Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Jon Martin: “Zergatik sentitzen dugu erotasuna eta normaltasuna bereizteko beharra?”

Jon Martin: “Zergatik sentitzen dugu erotasuna eta normaltasuna bereizteko beharra?”

xme 2008/03/05 17:47
Jon Martin (Oiartzun, 1981) literatura idatziaren uretan murgildu da Igartza Saria idazle gazteentzako beka irabaziz eta, horri esker, "Ero" deritzan ipuin-bilduma idatziz. Bertsolaritzaren eta literaturaren arteko harremanez, erotasun eta keriez, eta beste hainbat konturi buruz mintzatu zaigu.

Behartutako galdera bat, hasteko: Jon Martin bertsolari gisa zen ezaguna orain arte. Eta orain berriz, ipuin-liburu baten egile gisa agertzen zara. Zer harreman izan duzu gaur arte literaturarekin eta nola erabaki zenuen fikzioa idaztera pasatzea?

Bertsolaritza eta literatura, eta orokorrean sormen molde guztiak, paraleloan ulertzen ditut. Kontua da, publikoki erakutsi behar den zerbaitek eskatzen duen ahaleginagatik, indarrak batean edo bestean kontzentratzen direla normalean. Urte hauetan guztietan, bertsolaritzan zentratu banaiz ere, idazten jarraitu dut. Bertsolari gehienok dugu beste sortzeko molderen bat. Normalean pertsona sortzaileak garelako gara bertsolari, eta bertsolari garelako sortzaileago bihurtzeko irrika pizten zaigu.

Bertsolaritzak eta literaturak harreman handia daukate. Hasteko, nire estiloa bertsotan aski literarioa da, hori du bereizgarri handiena. Suposatzen dut idazten dudanean sumatuko dela bertsoen eragina ere. Oso uztargarri diren bi afizio dira niretzat bertsoa eta literatura.

Txikitan, hamar urterekin edo galdetzen bazenidan zer izan nahi nuen, idazle erantzungo nuen. Bertsolaritzarena beranduago iritsi zen. 12 urterekin aproba egin nuen, eta gustatu egin zitzaidan. Susmoa dut literaturak eraman ninduela bertsogintzara.

Baina bakoitzak bere mugak ditu…

Bai. Adibidez, bertsolaritzak muga asko ditu. Batetik, metrika dago; bestetik, errima, eta horrek esan nahi dugunaren eta esan dezakegunaren arteko borroka etengabea sortzen du. Bestalde, guk jartzen dizkiogun mugak daude; gai aldetik, forma aldetik, funtzio aldetik konturatuta edo konturatu gabe ditugunak. Denboraren kudeaketa da ezberdintasunik handiena. Bertsotan gabiltzalarik bat-batean pentsatu eta formulatu behar ditugu ideiak. Horretara ohituta, esaldi bat nahi beste aldiz errepasatzeko denbora izatea luxua da.

Literaturak ere baditu. Esker oneko artea da bertsoa. Sortu ahala jasotzen duzu eskerra, eta jendeari gustatu zaion edo ez ikusi dezakezu. Eta ikasi. Literatura, berriz, bakoitzak bakardadean gozatzen du, eta idazleak gutxitan konpartitzen du irakurlearen plazera. Agian, bertsogintzara ohituta nengoelako, nik duda serioak nituen idazten nuenaren kalitateari buruz. Banekien idatzi nahi nuela, baina idazten nuena ona edo txarra den jakitea ez da erraza izaten. Inguruko jendearen iritziak edo lehiaketak izaten ziren nire neurgailu bakar. Eta horiek ere ez dira beti fidagarriak izaten...

Berdina al da bietan sortzeko modua?

Ez. Bertsotan entzulearen presentziak sortutako tentsioa erabiltzen dut sortzeko, eta literaturan lasaitasuna behar dut. Sortzeko prozesua berezia da, lehenbizi inspirazioari itxoiten diot; eta niri lo hartzear nagoenean iristen zait normalean. Badirudi bizitza arrazionalean bizitakoak pilatzen zaizkidala, bizitza irrazionalean zirrikitu bat aurkitzen duten arte, eta orduan buruan bueltaka izaten dut. Momentu horretan ideiaren kalitatea neurtzen jarduten naiz, jaikitzea merezi duen edo ez erabakitzeko. Jaikitzen banaiz ipuina goitik behera idazten dut. Gero, hurrengo goizean irakurtzen dut. Batzuetan harritu egiten da norbera hain denbora gutxian egindakoarekin, besteetan zaborrontzian amaitzen du aurreko gaueko inspirazioak.

Arlo-aldaketa honekin pozik? Errepikatzeko asmoz?
 
Bi arloak uztartzen jarraitzea gustatuko litzaidake gerora ere. Baditut pare bat proiektu datorren urteetara begira.

"Ero" da zure liburuaren izena, eta izenburutik bertatik hasiko da baten bat edukiari igarri nahian. Zer da "Ero"?
 
Erotasunari eta erokeriari buruzko ipuin liburua da "Ero". Psikiatrikoan dauden eroak, eta zu edo ni bezalako eroak ageri dira liburuan. Gure obsesio txikiak, kezkak eta konplexuak aurkituko ditu irakurleak liburuan, eta baita irakurlearekin egindako zenbait jolas psikologiko ere.

Non daude erotasunaren eta normaltasunaren arteko mugak?
 
Muga lausoak dira. Munduko pertsona guztiak bere azal kolorearen arabera ordenatuko bagenitu, ez genuke asmatuko esaten noiz bukatzen den zuria eta noiz hasten den beltza. Erotasunarekin, berdin. Mutur-muturreko ero bat erotzat hartzen erraza da, baina non hasten den erotasuna eta non bukatzen den originaltasuna, askatasuna eta berezitasuna… hori zailagoa da. Baina agian galdera interesgarriena da zergatik sentitzen dugun erotasuna eta normaltasuna bereizteko beharra.

Zergatik?

Gure burua kokatzeko besteen beharra dugulako. Besteak erotzat jotzen dituenak ez-eroen aldean kokatzen du bere burua. Erotasuna ezberdintasuna da, eta sistemari ez zaizkio gustatzen ezberdintasunak. Sisteman eroso egon nahi duenak gehienera ere ezberdintasun neurtu bat antzeztu behar du, funtsean normaltasuna dena; eta garenaren eta izan beharko genukeenaren arteko borroka hori da erotzen gaituena.

Zenbateraino da erotasuna/keria gizarte baten gaitzen sintoma?
 
Uste dut gizartearen erretratu esanguratsua egin litekeela sortzen dituen eroetatik abiatuta. Gure gizartearen presak, gazte izan beharrak, ondasunak pilatu beharrak eta abarrak sortzen dituzten eroak ez dira beste kultura batzuetako eroen berdinak. Askotan normaltzat jotzen ditugun ohiturak eta sinesmenak guztiz absurdoak dira. Erotasuna indibiduala izateaz gain kulturala ere bada.

Dokumentazio-lan handia eskatu dizu liburuak? Psikiatria-liburuak irakurtzen-eta...?

Denboran atzera egin, eta berriz zein karrera egin hautatu beharko banu, Psikologian matrikulatuko nintzateke. Gustuko dut. Duela pare bat urte Psikologiako doktoretza egiten hasi nintzen, eta berriro sortu zitzaidan halako gauzetarako interesa. Liburuaren ideia ere handik sortu zen.

Dokumentazio lan handia egin nuen hasieran. Garai hartan nire helburua zientziatik dezente zuen liburu bat argitaratzea zen. Ondoren ohartu nintzen zenbat eta gehiago irakurri sindromeei buruz, orduan eta ipuin zurrunagoak irteten zitzaizkidala. Hargatik erabaki nuen psikologia literatura egiteko aitzakia bat izango zela, ez nuela Psikologia-eskoletan irakurri beharreko liburu bat egingo, literatura baizik. Hala ere, saiatu naiz pertsonaia gehienen perfil psikologikoa zehazten.

Diozun moduan, literatur lan baten aurrean gaude; izan al duzu, alderdi honetatik, eredu jakinik ala...?
 

Oliver Sacksen Antropologo bat Marten da idatzi nahi nukeen liburua. Berea askoz zientifikoagoa da nirea baino, baina ikaragarri gozatzen dut hura irakurtzen. .

Aniztasuna bilatu dela ageri da: estiloaren aldetik badira ipuin hausnartzaile samarrak, beste batzuk berriz guztiz elkarrizketatuak...
 
Kontatu nahi nituen gauzak kontatzeko modurik egokienaren bila jardun dut. Ipuin batzuk antzerki kutsukoak atera zaizkit, besteak saiakera kutsukoak, eta besteek ipuin tradizionalagoen kutsua dute. Ez da egitura edo estiloa nire liburuko ipuinak batzen dituena, uste dut liburu guztia batzen duen ezaugarri bat aipatu behar banu, baikortasuna hautatuko nukeela. Latzak dira lantzen diren gaietako asko, baina baikortasun poetiko batekin tratatzen saiatu naiz. Erotasunaren inguruko liburu argia nahi nuen.

Pertsona zentzudunaren itxura duzu, zeure burua kontrolatzen duenarena: besteen makurrei antzemateko talaia egokia da hori? Beste patologia-mota bat akaso?
 

Zentzuduna naizela uste dut, baina ez nire zentzugabetasunak ez onartzeko bezain zentzugabea. Gure gizartean askotan egiten den akats bat da pentsatzea pertsona gauza bakar bat dela; zentzuduna bada ezin dituela gauza zentzugabeak egin. Pertsona zerbait baldin bada kontraesankorra da. Ez dakit pertsona zentzudunarena litzatekeen talaiarik egokiena besteen jarrera behatzeko. Akaso hain zentzuduna ez denarena hobea da, baina gustukoago dut entzutea hitz egitea baino, eta hori da talaiarik onena jendearen izaera behatzeko.



Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.