Urbeltzen Argia
Juan Antonio Urbeltz eta Marian Arregi, Urrezko Dominaren ekitaldian, Gipuzkoako Foru Aldundian, Donostian, 2015-12-18. Argazkia: Iñaki Zugasti - dantzan.eus CC BY-SA
Baldorbarekin kantu bidez egin bezala, bidetik baztertu zituztenak madarikatu eta euskal kulturaren geografia irauli zuen dantzaren bidez Juan Antonio Urbeltzek. Nafarroa euskal kulturaren erdigunean jartzeko ahaleginean tematu zen lehenengo: Iribas, Jaurrieta, Otsagabia, Imotz, Ituren,... Euskal dantzaren harribitxiak herri eta auzoetako plaza eta ganbara ahaztuetan bildu eta hirietako antzokietara eta frontoietara ekarriz bazterrekoa erdira ekarri nahi izan du Argiak.
Eskiulatik Ekorara, Heletatik Lanestosara, Abaltzisketatik Fustiñanara, festa, jantzi, dantza eta musikaren bidez Euskal Herria ezagutzeko eta maitatzeko bidea eskaini du eta eskaintzen du oraindik euskal dantzak. Herriz herri, auzoz auzo, festaz festa, herritarrak dantzan jartzea eta dantzan segitzea izan da euskal dantzaren mugimendu zabal eta oparoaren arrakasta.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Urrezko Domina eman dio Juan Antonio Urbeltzi 2015 urtearen hondarrean. Sari honekin, Marian Arregik eta Juan Antonio Urbeltzek 1966ko udazkenean Argia dantzari taldearen gidaritza hartu zutenetik euskal dantzari eta euskal kulturari egindako ekarpena aitortu eta eskertu nahi izan dietela adierazi du Markel Olano Ahaldun Nagusiak.
Izendapena pertsonala da, baina errekonozimenduak Argia euskal dantzari taldeaz haratago zipriztintzen du. Argiak goldatzen erakutsita, bazterreko geografian sororik soro erein eta uzta jaso duten hainbat dantza talderentzat ere bada aitortza. Baita euskal munduaren historia modernoan gizarte kohesioa eta herri nortasuna gorpuzten eta gorputzaren bidez dantzatzen lagundu duten euskal dantzari eta euskal dantza talde guztientzat ere.
Argia bazterreko txokoetan jartzen erakutsi digute Juan Antonio Urbeltzek eta Marian Arregik, eta orain haitzuloetan hormako arte adierazpenak bezala, bazterrik bazter eta txokorik txoko dantza adierazpen zoragarriak ezagutarazi dizkigute. Dantza tresna politikoa dela eta tresna hori herrigintzan baliatzeko ardura soziala dugula erakutsi digute. Euskal dantzaren lengoaiaren oinarriak ezagutu eta berau berritzeko eta birsortzeko tresnak eskura jarri dizkigute. Gau ilunean bidea erakutsi digu Urbeltzen Argiak.