Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Dantzing / Baztan-dantza, bideo biral bat ziberespazioan kateatuta

Baztan-dantza, bideo biral bat ziberespazioan kateatuta

Oier Araolaza 2013/09/13 13:04
Gaur iritsi zait uda osteko lehen emaila txinatarrak euskal dantza egiten erakusten duen bideoarekin. Noizean behin gertuko zein urruneko lagun edo ezagun baten emaila jasotzen dut. Teklatuan dituen harridura keinu guztiekin batera, zur eta lur utziko nauen bideo bat bidaltzen didala esaten dit: "Txino batzuk euskal dantzak egiten!". Orain lau urte hasi zen hau gertatzen, eta gutxienez hilean behin errepikatzen da ordutik. Beti daukat lagun edo ezagunen bat nirekin akordatzen dena eta bideoa bidaltzen didana.

 

Nik pozik hartzen dut. Horri esker, badakit inoiz horrelako beste bideoren bat agertzen bada bidaliko didatela, eta beraz, laguntzaile finak dauzkadala inguruan.

Lau urte sarean

2009ko irailaren 9an argitaratu genuen å·´å£«ç™»ä¹Â‹èˆž_å·´æ–¯åÂÂÂ…‹山谷_Baztan Dantza izeneko bideoa dantzan.com-en. Bideoarekin batera honako testua idatzi genuen: "Horra japoniar talde bat euskal dantza bat egiten. Baztan Dantza deitzen diote eta berez Baztango mutil-dantza bat da, Billantziko hain zuzen ere, baina nahiko modu berezian dantzatua. Munduko dantzen nazioarteko zirkuitoan bidea egin duen dantza da hau eta hainbat errepertoriotan agertzen da. Irudiak bitxiak dira benetan".

Sarean dantzari buruz argitaratzen diren kontuen berri izateko zenbait tresna desberdinetan egindako bilaketetara harpidetuta gaude, eta horri esker izan genuen bideo bitxi horren berri. Bideoa irailaren 6an argitaratu zuen Youtuben gpknh erabiltzaileak, eta handik hiru egunetara argitaratu genuen dantzan.com-en. Argitaratu genuenean bideoak dozena bat ikustaldi baino ez zituen.

Japoniar talde bat euskal dantzak egiten, txorakeria horrek ikusmina sortu zuen eta berehala hasi zen zabaltzen kontua. Biharamunean (irailak 10) Sustatun argitaratu zen eta irailaren 12an Euskalkultura.com-en. Hiru aste pasata, Iñigo Astiz-ek erreportajea argitaratu zuen Berrian: Txinan dago Baztan. Patxi Montero elkarrizketatu zuen Astiz-ek, euskal dantza bat Txinaraino nola iritsi ote zen jakin nahirik, eta horrez gain, Jhonny Kuang Bonding, Hong Kong-eko dantza irakaslearen hitzak ere jaso zituen.

Emailez email

Hortik aurrera oraindik bukaerarik izan ez duen emailez emaileko bideari heldu zion bideoak. Lehenengo astetan pipertu ere egiten nintzen, zenbait lagun eta ezagunek Youtubeko lotura bidaltzen zidatelako, bideoari oihartzuna dantzan.com-en eman geniola jakin gabe, eta ondorioz, dantzan.com ez zutela irakurtzen frogatuz :-( Oraindik ere, pena ematen dit horrek, bideo hori ikustera sartutako zenbaitek, akaso gustuko beste eduki batzuk aurkituko zituelako dantzan.com-en, baina horren ordez, youtubera bideratzen ditugulako... Honekin gertatutakoa ikusita ulertzen dut zergatik komunikabide batzuk youtubetik bideoak hartu eta beraien bideo-sisteman jartzen dituzten. Baina horrelakoa da sarea, eta geuk ere egingo genituen halakoak oharkabean...

Emailez email, tarteka komunikabideetako lankideen postontzietara iristen da bideoa, eta horiek ere bitxikeria zale direnez, artikuluak argitaratzen dituzte. Dantzan.com-en argitaratu eta 15 hilabetera, 2010eko abenduan, Diario de Noticias de Navarran argitaratu zen: "La 'Mutildantza del Baztan' 'arrasa' en el país del sol naciente", eta hor bideoarekin lehen aipatutako jokaldia egin zuten, beraien sistema propiora pasa, youtubekoa jarri beharrean. Lau hilabetera, 2011ko martxoan, eitb.com-en ingelesezko bertsioan argitaratu zuten, Japanese students practice Basque dance from Baztan, hauek ere bideoa beraien sistemara eramanaz. Berriki, 2013ko ekainean, SudOuest egunkarian argitaratu dute: "Quand les Chinois s'essaient à la danse traditionnelle basque". Noski, tartean blogetan eta sare sozialetan behin eta berriz argitaratu da.

Lau urteotan 77.000 ikustaldi izan ditu bideoak, euskal dantzari buruz Youtuben dauden bideoen artean bigarren ikusiena da, Gipuzkoako zinta-dantzaren bideo honen ondoren. Gpknh-ren Youtubeko kanalean ere Baztan dantzaren bideoa da arrakastatsuena.

Gari
Gari dio:
2013/09/16 09:18
Eee? Ainhoan bideo bat da euskal dantzako bideo ikusiena? :-D

Zorionak Ainhoa!!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Dantzing

Hitzen eta gorputzen dantza

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Dantzaria naiz. Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin nuen lan, eta azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri dantzan.com elkartean. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat. Gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa

twitter