Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan

Aukera-maukera

xme 2008/03/06 14:48

(Berria-n kaleratua, Kontrakanpaina atalean)

Aspaldi ez zen gertatzen, Ipar eta Hego, Euskal Herri osoan hauteskundeak batera egitea. Hala ere, estatu bietako egutegi politikoen halabeharrak elkartu izanak ez dut uste ezinbestean herri batuago egiten gaituenik: ez dago inongo dinamika sozial bateraturik, erreferentziak eta kezkak guztiz desberdinak ditugu, nor bere arazoei eta hautagaiei begira bizi da…

Hala ere, badira hauteskundeen bikoiztasun hori hurbil-hurbiletik bizi dutenak, Iparraldean bizi diren hegoaldetarrak hain zuzen, hauek bi aldiz eman baitezakete botoa, nahi izanez gero: hiritar espainiarrak diren aldetik, kongresurako nahiz senaturako bozketan parte hartzeko eskubidea dute; eta, Frantziako estatuan bizi diren europarrak diren aldetik, beren herriko udala aukeratzeko boza ematen ahal dute (ez ordea Paueko Kontseilu Nagusia aukeratzeko kantonamenduko bozetan). Alderantzizko kasuren bat ere ezagutzen dut: Hegoaldean bizi den ipartarrak, oraingo honetan, ez hemen eta ez han parte hartzerik ez.

Bozkatzekotan zerrenda itxi bat edo beste hautatu beste libertaterik ez daukagunez, beti iruditu zait interesgarria boto-kutxa bat baino gehiago izatea: adibidez, Ezker Batuari emateko botoa batean eta PPri bestean, inork halakorik egin nahiko balu. Lapurdin bizi diren gipuzkoarren kasuan, berriz, zabaldu egiten da aukera, eta handitu zalantzak, halaber: Zapatero hautatuko dut, Raxoi okerragoa delakoan? EAJ agian, euskal lobbyak indarra izan dezan? EA bestela, ezker abertzale antzeko zerbaitek ordezkaritza izan dezan? Aralarren bide zibil eta zabala? Abstentzioa hobetsiko dut, egoera antidemokratikoa salatzeko? Hegoaldean abstentziora jota ere Iparraldean badut botoa ematea ordea, eta aukerak biderkatu egiten dira, bi kutxaren ordez hiru; pentsa, zenbat konbinazio…

Aukera-maukera azkenean okerra zioten gure arbasoek, eta hautatzen duenak beti galtzen duela baieztatu zuten filosofo existentzialistek. Bozketa-eguna hurbildu ahala, dudatan dagoen herritarrak gero eta estuago sentituko du zalantzaren korapiloa, zer egin ez dakiela. Lasai, datorren astean hau dena ahaztuta egongo da eta.

Jon Martin: “Zergatik sentitzen dugu erotasuna eta normaltasuna bereizteko beharra?”

xme 2008/03/05 17:47
Jon Martin (Oiartzun, 1981) literatura idatziaren uretan murgildu da Igartza Saria idazle gazteentzako beka irabaziz eta, horri esker, "Ero" deritzan ipuin-bilduma idatziz. Bertsolaritzaren eta literaturaren arteko harremanez, erotasun eta keriez, eta beste hainbat konturi buruz mintzatu zaigu.

Behartutako galdera bat, hasteko: Jon Martin bertsolari gisa zen ezaguna orain arte. Eta orain berriz, ipuin-liburu baten egile gisa agertzen zara. Zer harreman izan duzu gaur arte literaturarekin eta nola erabaki zenuen fikzioa idaztera pasatzea?

Bertsolaritza eta literatura, eta orokorrean sormen molde guztiak, paraleloan ulertzen ditut. Kontua da, publikoki erakutsi behar den zerbaitek eskatzen duen ahaleginagatik, indarrak batean edo bestean kontzentratzen direla normalean. Urte hauetan guztietan, bertsolaritzan zentratu banaiz ere, idazten jarraitu dut. Bertsolari gehienok dugu beste sortzeko molderen bat. Normalean pertsona sortzaileak garelako gara bertsolari, eta bertsolari garelako sortzaileago bihurtzeko irrika pizten zaigu.

Bertsolaritzak eta literaturak harreman handia daukate. Hasteko, nire estiloa bertsotan aski literarioa da, hori du bereizgarri handiena. Suposatzen dut idazten dudanean sumatuko dela bertsoen eragina ere. Oso uztargarri diren bi afizio dira niretzat bertsoa eta literatura.

Txikitan, hamar urterekin edo galdetzen bazenidan zer izan nahi nuen, idazle erantzungo nuen. Bertsolaritzarena beranduago iritsi zen. 12 urterekin aproba egin nuen, eta gustatu egin zitzaidan. Susmoa dut literaturak eraman ninduela bertsogintzara.

Baina bakoitzak bere mugak ditu…

Bai. Adibidez, bertsolaritzak muga asko ditu. Batetik, metrika dago; bestetik, errima, eta horrek esan nahi dugunaren eta esan dezakegunaren arteko borroka etengabea sortzen du. Bestalde, guk jartzen dizkiogun mugak daude; gai aldetik, forma aldetik, funtzio aldetik konturatuta edo konturatu gabe ditugunak. Denboraren kudeaketa da ezberdintasunik handiena. Bertsotan gabiltzalarik bat-batean pentsatu eta formulatu behar ditugu ideiak. Horretara ohituta, esaldi bat nahi beste aldiz errepasatzeko denbora izatea luxua da.

Literaturak ere baditu. Esker oneko artea da bertsoa. Sortu ahala jasotzen duzu eskerra, eta jendeari gustatu zaion edo ez ikusi dezakezu. Eta ikasi. Literatura, berriz, bakoitzak bakardadean gozatzen du, eta idazleak gutxitan konpartitzen du irakurlearen plazera. Agian, bertsogintzara ohituta nengoelako, nik duda serioak nituen idazten nuenaren kalitateari buruz. Banekien idatzi nahi nuela, baina idazten nuena ona edo txarra den jakitea ez da erraza izaten. Inguruko jendearen iritziak edo lehiaketak izaten ziren nire neurgailu bakar. Eta horiek ere ez dira beti fidagarriak izaten...

Berdina al da bietan sortzeko modua?

Ez. Bertsotan entzulearen presentziak sortutako tentsioa erabiltzen dut sortzeko, eta literaturan lasaitasuna behar dut. Sortzeko prozesua berezia da, lehenbizi inspirazioari itxoiten diot; eta niri lo hartzear nagoenean iristen zait normalean. Badirudi bizitza arrazionalean bizitakoak pilatzen zaizkidala, bizitza irrazionalean zirrikitu bat aurkitzen duten arte, eta orduan buruan bueltaka izaten dut. Momentu horretan ideiaren kalitatea neurtzen jarduten naiz, jaikitzea merezi duen edo ez erabakitzeko. Jaikitzen banaiz ipuina goitik behera idazten dut. Gero, hurrengo goizean irakurtzen dut. Batzuetan harritu egiten da norbera hain denbora gutxian egindakoarekin, besteetan zaborrontzian amaitzen du aurreko gaueko inspirazioak.

Arlo-aldaketa honekin pozik? Errepikatzeko asmoz?
 
Bi arloak uztartzen jarraitzea gustatuko litzaidake gerora ere. Baditut pare bat proiektu datorren urteetara begira.

"Ero" da zure liburuaren izena, eta izenburutik bertatik hasiko da baten bat edukiari igarri nahian. Zer da "Ero"?
 
Erotasunari eta erokeriari buruzko ipuin liburua da "Ero". Psikiatrikoan dauden eroak, eta zu edo ni bezalako eroak ageri dira liburuan. Gure obsesio txikiak, kezkak eta konplexuak aurkituko ditu irakurleak liburuan, eta baita irakurlearekin egindako zenbait jolas psikologiko ere.

Non daude erotasunaren eta normaltasunaren arteko mugak?
 
Muga lausoak dira. Munduko pertsona guztiak bere azal kolorearen arabera ordenatuko bagenitu, ez genuke asmatuko esaten noiz bukatzen den zuria eta noiz hasten den beltza. Erotasunarekin, berdin. Mutur-muturreko ero bat erotzat hartzen erraza da, baina non hasten den erotasuna eta non bukatzen den originaltasuna, askatasuna eta berezitasuna… hori zailagoa da. Baina agian galdera interesgarriena da zergatik sentitzen dugun erotasuna eta normaltasuna bereizteko beharra.

Zergatik?

Gure burua kokatzeko besteen beharra dugulako. Besteak erotzat jotzen dituenak ez-eroen aldean kokatzen du bere burua. Erotasuna ezberdintasuna da, eta sistemari ez zaizkio gustatzen ezberdintasunak. Sisteman eroso egon nahi duenak gehienera ere ezberdintasun neurtu bat antzeztu behar du, funtsean normaltasuna dena; eta garenaren eta izan beharko genukeenaren arteko borroka hori da erotzen gaituena.

Zenbateraino da erotasuna/keria gizarte baten gaitzen sintoma?
 
Uste dut gizartearen erretratu esanguratsua egin litekeela sortzen dituen eroetatik abiatuta. Gure gizartearen presak, gazte izan beharrak, ondasunak pilatu beharrak eta abarrak sortzen dituzten eroak ez dira beste kultura batzuetako eroen berdinak. Askotan normaltzat jotzen ditugun ohiturak eta sinesmenak guztiz absurdoak dira. Erotasuna indibiduala izateaz gain kulturala ere bada.

Dokumentazio-lan handia eskatu dizu liburuak? Psikiatria-liburuak irakurtzen-eta...?

Denboran atzera egin, eta berriz zein karrera egin hautatu beharko banu, Psikologian matrikulatuko nintzateke. Gustuko dut. Duela pare bat urte Psikologiako doktoretza egiten hasi nintzen, eta berriro sortu zitzaidan halako gauzetarako interesa. Liburuaren ideia ere handik sortu zen.

Dokumentazio lan handia egin nuen hasieran. Garai hartan nire helburua zientziatik dezente zuen liburu bat argitaratzea zen. Ondoren ohartu nintzen zenbat eta gehiago irakurri sindromeei buruz, orduan eta ipuin zurrunagoak irteten zitzaizkidala. Hargatik erabaki nuen psikologia literatura egiteko aitzakia bat izango zela, ez nuela Psikologia-eskoletan irakurri beharreko liburu bat egingo, literatura baizik. Hala ere, saiatu naiz pertsonaia gehienen perfil psikologikoa zehazten.

Diozun moduan, literatur lan baten aurrean gaude; izan al duzu, alderdi honetatik, eredu jakinik ala...?
 

Oliver Sacksen Antropologo bat Marten da idatzi nahi nukeen liburua. Berea askoz zientifikoagoa da nirea baino, baina ikaragarri gozatzen dut hura irakurtzen. .

Aniztasuna bilatu dela ageri da: estiloaren aldetik badira ipuin hausnartzaile samarrak, beste batzuk berriz guztiz elkarrizketatuak...
 
Kontatu nahi nituen gauzak kontatzeko modurik egokienaren bila jardun dut. Ipuin batzuk antzerki kutsukoak atera zaizkit, besteak saiakera kutsukoak, eta besteek ipuin tradizionalagoen kutsua dute. Ez da egitura edo estiloa nire liburuko ipuinak batzen dituena, uste dut liburu guztia batzen duen ezaugarri bat aipatu behar banu, baikortasuna hautatuko nukeela. Latzak dira lantzen diren gaietako asko, baina baikortasun poetiko batekin tratatzen saiatu naiz. Erotasunaren inguruko liburu argia nahi nuen.

Pertsona zentzudunaren itxura duzu, zeure burua kontrolatzen duenarena: besteen makurrei antzemateko talaia egokia da hori? Beste patologia-mota bat akaso?
 

Zentzuduna naizela uste dut, baina ez nire zentzugabetasunak ez onartzeko bezain zentzugabea. Gure gizartean askotan egiten den akats bat da pentsatzea pertsona gauza bakar bat dela; zentzuduna bada ezin dituela gauza zentzugabeak egin. Pertsona zerbait baldin bada kontraesankorra da. Ez dakit pertsona zentzudunarena litzatekeen talaiarik egokiena besteen jarrera behatzeko. Akaso hain zentzuduna ez denarena hobea da, baina gustukoago dut entzutea hitz egitea baino, eta hori da talaiarik onena jendearen izaera behatzeko.



Egiak hankak laburrak

xme 2008/03/04 15:01

(Berria-n argitaratua)

Lazkao-txikiri, behin batean, herri batera joan eta hala esan omen zion emakume batek, txikiarekin erabili ohi zuten gozotasun horrekin: “Ai, Joxe Migel, gazte-gazte zaude eta!”. Iztuetak ziria arrapostu: “Mmm… Ez dakit ba. Hogei urte nituenean inork ez zidan esaten halakorik”.

Pasadizoaren irakaspena gure arlorako: bistako egiak inoiz ez dira esaten, esan beharrik ere ez, eta kanpainan botatzen direnak, ez dut esango gezurrak direnik, baina bai errealitatearen interpretazio interesatuak. PSOEkoak jo eta ke baldin badabiltza “Ez da gauza bera” errepikatzen, desberdintasuna hain agerikoa ez den seinale; Raxoi curranteen egoeraz kezkatzen denean, barregarrikeriaren mugan sartzen da; PNVkoak, euskal selekzioak aldarrikatzeko, galtza motxak eta txandala jantzita ikusi, eta nahi gabe etortzen zaizu burura mozorrotuaren irudia.

Alderdiek guk bezain ondo dakite hori horrela dena. Horregatik, mezu asertiboak helarazten baino ahalegin handiagoa egin ohi dute aurkaria larrutzen: PPk eta PSOEk, elkarren aurka ematen dituzte beren onenak; EAJk eta abertzaleek oro har bi horien kontra; Batasunaren ingurukoek aurreko guztiei aitzi (Segiren kartelak nabarmen).

Gezurrak hankak laburrak dituelako esaera hankaz gora ipiniz, sinesgarriago gertatzen dira fikziozko istorioak mezu zuzenak baino. Hona, esaterako, asteburuan telebistan ikusi ditudan iragarkiak. Gazte argentinar bat ageri da batean, bere herrialdearen aurrerapena goratzen; amaieran, pilota bat hartu eta Xofifoeneuhkádi esaten digu. Horra, jeltzaleak paradoxarekin jolasten.

Beste spot batean, agure xahar pottoko bat ikusten dugu, etxean, oroigarri zaharrei maitez begira; lehenminean iltzatu ez den seinale, “tipo honek ilusioa berpiztu dit” dio, telebistan Zapatero ikusten duen bitartean. Presidenteari tipo deitzeak ematen dio gizonari politikoek ez duten sinesgarritasuna.

Eta gehien gustatu zaidana: bi neska gazte kafetegian: “–Zelan? –Txarto: hasieran jatorra zirudien, baina dezepzionatu egin nau, eta gainera, gezurretan harrapatu dut!” Mutil-lagun gaiztoaren berri emango digu neska zapuztuak ipuinaren amaieran: “Ez diot berriro botoa emango Zapaterori”. PPkoek badakite gero moderno izaten ere.

Hit parade

xme 2008/03/03 12:33

(Berria-ko kontrakanpaina atalean argitaratua)

Txikitan, euskaltasun folklorikoaren mirespenean hazi zuten lagun batek, etxean entzundako esaera hau errepikatu ohi zuen, gure herria goratu nahian: “Euskaldun bat, afari bat; bi euskaldun, apustua; hiru euskaldun, orfeoia”. Madrilera, kongresura nahiz senatura ia 40 lagun bidaliko ditugunez, abesbatza ederra osatu ahalko lukete dudarik gabe.

Ofizio berriari antzemanda EAkoak daude nonbait, leloan ere halaxe baitiote: “Herriaren ahotsa”, eta bozgorailua Puccini abesteko tresnarik aproposena ez bada ere, zerbait beharko du Nekane Altzelaik, San Jeronimoko etxe hartan entzungo badiote.

Zailxeago du Iñaki Irazabalbeitiak (Inaki izena desagertu egin da nonbait, zoritxarrez) Madrilen kantari aritzea; ahoskera ere ez du operarako bezain fina, baina bokazioa ez dute ezkutatzen: “Euskal boza Madrilen” irakur liteke afixetan.

EAJkoek ez dakite seikotea, zortzikotea edo zenbateko taldea osatuko duten, baina koadrilan kantatuko duten segurtasunarekin doaz, nahiz eta oraindik ezin esan errepertorioan bilbainada alaiak izango diren nagusi, Zapaterori belarrira xuxurlatutako habanera gozoak, ala maitasun zapuztuaren corrido garratzak.

Madrilen bertan aurkezten da UPDko sortzaile Rosa Díez, baina beldur naiz ipuineko esnezalearena gertatuko ez ote zaion: Eurovision irabazi nahi, eta irrati-tertulietan bere milonga zaharra errepikatzen amaitu.

Azkenik, euskal diputatu popularrak eta sozialistak zein bere sokako orfeoi handian sartuko dira, noski, bakarlari jarduteko aukera oso gutxik izango dute baina. Aipamen berezia merezi du, hala ere, Ignacio Astarloa Ugartemendikoak, alderdien legearen sortzaileak: haren guraso biak bel canto-an aritzen omen ziren Madrilen; horrez gain, aita Euskal Etxean euskara irakasten; curriculum eder horrekin, rh perfektuagorik ezin zitekeelakoan, Eusko Legebiltzarreko zerbitzu juridikoez arduratzeko fitxatu zuten 80ko hamarkada hasieran. Ikusitakoak ikusita, ordea, ezin esan garai hartan Gasteizko gauak janzten zituen Hertzainak taldeak gure gizona liluratu zuenik. Lastima.

Zenbatean salduko zenuke botoa?

xme 2008/02/28 09:27

(Berria-rako idatzia)

Prostituzioaren apologistei entzun ohi zaie (inguruan emakumerik ez dagoenean, eskuarki), ikuspegi ekonomiko hutsetik begiratuta, merkeagoa dela profesional bat kontratatzea, begiz jotako pertsona ohera eramateko bide bihurgunetsua baino: ohiko sedukzioan (putazaleek diotenez), laguna afaltzera gonbidatu behar duzu zenbait aldiz, jatetxe modakoetara ahal dela, ikuskizunen batera eraman, kopak ordaindu, opari finen bat egin, asteburu erromantiko baterako plana proposatu… Guztira, eta helburua txorta jotzea baldin bazen, putetxeko zerbitzua baino aski garestiago.

Konparazioa onartzen badidazue, nik esango nuke alderdi politikoek ere gaizki inbertitzen dituztela beren sosak, helburua botoak lortzea baldin bada. Jakina da hautesle gehienek aspaldi erabakia dutela zer paper sartu kutxatxoan. Beraz, zalantzati-mordoxka bat gelditzen da, zer egin ez dakiena. Eta horiek konbentzitzeko zer egiten dute marketin-estrategek? Loreak, goxokiak, puxikak, txiskeroak, bolalumak oparituko dizkizute kalean (oraindik azokara joaten segitzen duten emakume adinekoek jasotzen dituzte gehienak, eta beren bilobei eman gero); megafonia burrunbatsuarekin gogaitu; irrati-kuña beti-berdinekin aspertu; gutunontzia paperez leporaino bete… Diru-parrasta bat azken batean, alfer-alferrik botatzen dena.

Askoz praktikoagoa litzateke diru-multzo hori hartu eta, zuzen-zuzenean, dudatan dauden hiritarrei eskaintzea. Ez dakizula zer egin? XX euro emango dizugu, zeure botoaren truke. Kapainak laburrago, politikoak libreago, parte-hartzea handiago, eta, batez ere, jendea lasaiago.

Hala ere, susmoa dut sistema honek ere bere hutsuneak lituzkeela: botoa erabakita zeukatenak ere prest leudeke bere hautua aldatzeko, kopuru egokia eskainiz gero, eta azkenean aski dirurik ez. Alderdiari ere nork ziurtatzen dio hautesleak ez duela bere botoa bi, hiru edo nahi adina aldiz salduko? Kontratu zorrotz bat egin behar ote litzateke eta bakoitzaren boto-papera ondo miatu? Hori guztia demokraziaren printzipioen kontra joango litzateke, ohartzen naiz, baina, nik dakidala, legez kontrakoa den lekuetan ere praktikatzen da prostituzioa, ezta?

Kuba (11 ikusteko) (jarraipena)

xme 2008/02/27 08:05

1. kapitulua, 2. atala

Fidel Castrorekiko mirespena aspalditik datorkio gure osaba Joxantoniori. “Jaiotzatik bertatik”, esaten du berak; hori ezinezkoa dela esan lezake norbaitek, baina, nolabait ere, osabak arrazoi duela aitortu behar. Izan ere, eta hortik datorko mirespen goiztiarra, Fidel eta osaba egun berean jaioak dira, 1926ko abuztuaren 13an. “Pentsa”, esaten du osaba Joxantoniok, “bera munduko punta batean, ni bestean, eta biok egun berean jaio mundu honetara”. Beste asko ere izango dira egun berean jaioak, baina horrek axola gutxi Joxantoniori; ez du astrologiaren beharrik bere ustean sendotzeko, eta ez daki zodiakoako zein zeinu dagokion ere. “Fidel eta biok, batera etorri gintuan, eta batera segituko diagu”, borobiltzen zuen argudioa.

 

Hala ere, apur batean estutuz gero, aitortu ere aitortzen du osabak, orain dela gutxi arte ez zekiela egun berean jaioak zirenik. “Baina askoz lehenagotik miresten nian. Erreboluzioa egin zuen egunetik. Horrrexek erakusten dik, lehendik ere biok lotuta geundela”. Castroren miresleak asko izan ziren mundu osoan, 1959ko urtarrilaren hasieran Habanan sartu zen egunean, Che Guevara eta Camilo Cienfuegosekin batera. Geroztik izugarri hazi da miresleen kopurua, baita gorrotatzen dutenena ere, baina gutxi izango dira gure osaba Joxantoniok adina miresten eta maitatzen dutenak. “Horrek bai potroak. Horrek bai bizarrak”, esaten du osabak, eta ondoren mehatxu egiten du: “Hemendik aurrera, ez makina ez kutxilla”, eta kantari bukatzen du esaldia: “Euskadi libre ikusi arte, ez dut moztuko bizarra”.

 

Muturra okertuko zuen aldamenetik Maria Pilarrek, gogoan baitu oraindik, bere gizonak bizarrra utzi zuen aldi bakarrean nola ohartarazi zuten ilobek (nire arrebak, uste dut) janari hondarrak-eta bizar artean geratzen zitzaizkiola dingilizka, eta hura ez zela itxura…

 

 

 

Pasapalabra

xme 2008/02/26 08:30

(Berria-n ere kaleratua)

Nik aurretik idatzi beharra daukat baina, hau irakurtzerako, ikusia izango duzue zuetako askok Raxoi eta Zapateroren arteko eztabaida, O.K. Corral-eko dueluak baino hauts gehiago harrotu duena, odolik ez baina. Eztabaida ez ezik, aurretiko prestakizunak, ondotiko solasaldiak eta gainerako patrifilioak ere ikusiko zituen batek baino gehiagok, egunotan ez baita beste konturik Espainia aldeko eta inguruotako hedabide eta berritsutegietan. Alderdi aniztasuna faltsutu eta bipartidismora mugatu zaigu lehia, eta are gehiago: irudi luke probintzia bakoitzeko diputatuak aukeratu ordez sistema presidentzialista batean gaudela.

 

Nork irabazi duen ere adieraziko digute analista burutsuek, boxeo-match batean bezain zehatz: Zapateroren crochet honek zortzi puntu, Raxoiren uppercut horrek bost… Argi dago telebistaren aurrean eseritako gehienak ez direla bataren edo bestearen argudioak entzuteko gogoz dabiltzan hiritar zintzoak, horren ondotik eta zalantzak argiturik beren botoa nori eman garbi ikusi dutenak; ikuskizun erraldoia bilakatu da delako debatea, eta Real Madrid-Bartzelona partida batean bezala ariko ziren talde bietako tifosi-ak, bere izarra txalotzen eta aurkaria larrutzen.

 

Ikuskizuna den aldetik, baina, ez dakit ba horren interesgarria ote den. Proposamen lotsagabe bat egiten uzten badidazue, eta Espainiako telebista-kateetatik atera gabe, aukeran nik nahiago nuke hautagai biak Pasapalabra lehiaketan jokatzen ikusi: badakizue, alfabetoaren arabera definizio bat eman eta lehiakideak hitza asmatu behar duen hori. Bien tikak, ideiak, keinuak ezagunak ditugu aspaldi; halako lehiaketa batean beste tasun eta keria batzuk neurtu ahalko genizkieke: beren kultura, buru-argitasuna, erreflexuak, zailtasunen aurreko erreakzioa… Partaide bakoitzaren laguntzaileak ere ohikoak erabil litzakete: Acebes eta Zaplana batetik, Rubalcaba eta De la Vega bestetik.

 

Euskal Telebistan ere Kalakan ikusiko ditugu hautagaiak, baina alde ederra Mihiluzen jokatuko balute: Beloki eta Esteban tribuaren berbak asmatzen, Aranburu eta Altzelai esamesetan txapeldun, Barkos eta Martinez potokumeetan…

 

 

 

Kaskopelatuak (post-datarekin)

xme 2008/02/25 09:02

(Berria-n, hauteskunde-kanpaina bitartean, egunero artikulu bat idatziko dugu Katixa Agirrek eta biok, txandaka, "kontrakanpaina" izenaz. Artikulu hau larunbatean kaleratu zen)

Hemen dugu. Kalera atera eta lehenengo afixak ikusi dituzu, kartelek galdu dute garai bateko xarma baina. Behartuta bezala ipintzen dituzte alderdiek, udalek propio prestaturiko ohol zatarretan. Eta aski zatarrak dira posterrak ere. Hala ere, badira gauza deigarriak. Hala nola EAkoen bozgorailua, San Ferminetan ospetsu bihurtu ziren traste gogaikarri horien tankerakoa nonbait, agit-prop estetika bete-betekoa.

Dena dela, kartel bat aukeratu beharko banu, orain arte ikusitakoen artean PNVrena hartuko nuke: “Euskadin bizi naiz ni. Zu, non bizi zara?” leloa daramana. Batez ere, buzuzapia jantzita azaltzen den neskatxa horrengatik. Lehenago ere nahiko hizpide eman zuten jeltzaleek, propagandan gay-bikote bat erabili zutela-eta; bada, horra, progretasunean koxka bat estuago: orain nexka musulman bat, islamista sinestuna dirudiena. Allah eta Lege Zaharra, ez al da eslogan ederra?

Marmartiek esango dute marketin hutsa dela dena, baina publizitatean zer nabarmentzen dugun, hori ere bada gure ideologia, zabaldu nahi dugun itxurak gure nortasunarekin talka gordina egiten ez badu behintzat. Irudiari erreparatuta, hala ere, Sabinoren alderdiko hautagaiek eredu klasikoari eusten diote oraindik: gehienak gizonezko, serio, korbatadun, kristau zintzo, adin ertaineko… eta buruak, berriz, lehengo lepotik zintzilik; alegia, mantelinaren ordez, burusoil ederrak ikusiko dizkiegula: Anasagasti aipatzea txiste erraza da honezkero, baina hor du ordezko Josu Erkoreka Bizkaiko zerrendaburua, edo Emilio Olabarria Arabakoa, edo Joseba Agirretxea Gipuzkoako bigarrena.

Iragarkietako neskak ere kasko soildu bat erakusten ote du beloaren azpian? Dena dela, ez dakit zergatik hasten naizen halako gaiekin txantxetan. Ispiluari begiratzen baldin badiot, horra alderdirako moduko beste hautagai bat. Neure bokazioa erratu ote dut? Onartuko ote nindukete Batzokira joan eta neure burua (zentzu guztietan) aurkeztuz gero?

Post Data: artikulua idatzi nuenean, ostiral eguerdian, delako irudia Internet bitartez ezagutzen nuen; egun horretako iluntzean, berriz, paperean ikusi eta orduan ohartu nintzen islamdar fededuntzat jo nuena dantzari-jantzi tipikoa daraman neska dela (edozein dela ere neska horren sinesmena). Oraindik garaiz ote nenbilen egunkarira deitu eta aldarazteko? Bere horretan uztea erabaki nuen, bazterrak ez nahastearren; irria piztu nahi duen sail batean, neu izango nintzen irri-iturri. Barregarrikeriaz gain, epelak entzun beharko nituela ere bururatu zitzaidan, baina, horra, orain artean, komentariorik ez. Lasaitasunarekin batera, halako kezka bat sortzen da orduan euskal idazlearengan: zer eragin eskasa duten idazten ditugun kontuek...

Kuba (11 ikusteko)

xme 2008/02/22 14:14

Hamabost urte inguru izan litezke ipuin luze edo nobela labur bat hasi nuela; bere garaian ez nuen amaitzeko aski kemen edo gogorik izan; gero, berriz, istorioaren tonua ez zetorren bat nire orduko kezkekin. Kontuak kontu, bertan behera utzi nuen. Orain, aldiz, Fidel Castroren erretiroa dela-eta, kontakizunaren hasiera ekarriko dizuet hona. Eskaerarik balego, jarraipena ere botako dut akaso...


Kuba (11 ikusteko)

Lehen kapitulua: Joxantonio eta Maria Pilar

1

Gure osaba Joxantonio ez da gizon ospetsua, inoiz ez diote elkarrizketarik egin egunkarietan; baina, familiako bazkaria izaten dugun guztietan esaten duenez, egunen batean kazetari bat etorriko balitzaio galdezka, berak jakingo omen luke hari nola erantzun.

“Badakizue nola izaten diren inerview horiek”, esaten zuen puruari tirakada bat eginez; gero, kea bota, besoak zabaldu, eta hala segitzen zuen: “Beti galdera berak. Galdetuko lidake: ‘Zuk zein izan nahiko zenuen?’. Eta nik: ‘Fidel Castro’. Batere zalantzarik gabe. Gero: ‘Zein da bete gabe daukazun ametsa?’. Eta nik: ‘Kuba ezagutzea’. Eta azkenean, hauxe galdetuko lidake kazetari horrek: ‘Eta momentua batez bista bueltatuko balitzaizu, zer gustatuko litzaizuke ikustea?’. Eta nik: ‘Mulata baten izter biluziak, montecristo baten orriak biltzen dituen bitartean’. Horixe erantzungo nioke”.

Familiako denak barrez hasten ginen. Gizonezkoek “Hi haiz hi” esaten zioten; emakumeek, “Ai, Joxantonio, Joxantonio”. Eta Maria Pilarrek, berriz, Joxantonioren emazteak, haserre ez baina apur bat lotsatuta, “Majaderoa halakoa” botatzen zion marmarka, “zure edadearekin…”.

“Ikusi, mulataren izterrak”, esango zuen ozenki Joxantoniok, barren gainetik, “baina ukitu, ukitu Maria Pilarrenak, gordin-gordinak”.

Maria Pilar, orduan, lehen baino lotsatuago geldituko zen, baina pozik, eta Joxantoniok izterrean atximur egingo zion esku batekin, bestearekin purua ahora eramaten zuen bitartean, begi zuriak ezerezean galduak, tirakada berriarekin Kubako tabakoaren lurrina barreneraino dastatuz.


Marrubiak

xme 2008/02/20 08:49
Joan den astean idatzi nuen poematxo bat. Baina berdin idatz nezakeen orain dela bost urte. Izan ere, duela bost urte ere gozoak egongo ziren marrubiak, aho-gustu garratza besterik oroitzen ez badut ere.

Marrubien gozoa

Irratia entzuten ari nintzela lagun baten izena
Atxilo eraman zutela
Eta ni, marrubiak gosaltzen.

Inperioaren morroiek eraman zuten nire laguna
Ez dago eskubiderik esan nuen neure artean
Eta marrubiak jaten jarraitu nuen.

Neure bururarekin haserretu nintzen
Injustizia bat gertatzen ari zen bitartean gosaltzen jarraitzeagatik
Baina marrubiak, hain zeuden gozoak.

Auschwitzeko zelaiaren gainean ere txoriak kantari ariko ziren
Golgota mendian loreek beren ederra erakutsiko zuten
Zergatik ez nuen ba nik marrubien gozoa goratuko?

Marrubiak gozo baina laguna atxilo
Harekin gogoratzen naizenean
Garratzagoa zait gosaria.

Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.