Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Dantzing / Ziegan entzun ditugu preso dauden kantak

Ziegan entzun ditugu preso dauden kantak

Oier Araolaza 2015/09/21 14:55
Atxilotu daiteke kanta bat? Nola esplikatu daiteke Gernikako Arbola kantatzen daukagun grabazio zaharrena ziega batean giltzaperatuta egotea? Eman da zabal zazu?

Ziega batean entzun ditugu presoek kantatu eta preso dauden orain 100 urteko kantuakAhots betez, ezer gorde gabe kantatuta entzun ditugu abesten presoak. Kanta ezagunak dira asko. Gernikako Arbola, Donostiako hiru damatxo, Atharratzeko jauregian, Partitzeko tenorea, Argia dela diozu, Bortüan ahüzki, ... Ez dakit zenbat kanta izan diren hogei minutuan entzun ditugunak. Hogeitamar? Berrogei? Hor nonbait. Ez dira kanta osoak, gehienetan lehen estrofa soilik. Kantariak bakarka ari dira gehienetan, baina zenbaitetan bi ahotsetara ere entzun ditugu.

Gela txiki eta ilun batean gaude. Hormak plastiko beltzez estalita, argi txiki batek bazterrean dagoen mahaitxoa eta haren gainean dagoen musika aparailua erakusten dizkigu. Mahaitxoaren ondoan eserleku txiki batean eseri da Maider Bedaxagar. Bere ondoan gelan ongi ikus daitekeen gauza bakarra, kartel bat mezu argi eta bakarrarekin: "Ez grabatü - Pas enregistrer".

Hamabost lagun sartu gara gelara tropelean, ertzetan dauden bankuetan esertzeko silla-jokoa galdu dugunak lurrean eseri gara, besteen hanken artean. Ez dago mugitzeko tokirik, eta arnasteko airea ere eskas, bero eta umel. Antolatzaileek entzunaldia ziega batean irudikatzeko asmoa baldin bazuten asmatu dute. Entzule bat entzunaldia amaitu aurretik atera da, itomenetik ihesi, aire freskoa arnastera. Aurkezpenetan astirik galdu gabe grabazioak jarri ditu Maiderrek. Hogei minutu izango direla esan digu. Kanpoan ospatzen ari den festaren zarata, musika eta ahots eta taberna soinuak sartzen dira gela barrura, eta atentzioa jarri beharra dago kantuen hari fina ez galtzeko eta kantaera arretaz jarraitzeko. 

Joseph Jauregiber, Pierre Ascarateil, Antoine Baptiste Suhas eta Jean Baptiste Suhas. Lehen biak zuberotarrak, eta ondokoak lapurtarrak. Gotaineko zen Jauregiber, Altzaikoa Ascarateil eta Arrangoitzekoak Baptistetarrak. Hamalauko gerrara joanarazi zituzten soldadu. Alemanen eskuetan erori ziren preso. Kantatzen ba ote zekiten galdetu zieten, eta bai, bazekiten, noski zekitela. 

Ahatsan festak dira. Hergarai Bizi elkarteak antolatuta Garazi eta Donazaharre arteko hainbat baserri eta etxebizitzatik etorri dira bertara, herri-bazkari, zaldi-joko, musika eta Hergaraiko izarrak dantzarien emanaldiaz gozatzera. Herriko gelan hamalauko gerlara joan ziren Hergaraiko gazteen inguruko erakusketa ikus daitezke. Uniformeak, armak, argazkiak, gutunak... Eta han bertan, ziegarako atea. Orain 100 urte zientzialari alemanek preso zituzten soldadu euskaldunei grabatu zizkieten kantek ihes egin ez dezaten zaintzen den ziegaren atea.

Atxilotu daiteke kanta bat? Nola esplikatu daiteke Gernikako Arbola kantatzen daukagun grabazio zaharrena ziega batean giltzaperatuta egotea? Eman da zabal zazu?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Dantzing

Hitzen eta gorputzen dantza

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Dantzaria naiz. Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin nuen lan, eta azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri dantzan.com elkartean. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat. Gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa

twitter