Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Historiatik datozen istorioak

Historiatik datozen istorioak

xme 2013/03/16 08:22

Artearen zereginetako bat izaten da gizarte baten oroimena mantentzea, moldatzea edo itxuraldatzea, horregatik hainbesteko interesa gure historia hurbilaren bertsio ofizial eta bakar bat egon dadin, irabazleen gustukoa. Baina lasai, gaur ez dut gure gatazka dontsuaz hitz egingo eta.

Gerra zibilaz aritzea askoz erosoagoa zaigu, erraz samarra delako (gaurko euskaldun ustez progresisten artean behintzat) orduko onak eta gaiztoak zein ziren jakitea. Bereizketa argi horri haur errugabe zoritxarrekoen osagaia eransten badiogu, koktelak denok ase eta poztu beharko gintuzke. Horregatik egin zait deigarria, ez gerrako umeei buruzko lanak plazaratzea han-hemen, baizik eta joan deneko 35 urtean halakorik ia batere ez egin izana: horrek erakutsiko luke, besteak beste, Espainiako trantsizioko paktu amnesikoaren morroi izan garela gu ere, nahita edo nahi gabe.

Dena dela, noizean behin sortzen diren kasualitate horiek direla-eta, oso denbora gutxian gai hauxe lantzen duten hainbat sormen-lan kaleratu dira, ia aldi berean. Joan den urteko Donostiako Zinemaldian, To say goodbye pelikula estreinatu zen, Matt Richards ingelesak zuzendua, beraren eta Izaskun Arandia tolosarraren gidoiaren gainean. Bilbotik faxistengandik ihesi Ingalaterrara joandako haurrak hartzen dituzte kontagai, eta bereziki handik gero, hainbat arrazoi direla medio, itzuli ez zirenak. Berezia da genero aldetik, animaziozko film animatua den aldetik, eta orduko ume gaur gizon-emakume zaharren ahots egiazkoek kontatua.

Iaz bertan, Durangoko azoka baino lehentxeago, Kirmen Uribek Mussche eleberria kaleratu zuen, mintzagaitzat Robert Mussche idazle flandriarra hartzen duena, zeinak haur bilbotar bat jaso baitzuen, Karmentxu Cundin, Belgikara bidali zituztenetakoa. Oraintxe atera berri den beste nobela batek ere ihesaldi eta harrera huraxe jorratu ditu, beste gai askorekin batera: Garazi Goiak idatzia da liburua, Txartel bat (des)herrira du izenburua eta berriz ere Ingalaterra gertalekua.

Kointzidentzien zerrenda biribiltzeko bezala, egunotan inauguratu du EHUk bere Bizkaia paraninfoan Koke Martinezen koadroen erakusketa bat: Londresen orain dela urte gutxi hildako pintore hori ere gerratik ihesi bidali zuten gurasoek, eta bere obraren zati handi bat dohaintzan eman zion gure unibertsitateari.

4.000 ume joan ziren Habana itsasontzian, Santurtzin itsasoratu eta Southamptonera, Erresuma Batura. Hala ere, Belgika, Frantzia eta Sobiet Batasunera joandako guztiak batuz gero 25.000 neska-mutil behintzat izan zirela kalkulatzen da, batzuen ustez 30.000, herrialde horietako esperientzia askoz gutxiago iritsi zaigun arren (mendebaldeko gehienak 1939an itzuli ziren bitartean, Errusiarturiko ia guztiek bertan geratu behar izan zuten luzaroan). Ingalaterrako istorioen nagusitasunak zerikusia izan dezake herri hartan oroimen historikoak eta ahozko kontakizunak jasotzeak duten garrantziarekin; izan ere, hamar urte pasa dira haur haietako batzuek, haien ondorengoek eta gaiarekin interesaturiko ingelesek Basque Children of '37 elkartea sortu zutenetik.

Kanpotarrek edo kanpora joandakoek bidea erakutsita bada ere, ea aurrera jarraitzen duen gure historia jasotzeko joerak, eta baita haiekin istorio berriak asmatzekoak ere. Gerrako umeena bezalako gai konsensuzkoetan, eta baita adostasunik gabeko gai mingarriagoetan ere.

(Ortzadar-Noticias, 2013-03-16)

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.