Hölderlin Markinan
Urtero bazkari batera gonbidatu ohi naute Markina-Xemeingo karmeldarrek: Luis Baraiazarrak, Julen Urkizak eta Patxi Uribarrenek gidaturiko taldeak, Karmel aldizkarian aldez edo moldez kolaboratzen dutenak deitu ohi dituzte: bilera batean, urte horretan taldekideek egindako lanak aurkeztu, bertaratuei ale bana opari eman, eta ondoren otordua eskaini ohi digute Iturrieta auzoan, San Kristobal ermitaren ondoan; oturuntza oparoa, lagunarte ederrean.
Aurten, bestelako lanen artean, nabarmenena, Hölderlin-en Olerki guztiak, edizio elebidun dotore, zaindu eta potolo batean, Luis Arostegik euskaratu eta apailatua. Komunikabideetan ez dut ikusi inon aipatuta, edo aurkezpenik egin ez delako, edo kazetariak jabetu ez direlako, baina, prentsaurrekorik gabe ere, literatura unibertsaleko poeta handienetako baten obra euskaraz eskaintzeak, mila orriko liburukote batean, bere oihartzuna behar luke, dudarik gabe, gure hedabideetan.
Horrez gain, Luis Arostegi bera iruditu zitzaidan pertsona biziki interesgarria, eta niretzat ordura arte ezezaguna guztiz: gizon jantzia, Italian eta Alemanian ikasitakoa, Ipar nahiz Hego Amerikan eta Afrikan asko ibilia, Euskal Herriko karmeldarren Probintziala behin baino gehiagotan izandakoa, baita munduko karmeldar guztien Jenerala ere. Esperientzia eta ardura handiak izan dituen gizona beraz, eta horrez gain, euskarari halako ekarriak egiteko gauza dena.
Hala ere, beste pentsamendu bat etorri zitzaidan gero. Berrehun urte baino gehiago dira Friedrich Hölderlinek bere testuak idatzi zituela, erromantizismo alemanaren bultzatzaile eta gailurretako bat bihurtuz. Euskaraz orain baino lehen ere eman izan dira haren bertsio batzuk: Federiko Krutwigek itzuli zuen poemaren bat aspalditxo, eta berriki Luigi Anselmik eta Eduardo Gil Berak beste batzuk; bestalde, Gil Berak berak Hyperion eleberri epistolarra itzuli zuen, aspaldi ez dela. Baina berrehun urte behar izan du Hölderlinek, Alemaniatik Markinarako bidea egiteko.
Duela berrehun urte, Markinako Karmeldarren komentuan izan zen idazle guztiz trebe eta emankor bat, Bartolome Madariaga Garate zeritzana, Frai Bartolome Santa Teresa erlijio-izenaz ezagunagoa: kristau doktrinak ere idatzi zituen arren, beste bat du lanik aipatuena: Euskal-errijetako olgeeta ta dantzeen neurrizko-gatz-ozpinduba, dantzaren kontrako prediku sutsua, garaiko moral estuaren adierazgarri eta, gaur egun, umorezko parodia gisa irakurriko genukeena.
Bitxia da: Frantziako iraultzak aurrena eta Napoleonek zabaldutako gerrek hurrena, egundoko zirimola sortu zuten Europan barrena, bai Alemanian eta bai Euskal Herrian, eta idazleen artean ere eragin nabarmena izan zuten, oso desberdina baina: Alemanian, herrien eta norbanakoen askatasunaren aldeko mugimendu bat piztu zen, Grezia zaharraren mirespenarekin eta jarrera amesti-melankolikoekin batera; gure artean, berriz, santuen bizitzak, Bibliako historiatxoak, bizimodu zuzenerako ikasbideak… erlijiosotasun zurrun baten agergarriak denak.
Dugun historia daukagu, eta handik gatoz denok ere. Alferrik amestuko dugu duela 200 urteko karmeldarrek Hölderlin-en tankeran idatzi balute zer-nolako literatura izango genukeen. Ea 200 urte barru oroitzeko moduko zer edo zer uzteko gauza garen behintzat.