Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Kuba (11 ikusteko)

Kuba (11 ikusteko)

xme 2008/02/22 14:14

Hamabost urte inguru izan litezke ipuin luze edo nobela labur bat hasi nuela; bere garaian ez nuen amaitzeko aski kemen edo gogorik izan; gero, berriz, istorioaren tonua ez zetorren bat nire orduko kezkekin. Kontuak kontu, bertan behera utzi nuen. Orain, aldiz, Fidel Castroren erretiroa dela-eta, kontakizunaren hasiera ekarriko dizuet hona. Eskaerarik balego, jarraipena ere botako dut akaso...


Kuba (11 ikusteko)

Lehen kapitulua: Joxantonio eta Maria Pilar

1

Gure osaba Joxantonio ez da gizon ospetsua, inoiz ez diote elkarrizketarik egin egunkarietan; baina, familiako bazkaria izaten dugun guztietan esaten duenez, egunen batean kazetari bat etorriko balitzaio galdezka, berak jakingo omen luke hari nola erantzun.

“Badakizue nola izaten diren inerview horiek”, esaten zuen puruari tirakada bat eginez; gero, kea bota, besoak zabaldu, eta hala segitzen zuen: “Beti galdera berak. Galdetuko lidake: ‘Zuk zein izan nahiko zenuen?’. Eta nik: ‘Fidel Castro’. Batere zalantzarik gabe. Gero: ‘Zein da bete gabe daukazun ametsa?’. Eta nik: ‘Kuba ezagutzea’. Eta azkenean, hauxe galdetuko lidake kazetari horrek: ‘Eta momentua batez bista bueltatuko balitzaizu, zer gustatuko litzaizuke ikustea?’. Eta nik: ‘Mulata baten izter biluziak, montecristo baten orriak biltzen dituen bitartean’. Horixe erantzungo nioke”.

Familiako denak barrez hasten ginen. Gizonezkoek “Hi haiz hi” esaten zioten; emakumeek, “Ai, Joxantonio, Joxantonio”. Eta Maria Pilarrek, berriz, Joxantonioren emazteak, haserre ez baina apur bat lotsatuta, “Majaderoa halakoa” botatzen zion marmarka, “zure edadearekin…”.

“Ikusi, mulataren izterrak”, esango zuen ozenki Joxantoniok, barren gainetik, “baina ukitu, ukitu Maria Pilarrenak, gordin-gordinak”.

Maria Pilar, orduan, lehen baino lotsatuago geldituko zen, baina pozik, eta Joxantoniok izterrean atximur egingo zion esku batekin, bestearekin purua ahora eramaten zuen bitartean, begi zuriak ezerezean galduak, tirakada berriarekin Kubako tabakoaren lurrina barreneraino dastatuz.


markos zapiain
markos zapiain dio:
2008/02/22 16:38

jarraitu gizona

Jozulin
Jozulin dio:
2008/02/22 18:10

Tabako, ron ta kanela... Gustura irakurriko ditugu hurrengo atalak ere.

Eneko
Eneko dio:
2008/02/23 00:26

Polita historia. Bederatzi urtetan tabakoa utzita nengoen Kuban mulata bat puruak eskuz egiten ikusi nuenean arte, eta izterra ezin, baina purua erre gabe ezin geratu!

Harrez geroztik, tabakoa erretzen beste bost urte eman nituen! :-)

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.