Aurreskua Cadiz-en: horrela ikusten dituzte gure dantzak kanpoan?
Aitor Alavak jaso du bere blogean eta horren bidez izan dugu bideo honen berri.
Baztan-dantza txinatarra
Orain urte batzuk famatu bihurtu genuen Baztan-dantza txinatarra ekarri digu gogora honek. Bideo horrek arrakasta handia izan zuen komunikabide eta sare sozialetan: "Baztan-dantza, bideo biral bat ziberespazioan kateatuta". Txinatar talde batek Baztango mutil-dantzak nola dantzatzen dituzten ikusten da bertan:
Kanpotik nola ikusten dituzte gure dantzak?
Horrelakoak ikustean lehen keinua harridurazkoa da, eta gure dantzek hor egiten ari diren horiekin zerikusirik ez dutela pentsatzea. Baina behin fase hori pasata, ariketa polita da gure dantzak kanpotik nola ikusten dituzten ohartzeko. Eta bideo horietan erakusten duten dantzatzeko modu hori Euskal Herrian han hemenka aurki daitekeela konturatzeko.
Are gehiago, Cadiz-eko aurreskularien saioari begiratuta, esango nuke, gaur egungo euskal aurresku txapelketetan egiten dena Cadiz-eko horietatik gertuago dagoela euskal dantzaren tradizio propiotik baino. Ikusi ondoko bideoa, Donostian 1923an ospatutako aurresku txapelketa.
Nork galdu du iparrorratza? Esango nuke Cadiz-ekoak nahiko gertu dabiltzala egungo aurresku txapelketetako eredutik. Karikatura tankera hartzen diogu, eta hain zuzen ere gure buruaren karikaturak zailak izaten dira onartzeko, kanpotik nola ikusten gaituzten erakusten digutelako. Elkarrekin zerikusirik ez dutenak 1923 eta 2016ko aurreskulariak dira ordea. Cadizko aurresku dantzakera nagusitu ote zaigu Gipuzkoan?