Hit parade
(Berria-ko kontrakanpaina atalean argitaratua)
Txikitan, euskaltasun folklorikoaren mirespenean hazi zuten lagun batek, etxean entzundako esaera hau errepikatu ohi zuen, gure herria goratu nahian: “Euskaldun bat, afari bat; bi euskaldun, apustua; hiru euskaldun, orfeoia”. Madrilera, kongresura nahiz senatura ia 40 lagun bidaliko ditugunez, abesbatza ederra osatu ahalko lukete dudarik gabe.
Ofizio berriari antzemanda EAkoak daude nonbait, leloan ere halaxe baitiote: “Herriaren ahotsa”, eta bozgorailua Puccini abesteko tresnarik aproposena ez bada ere, zerbait beharko du Nekane Altzelaik, San Jeronimoko etxe hartan entzungo badiote.
Zailxeago du Iñaki Irazabalbeitiak (Inaki izena desagertu egin da nonbait, zoritxarrez) Madrilen kantari aritzea; ahoskera ere ez du operarako bezain fina, baina bokazioa ez dute ezkutatzen: “Euskal boza Madrilen” irakur liteke afixetan.
EAJkoek ez dakite seikotea, zortzikotea edo zenbateko taldea osatuko duten, baina koadrilan kantatuko duten segurtasunarekin doaz, nahiz eta oraindik ezin esan errepertorioan bilbainada alaiak izango diren nagusi, Zapaterori belarrira xuxurlatutako habanera gozoak, ala maitasun zapuztuaren corrido garratzak.
Madrilen bertan aurkezten da UPDko sortzaile Rosa Díez, baina beldur naiz ipuineko esnezalearena gertatuko ez ote zaion: Eurovision irabazi nahi, eta irrati-tertulietan bere milonga zaharra errepikatzen amaitu.
Azkenik, euskal diputatu popularrak eta sozialistak zein bere sokako orfeoi handian sartuko dira, noski, bakarlari jarduteko aukera oso gutxik izango dute baina. Aipamen berezia merezi du, hala ere, Ignacio Astarloa Ugartemendikoak, alderdien legearen sortzaileak: haren guraso biak bel canto-an aritzen omen ziren Madrilen; horrez gain, aita Euskal Etxean euskara irakasten; curriculum eder horrekin, rh perfektuagorik ezin zitekeelakoan, Eusko Legebiltzarreko zerbitzu juridikoez arduratzeko fitxatu zuten 80ko hamarkada hasieran. Ikusitakoak ikusita, ordea, ezin esan garai hartan Gasteizko gauak janzten zituen Hertzainak taldeak gure gizona liluratu zuenik. Lastima.