzokirik. Antzerki eta dantza eskola bat antzokirik gabe? Ba halaxe da, bai. Kontserbatorioak musikara begira prestatutako entzutegia du, ez du antzokirik, eta lan-toki nagusia antzokia izango duten profesionalen hezkuntza antzokirik ez duen eraikin batean ezartzea erabaki oker eta larria da.
Euskal dantzariontzat bada kontu okerragorik baina. Dantzertin, Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolan ez dago euskal dantza ikasketarik egiteko aukerarik. Hau berriz idatziko dut, hain ulergaitza eta onartezina izanik, sinesgaitza egiten baitzait, eta ea birritan irakurrita neuk ere barneratzen dudan: Dantzertin ez dago euskal dantza ikasketarik egiteko aukerarik. Inork imajinatzen du Filologia Fakultatea Gasteizen, filologia alemana, frantsesa eta hispaniarra ikasteko aukerarekin, baina Euskal Filologiarik gabe? Ba horixe dugu dantzari dagokionez Bilbon, eta ez da orain 50 urteko kontua, 2016ko baizik.
Dantza talde, dantza eskola, hezkuntza orokorreko eskola, kultur etxe eta aisialdi guneetan, Gipuzkoan bakarrik 300 irakasle eta 10.000 ikasle inguru ari dira euskal dantzaren transmisioan. Gero eta ohikoagoa da herriz herri sortu diren Musika eta Dantza eskoletan euskal dantza irakastea. Horietan biolin, gitarra edo tronpeta irakasteko alorreko titulua behar du irakasleak. Eta euskal dantza irakasteko? Euskal dantza irakasteko ez da ez titulorik ez ikasketarik behar, edonor izan daiteke euskal dantzako irakasle.
Izan ere, Hezkuntza Sailak, euskal dantza irakasle izateko ikasketak eskaini beharrean, habilitazioak oparitzen ditu. Edonork egin dezake eskaera Jaurlaritzara, dantza kontutan zer eta non ibili zaren kontatu eta kito, baduzu zigilu ofiziala euskal dantzaren irakasle izateko. Ez daukazu ezer ikasi beharrik, Hezkuntza Sailak habilitazioa oparitzen dizu. Azken urteotan hainbat habilitazio eman ditu Jaurlaritzak, eta badirudi berdin jarraitzeko asmoa duela, ez baitu asmorik euskal dantzari buruzko ikasketarik eskaintzeko.
Argia astekaria, 2016-05-08
Ez Dok Amairu eta dantza*
Ez Dok Amairu: Baga, Biga, Higa sentikaria. Donostia, Trinitate plaza, 1971-09-07. Argazkia: Javier Garayalde - guregipuzkoa.net CC BY-SA
Ez dok Amairuren garaiko eta pareko dantzaren mugimenduak Argia dauka izena. Ez dok Amairuk euskal musikari egin zion tamainako ekarpena egin zion Argiak euskal dantzari. Eta gainera, biak bateratsu aritu ziren. Izan ere, mugimendu bereko bi adierazpen izan zirela esan genezake, Ez dok Amairu musikan, Argia dantzan. Are gehiago, elkarren berri izanez, elkarri eraginez, elkarrekin bidea eginez.
Musika eta dantza, dantza eta musika, gaur egun bi diziplina bereizitzat baditugu ere, ez dirudi beti hala izan denik. Mousike, zientzia eta arteen babesle ziren bederatzi Musei erreferentzia egiten dien Antzinateko Mousike greziar hartan musika eta dantza gauza bera ziren, kantua, musika tresnen soinua eta dantza, hori guztia adierazpen mota bakarra zen, Mousikea.
Platon choreaz (χορεία) aritzen denean, taldean egiten diren musika, dantza eta ahozko adierazpen konbinatuetaz ari da. Hitz bakarrarekin izendatzen du kantu, dantza eta antzerkiaren bidez mitoa eta erritoa uztartzen dituen jarduera, iragana, oraina eta etorkizuna lotzen dituena. Ideia honi tiraka, pentsa genezake opera, pastoral, maskarada, paloteado eta libertimendutan ez direla musika, dantza eta antzerkia elkartzen, ez, hor bere ekosisteman eroso ageri zaizkigu.
Agian musika, dantza edo antzerkia, bakarka, besteengandik bananduta aurkezten ditugunean ari gara osoa zen arte baten parteak erauzten, artedrama zatikatzen. Ezinezko eta alperrikako ahalegina bestalde, musika dantza baita eta dantza antzerkia. Soinu eta dantzan hasi gara gaur, hitzez ari gara orain eta musikaz jarraituko dugu laster, Marian Arregi eta Mikel Urbeltzen laguntzarekin.
1965eko udazkenean Ez dok Amairuren sorrerako bilera irekiak egin ziren Donostian. Ondoren Ez dok Amairun, talde bezala jarraipenik izan ez bazuten ere, bilera haietako batzuetan, hiru neska gaztek parte hartu zuten. 20 urteko hiru neska ziren, Marian Murgiondo, Encarna Uriarte eta Marian Arregi. Trio Kemen osatzen zuten hiruren artean, kantuan egiten zuten Murgiondok eta Uriartek, eta akordeoiarekin eta ahotsarekin osatzen zuen Marian Arregik.
Pepe Andoain-ekin ikasi zuen akordeoia Marian Arregik. Andoain-ek berak bere ikasleekin sortuta zuen akordeoi orkestrarekin ere aritu zen emanaldiak eskaintzen. Dantzari aritzen zen Goizaldin, eta oso gazte zirela, 16 urte ingurukin Murgiondo eta Uriartekin hirukotea osatu, eta Kemen izenarekin emanaldiak eskaintzen hasi ziren. Bellas Artes-eko kantari berrien lehiaketan parte hartu zuten, Donostiako Nautikoan emanaldiak egin zituzten, Ondarroan herritarren berotasuna jaso zuten euskaraz kantatuta, telebistan, Espainiako telebistan, garai hartan hegoaldean zegoen bakar hartan kantatu zuten 1962an. Goizaldi dantza taldeak 1964an Txekian egin zuen biran Trio Kemen-ek ere parte hartu zuen, dantzarien emanaldiak osatuz.
Horrela kontatuta musikari ibilbidea dirudi Marian-enak, baina herri tradizioko beste hainbat musikari handi bezala, Marian zerbaitetan nabarmentzen bazen dantzan zen. Dantzari trebe eta arina izanik, dantza eta musika maisuki uztartu dituzten Alejandro Aldekoa, Etxahun Iruri edo Jean Mixel Bedaxagarren modura, dantzan hasitakoa musika eginez jarraitu du Marianek.
Esan dugu Goizaldiren emanaldietan jotzen hasi zela, adibidez 1965ean Lefkas-en, Grezian, jo zuen. Eta han, besteak beste gau arte lagun izan dituen doinuak eta aireak ezagutzen hasi zen. Nazioarteko dantza eta musika tradizionala, musika eta dantza egiteko eta bizitzeko modu zahar bezain indartsu bat, sustraiak lurrean ongi errotuak dituena eta adarrak mundura zabalik, haizeak ekartzen dituen euriekin bustitzeko prest dagoena. Horrela jaso eta barneratutako musika ederra eskainiko digute Marian Arregik eta Mikel Urbeltzek jarraian. Galitzianer, Polonia-Ukrainiako Galitzia eskualdeari erreferentzia egiten dion doinua eta Gurea, doinu judua, Hevenu shalom aleichem edo bakea dakargu zuentzat.
- Musika: San Telmo Museoan Morris Handkhersief eskaini zuten Marian Arregik eta Mikel Urbeltzek, Tabakaleran eta Biarritzen Galitzianer Polonia-Ukrainako Galitzia eskualdeari erreferentzia egiten dion doinua eta Gurea edo Hevenu Shalom aleichem doinu judua.
1965. urtea da. Fernando Larruquert eta Nestor Basterretxea “Ama Lur” filma grabatzen hasi dira. Hondarribiko Armen plazan, dantzari talde bat soka-dantzan dabil, eta inguruan kamerak errodatzeko prest. Filmeen grabaketan ohikoa denez, etenak ugariak dira, eta toma batetik bestera zain egon beharra tokatzen da. Dantzarietako bat bazterretik begira dagoen gizon batekin elkarrizketa beroan sumatu dezakegu. Dantzariak 25 urte ditu, keinuka eta imintzioka etorri amaitezinean ari den gizonak 57. Jorge Oteiza da gizona, Larrukert eta Basterretxea egiten ari diren filmaren grabaketa bertatik bertara jarraitzen ari da. Juan Antonio Urbeltz da dantzari gaztea: pelikulako itxaron uneak urregorri bihurtu zaizkio, eskultore eta pentsalari entzutetsuari galderak jaurti eta haren erretolikaz ur-bitsetan ari da gozatzen. Akuilua ongi dantzatzen zekien Oteizak, eta handik gutxira konbentzitu zuen Urbeltz dantzari buruzko hitzaldia eskain zezan Arte Garaikidearen Euskal Eskolan. Bultzada horrekin murgildu zen Urbeltz dantzaren ezagutza sakontzeko bidaian.
Kulturaren transmisioa haustura eta jarraiduraren arteko tentsioan bizi da. Tradizioarekin hautsi, tradizioarekin hausteko tradizioarekin segiz. Ni izateko aita hil, eta bere tokia hartzean, ni neu, aita bihurtu. Ukatzen dudana ote naiz? Esaera zaharrak dio “atzeak erakusten duela nola dantzatu aurrea”. Jarraidura eta etenaren arteko tentsio horretan sortu ziren Ez Dok Amairu eta Argia, ezin bestela izan.
Oteizak arraunlariaren metaforarekin adierazi zuen ideia, hitzetan eta ekintzetan antzematen da bai Ez dok Amairun eta bai Argian. Traineruetan bezala, atzera begira egiten du arraun sortzaileak, traineruak berak aurrera egiten du ordea. Lana eginez goaz aurrera idatzi zuen Xabier Letek.
Lourdes Iriondok, 1966. urtean Zeruko Argian egin zioten elkarrizketan honela azaltzen zuen:
"Guk, antziñako abesti jatorrak berpiztu egin nai ditugu: eta, era berean, abesti berriak sortu, era guzitakoak".
Handik bi hilabetera, Zeruko Argian bertan, Ricardo Arregi zenak elkarrizketatu zuen Juan Antonio Urbeltz. Argia dantzari taldearen zuzendaritza hartua zuen ordurako eta hara zer zioen:
"Guk gaur eguneko euskaldun bezela dantza egiteko modua aurkitu nahi dugu, baiñan ortarako lehenengo gure dantza zaharrak aztertu ta inbestigatu nahi ditugu".
Oteizaren arraunlaria sumatzen dut nik hor ere, atzera begira arraun egin beharra, trainerua aurrera eramateko. Jarraidura eta etenaren arteko aurkaketa faltsu horri erantzuten dio baita ere Joxean Artzek deklamatzen zuen eta deklamatzen duen poema dagoeneko-klasikoan: “Iturri zaharretik edaten dut, ur berria edaten, beti berri den ura, betiko iturri zaharretik”. Hain zuzen ere, atzera begiratuz sortuz eta sortuz aurrera jotzeko jarrera horretan, tradizioan jasotako formula aplikatu du bere sorkuntza lanean Argia dantzari taldeak: Ahaire zahar huntan, bi berset berririk.
Aurrekoan oinarrituta aurrera egin, horixe izan zen 60ko hamarkadako euskal sortzaileek, artean, zineman, musikan, dantzan, antzerkian zein literaturan egin nahi izan zutena. Kontua da, jakitun zirela etena gertatua zegoela, aurreko belaunaldiari, gerra-osteko belaunaldiari kultur transmisioa errotik eten ziotela, eta beraz, gerra aurreko iturrietan, bazterreko nekazal inguruetan, kantutegi eta bildumetan eta ahozko tradizioak bizirik zirauen periferiako musikari, kantari eta dantzarietan bilatu zituzten erreferentziak.
Argia taldeak aurretik funtzionatzen zuen, baina 1966tik aurrera taldean sartu eta lan-eredu berriak bultzatu zituzten Juan Antonio Urbeltzek eta Mariangeles Arregik. Argiaren lanak dantzan zeukan fokoa, baina dantzaren ikuspegi koreologiko estua planteatu ordez dantzarekin lotutako beste zenbait alor, janzkera, musika edo artisautza adibidez, interes handiz jorratzeari ekin zioten. Horretarako bilketa lan zabala abian jarri zuen Argiak. Batetik euskal musika eta dantzaren alorreko ikertzaile eta adituekin harremanak abiatu zituen: Julio Caro Baroja, Lucillle Armstrong, Jorge de Riezu, Javier Bello Portu, Enrique Jorda de Gallastegi,... Euskal eta nazioarteko kultura, folklorea eta etnografia irakurketa sistematikoetan barneratu ziren, antropologia, musikologia, historia eta etnokoreologia alorretako lan teorikoekin uztartuz.
Tokian-tokiko ondare koreografiko-musikala jasotzeko landa-lan sistematikoan aritu ziren, kasu askotan gerra zibilaren aurretik dantzan ari ziren adineko dantzari eta dantza-maisuekin galduta edo galtzear zeuden musika eta dantzak jasoz. Horrela Berriz, Lesaka, Oñati, Baztan, Leitza, Iribas, Erronkari, Jaurrieta, Uharte-Garazi, Otsagabia, Lizartza, Makea, Urdiain edo Atharratzen, eta besteak beste Alejandro Aldekoa, Manolo Igoa, Maurizio Elizalde, Mariano Izeta, Juan Bautista Lasarte, Ricarda Perez, Justa Labayru, Faustin Bentaberri, Pedro Esarte, Iñaki Gordejuela, Simon Setien, Maxi Aranburu, Etxahun Iruri eta Gath Arane izan zituzten lan horretan iturri eta irakasle. Horietan eta horiekin jasotakoak Euskal Herri osora zabaldu eta ezagutzera eman zituen Argia dantzari taldeak bere emanaldi eta beste dantza taldeei erakutsi eta emandako materialaren bidez.
Ez dok Amairun bezala, musikari, dantzari, kantari eta sortzaile asko aritu ziren Argian urte horietan. Bixente Beltran, Juan Mari Beltran eta Joxe Mari Irastorza musikariak, edo kulturaren beste alor batzuetan bidea egin duten Imanol Larzabal, Arantza Urretabizkaia edo Joxean Lizarribar, besteak beste. Musika tradizionala modu zabal eta sistematikoan entzuteko ohitura zuten, eta doinuei kolorea ematen trebeak ziren Argiako musikariak. 1970ean Herrikoi Musika Sorta izenarekin diska argitaratu zuen Argiak eta 1974an Euskal dantza doiñuak izeneko beste diska bat argitaratu zuen. 1970eko lehen diska horretan, belatzarenak irekitzen du diska. Maurizio Elizaldekin ikasitako Baztango dantzen artetik Arizkungo sagar-dantza grabatu zuten. Axuri-beltza edo Zuberoako bralia ere entzun daitezke bertan, eta baita jarraian entzungo dugun pieza ere, Iturengo soka-dantza. Orain 45 urte Iturenen ikasi ondoren jotzen eta dantzatzen hasi ziren Argiako dantzari eta musikariak, eta bazterrean ahaztuta genuen herri txiki bateko dantza doinuaren edertasunaz gozatzeko aukera eman digute Marian-ek akordeoiarekin eta Mikel Urbeltzek arrabitarekin. Iturengo soka-dantza.
- Musika: Iturengo soka-dantza Marian Arregi eta Mikel Urbeltzen eskutik.
1970ean Baga, Biga, Higa sentikaria aurkeztu zuen Ez Dok Amairuk. Talde-emanaldia zen Baga, Biga, Higa. Joxan Artze eta Jose Angel Irigarairen zuzendaritzapean, antzerkia, musika, kantuak, poesia irakurketak eta dantza baliatuz hari bati lotutako ikuskizuna osatzen zuten denen artean. Choreos grekoa edo Libertimendu nafarra, sakabanatutako arte-atalak artedramaren magalera biltzeko ahalegina dirudi gaurtik begiratuta Ez Dok Amairuren sentikariak.
Argiaren diskan bezala hemen ere belatzarena lehen partean eskaintzen zuen Jose Mari Zabalak, baina aurretik Argiakoek Maurizio Elizalderekin ikasitako dantzak izaten ziren. Izan ere, dantzan hasi eta dantza bukatzen zen Baga, Biga, Higa. Ikuskizunean parte hartzen zuten guztiek dantzatzen zuten: Xabier Lete, Lourdes Iriondo, Mikel Laboa, Jose Mari Zabala, Jesus Artze, Joxan Artze, Jose Angel Irigaria, Juan Migel Irigarai... Juan Antonio Urbeltz aritu zitzaien irakasten, eta Argiako txistularia zen Joxe Mari Irastorzak jotzen zuen txistua.
Billantzikoa eta hiru puntukoa ziren dantzatzen ziren mutil-dantzak. Sentikariaren hasieran taldeko kideek dantzatzen zuten. Bukaeran, Mikel Laboak Baga, biga, higa kantatu ondoren, Artze anaiek txalaparta jo eta berriz ere Joxe Mari Irastorzaren txistua mutil-dantzak jotzen hasten zen. Parte hartzaile guztiak ateratzen ziren berriz dantzara, baita idazkari lanetan aritzen zen Nekane Oiarbide ere, eta Nekanek esan digunez ikuskizuneko argi eta soinu teknikaria ere, Julian Beraetxe ateratzen zen dantzara. Publikoari parte hartzeko gonbidapena egiten zitzaion azken dantza honetan, baina ikusle gehienek dantza ez zekitenez ez zen erraza izaten inor ateratzea, eta horregatik inguruan izaten ziren Argiako dantzariak ateratzen ziren, Fernando Aristizabal, Joxean Lizarribar, eta abar. Gaur egun duten modu berean, izan ere horixe izan da hasieran egin dugun mutil-dantza, Baga-Biga-Higa sentikarian dantzatzen zen mutil-dantza bera.
Ahaire zahar huntan bi berset berri jartzeko ahaire zaharrak ezagutzera jo zuten Urbeltzek eta Arregik, eta beraz, nazioarteko musika eta dantza tradizionalak gertutik jarraitu eta ezagutzen ahalegindu da Argia, eta hainbat erreferentzia argigarri gertatu zaizkie ibilbidean. Goizaldiren eta Argiarekin folklore jaialdietan egindako dantza-biretan hainbat nazioarteko talde ezagutzeko aukera izan zuten eta horietako zenbaitek arrasto sakona utzi zien. Adibidez, 1965ean Jerusalem-eko Unibertsitate Hebreoko dantza taldea, eta talde honek musika eta dantza juduaren gainean egiten ari ziren berritze-lana ezagutu zuten. Hurrengo urtean, Igor Moiseyev-en ballet errusiar entzutetsuak ikusi zituzten Juan Antonio Urbeltzek eta Marian Arregik.
Maiz erreferentziak ere konpartitzen zituzten Argiako eta Ez Dok Amairuko kideek. Adibidez, Brenda Wootton, Cornwall-eko kantaria Frantzian, Nantes-en ezagutu zuten. Argiako musikariak eta Ez Dok Amairuko kide batzuk joanak ziren bertara elkarrekin. Nantes-eko emanaldi hartan bertan Marian Angeles Arregik akordeoiarekin lagundu zuen Xabier Lete bere emanaldian eta 1974an Xabier Letek grabatutako diskan parte hartu zuen soinuarekin. Gero Benito Lertxundiren emanaldietan akordeoiarekin laguntzen hasi zen Marian Arregi.
Zuberoako dantza, musika eta kantuek liluratuta, Etxahun Iruri, Gath Arane, Eguiaphal familia, Jean Mixel Bedaxagar eta Gastellu-Etchegorry familiarekin ikasten aritu zen Argia luzaroan. 1977an hemeretzi maskaradetan izan ziren. Jasotako doinuak zabaltzeko, musika-formazio berriak antolatu zituzten. Adibidez, zuberoako errepertorioa lantzeko txirula erdian jarrita, arpa, gaita eta zarrabetearekin osatu zuten formazioa. Urte horretan bertan argitaratu zuen Benito Lertxundik Zuberoa diska. Bertan, Jokin Melarak jo zuen biolina, Joxe Mari Irastorzak kornamusa eta danborra, Ramon Berazak pianoa, Humberto Astibiak xirula, flauta eta txanbela, eta Maria Angeles Arregik harpa eta akordeoia. Musika formazioa horrekin Zuberoa ikuskizuna estreinatu zuen Argiak 1978an eta urte berean Fernando Larrukert-ek filmatu zuen Euskal Herri Musika pelikulan parte hartu zuten.
Urrundik heldu naiz luze ibiliz idatzi zuen Urbeltzek eta kantatu digu Benitok. Lana eginez goaz aurrera Kate honetan denok batera idatzi zuen Letek eta kantatu zigun Mikel Laboak. Ihauteri, bizitzaren soka-dantzan lehenbiziko jauzi idatzi zuen Urbeltzek eta kantatu Benitok. Eta soka horri lotuta, zuberoako soka-dantzari lotuta bukatuko dugu.
Mila esker Marian, Mikel eta Juanan. Zuberoako bralia. Lau xinple kontrapasa!!!
Musika: Bralea Marian Arregi eta Mikel Urbeltzen eskutik.
--------------
*Honako hau 2015eko abenduaren 10an Donostiako San Telmo Museoan, 2016ko urtarrilaren 29an Tabakaleran eta 2016ko martxoaren 17a Biarritzeko Mediatekan, Mikel Laboa katedrak antolatutako Ez Dok Amairu oroituz jardunaldien baitan aurkeztutakoaren idatzizko hitzaldia da. Jardunaldi horietan Ana Gandarak kultura-ideien ikuspegitik egindako hurbilketa aurkeztu du bertan, Enrike Hurtadok Iruñeko musika garaikideko topaketetan txalapartaren presentzia eta horrek ekarri zion nazioarteko zabalkundearen inguruan jardun du, Imanol Artolak Benito Lertxundiren kantagintza atzertu du nazio-eraikuntzaren ikuspegitik, eta nik Ez dok Amairu eta dantzaren arteko harremanez jardun dut, Marian Arregi eta Mikel Urbeltz-en laguntzarekin, soinu eta biolinez musika jantzi baitute nire hitz bidezko jarduna. Iñar Sastre pianojolearen emanaldiek eta Harkaitz Cano, Antton Olariaga, Jexuxmai Lopetegi eta Mitxel Murua-ren Itzal zaunka proiektuak osatu du jardunaldien egitaraua, eta “Ikimilikiliklik. JA Artzeren unibertsoa” erakusketaren testuinguruan kokatu da.
Aurreskua Cadiz-en: horrela ikusten dituzte gure dantzak kanpoan?
Aitor Alavak jaso du bere blogean eta horren bidez izan dugu bideo honen berri.
Baztan-dantza txinatarra
Orain urte batzuk famatu bihurtu genuen Baztan-dantza txinatarra ekarri digu gogora honek. Bideo horrek arrakasta handia izan zuen komunikabide eta sare sozialetan: "Baztan-dantza, bideo biral bat ziberespazioan kateatuta". Txinatar talde batek Baztango mutil-dantzak nola dantzatzen dituzten ikusten da bertan:
Kanpotik nola ikusten dituzte gure dantzak?
Horrelakoak ikustean lehen keinua harridurazkoa da, eta gure dantzek hor egiten ari diren horiekin zerikusirik ez dutela pentsatzea. Baina behin fase hori pasata, ariketa polita da gure dantzak kanpotik nola ikusten dituzten ohartzeko. Eta bideo horietan erakusten duten dantzatzeko modu hori Euskal Herrian han hemenka aurki daitekeela konturatzeko.
Are gehiago, Cadiz-eko aurreskularien saioari begiratuta, esango nuke, gaur egungo euskal aurresku txapelketetan egiten dena Cadiz-eko horietatik gertuago dagoela euskal dantzaren tradizio propiotik baino. Ikusi ondoko bideoa, Donostian 1923an ospatutako aurresku txapelketa.
Nork galdu du iparrorratza? Esango nuke Cadiz-ekoak nahiko gertu dabiltzala egungo aurresku txapelketetako eredutik. Karikatura tankera hartzen diogu, eta hain zuzen ere gure buruaren karikaturak zailak izaten dira onartzeko, kanpotik nola ikusten gaituzten erakusten digutelako. Elkarrekin zerikusirik ez dutenak 1923 eta 2016ko aurreskulariak dira ordea. Cadizko aurresku dantzakera nagusitu ote zaigu Gipuzkoan?
Emakumeak aurreskua dantzatzen 1921ean Santurtzin
Aita Donostiak esan zuen emakumeak ez zuela dantzatzen, asko jota dantzatua izaten zela. Azken urteotan hainbat ikertzailek erakutsi digute emakumeek historian dantzatu dutela, bai, uste baino gehiago, uste baino maizago. Baina entzutea eta irakurtzea gauza bat da, eta ikustea beste bat. Gaur dantzan.eus-en sareratu dugun filme honek ebidentzia hezur-mamitzen du. Emakumeak, soka-dantza bat eginez, aurreskua gidatuz Santurtzin, 1921ean.
Gure dantzen historia ikusteko modua eguneratzen lagunduko digun dokumentua. Irakurri filmari buruzko xehetasunak ondoko loturetan:
- Nesken aurreskuan bukatu zuten 1921eko estropadak (Emilio Xabier Dueñas - 2016/02/23)
- Santurtzi 1921 Ohorezko aurreskua emakumeen eskutik (Dantzan - 2016/02/23)
- Santurtzi 1921 Estropadetako garaipenaren festa (Dantzan - 2016/02/23)
Urbeltzen Argia
Juan Antonio Urbeltz eta Marian Arregi, Urrezko Dominaren ekitaldian, Gipuzkoako Foru Aldundian, Donostian, 2015-12-18. Argazkia: Iñaki Zugasti - dantzan.eus CC BY-SA
Baldorbarekin kantu bidez egin bezala, bidetik baztertu zituztenak madarikatu eta euskal kulturaren geografia irauli zuen dantzaren bidez Juan Antonio Urbeltzek. Nafarroa euskal kulturaren erdigunean jartzeko ahaleginean tematu zen lehenengo: Iribas, Jaurrieta, Otsagabia, Imotz, Ituren,... Euskal dantzaren harribitxiak herri eta auzoetako plaza eta ganbara ahaztuetan bildu eta hirietako antzokietara eta frontoietara ekarriz bazterrekoa erdira ekarri nahi izan du Argiak.
Eskiulatik Ekorara, Heletatik Lanestosara, Abaltzisketatik Fustiñanara, festa, jantzi, dantza eta musikaren bidez Euskal Herria ezagutzeko eta maitatzeko bidea eskaini du eta eskaintzen du oraindik euskal dantzak. Herriz herri, auzoz auzo, festaz festa, herritarrak dantzan jartzea eta dantzan segitzea izan da euskal dantzaren mugimendu zabal eta oparoaren arrakasta.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Urrezko Domina eman dio Juan Antonio Urbeltzi 2015 urtearen hondarrean. Sari honekin, Marian Arregik eta Juan Antonio Urbeltzek 1966ko udazkenean Argia dantzari taldearen gidaritza hartu zutenetik euskal dantzari eta euskal kulturari egindako ekarpena aitortu eta eskertu nahi izan dietela adierazi du Markel Olano Ahaldun Nagusiak.
Izendapena pertsonala da, baina errekonozimenduak Argia euskal dantzari taldeaz haratago zipriztintzen du. Argiak goldatzen erakutsita, bazterreko geografian sororik soro erein eta uzta jaso duten hainbat dantza talderentzat ere bada aitortza. Baita euskal munduaren historia modernoan gizarte kohesioa eta herri nortasuna gorpuzten eta gorputzaren bidez dantzatzen lagundu duten euskal dantzari eta euskal dantza talde guztientzat ere.
Argia bazterreko txokoetan jartzen erakutsi digute Juan Antonio Urbeltzek eta Marian Arregik, eta orain haitzuloetan hormako arte adierazpenak bezala, bazterrik bazter eta txokorik txoko dantza adierazpen zoragarriak ezagutarazi dizkigute. Dantza tresna politikoa dela eta tresna hori herrigintzan baliatzeko ardura soziala dugula erakutsi digute. Euskal dantzaren lengoaiaren oinarriak ezagutu eta berau berritzeko eta birsortzeko tresnak eskura jarri dizkigute. Gau ilunean bidea erakutsi digu Urbeltzen Argiak.
Animen Gaua: 2015eko uzta
Bi ideia zehatz zeuden proposamenean: koko-jantzia erosi beharrean trapu zaharrak baliatzea eta "truco o trato" esan beharrean, euskarazko formula bat, tradizioan erabili izan direnetako bat berrerabiltzea.
Ikastolako zuzendaritzak eta irakasleek gogo onez hartu zuten, eta ikasleen artean zabaldu zituzten proposamenak. Guraso elkartearen blogeko sarrera Sustatu hedabidean ere agertu zen, eta horrek Eibartik kanporako oihartzuna izan dio proposamenari. Adibidez,Soraluzeko Pil-Pilean euskara elkarteak edo EIBZko liburutegiak beren blogetan jaso dute. Saretik kalera ere iritsi dira proposamenak. Adibidez, Sustatun bidez jakin dugu, Altsasuko Eroski supermerkatu batean hizki handiz jarri dutela horman.
Iluntasunean kikirriki
Larunbat arratsaldean, Eibarko kaletan ume dezente zebilen koko-jantzita. Gehienak sorgin, banpiro, eskeleto eta dendetan erositako disfraz-ekin. Kaleko jendeari, tinbreak jo eta etxeetan eta zenbait dendetan eskean aritu ziren. Gehienek "truco o trato" esaten zuten. Beste zenbaitek "Xanduli, manduli, kikirriki" esanez eskatzen zuten. Kalekoa baino Animen Gaueko eske erronda politagoa Mandiola inguruko baserrietan egin zutena izango zen. Ane Sarasketak helarazitako argazkia hemen:
Izan ere, benetan koko-jantzita agertzeaz gain (kaleko gehienak ez-bezala), baserri inguruetan argiztaketa urria edo hutsa da, eta Animen Gauaren festak
funtzionatzeko beharrezko duen iluntasun giroa sumatzen da hor. Herriko kaleetan gaur egun dagoen argiztapen sistemarekin kalabaza kandelarekin pizteak ez du zentzu askorik eta mozorrek ere ez dute grazia handirik izaten. Beste herri askotan bezala, Oiartzunen ere festaren bertako airea emanez Gau Beltza ospatu zuten eta Neka Martiarenak twitter bidez helarazi dizkigun argazkietan antzematen da benetako mozorroak, beldurgarriak atera zirela kalera.
Datarekin bueltaka
Asier Sarasuak twitterren aipatu zuen"jatorriz Halloween (eta Animen gaua) ez zela 31an, Domusantu iluntzean baizik (Animen egun bezperan)." Gai honekin bueltaka hasi nintzenean, nik jaso nuena zen inguruotan Animen Gaua ospatzen zutenek ez ziotela datari kezka askorekin begiratzen. Horregatik, "Domu Santu egunaren inguruko gauetan" idatzi izan dut nik.
Asierrek aipatzen duena zentzuzkoa da, hau da, Domusantu egunaren ondoren, bueltaka geratu diren animak ateratzea bazterrak nahastera, eta hori Animen egunaren bezperan litzateke lojikoena. Estatu Batuetako data nagusitu zaigu orain, eta Domu Santu bezperara etorri da da ospakizuna. Zaila horri aurre egitea gainera, besteak beste Disney Channel eta enparauak urri osoa pasatzen dutelako "faltan x dias para Halloween" esaten.
Atzo, izebari galdetzeko aukera izan nuen. Aitari entzunak nizkion kalabaza hustutze kontuak Zizurkilen egiten zituztela, eta izebak, aita baino nagusiagoa izanik, ea batere oroitzapenik zuen jakin nahi izan nuen. Bai, zalantza izipirik gabe erantzun zigun baietz. Esango nuke aitak baino zehaztasun gehiagorekin gainera. Kalabazak hustu, aurpegirako zuloak eman, eta oihal txiki bat ere jartzen ziotela esan zigun, maskara moduan ere erabiltzeko. 11-12 urterekin pentsatzen zuen egingo zituztela horrelakoak. Eta noiz izaten zen hori? Domu Santu egunaren gauean, Animen Egunean?? "Ba hor nonbait", erantzun zigun Izeba Mari Karmenek, "edozein egunetan!".
Proposamen eta artikulu gehiago
2015eko Animen Gauaren uzta honetan Itziar Diez de Ultzurrun-en ekarpena aipatu beharra daukat. Aspalditik zetorren Itziarren kezka gaiarekin, eta bilketa lan ederra egin ondoren artikulu mamitsua argitaratu zuen 31 eskutik blogean. Guk Xandulikin egin bezala Itziarrek ere eske-formula jator eta polita proposatu du Iruñealdean hain ezagunak izan direntxinaurrien sokari segida emateko: "Txingila mingila kurruskairua, ireki ezazu armairua." Mikel Aranburuk Zaraguetan jasotako hitz-jokoaren egokitzapena da berau. Itziarrek erreferentzia bibliografikoen bilketa ederra egiteaz gain, Arrotxapean bertan, jaso du kalabaza hustutzen aritutako ematekumaren testigantza.
Tolosaldean Josu Ozaitak ere urteetan gaiarekin daukan jakinmina eta kezka azaleratu du, eta Tolosaldeko Atarian argitaratu du artikulua. Martzelino Dorronsoro baliarraindarraren testigantza jaso du Ozaitak, eta honek zioenez "Etxeetan kanposantura ez hurbiltzeko esaten zen, fantasmak egoten zirela eta". Noizbait maindireekin mozorrotu eta susto ederrak eman omen zituzten batzuk.
Hona lotura intesgarri batzuk
-
Animen Gaua (=Halloween) ospatzeko proposamenak (Mogel Ikastola - Guraso Elkartea)
- Animen Gaua (=Halloween) ospatzeko proposamenak (Sustatu)
- Txingila mingila kurruskario, abre las puertas del armario (Itziar Diez de Ultzurrun, 31 eskutik)
- 'Halloween' ospatzen zuten gure amon-aitonek (Josu Ozaita - Tolosaldeko ataria)
Ziegan entzun ditugu preso dauden kantak
Ziega batean entzun ditugu presoek kantatu eta preso dauden orain 100 urteko kantuak. Ahots betez, ezer gorde gabe kantatuta entzun ditugu abesten presoak. Kanta ezagunak dira asko. Gernikako Arbola, Donostiako hiru damatxo, Atharratzeko jauregian, Partitzeko tenorea, Argia dela diozu, Bortüan ahüzki, ... Ez dakit zenbat kanta izan diren hogei minutuan entzun ditugunak. Hogeitamar? Berrogei? Hor nonbait. Ez dira kanta osoak, gehienetan lehen estrofa soilik. Kantariak bakarka ari dira gehienetan, baina zenbaitetan bi ahotsetara ere entzun ditugu.
Gela txiki eta ilun batean gaude. Hormak plastiko beltzez estalita, argi txiki batek bazterrean dagoen mahaitxoa eta haren gainean dagoen musika aparailua erakusten dizkigu. Mahaitxoaren ondoan eserleku txiki batean eseri da Maider Bedaxagar. Bere ondoan gelan ongi ikus daitekeen gauza bakarra, kartel bat mezu argi eta bakarrarekin: "Ez grabatü - Pas enregistrer".
Hamabost lagun sartu gara gelara tropelean, ertzetan dauden bankuetan esertzeko silla-jokoa galdu dugunak lurrean eseri gara, besteen hanken artean. Ez dago mugitzeko tokirik, eta arnasteko airea ere eskas, bero eta umel. Antolatzaileek entzunaldia ziega batean irudikatzeko asmoa baldin bazuten asmatu dute. Entzule bat entzunaldia amaitu aurretik atera da, itomenetik ihesi, aire freskoa arnastera. Aurkezpenetan astirik galdu gabe grabazioak jarri ditu Maiderrek. Hogei minutu izango direla esan digu. Kanpoan ospatzen ari den festaren zarata, musika eta ahots eta taberna soinuak sartzen dira gela barrura, eta atentzioa jarri beharra dago kantuen hari fina ez galtzeko eta kantaera arretaz jarraitzeko.
Joseph Jauregiber, Pierre Ascarateil, Antoine Baptiste Suhas eta Jean Baptiste Suhas. Lehen biak zuberotarrak, eta ondokoak lapurtarrak. Gotaineko zen Jauregiber, Altzaikoa Ascarateil eta Arrangoitzekoak Baptistetarrak. Hamalauko gerrara joanarazi zituzten soldadu. Alemanen eskuetan erori ziren preso. Kantatzen ba ote zekiten galdetu zieten, eta bai, bazekiten, noski zekitela.
Ahatsan festak dira. Hergarai Bizi elkarteak antolatuta Garazi eta Donazaharre arteko hainbat baserri eta etxebizitzatik etorri dira bertara, herri-bazkari, zaldi-joko, musika eta Hergaraiko izarrak dantzarien emanaldiaz gozatzera. Herriko gelan hamalauko gerlara joan ziren Hergaraiko gazteen inguruko erakusketa ikus daitezke. Uniformeak, armak, argazkiak, gutunak... Eta han bertan, ziegarako atea. Orain 100 urte zientzialari alemanek preso zituzten soldadu euskaldunei grabatu zizkieten kantek ihes egin ez dezaten zaintzen den ziegaren atea.
Atxilotu daiteke kanta bat? Nola esplikatu daiteke Gernikako Arbola kantatzen daukagun grabazio zaharrena ziega batean giltzaperatuta egotea? Eman da zabal zazu?
Barazki purea
Lagun batek gure festetako eta errituetako ezaugarri kristauak, paganoak eta osagai kultural ateoak bereizteko eskatu dit. Ez du erritu kristaurik ospatu nahi; festetan zer ospatu eta zer baztertu jakin nahi du.
San Joan aipatze hutsak urtikaria eragiten du; orain modakoa udako solstizioa ospatzea da. Eguberrietan Olentzero onartzen da: “jentila zen, aizu!”. Inauteriak superbibentzia paganoak omen dira, beraz fenomeno; inauteri biharamuneko hausterre asteazkena eta garizumak zer diren ez dakigu eta ez dugu jakin nahi. Ez dugu onartu nahi gure festak eta errituak sinkretikoak direla, alegia barazki pureak.
Hezur-mamiraino sartuta dugun pentsamendua da ospatzen ditugun hainbat erritu superbibentzia paganoak —zer nahi delarik horrek esan nahi duena— direla, baztertzeko saiakeran huts egin ondoren kristautasunak bere kerizpean onartu behar izan zituenak. Hipotesi hori XIX. mendean sortu zen eta XX. mendean galtzerdia bailitzan buelta eman zaion arren, zuzenketak ez du zuzenduaren oihartzunik eskuratu, eta topiko faltsua, aurkikuntza berria bailitzan belaunaldiro erosten dugu.
Gaurko antropologo eta erljioaren historialari azkarrenetako batzuk diotenez, erritu paganotzat ditugunak orain 150 urte asmatu ziren. Kristautasunaren aurreko kultu eta erlijio ohiturak nolakoak izan zitezkeen irudikatu nahian, XIX. mendeko Europako herritar kristauen erritualak izan zituzten inspirazio iturri. Garaikide zituzten herritar xeheen kultu eta festa kristauak aztertu zituzten, eta horietan oinarrituta irudikatu zituzten bi mila urte lehenagokoak.
Behin erljio paganoen kultu ohiturak berrasmatuta eta ezagutzera emanda, superbibentziak eta erritu arkaikoen aztarnak zeremonia kristauetan identifikatzea bakarrik etorri zen. Nola ez zuten ba antzekotasunik aurkituko, haietan oinarrituta asmatu baitzituzten ustezko iturriak?
Purea mahaira atera eta hasi dira komeriak. Batek dio porruen hariak ezin dituela irentsi; beste batek kongelatutako jakirik ez duela jan nahi; hirugarrenak dio genetikoki eraldatu gabeko fruitu basatiak bakarrik jango dituela… Ez dakit zer egin, purea zakarrontzira bota ala barazki kremaren dekonstrukzioaz nazioarteko sinposiuma antolatu Donostian 2016an.
Argia astekaria, 2015-09-21