Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Danielen oroimena

Danielen oroimena

xme 2013/04/15 10:50

Oroitzapenen generoa da gure letretan gutxien landu direnetako bat. Horren arrazoietako bat izan daiteke gure historia hurbila zapalketaz eta itsuskeriaz betea egon dela eta, beraz, kontatzeko zerbait zeukatenetako askok nahiago zutela isilik, kontatu nahi luketen hori esatea komeni ez zelako batzuen kasuan, eta kontatu nahi ez zutelako beste batzuenean. Beste arrazoietako bat norbere gauzak agerian jartzeko lotsa edo herabetasuna izan liteke, diskrezio horretan haziak izan baikara gutako gehienak, Oteizak aipatzen zituen neolitikotik honainoko 80 amona horien heziera bereizgarri hori oso urte gutxian aldatzen ari bada ere, besteak beste sare sozialei esker edo haien erruz (bide batez erantsitako oharra: tankera honetako liburuak oro har oso ugariak ez badira ere, askoz urriagoak emakumezkoek idatzitakoak; ez dut uste kasualitatea denik).

Hala ere, beti iruditu izan zait triste samarra isiltasun kolektibo hori. Nork bere sekretuak inori agertu nahi ez izatea bidezkoa da, noski, baina historiografiaren nahiz kultur transmisioaren ikuspegitik kontu franko azaldu ohi dira memoria eta elkarrizketa-liburuetan, bestela inon jasotzen ez direnak eta kontatu ezean betiko galtzen direnak. Bestalde, lotsatiei halako konfidentzietan hasteak hozkia emateak ez du esan nahi bere bizitzaren jendaurreko errepasoa egiten duena kontakatilu hutsa denik, edo bere buruari berorika egiten dion egolatra. Hamaika motibazio izan ditzake batek bere oroitzapenak idazteko, eta mila modu daude egiteko: batzuek bere ekintzen justifikazioa eta ederrestea bilatzen dute, beste batzuek beren barren intimoaren arakatzea; batek garai baten lekukotasuna utzi nahi du, besteak behialako etsaiekiko kontuak garbitu; asmo literarioz idazten dute batzuek, edo kausa baten alde, edo auskalo…

Genero hau gehien landu dutenetako bat, gure letretan, Daniel Landart dugu, hiru aldiz idatzi baitu bere bizitzaren berri. Aihen ahula idatzi zuen gaztetan, umetako oroitzapenak bilduz, XX. mendearen erdiko Baxenabarreko mutiko euskaldun baten giroa, fantasiak, bizimodua… Barnealdeko euskaldun askok ikusi zuen bere burua islaturik, eta horregatik bihurtu zen erreferentziazkoa obra hori. 14 urterekin inprimategi batean aprendiz sartzean amaitzen zen kontakizuna, eta berriki edizio gaurkotu eta luzatu bat eskaini zuen, Ahularen indarra izenarekin, inprimeriako langile izan zeneko aldia ere agertuz.

Egunotan, berriz, Enbataren zirimolan atera berri du: abertzale eta euskaltzale baten oroitzapenak. 50 urte bete dira Enbata sortu zela, eta mugimendu horren hasierako garaiak militante xume baten ikuspegitik kontatzen dizkigu Danielek, baita Franco garaiko errefuxiatu giroa ere. Interes handikoa da, halaber, kulturaren adar askotan berak bizi izandakoa: antzerkian lehendik (jokalari, idazle, zuzendari, kudeatzaile), baina baita bertsolari, idazle eta kantariekin izandako harremanak ere. Liburua gaur arte luzatzen bada ere, garai zaharren testigantza iruditu zaigu aberasgarriena, bai Ipar Euskal Herria apur bat ezagutzen duenarentzat, bai ezagupen horretan hasi nahi duenarentzat.

Osasun txarra zuenez, laster hilko zelakoan hasi omen zen Daniel bere oroitzapenak biltzen. Iragarpen hori bete ez zenez, beste bat egingo diot hemendik: urte batzuk igarota, bere memorien beste atal bat oparitu diezagula; ez du faltako zer kontatua, ezta buru argia eta esku zolia ere.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.