Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Dantzing / Opari pozoiduna

Opari pozoiduna

Oier Araolaza 2016/05/11 17:55
Orain urtebete ongi etorria eman nion orriotan Dantzertiri, antzerkia eta dantza ikasteko Eusko Jaurlaritzak Bilbon ezarritako eskolari. Irailean ireki zituen ateak eskolak, lehen ikasturtea osatzen ari da eta arte eszenikoen alorrerako albiste ona da hori. Baina nire ongi etorrian aurreikusten nituen gabeziak oraindik larriago ageri zaizkigu urtebete beranduago.
Opari pozoiduna

Dantza ikasgela Dantzertin. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC BY-SA

Eskola ezartzeko hautatutako egoitza, Arriaga Kontserbatorioa ez da egokia. Irakasleek eta lehen ikasturteko ikasleek eman dezakete horren berri. Dantza irakasteko gelak txikiegiak dira, musika irakasteko pentsatuak baitira, eta ez dago azaldu beharrik espazioari dagokionez musikaren eta dantzaren premiak desberdinak direla. Bestalde, eskolak ez du antzokirik. Antzerki eta dantza eskola bat antzokirik gabe? Ba halaxe da, bai. Kontserbatorioak musikara begira prestatutako entzutegia du, ez du antzokirik, eta lan-toki nagusia antzokia izango duten profesionalen hezkuntza antzokirik ez duen eraikin batean ezartzea erabaki oker eta larria da.

Euskal dantzariontzat bada kontu okerragorik baina. Dantzertin, Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolan ez dago euskal dantza ikasketarik egiteko aukerarik. Hau berriz idatziko dut, hain ulergaitza eta onartezina izanik, sinesgaitza egiten baitzait, eta ea birritan irakurrita neuk ere barneratzen dudan: Dantzertin ez dago euskal dantza ikasketarik egiteko aukerarik. Inork imajinatzen du Filologia Fakultatea Gasteizen, filologia alemana, frantsesa eta hispaniarra ikasteko aukerarekin, baina Euskal Filologiarik gabe? Ba horixe dugu dantzari dagokionez Bilbon, eta ez da orain 50 urteko kontua, 2016ko baizik.

Dantza talde, dantza eskola, hezkuntza orokorreko eskola, kultur etxe eta aisialdi guneetan, Gipuzkoan bakarrik 300 irakasle eta 10.000 ikasle inguru ari dira euskal dantzaren transmisioan. Gero eta ohikoagoa da herriz herri sortu diren Musika eta Dantza eskoletan euskal dantza irakastea. Horietan biolin, gitarra edo tronpeta irakasteko alorreko titulua behar du irakasleak. Eta euskal dantza irakasteko? Euskal dantza irakasteko ez da ez titulorik ez ikasketarik behar, edonor izan daiteke euskal dantzako irakasle.

Izan ere, Hezkuntza Sailak, euskal dantza irakasle izateko ikasketak eskaini beharrean, habilitazioak oparitzen ditu. Edonork egin dezake eskaera Jaurlaritzara, dantza kontutan zer eta non ibili zaren kontatu eta kito, baduzu zigilu ofiziala euskal dantzaren irakasle izateko. Ez daukazu ezer ikasi beharrik, Hezkuntza Sailak habilitazioa oparitzen dizu. Azken urteotan hainbat habilitazio eman ditu Jaurlaritzak, eta badirudi berdin jarraitzeko asmoa duela, ez baitu asmorik euskal dantzari buruzko ikasketarik eskaintzeko.

Argia astekaria, 2016-05-08

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Dantzing

Hitzen eta gorputzen dantza

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Dantzaria naiz. Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin nuen lan, eta azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri dantzan.com elkartean. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat. Gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa

twitter