Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Min eta atsegin

Min eta atsegin

xme 2013/04/27 12:44

Leire Palacios kazetari eta artista gazteak, berriki, Eta emakumeari sugeak esan zion nobela komentatu zuen sare sozialetan, esanez oso maite zuela baina pasarte jakin bat huts egitea iruditzen zitzaiola, orgasmoa deskribatzen duen hau hain zuzen: “sumendia zara, iraileko olatua Paseo Berrian, praile budista laranjaz jantziek jotzen duten gong erraldoi baten erdigunea, eztanda, Niagarako kataraten ur jauzirik azkarrena, abuztuko txupestak Kontxan”. Konparazio zehatz horien asmatze edo ez asmatzea gorabehera, balio orokorrez egin daitekeen gogoeta da lantegi zaila dela taxuzko ezer esatea gai horri buruz. Gorputzak senti dezakeen plazer une gorena nekez adieraz daiteke zehaztasunez hiztegiko berben bidez, eta adjektibo egokirik ezean metaforetara jotzen dugu, Lourdes Oñederrak pasarte horretan egin zuen bezala. Irakurleek badakite, noski, zertaz ari den idazlea; batzuei ariketa injeniosoa irudituko zaie ahalegina, beste batzuei berriz hutsala, baina, nolanahi ere, ezin ukatu baduela erredundantzia kutsu bat.

Horretaz pentsatzen ari nintzela, giza sentsazioen beste muturrera joan zitzaidan gogoa: plazer askatze ezin handiagoaren esperientzia bezala, oinaze ezin jasanezkoetara iristea ere posible da. Ez dakit horren neurgailurik baden, zein gaixotasun motak eta gorputzaren zein organok eragin dezakeen minik izugarriena. Dakiguna da ahalegin kontzientea egiten dutela batzuetan gizakiek, beste gizaki bati ahalik eta oinazerik lazgarriena eragiteko, informazioren bat lortzearren edo etsaitzat jotzen den hori makurtu eta txikitzearren: tortura deritzan jarduera, gaiztakeria hutsetik harago estatuak ia-ia zientifikoki praktikatu ohi duena bere helburuetarako.

Orgasmoaren esperientzia gizon eta emakume gehienok ezagutzen dugun moduan, torturarena, zorionez, salbuespena izan ohi da; hala ere, zoritxarrez, Euskal Herrian Europako beste parajeetan baino askoz ere zabalduagoa; denok ezagutu dezakegu inguruan baten bat hortik pasatakoa, eta idazleen artean ere badira tormentu hori bere hezur-mamietan pairatu dutenak; torturatu guztien moduan guztiz markatu ditu horrek, eta torturatu guztien moduan, halaber, ez dute gaiaz hitz egin nahi izaten, izugarriegia zaie, eta hitzak motz geratzen direla sentitzen dute.

Horren adibidetzat har dezakegu, beste batzuen artean eta denen izenean, Joseba Sarrionandia, 1980 urtearen amaieran  atxilotua eta orduko lege antiterroristaren arabera hamar egun eta hamar gauez inkomunikaturik eduki zutena. Hitzekin magia eta ia-ia alkimia sortzeko gauza izan den idazleak ez du inoiz egun haien berri eman, ez dakit proba egin eta bertan behera utziko zituen saiakerak, ala ezinezkotzat joko zuen, zuzenean. Laurogeiko hamarkadan pare bat lorratz utzi zituen, hala ere: Tortura egunak poeman identifikazio sentimentalik bilatzen ez duen metafora hotz eta urrun bat zirriborratu zuen: “hargin enanoek zeure gorputz adreiluz errautsezko katedralea eraikiko dute”; handik gutxira, berriz, Literatura eta iraultza poema esaldi honekin hasten du: “Angel Martinez komisarioak bere errebolberraren kainoia / detenitu biluziaren uzkira sartu eta mirila zikindua, / odoldua, patetikoa ateratzen duenean / zer axola zaio mutil torturatuari poeta / um fingidor den?”, agerian aitortuz idazlearen ezintasuna zenbait errealitate adierazteko.

Hobe, noski, halako esperientziak gure artetik betiko desagertuko balira, eta horien adierazpena joko literario huts bihurtu, artistikoki asmatu dugun edo ez eztabaidatzen jarduteko.

(2013.04.27 Noticias taldeko Ortzadar gehigarrian argitaratua)

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.