Kaskopelatuak (post-datarekin)
(Berria-n, hauteskunde-kanpaina bitartean, egunero artikulu bat idatziko dugu Katixa Agirrek eta biok, txandaka, "kontrakanpaina" izenaz. Artikulu hau larunbatean kaleratu zen)
Hemen dugu. Kalera atera eta lehenengo afixak ikusi dituzu, kartelek galdu dute garai bateko xarma baina. Behartuta bezala ipintzen dituzte alderdiek, udalek propio prestaturiko ohol zatarretan. Eta aski zatarrak dira posterrak ere. Hala ere, badira gauza deigarriak. Hala nola EAkoen bozgorailua, San Ferminetan ospetsu bihurtu ziren traste gogaikarri horien tankerakoa nonbait, agit-prop estetika bete-betekoa.
Dena dela, kartel bat aukeratu beharko banu, orain arte ikusitakoen artean PNVrena hartuko nuke: “Euskadin bizi naiz ni. Zu, non bizi zara?” leloa daramana. Batez ere, buzuzapia jantzita azaltzen den neskatxa horrengatik. Lehenago ere nahiko hizpide eman zuten jeltzaleek, propagandan gay-bikote bat erabili zutela-eta; bada, horra, progretasunean koxka bat estuago: orain nexka musulman bat, islamista sinestuna dirudiena. Allah eta Lege Zaharra, ez al da eslogan ederra?
Marmartiek esango dute marketin hutsa dela dena, baina publizitatean zer nabarmentzen dugun, hori ere bada gure ideologia, zabaldu nahi dugun itxurak gure nortasunarekin talka gordina egiten ez badu behintzat. Irudiari erreparatuta, hala ere, Sabinoren alderdiko hautagaiek eredu klasikoari eusten diote oraindik: gehienak gizonezko, serio, korbatadun, kristau zintzo, adin ertaineko… eta buruak, berriz, lehengo lepotik zintzilik; alegia, mantelinaren ordez, burusoil ederrak ikusiko dizkiegula: Anasagasti aipatzea txiste erraza da honezkero, baina hor du ordezko Josu Erkoreka Bizkaiko zerrendaburua, edo Emilio Olabarria Arabakoa, edo Joseba Agirretxea Gipuzkoako bigarrena.
Iragarkietako neskak ere kasko soildu bat erakusten ote du beloaren azpian? Dena dela, ez dakit zergatik hasten naizen halako gaiekin txantxetan. Ispiluari begiratzen baldin badiot, horra alderdirako moduko beste hautagai bat. Neure bokazioa erratu ote dut? Onartuko ote nindukete Batzokira joan eta neure burua (zentzu guztietan) aurkeztuz gero?
Post Data: artikulua idatzi nuenean, ostiral eguerdian, delako irudia Internet bitartez ezagutzen nuen; egun horretako iluntzean, berriz, paperean ikusi eta orduan ohartu nintzen islamdar fededuntzat jo nuena dantzari-jantzi tipikoa daraman neska dela (edozein dela ere neska horren sinesmena). Oraindik garaiz ote nenbilen egunkarira deitu eta aldarazteko? Bere horretan uztea erabaki nuen, bazterrak ez nahastearren; irria piztu nahi duen sail batean, neu izango nintzen irri-iturri. Barregarrikeriaz gain, epelak entzun beharko nituela ere bururatu zitzaidan, baina, horra, orain artean, komentariorik ez. Lasaitasunarekin batera, halako kezka bat sortzen da orduan euskal idazlearengan: zer eragin eskasa duten idazten ditugun kontuek...
Hori da zekentasuna. Zure tango bikoteari estekatxoa eskainiozu gutxienez!