Beasain bonbardatua
Ez dakit inoiz izan zareten Gernikan. Arbola eta Juntetxea ikustera joan ohi dira askotxo, umetan eskolatik beharbada, eta bisitak merezi du, dudarik gabe. Balio sinbolikoaz gainera, inguru ederra da, baita haren ondoko museoa ere. Hala ere, paraje zaindu hori alde batera utzita, hiriaren gainerakoa ez da horren ikusgarria: izan ere, edonork dakien bezala, 1937ko apirilaren 26an guztiz txikitu zuten Kondor Legioko hegazkinek, Hitlerren Alemania naziak Francori gerra irabazten laguntzeko bidalitakoek. Hura izan zen herritar zibilen kontra Europan egindako lehenbiziko bondarkaketa orokorra (lehendik italiar eta espainolek eginak zituzten halako sarraskiak Afrikako beren koloniak menderatzeko, eta ondoren potentzia guztiek erabiliko zuten sistema bera, areagotuta, II. Mundu Gerran, Hiroshima eta Nagasakiko bonba atomikoetara iritsi arte), horregatik izan zuen halako sona gertakariak, besteak beste Picassoren koadro gogoangarria sortarazterainokoa.
Horrenbestez, herria, ia-ia osorik, gerra ondoren berreraikitakoa da, eta nabarmena da 50 eta 60ko hamarkadetako arkitektura berezi hori, Beasaingo Oriamendi, San Inazio, Nekolalde edo Foru kaleetakoa gogoraraz dezakeena. Atrebentzia handi samarra izan daiteke Beasain xaxtar apala eta foruen hiria konparatzea, nahiz eta gure pergolek Gernikako Arbolaren Pasealekua izen ofiziala eraman (orduko tamainaz, itxuraz eta feriaren garrantziaz, Ordiziarekin izango luke zerikusi handiagoa). Hala ere, eraikuntza zaharren alerik ere zutik ez uzte horretan parekoak gertatzen dira biak: gurean ere, eliza eta Igartza kenduta, gerra ondokoak ditugu ia etxe guztiak; diferentzia txiki baina inportante batekin: Gernika txikitzea, von Richtofen jeneral alemaniarrak gidatu zuen, Emilio Mola jeneral espainiarrarekin elkar hartuta; Beasaingo etxe zaharrak –Nafarroa Etorbidean, Kale Nagusian edo Andra Mari kalean, esate baterako, baina ez hor bakarrik– banan-banan eraistea, berriz, Diruzalekeria eta Axolagabekeria jeneralek ekarri dute: batzuen negozio-goseak, beste batzuen utzikeriak edo ez ikusiarena egiteak, eta gehienon sentiberatasun eskasak gure ondare historiko eta kulturala zaintzeko.
Esajeratzen ari naizela? Bai noski, eta jakinaren gainean, ea begiak zabaltzeko gauza garen. Egindako kalteak gehienetan ez du erremediorik: Batzokiko frontoia, adibidez, betiko galdu dugu. Beste batzuetan, berriz, ezegitekoa erdibidean geratu da: San Martin basilikari erantsitako zatarkeria hori egunen batean behera botako duten esperantza daukat, ondo bidean. Eta oraindik zutik dugun hirigune historikoa zaindu dezagun, arren: Bideluze kalea, adibidez, edo garai bateko arkitektura industrialetik geratzen zaiguna, Olaran eta beste; baita kalearen eta mendiaren arteko muga egiten duten baserri apurrak ere: Errekarte Haundi, Telleri…
Izan ere, Gernikak behintzat hiri martiriaren lustrea eta epika irabazi zituen txikizioaren ordainetan; Beasainen, aldiz, arbasoen baserria bota eta haren lekuan txalet hortera handi usteko bat egiten duen aberats berriaren pare geratzeko arriskua dugu, besteen barregarri eta geure lotsagarri.
(Goierritarra aldizkarian argitaratua, 2013-06-14)
Hölderlin Markinan
Urtero bazkari batera gonbidatu ohi naute Markina-Xemeingo karmeldarrek: Luis Baraiazarrak, Julen Urkizak eta Patxi Uribarrenek gidaturiko taldeak, Karmel aldizkarian aldez edo moldez kolaboratzen dutenak deitu ohi dituzte: bilera batean, urte horretan taldekideek egindako lanak aurkeztu, bertaratuei ale bana opari eman, eta ondoren otordua eskaini ohi digute Iturrieta auzoan, San Kristobal ermitaren ondoan; oturuntza oparoa, lagunarte ederrean.
Aurten, bestelako lanen artean, nabarmenena, Hölderlin-en Olerki guztiak, edizio elebidun dotore, zaindu eta potolo batean, Luis Arostegik euskaratu eta apailatua. Komunikabideetan ez dut ikusi inon aipatuta, edo aurkezpenik egin ez delako, edo kazetariak jabetu ez direlako, baina, prentsaurrekorik gabe ere, literatura unibertsaleko poeta handienetako baten obra euskaraz eskaintzeak, mila orriko liburukote batean, bere oihartzuna behar luke, dudarik gabe, gure hedabideetan.
Horrez gain, Luis Arostegi bera iruditu zitzaidan pertsona biziki interesgarria, eta niretzat ordura arte ezezaguna guztiz: gizon jantzia, Italian eta Alemanian ikasitakoa, Ipar nahiz Hego Amerikan eta Afrikan asko ibilia, Euskal Herriko karmeldarren Probintziala behin baino gehiagotan izandakoa, baita munduko karmeldar guztien Jenerala ere. Esperientzia eta ardura handiak izan dituen gizona beraz, eta horrez gain, euskarari halako ekarriak egiteko gauza dena.
Hala ere, beste pentsamendu bat etorri zitzaidan gero. Berrehun urte baino gehiago dira Friedrich Hölderlinek bere testuak idatzi zituela, erromantizismo alemanaren bultzatzaile eta gailurretako bat bihurtuz. Euskaraz orain baino lehen ere eman izan dira haren bertsio batzuk: Federiko Krutwigek itzuli zuen poemaren bat aspalditxo, eta berriki Luigi Anselmik eta Eduardo Gil Berak beste batzuk; bestalde, Gil Berak berak Hyperion eleberri epistolarra itzuli zuen, aspaldi ez dela. Baina berrehun urte behar izan du Hölderlinek, Alemaniatik Markinarako bidea egiteko.
Duela berrehun urte, Markinako Karmeldarren komentuan izan zen idazle guztiz trebe eta emankor bat, Bartolome Madariaga Garate zeritzana, Frai Bartolome Santa Teresa erlijio-izenaz ezagunagoa: kristau doktrinak ere idatzi zituen arren, beste bat du lanik aipatuena: Euskal-errijetako olgeeta ta dantzeen neurrizko-gatz-ozpinduba, dantzaren kontrako prediku sutsua, garaiko moral estuaren adierazgarri eta, gaur egun, umorezko parodia gisa irakurriko genukeena.
Bitxia da: Frantziako iraultzak aurrena eta Napoleonek zabaldutako gerrek hurrena, egundoko zirimola sortu zuten Europan barrena, bai Alemanian eta bai Euskal Herrian, eta idazleen artean ere eragin nabarmena izan zuten, oso desberdina baina: Alemanian, herrien eta norbanakoen askatasunaren aldeko mugimendu bat piztu zen, Grezia zaharraren mirespenarekin eta jarrera amesti-melankolikoekin batera; gure artean, berriz, santuen bizitzak, Bibliako historiatxoak, bizimodu zuzenerako ikasbideak… erlijiosotasun zurrun baten agergarriak denak.
Dugun historia daukagu, eta handik gatoz denok ere. Alferrik amestuko dugu duela 200 urteko karmeldarrek Hölderlin-en tankeran idatzi balute zer-nolako literatura izango genukeen. Ea 200 urte barru oroitzeko moduko zer edo zer uzteko gauza garen behintzat.
Amerikako anai-arrebak
Carlos Blanco Aguinaga, Irunen sortutako literaturaren teoriko marxistari uste dut aditu niola gertaera hau: bera Ameriketan zebilela, frankismotik autoexiliatua-edo, halako batean inguratu zaio arraza zuriko latinoamerikar bat, eta aldarrikatzaile planean errietan hasi omen zaio: “Zuen arbasoek sarraskitu zituzten gureak…". Aginaga arin ibili zen erreflexuz (edo bestela, ez zen salaketa hura entzuten zuen lehen aldia), hala bota baitzion arrapostua: "Nire arbasoak ez, haiek bere oilo-lurrean geratu baitziren, zokor-mazoari lotuta; zure arbasoak izan ziren Amerikako indigenak sarraskitu zituztenak".
Padadizoaz oroitu naiz Guatemalako historiaz diharduen liburu baten berri izan dudalako oraintsu: Guatemala: linaje y racismo, Marta Elena Casaús Arzúk idatzia. Saiakera horretan, Guatemalako hogeita bi familia aberats eta boteretsuenak aztertzen dira, bertako industria, finantzak, nekazaritza nahiz merkataritza kontrolatzen dituztenak, baita neurri handi batean politika eta gizarteko gainerako egiturak ere. 22 familia horietako asko euskal jatorrikoak omen dira (tartean Arzutarrak, egilearen sendia, baita Alvaro Arzú Irigoyenena ere, errepublikako lehendakari ohi eta gaurko Guatemalako alkatea), eta denen ezaugarri nabarmena omen da arrazismo erabateko bat, indioak mespretxatzea eta ezkontzak beti-beti familia zuri hegemoniko horien artean egitea dakarrena, besteak beste.
Euskal jatorriko amerikarrekin halako sentimendu nahasiak izan ohi ditugu: denok pozten gara Guevara eta Bolivar bezalako izenen oihartzunarekin, edo Lezama eta Cortazar bezalako idazleen arbasoak geure egitean. Ez hainbeste Pinochet Ugarte diktadorearen, Astiz torturatzailearen, Echeverria presidente mexikarraren edo Aramburu jeneral argentinarraren balentriak entzunda. Guatemalako euskotarren ordezkaritza bat bisitan baletorkigu, eta haien euskal izaeraz harro daudela eta hura zaintzen ahalegintzen direla esango baligute, gu denok pozik, seguru asko. Aldiz, beren bizilekuko gainerako biztanleekin horrek dituen ondoren sozial, politiko eta arrazazkoak ikusiz gero… Ríos Montt militar genozida zigorgabetu berria ez da euskal abizenduna, bistan da, baina hura babestu eta finantzatu zutenen artean ez da faltako "gutarrik". Eta Guatemalaren antzera kontinente osoan ere.
Hortaz, zer? Ba, nik ez daukat errezetarik: bakoitzak bila ditzala bere atxikimenduak hemen edo han, odolean, klase-kidetasunean nahiz beste zernahitan oinarrituta. Nik ere topatu nuen kide bitxi bat halako batean: Cecilia Arrozarena ikerlari kubatarrak aipatu zidan bazela Mendiguren abizeneko idazle peruar bat. Apur bat arakatu, eta Alfredo Moreno Mendiguren deskubritu nuen, Hegoamerikako boom-aren garaiko idazle eta diplomatikoa; talentu, indar edo zorte faltaz ez zuen karrera handirik egin, baina ukitu sozialeko eleberri pare bat utzi zituen 60ko hamarkadan: Soplón eta Rufián (ederrak tituluak). Lehenbizikoari buruz, Limako prentsak "bizikidetzaren etsai bortitz" gisa definitu zuen ("violento enemigo de la convivencia"), eta idazleak goraipamen gisa jaso zuen izendapen hori bigarren nobelaren propaganda egiterakoan. "Izan ere –komentatu zidan Cecilia Arrozarena habanarrak–, ba al dago hori baino laudorio handiagorik idazle batentzat?".
Horra ba, Moreno limeño hori, ez dakit neure odolekoa, baina bai begikoa, gizarte bertangoxoaren erosokeria zirikatzeko orduan.
Agoniko eta lasakapotoen artean
Kike Amonarrizi buruz hitz egiteak ez dirudi ohikoa kulturako orrietan, askoz normalago ikusiko genuke haren izena telebistako atalean. Eta hala ere, hartaz jardun nahi dut gaur, horretarako arrazoiak sobera ditudalakoan.
Famatu izatera iritsi aurretik ezagutu nuen Amonarriz, berak 17 urte eta nik hiru gutxiago nituela, ikastetxe berean egokituta (Tolosako Eskolapioetan, erdaraz ikasiz biok ere). Gaztetxoa izan arren, ordurako nabarmentzen zen Kike, bere alaitasunagatik, bere buruargitasunagatik, eta baita, 1978 urrun hartan, ezagutu nuen lehenengo euskaltzaleetakoa zelako ere.
Ez dut esango eredutzat hartu nuenik, baina bide bertsuetan ibili ginen hasiera batean: karrera bera ikasi genuen (Euskal Filologia, unibertsitate diferenteetan baina), eta aldizkari beretan idazten hasi ere bai: Argia-n, Susa zaharrean… Gutxik jakingo du poesia ere publikatu zuela Amonarrizek gaztetan, eta ez zuen horretarako dohainik falta; bere izaerak eta zaletasunek beste bide batetik eraman zuten, ordea.
Izaera umoretsu eta festazalea duela ez da inorentzat sekretua; prestakuntza akademikoan, berriz, zenbaitek jakingo ez duen arren, gure herriko soziolinguista jantzienetako bat dugu, euskararen egoeraz bakarrik ez, munduko hizkuntza gutxituen bilakaeraz ere gehien dakitenetakoa. Eta bi ezaugarri horiek uztartzeak eman die zentzua bere proiektu askori: txisteak euskaraz idazten hasi zen, gure prentsa serioak bestelako ukitu bat ere izan zezan; aldi berean, lehenengo txiste-afariak antolatzen eta alaitzen, eta baita txisteen kaseteak grabatzen ere. Ondo pasatzea edo euskara zabaltzea, inportanteena zer zen galdetzeak ez luke zentzurik, Amonarrizen marka baitzen eta baita biak lotzea.
Txisteena utzi gabe, telebista-saioak aurkezten, idazten, zuzentzen ere aritu da aspaldi handian, eta, kamera aurrean irudi xelebrea erakustea maite duen arren, haren ondoan lan egin duten guztiek dakite zenbateraino den langile fina, bere egitekoak arreta guztiaz prestatzen dituena, eta aldi berean lan-giro atsegin baten sortzailea.
Gure hizkuntzaren geroaz pentsatzerakoan, badira bi espezie, zein baino zein ugariago, agonikoak eta lasakapotoak deituko ditudanak: agonikoak gauzak ilun ikusten ditu beti, gure makurrak azpimarratzen eta negar batean aritzen, hainbeste epel eta txepelekin zereginik ez dagoela-eta; lasakapotoak, aldiz, zein ondo goazen nabarmenduko dizu uneoro, garai batetik hona zenbat aurreratu den, eta gauzen martxak paradisu euskaldunera garamatzala sinetsaraziko. Amonarriz ezin urrunago dago bi jarrera horietatik: euskararen ahuleziak inork baino hobeto ezagutzen ditu, eta ikuspegi baikorrei ez die inoiz amore eman (batez ere jende adituarentzako artikulu serioetan erakusten du jarrera hori); pesimismoa ere baikorkeria bezain antzua izan daitekeela jabetuta, ordea, agonismoan jausi ordez hizkuntzaren ikuspegi ludiko eta bizizale bat eskaintzen saiatu ohi da, irribarre batekin ere euskararen aldeko borroka egin daitekeelakoan, eta horrela, zoriontsuago bizitzeaz gain, borroka bera ere efektiboagoa izango delakoan.
Mihiluze telebista-saioa desagertzera doala-eta idatzi ditut lerrook. Ez dakit zer egingo duen hurrena Kike Amonarrizek, baina, gure umorearen eta hizkuntzaren onetan, zakukada bete proiektu opa diot, eta denetan izan dezala orain arte bezalako talentua eta arrakasta.
(Noticias taldeko Ortzadar gehigarrian, 2013-05-11)
Min eta atsegin
Leire Palacios kazetari eta artista gazteak, berriki, Eta emakumeari sugeak esan zion nobela komentatu zuen sare sozialetan, esanez oso maite zuela baina pasarte jakin bat huts egitea iruditzen zitzaiola, orgasmoa deskribatzen duen hau hain zuzen: “sumendia zara, iraileko olatua Paseo Berrian, praile budista laranjaz jantziek jotzen duten gong erraldoi baten erdigunea, eztanda, Niagarako kataraten ur jauzirik azkarrena, abuztuko txupestak Kontxan”. Konparazio zehatz horien asmatze edo ez asmatzea gorabehera, balio orokorrez egin daitekeen gogoeta da lantegi zaila dela taxuzko ezer esatea gai horri buruz. Gorputzak senti dezakeen plazer une gorena nekez adieraz daiteke zehaztasunez hiztegiko berben bidez, eta adjektibo egokirik ezean metaforetara jotzen dugu, Lourdes Oñederrak pasarte horretan egin zuen bezala. Irakurleek badakite, noski, zertaz ari den idazlea; batzuei ariketa injeniosoa irudituko zaie ahalegina, beste batzuei berriz hutsala, baina, nolanahi ere, ezin ukatu baduela erredundantzia kutsu bat.
Horretaz pentsatzen ari nintzela, giza sentsazioen beste muturrera joan zitzaidan gogoa: plazer askatze ezin handiagoaren esperientzia bezala, oinaze ezin jasanezkoetara iristea ere posible da. Ez dakit horren neurgailurik baden, zein gaixotasun motak eta gorputzaren zein organok eragin dezakeen minik izugarriena. Dakiguna da ahalegin kontzientea egiten dutela batzuetan gizakiek, beste gizaki bati ahalik eta oinazerik lazgarriena eragiteko, informazioren bat lortzearren edo etsaitzat jotzen den hori makurtu eta txikitzearren: tortura deritzan jarduera, gaiztakeria hutsetik harago estatuak ia-ia zientifikoki praktikatu ohi duena bere helburuetarako.
Orgasmoaren esperientzia gizon eta emakume gehienok ezagutzen dugun moduan, torturarena, zorionez, salbuespena izan ohi da; hala ere, zoritxarrez, Euskal Herrian Europako beste parajeetan baino askoz ere zabalduagoa; denok ezagutu dezakegu inguruan baten bat hortik pasatakoa, eta idazleen artean ere badira tormentu hori bere hezur-mamietan pairatu dutenak; torturatu guztien moduan guztiz markatu ditu horrek, eta torturatu guztien moduan, halaber, ez dute gaiaz hitz egin nahi izaten, izugarriegia zaie, eta hitzak motz geratzen direla sentitzen dute.
Horren adibidetzat har dezakegu, beste batzuen artean eta denen izenean, Joseba Sarrionandia, 1980 urtearen amaieran atxilotua eta orduko lege antiterroristaren arabera hamar egun eta hamar gauez inkomunikaturik eduki zutena. Hitzekin magia eta ia-ia alkimia sortzeko gauza izan den idazleak ez du inoiz egun haien berri eman, ez dakit proba egin eta bertan behera utziko zituen saiakerak, ala ezinezkotzat joko zuen, zuzenean. Laurogeiko hamarkadan pare bat lorratz utzi zituen, hala ere: Tortura egunak poeman identifikazio sentimentalik bilatzen ez duen metafora hotz eta urrun bat zirriborratu zuen: “hargin enanoek zeure gorputz adreiluz errautsezko katedralea eraikiko dute”; handik gutxira, berriz, Literatura eta iraultza poema esaldi honekin hasten du: “Angel Martinez komisarioak bere errebolberraren kainoia / detenitu biluziaren uzkira sartu eta mirila zikindua, / odoldua, patetikoa ateratzen duenean / zer axola zaio mutil torturatuari poeta / um fingidor den?”, agerian aitortuz idazlearen ezintasuna zenbait errealitate adierazteko.
Hobe, noski, halako esperientziak gure artetik betiko desagertuko balira, eta horien adierazpena joko literario huts bihurtu, artistikoki asmatu dugun edo ez eztabaidatzen jarduteko.
(2013.04.27 Noticias taldeko Ortzadar gehigarrian argitaratua)
Danielen oroimena
Oroitzapenen generoa da gure letretan gutxien landu direnetako bat. Horren arrazoietako bat izan daiteke gure historia hurbila zapalketaz eta itsuskeriaz betea egon dela eta, beraz, kontatzeko zerbait zeukatenetako askok nahiago zutela isilik, kontatu nahi luketen hori esatea komeni ez zelako batzuen kasuan, eta kontatu nahi ez zutelako beste batzuenean. Beste arrazoietako bat norbere gauzak agerian jartzeko lotsa edo herabetasuna izan liteke, diskrezio horretan haziak izan baikara gutako gehienak, Oteizak aipatzen zituen neolitikotik honainoko 80 amona horien heziera bereizgarri hori oso urte gutxian aldatzen ari bada ere, besteak beste sare sozialei esker edo haien erruz (bide batez erantsitako oharra: tankera honetako liburuak oro har oso ugariak ez badira ere, askoz urriagoak emakumezkoek idatzitakoak; ez dut uste kasualitatea denik).
Hala ere, beti iruditu izan zait triste samarra isiltasun kolektibo hori. Nork bere sekretuak inori agertu nahi ez izatea bidezkoa da, noski, baina historiografiaren nahiz kultur transmisioaren ikuspegitik kontu franko azaldu ohi dira memoria eta elkarrizketa-liburuetan, bestela inon jasotzen ez direnak eta kontatu ezean betiko galtzen direnak. Bestalde, lotsatiei halako konfidentzietan hasteak hozkia emateak ez du esan nahi bere bizitzaren jendaurreko errepasoa egiten duena kontakatilu hutsa denik, edo bere buruari berorika egiten dion egolatra. Hamaika motibazio izan ditzake batek bere oroitzapenak idazteko, eta mila modu daude egiteko: batzuek bere ekintzen justifikazioa eta ederrestea bilatzen dute, beste batzuek beren barren intimoaren arakatzea; batek garai baten lekukotasuna utzi nahi du, besteak behialako etsaiekiko kontuak garbitu; asmo literarioz idazten dute batzuek, edo kausa baten alde, edo auskalo…
Genero hau gehien landu dutenetako bat, gure letretan, Daniel Landart dugu, hiru aldiz idatzi baitu bere bizitzaren berri. Aihen ahula idatzi zuen gaztetan, umetako oroitzapenak bilduz, XX. mendearen erdiko Baxenabarreko mutiko euskaldun baten giroa, fantasiak, bizimodua… Barnealdeko euskaldun askok ikusi zuen bere burua islaturik, eta horregatik bihurtu zen erreferentziazkoa obra hori. 14 urterekin inprimategi batean aprendiz sartzean amaitzen zen kontakizuna, eta berriki edizio gaurkotu eta luzatu bat eskaini zuen, Ahularen indarra izenarekin, inprimeriako langile izan zeneko aldia ere agertuz.
Egunotan, berriz, Enbataren zirimolan atera berri du: abertzale eta euskaltzale baten oroitzapenak. 50 urte bete dira Enbata sortu zela, eta mugimendu horren hasierako garaiak militante xume baten ikuspegitik kontatzen dizkigu Danielek, baita Franco garaiko errefuxiatu giroa ere. Interes handikoa da, halaber, kulturaren adar askotan berak bizi izandakoa: antzerkian lehendik (jokalari, idazle, zuzendari, kudeatzaile), baina baita bertsolari, idazle eta kantariekin izandako harremanak ere. Liburua gaur arte luzatzen bada ere, garai zaharren testigantza iruditu zaigu aberasgarriena, bai Ipar Euskal Herria apur bat ezagutzen duenarentzat, bai ezagupen horretan hasi nahi duenarentzat.
Osasun txarra zuenez, laster hilko zelakoan hasi omen zen Daniel bere oroitzapenak biltzen. Iragarpen hori bete ez zenez, beste bat egingo diot hemendik: urte batzuk igarota, bere memorien beste atal bat oparitu diezagula; ez du faltako zer kontatua, ezta buru argia eta esku zolia ere.
Antzerki nazional eta euskalduna
Azkenaldian antzerki dexente ikusi dut: herri txikietan eta hiriburuetan, gaztetxe, antzoki zein kalean, merke eta garesti, handi nahiz txiki, moderno ala tradizional, komertzial edo abangoardiako. Eta gogoeta batzuk egiten hasi naiz.
Gure antzerkiak nolakoa izan beharko lukeen, ez dakit inoiz plangintzarik egin den, egin litekeen edo komeni ote den ere. Beharbada 80ko hamarkada hasieran izan zen halako zerbait, Donostian Antzerti eskola sortu zenean aktoreen formaziorako, hango ikasleei soldatatxo bat ere ordainduz, ez ordura arte ez geroztik ikusi ez den kontua, euskal aktore plantel on bat sortzeari garrantzia ematen zitzaion seinale.
Ramon Labaienen buruan antzerki nazional bat sortzea egongo zela imajinatzen dut; eskola haren diseinurako katalanak kontratatzea ere ez zen kasualitatea izango. Hango ereduaren aplikazioan herren egin genuela esango nuke ordea. Adibidez: talde katalan puntakoek obraren esplotazioa katalanez eta espainolez egin ohi dute: Katalunian katalanez prestatu eta egin, hasieran, eta hangoa amaituta gaztelaniaz, Espainiarako. Hemen, berriz, obrak gaztelaniaz pentsatu, hautatu eta landu ohi genituen, eta horren ondoren bigarren mailako bertsio euskalduna prestatu, "elebitasunaren" izenean.
Gure egoera demografiko eta soziolinguistikoak bultzatzen gintuen horretara, bistan da, eta ez zen izango erraza bestelako bide bat hautatzea, profesionaltasuna lehenengo esijentziatzat hartuz gero (garai urrun hartan, Maskarada izan zen salbuespena, eta aparteko bide horri eutsi diote geroztik Mikel Martinez eta Patxo Telleriak). Alabaina, hautu hark hainbat ondorio oker ekarri zizkigun, hala nola euskararen izaera menpeko, baztergarri eta marjinala azpimarratzea, nahiz eta euskarazko bertsio horiek txukunagoak bihurtu diren urteekin. Pentsatzen jartzen bagara, gauza bera gertatu zen hamarkada hartan zinemarekin: Antxon Ezeizaren Ikusken eta zinema nazional euskaldunaren proiektua baztertuta, cine vascoaren eredua inposatu zen: Akelarre, La muerte de Mikel, Tasio, Vacas… eta gogoratzea merezi ez duten pelikula txar pila.
Hizkuntzarena ez da ondorio bakarra: funtzionamendu mota horrek Espainia erreferentzia ezinbesteko, etengabe eta ia bakartzat hartzera eraman gaitu: obrak hautatzean, idazleak bilatzean, zuzendari edo aktoreak gonbidatzean, ikastaroak egitean, koprodukziorako lankideak topatzean… Ez pentsa bide makur horren alde politikoa salatzen nabilenik: hori ere bai, noski, baina artea eta kultura sortzen ari bagara, dramaturgia propio bat asmatzeko anbizioa izan behar genuke: bai antzezlanak idaztean, bai hortik ikuskizunak muntatu eta zuzentzean, bai aktoreen estiloa zertzean. Orain arte, ia hutsaren hurrengoa da bide horretan aurreratu duguna. Hemendik aurrera?
Ez da erraza izango, ez erabakiak hartzean, ez gauzatzerakoan, baina gero eta garbiago daukat antzerki nazional eta beraz euskaldun bat dela geure burua espresatzeko ez ezik, artistikoki interesgarria izango den zerbait aportatzeko modu bakarra. Bide horretan, euskarak izan beharko du lanerako eta harremanetarako hizkuntza bakar edo nagusia; antzerki amateurra eta profesionala, biak hartu kontuan; Iparraldekoek eta Hegoaldekoek elkarren ezagutza landu eta lankidetzan ere saiatu; telebistako eskemak kopiatzeari uko egin, abangoardia eta tradizioa uztartu, ikusleen formazioa landu… Gauza askotxo agian, baina jar gaitezen abian.
(Noticias taldeko Ortzadar gehigarrian, 2013ko martxoaren amaieran)
Historiatik datozen istorioak
Artearen zereginetako bat izaten da gizarte baten oroimena mantentzea, moldatzea edo itxuraldatzea, horregatik hainbesteko interesa gure historia hurbilaren bertsio ofizial eta bakar bat egon dadin, irabazleen gustukoa. Baina lasai, gaur ez dut gure gatazka dontsuaz hitz egingo eta.
Gerra zibilaz aritzea askoz erosoagoa zaigu, erraz samarra delako (gaurko euskaldun ustez progresisten artean behintzat) orduko onak eta gaiztoak zein ziren jakitea. Bereizketa argi horri haur errugabe zoritxarrekoen osagaia eransten badiogu, koktelak denok ase eta poztu beharko gintuzke. Horregatik egin zait deigarria, ez gerrako umeei buruzko lanak plazaratzea han-hemen, baizik eta joan deneko 35 urtean halakorik ia batere ez egin izana: horrek erakutsiko luke, besteak beste, Espainiako trantsizioko paktu amnesikoaren morroi izan garela gu ere, nahita edo nahi gabe.
Dena dela, noizean behin sortzen diren kasualitate horiek direla-eta, oso denbora gutxian gai hauxe lantzen duten hainbat sormen-lan kaleratu dira, ia aldi berean. Joan den urteko Donostiako Zinemaldian, To say goodbye pelikula estreinatu zen, Matt Richards ingelesak zuzendua, beraren eta Izaskun Arandia tolosarraren gidoiaren gainean. Bilbotik faxistengandik ihesi Ingalaterrara joandako haurrak hartzen dituzte kontagai, eta bereziki handik gero, hainbat arrazoi direla medio, itzuli ez zirenak. Berezia da genero aldetik, animaziozko film animatua den aldetik, eta orduko ume gaur gizon-emakume zaharren ahots egiazkoek kontatua.
Iaz bertan, Durangoko azoka baino lehentxeago, Kirmen Uribek Mussche eleberria kaleratu zuen, mintzagaitzat Robert Mussche idazle flandriarra hartzen duena, zeinak haur bilbotar bat jaso baitzuen, Karmentxu Cundin, Belgikara bidali zituztenetakoa. Oraintxe atera berri den beste nobela batek ere ihesaldi eta harrera huraxe jorratu ditu, beste gai askorekin batera: Garazi Goiak idatzia da liburua, Txartel bat (des)herrira du izenburua eta berriz ere Ingalaterra gertalekua.
Kointzidentzien zerrenda biribiltzeko bezala, egunotan inauguratu du EHUk bere Bizkaia paraninfoan Koke Martinezen koadroen erakusketa bat: Londresen orain dela urte gutxi hildako pintore hori ere gerratik ihesi bidali zuten gurasoek, eta bere obraren zati handi bat dohaintzan eman zion gure unibertsitateari.
4.000 ume joan ziren Habana itsasontzian, Santurtzin itsasoratu eta Southamptonera, Erresuma Batura. Hala ere, Belgika, Frantzia eta Sobiet Batasunera joandako guztiak batuz gero 25.000 neska-mutil behintzat izan zirela kalkulatzen da, batzuen ustez 30.000, herrialde horietako esperientzia askoz gutxiago iritsi zaigun arren (mendebaldeko gehienak 1939an itzuli ziren bitartean, Errusiarturiko ia guztiek bertan geratu behar izan zuten luzaroan). Ingalaterrako istorioen nagusitasunak zerikusia izan dezake herri hartan oroimen historikoak eta ahozko kontakizunak jasotzeak duten garrantziarekin; izan ere, hamar urte pasa dira haur haietako batzuek, haien ondorengoek eta gaiarekin interesaturiko ingelesek Basque Children of '37 elkartea sortu zutenetik.
Kanpotarrek edo kanpora joandakoek bidea erakutsita bada ere, ea aurrera jarraitzen duen gure historia jasotzeko joerak, eta baita haiekin istorio berriak asmatzekoak ere. Gerrako umeena bezalako gai konsensuzkoetan, eta baita adostasunik gabeko gai mingarriagoetan ere.
(Ortzadar-Noticias, 2013-03-16)
Puig Antich, Ardotxi, Zabalegi
Zinemaren ahalmenetako bat da aurpegiak ipintzen dizkiola zuk izenak baizik ez zenituen istorioari, sentipenak eransten dizkiola aurretik zeneukan datu-sorta hotzari. Horregatik da tresna indartsua, eta beharbada horrexegatik ukatzen zaigu oraindik ere euskaldunoi -Segoviako ihesa filmatu zenez geroztik, ia 30 urte dira gure historiari loturiko filmik egiteko gauza ez garela; eta okerrago, egin den apurra, sarri, etsaiaren ikuspegitik-.
Zinemaren faltan eskura dugu literatura behintzat: arte minoritarioagoa tamalez, baina merkeagoa ere bai zorionez. Film horren lehen partean gazte urduri eta sentibera baten kontzientzia hartzea kontatzen zaigu, antifrankismotik aktibismora, eta buruan jiraka zebilkidan etengabe Mentxakaren aitorpena, Ardotxiren eleberri-lekukotasuna: garai bera, kezka bertsuak, ekintzak ere antzekoak. Alderik izatekotan, Puig Antichen taldeak makarragoa ematen zuen euskaldunen aldean; ez dakit ideologia anarkistari ala mediterraneartasunari egotzi behar zaion hori...
Pelikularen bigarren erdiak beste tonu bat hartzen du: Salva espetxean dago, heriotza-zigorra ezarri diote, eta abokatua barkamena lortzeko borrokan dabil, presoak ziegazainetako batekin harreman berezia lotzen duen bitartean. Heriotzaren korridoreko film amerikar pila aipa liteke hemen, baina, euskaldunekiko konparazioan hasi garenez, Hamaika pauso ekarriko dut gogora, Saizarbitoriak Anjel Otaegiren gainean-edo osaturiko nobela (ezinbestean, Gari Berasaluzek Txikiren biografia amaitzen ez duen bitartean). Katalanaren kasuan presoaren arrebek hartzen badute indar dramatikoa, ama bakartia zen elementu hunkigarriena Otaegi-Zabalegirenean.
Filmak film eta liburuak liburu, desberdintasunik nabarmentzekotan hauxe nagusia: katalanak beren iragana kontatzen dabiltzala, kontuak garbitzeko, eta hemen, berriz, zauriari zornea dariola oraindik. Ez dadila izan luzerako.
Guk baino lehenago
Joseba Sarrionandiak kontatzen du bere liburuetako batean, orain dela 3000 urte luze, Egipton esku anonimo batek halako zerbait idatzi zuela: "Hau zoritxarra, dena esana dagoen garaian mundura jaio izana. Madarikatuak izan bitez gurea guk baino lehenago esan zutenak". Esaldi hori benetan egiptoar batek esan ote zuen ala Sarrionandiaren ironia-joko bat ote den, Aiora Jaka itzultzaile eta irakasleari galdetu behar, bere doktore-tesian (Itzulpenari buruzko gogoeta eta itzulpen-praktika Joseba Sarrionandiaren lanetan, Euskaltzaindiak argitaratua) ikertuak baititu iurretarraren benetako itzulpenak eta itzulpen itxuran egindako sortze-lanak. Hau beste baterako gaia izango litzateke baina, berriki, Bilbo Zaharra forumean Bernardo Atxagaren plagioari buruzko teoriak aztertzen ibili dira, eta ez dakit inork aipatu duen Pott taldeko bi kideen arteko lotura moduko hori, norbere testuen eta inondik hartutakoen arteko mugak lausotzean datzana.
Adarretatik nabil ordea, eta gatozen hasierara: egiptoar hark orain hiru mila urte pasa dena esana dagoela sentitu bazuen –pentsarazten digu Sarrionandiak–, zer ez ote du sentituko gaur egungo idazleak? Irakurtzeko ohitura apur bat hartuz gero, berehala deskubrituko du –amorrazio puntu batez, baina baita harrotasun pixka batekin ere– berak esan nahi lukeena hobeto adierazi zuela lehenago beste hainbatek. Hori ez da txarra, noski, eta besterenak kopiatzea (itzultzea, plagiatzea, inspiratzea…) pauso bat izan liteke (izan ohi da) norbere ahots originala aurkitu edo eraikitzeko bidean.
Niri orain gutxi antzeko zerbait gertatu zitzaidan, baina lotsagarriagoa: argitaratua nuen nobela bateko pasarte bateko teknika, klasiko batetik hartua zegoela konturatu berri naiz, nik klasiko hori irakurri gabe! Honetan hasi naizenez gero, konta dezadan. Berriro igo nauzu 1997an argitaratu nuen nobela bat da, non kontatzen den Joxe Garmendia Marmitteren itzulera, Puerton hainbat urtez preso egon ondoren. Nobelako pasarte batean, ongietorri ofizialaren erdian kakagura sartu eta komun baten bila dabil Joxe, eta irakurleak tartekaturik ikusiko ditu ekitaldiko diskurtso nahiz bertsoak eta Marmitteren larrialdi fisiologikoak (bide batez esanda, Jon Sarasuak egin zizkidan bertso horiek, enkarguz).
Bada, Gustave Flaubertek 1857an kaleratutako Madame Bovary-n antzeko eszena bat dago (orain Patxi Apalategiren itzulpenean euskaraz irakur litekeena): ospakizun zibil baten erdian, Rodolphe Emma seduzitu nahian ari da, bere martingala guztiak erabiliz, eta maitaleen jolas-solas horrekin tartekaturik Lieuvain Kontseilariaren hitzaldi arranditsua entzuten dugu, herritar xumeak limurtu nahian.
Diskurtso epikoaren eta errealitate zikin baten arteko kontrastea nabarmendu nahi zuen nire nobelak, modu aski primario eta baldar batean. Flaubertek, berriz, politikari gezurti baten pare ipintzen du casanova probintzianoa, edo alderantziz: donjuan kaxkar baten antzeko bihurtzen du jaun agintaria, biak ere hitz gozoz eta asmo ezkutuz ari baitira. Konparatzen hasita, Flaubertena nirea baino askoz ere abilagoa eta finagoa da, noski, baina grazia egin zidan aurrez jakin gabeko imitazio hori egin izanak. Beraz, egiptoar anonimoak ez bezala esango dut: bedeinkatuak izan bitez gurea guk baino lehango esan zutenak.
(Ortzadar-Noticias, 2013-03-02)