Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Beasain bonbardatua

Beasain bonbardatua

xme 2013/06/17 08:03

Ez dakit inoiz izan zareten Gernikan. Arbola eta Juntetxea ikustera joan ohi dira askotxo, umetan eskolatik beharbada, eta bisitak merezi du, dudarik gabe. Balio sinbolikoaz gainera, inguru ederra da, baita haren ondoko museoa ere. Hala ere, paraje zaindu hori alde batera utzita, hiriaren gainerakoa ez da horren ikusgarria: izan ere, edonork dakien bezala, 1937ko apirilaren 26an guztiz txikitu zuten Kondor Legioko hegazkinek, Hitlerren Alemania naziak Francori gerra irabazten laguntzeko bidalitakoek. Hura izan zen herritar zibilen kontra Europan egindako lehenbiziko bondarkaketa orokorra (lehendik italiar eta espainolek eginak zituzten halako sarraskiak Afrikako beren koloniak menderatzeko, eta ondoren potentzia guztiek erabiliko zuten sistema bera, areagotuta, II. Mundu Gerran, Hiroshima eta Nagasakiko bonba atomikoetara iritsi arte), horregatik izan zuen halako sona gertakariak, besteak beste Picassoren koadro gogoangarria sortarazterainokoa.

Horrenbestez, herria, ia-ia osorik, gerra ondoren berreraikitakoa da, eta nabarmena da 50 eta 60ko hamarkadetako arkitektura berezi hori, Beasaingo Oriamendi, San Inazio, Nekolalde edo Foru kaleetakoa gogoraraz dezakeena. Atrebentzia handi samarra izan daiteke Beasain xaxtar apala eta foruen hiria konparatzea, nahiz eta gure pergolek Gernikako Arbolaren Pasealekua izen ofiziala eraman (orduko tamainaz, itxuraz eta feriaren garrantziaz, Ordiziarekin izango luke zerikusi handiagoa). Hala ere, eraikuntza zaharren alerik ere zutik ez uzte horretan parekoak gertatzen dira biak: gurean ere, eliza eta Igartza kenduta, gerra ondokoak ditugu ia etxe guztiak; diferentzia txiki baina inportante batekin: Gernika txikitzea, von Richtofen jeneral alemaniarrak gidatu zuen, Emilio Mola jeneral espainiarrarekin elkar hartuta; Beasaingo etxe zaharrak –Nafarroa Etorbidean, Kale Nagusian edo Andra Mari kalean, esate baterako, baina ez hor bakarrik– banan-banan eraistea, berriz, Diruzalekeria eta Axolagabekeria jeneralek ekarri dute: batzuen negozio-goseak, beste batzuen utzikeriak edo ez ikusiarena egiteak, eta gehienon sentiberatasun eskasak gure ondare historiko eta kulturala zaintzeko.

Esajeratzen ari naizela? Bai noski, eta jakinaren gainean, ea begiak zabaltzeko gauza garen. Egindako kalteak gehienetan ez du erremediorik: Batzokiko frontoia, adibidez, betiko galdu dugu. Beste batzuetan, berriz, ezegitekoa erdibidean geratu da: San Martin basilikari erantsitako zatarkeria hori egunen batean behera botako duten esperantza daukat, ondo bidean. Eta oraindik zutik dugun hirigune historikoa zaindu dezagun, arren: Bideluze kalea, adibidez, edo garai bateko arkitektura industrialetik geratzen zaiguna, Olaran eta beste; baita kalearen eta mendiaren arteko muga egiten duten baserri apurrak ere: Errekarte Haundi, Telleri…

Izan ere, Gernikak behintzat hiri martiriaren lustrea eta epika irabazi zituen txikizioaren ordainetan; Beasainen, aldiz, arbasoen baserria bota eta haren lekuan txalet hortera handi usteko bat egiten duen aberats berriaren pare geratzeko arriskua dugu, besteen barregarri eta geure lotsagarri.

(Goierritarra aldizkarian argitaratua, 2013-06-14)

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.