Egiak hankak laburrak
(Berria-n argitaratua)
Lazkao-txikiri, behin batean, herri batera joan eta hala esan omen zion emakume batek, txikiarekin erabili ohi zuten gozotasun horrekin: “Ai, Joxe Migel, gazte-gazte zaude eta!”. Iztuetak ziria arrapostu: “Mmm… Ez dakit ba. Hogei urte nituenean inork ez zidan esaten halakorik”.
Pasadizoaren irakaspena gure arlorako: bistako egiak inoiz ez dira esaten, esan beharrik ere ez, eta kanpainan botatzen direnak, ez dut esango gezurrak direnik, baina bai errealitatearen interpretazio interesatuak. PSOEkoak jo eta ke baldin badabiltza “Ez da gauza bera” errepikatzen, desberdintasuna hain agerikoa ez den seinale; Raxoi curranteen egoeraz kezkatzen denean, barregarrikeriaren mugan sartzen da; PNVkoak, euskal selekzioak aldarrikatzeko, galtza motxak eta txandala jantzita ikusi, eta nahi gabe etortzen zaizu burura mozorrotuaren irudia.
Alderdiek guk bezain ondo dakite hori horrela dena. Horregatik, mezu asertiboak helarazten baino ahalegin handiagoa egin ohi dute aurkaria larrutzen: PPk eta PSOEk, elkarren aurka ematen dituzte beren onenak; EAJk eta abertzaleek oro har bi horien kontra; Batasunaren ingurukoek aurreko guztiei aitzi (Segiren kartelak nabarmen).
Gezurrak hankak laburrak dituelako esaera hankaz gora ipiniz, sinesgarriago gertatzen dira fikziozko istorioak mezu zuzenak baino. Hona, esaterako, asteburuan telebistan ikusi ditudan iragarkiak. Gazte argentinar bat ageri da batean, bere herrialdearen aurrerapena goratzen; amaieran, pilota bat hartu eta Xofifoeneuhkádi esaten digu. Horra, jeltzaleak paradoxarekin jolasten.
Beste spot batean, agure xahar pottoko bat ikusten dugu, etxean, oroigarri zaharrei maitez begira; lehenminean iltzatu ez den seinale, “tipo honek ilusioa berpiztu dit” dio, telebistan Zapatero ikusten duen bitartean. Presidenteari tipo deitzeak ematen dio gizonari politikoek ez duten sinesgarritasuna.
Eta gehien gustatu zaidana: bi neska gazte kafetegian: “–Zelan? –Txarto: hasieran jatorra zirudien, baina dezepzionatu egin nau, eta gainera, gezurretan harrapatu dut!” Mutil-lagun gaiztoaren berri emango digu neska zapuztuak ipuinaren amaieran: “Ez diot berriro botoa emango Zapaterori”. PPkoek badakite gero moderno izaten ere.