Guk baino lehenago
Joseba Sarrionandiak kontatzen du bere liburuetako batean, orain dela 3000 urte luze, Egipton esku anonimo batek halako zerbait idatzi zuela: "Hau zoritxarra, dena esana dagoen garaian mundura jaio izana. Madarikatuak izan bitez gurea guk baino lehenago esan zutenak". Esaldi hori benetan egiptoar batek esan ote zuen ala Sarrionandiaren ironia-joko bat ote den, Aiora Jaka itzultzaile eta irakasleari galdetu behar, bere doktore-tesian (Itzulpenari buruzko gogoeta eta itzulpen-praktika Joseba Sarrionandiaren lanetan, Euskaltzaindiak argitaratua) ikertuak baititu iurretarraren benetako itzulpenak eta itzulpen itxuran egindako sortze-lanak. Hau beste baterako gaia izango litzateke baina, berriki, Bilbo Zaharra forumean Bernardo Atxagaren plagioari buruzko teoriak aztertzen ibili dira, eta ez dakit inork aipatu duen Pott taldeko bi kideen arteko lotura moduko hori, norbere testuen eta inondik hartutakoen arteko mugak lausotzean datzana.
Adarretatik nabil ordea, eta gatozen hasierara: egiptoar hark orain hiru mila urte pasa dena esana dagoela sentitu bazuen –pentsarazten digu Sarrionandiak–, zer ez ote du sentituko gaur egungo idazleak? Irakurtzeko ohitura apur bat hartuz gero, berehala deskubrituko du –amorrazio puntu batez, baina baita harrotasun pixka batekin ere– berak esan nahi lukeena hobeto adierazi zuela lehenago beste hainbatek. Hori ez da txarra, noski, eta besterenak kopiatzea (itzultzea, plagiatzea, inspiratzea…) pauso bat izan liteke (izan ohi da) norbere ahots originala aurkitu edo eraikitzeko bidean.
Niri orain gutxi antzeko zerbait gertatu zitzaidan, baina lotsagarriagoa: argitaratua nuen nobela bateko pasarte bateko teknika, klasiko batetik hartua zegoela konturatu berri naiz, nik klasiko hori irakurri gabe! Honetan hasi naizenez gero, konta dezadan. Berriro igo nauzu 1997an argitaratu nuen nobela bat da, non kontatzen den Joxe Garmendia Marmitteren itzulera, Puerton hainbat urtez preso egon ondoren. Nobelako pasarte batean, ongietorri ofizialaren erdian kakagura sartu eta komun baten bila dabil Joxe, eta irakurleak tartekaturik ikusiko ditu ekitaldiko diskurtso nahiz bertsoak eta Marmitteren larrialdi fisiologikoak (bide batez esanda, Jon Sarasuak egin zizkidan bertso horiek, enkarguz).
Bada, Gustave Flaubertek 1857an kaleratutako Madame Bovary-n antzeko eszena bat dago (orain Patxi Apalategiren itzulpenean euskaraz irakur litekeena): ospakizun zibil baten erdian, Rodolphe Emma seduzitu nahian ari da, bere martingala guztiak erabiliz, eta maitaleen jolas-solas horrekin tartekaturik Lieuvain Kontseilariaren hitzaldi arranditsua entzuten dugu, herritar xumeak limurtu nahian.
Diskurtso epikoaren eta errealitate zikin baten arteko kontrastea nabarmendu nahi zuen nire nobelak, modu aski primario eta baldar batean. Flaubertek, berriz, politikari gezurti baten pare ipintzen du casanova probintzianoa, edo alderantziz: donjuan kaxkar baten antzeko bihurtzen du jaun agintaria, biak ere hitz gozoz eta asmo ezkutuz ari baitira. Konparatzen hasita, Flaubertena nirea baino askoz ere abilagoa eta finagoa da, noski, baina grazia egin zidan aurrez jakin gabeko imitazio hori egin izanak. Beraz, egiptoar anonimoak ez bezala esango dut: bedeinkatuak izan bitez gurea guk baino lehango esan zutenak.
(Ortzadar-Noticias, 2013-03-02)