Excombatienteen malenkonia
Autoan goazela, ez gatoz bat aldamenekoa eta biok ze musika hautatu irratian. Gaur-gaurko arrakastak entzun nahi ditu hark, orain dela urte batzuetakoak jartzen dituen emisore bat nik. Ez da berez gustu musikalen arazoa: bat etorri ohi gara ze kantu diren onak eta zein okaztagarriak. Aldea iraganarekiko sentipenean dago, nire jarrera nostalgikoan, bestela esanda.
Orain dela aste batzuk, lagun batek esan zidan excombatienteen bazkaria zeukala. Borrokalari ohi horiek ez ziren inongo gerrilla-taldetan ibiliak, apaizgaitegian elkarrekin ikasitako lagunak baizik. Juxtu aste horretan, beste bide batetik jakin nuen garai bateko ezkerreko talde klandestino bateko kideak ere elkartzekoak zirela, mahaiaren bueltan.
Batzuk eta besteak ez ziren gudaldi beretan ibili (izango zen hala ere baten bat, bietan jardundakoa), baina esango nuke antzekoa izango zutela giroa, antzekoa hara bildu zituen arrazoia: lagun zaharrak ikusi, elkarren berri galdetu, abentura zaharrak gogoratu, gaurko gertakariak komentatu... ardoaz eta nostalgiaz ederki blaiturik.
Ni ez naiz inoiz izan halako kofradietako bezero, baina ondo ulertzen ditut haien sentimenduak, irratian gazteago nintzeneko abestiak entzuten ditudan bitartean. Aldamenekoa ez dut uste apuntatuko litzatekeenik.
Udako postalak (II)
Larunbata, ekainak 25
Estepan:
Gaur betetzen dira 68 urte Gasteizko kanposantuko paretan tiroz josi zintuztenetik (goiz eder honetan, erail behar nabe). Eta fusilatu zintuzten haien ondorengoak harro dabiltza hara eta hona (ardao onena Gomez etxean). Baina ez larritu, zure alderdiko kide batek errepikatuko du, gaur bertan, Jose Antonioren zina Gernikako arbolaren pean (eusko lur gainean zutunik, Jainkoaren aurrean apalik, asaben gomutaz). Ez dakigu dana emon behar jakon baina, askatasun bila gabiltza oraindik.
Beti gogoan.
Igandea, ekainak 26
Ama:
Ez jardun gehiago mesanotxean gordetako diruaren bila, alferrik zabiltza, neuk hartu dizut eta. Lasaitzen zarenean, zoaz nire armairura eta ikusiko duzu bakero eta kamixeta batzuk hartu ditudala, baita ganbaran zegoen motxila ere, eta orduan ohartuko zara oporretan joan naizela, Europan zehar Interrailez, uda-pasa.
Eskolako liburuak, apunteak eta karpetak ere falta dira, baina horiek ez ditut bidaian eraman: San Joan eguneko sutara bota nituen denak.
Idatziko dizut, Florentziatik-edo, Amsterdametik-edo, Budapestetik-edo
Asteartea, ekainak 28
Armairutxo armairu:
Zu izan zara nire habia, nire txokoa, nire gordelekua. Zure barruan topatu ditut babesa, gozotasuna, gozamena. Baina iritsi da irteteko ordua. Eguzkiaren izpiak, haizearen laztana sentitzekoa. Haizea alde daukagula dirudi gainera: gaizki begiratzen zigutenek disimulatu egiten dute, garenak garelako postuak ematen dizkigute, eta ezkontzen ere utziko omen digute. Baina ezkontzea ote da guk nahi duguna? Eraztunaren kaiola? Familia santuaren antzekoa sortzea?
Aukera izatea ez da txarra baina
Asteazkena, ekainak 29
Jefe izendaezin hori:
Gure gremio ohoragarriak Eliza Ama maiteari De Lancre eta Torquemada bezain zerbitzari leialak emanagatik, oraindik ez daukagu santu patroi bat egutegian. Eta orain, berriz, prentsaren bitartez jakin dugu gure bezeroek bai, Nazioarteko Eguna dutela. Zer lirateke, ordea, munduko unairromano guztiak, guk gure lana zintzo eta prestu beteko ez bagenu? Diskriminazio lotsagarri hori amaitzeko, saiatze eta produktibitatezko plus bat eskatu nahiko genuke, eta anaiarteko afari bat.
Ez da asko eskatzea, gure dedikazioa kontuan hartuta.
Munduaren maitasuna
Fikzioen irakurlea naiz ni batik bat baina, tarteka, ipuin eta nobelez aspertuta-edo, saiakerara jotzen dut, neure burua janzteko, egurasteko, edo auskalo zertarako. Irakurketa hauetan ez naiz batere sistematikoa: batean historia izango dut esku artean, bestean soziologia edo politika, eta ez dit luze irauten sukarrak.
Bada idazle bat, hala ere, garai diferenteetan hartu dudana eta orain arte huts egin ez didana: Alain de Botton. Ez da nire lagun Markos Zapiainek erabili ohi dituen pentsalariak bezain sakona (Kojève eta), baina atseginez irakurri ditut beti haren gogoetak: maitasunaz, bidaiaz, filosofiaz... Irakurri diodan azkena, "Ansiedad por el estatus".
Orain dela aste batzuk, Martinez de Pison-en liburu baten kontura, idazleak hurkoen maitasuna ala bere obragatiko mirespena, zer nahiago zuen hartu nuen hizpide. Idazleez ari ez bada ere, haientzat ere balio du De Botton-en gogoeta honek:
"Esan liteke edozein helduren bizitza bi maitasun-istoriok zedarritzen dutela. Bata maitasun sexualaren bila ibili garenekoa aski ezaguna da, xehetasun eta guzti, horren gorabeherak izan baitira musikaren eta literaturaren gai nagusi, eta gizarteak onartu eta ospatu egiten baitu bilaketa hori. Bestea munduaren maitasunaren bila gabiltzanekoa kontakizun sekretuago eta lotsagarriagoa da. Aipatzez gerotan, barre gaiztoz egin ohi dugu, txantxa giroan, inbidiak jo eta nahasturiko jendearen kontua balitz bezala, edo estatusaren atzetik garamatzan irrika diru-kontu hutsa balitz legez. Eta, hala ere, bigarren amodio-istorio honek ez du lehenak baino indar edo konplikazio gutxiago, ez du garrantzi edo unibertsaltasun eskasagoa, eta bere zafraldiek ez digute ematen min txikiagoa."
Ez fidatu titulu onegiekin
Orain dela hilabete batzuk liburu bat erosi nuen, izenburuak erakarrita: "Las mujeres deberían llevar libro de instrucciones". Ironikoa eta zirikatzailea zirudien, kontrazaleko komentarioari erreparatuta. Gogotsu nengoen zabaltzeko, beraz. Irakurketak zapuztu egin ninduen, ordea. Erdipurdikeria, errazkeria eta eskaskeria. Mendian geunden: nire ondokoa eguzkitan, eta ni itzalpean, liburuarekin. Ez dakit purrustadak entzun zizkidan edo nik neukan kritika ozena egiteko gogoa, kontua da azaldu egin niola lagunari nire haserrearen berri.
"Onegia titulua, gauza onerako", bota zuen epaia.
Beharbada arrazoi zuela pentsatu nuen. Izenburua hain biribila denean, gero ezin maila berari eutsi. Gogoan daukat Joserra Garziak idatzi asmo zuen liburu bat, izenburu jeniala zeukana: "ETA, ETB, ETC". Jenialaren jenialez, ez zuen barrukorik idatzi, nik dakidala.
Harri berean bigarrenez estropezu egiten duenaren antzera, joan den astean berriro erosi nuen liburu bat izenburu kilikagarriaren amuak erakarrita: "L'amour dure trois ans" (Maitasunak hiru urte irauten du) Frédéric Beigbeder-ena. Polita zen hasiera ere. Horra, euskaratuta:
"Aldez aurretik galdutako borroka da maitasuna.
Hasieran, dena da ederra, baita zu ere. Ezin sinets dezakezu horren maitemindurik zaudenik. Egun bakoitzak dakar bere mirari-sortatxoa. Munduan ez da inoiz izan zu baino zoriontsuagorik. Zoriontasuna existitzen baita, eta oso sinplea da: aurpegi bat. Unibertsoak irribarre dagi. Urte batean, goiz eguzkitsuen segida da bizitza, baita arratsaldean elurra egiten badu ere. Liburuak idazten dituzu horren gainean. Ezkondu egiten zara lehenbailehen: zertarako hasi pentsatzen horren zoriontsua bazara? Pentsatzeak tristura dakar; bizitzak irabaz dezala.
Bigarren urtean gauzak aldatzen hasten dira. Samurragoa bihurtu zara. Harro zaude zure bikote-bizitzan lortu duzun konplizitateaz. Hitz erdi bat aski duzu zure emaztea ulertzeko; hau zoriona, biak osotasun bat izatea. Kalean, zure arrebarekin nahasten dute zure andrea: laudoriotzat hartzen duzu, baina nekatu ere egiten zaitu. Gero eta gutxiagotan jotzen duzue larrua, baina ez zaizue larria iruditzen. Sinistuta zaudete oso urruti dagoela munduaren amaiera. Ezkontza goratzen duzue zeuen lagun ezkongabeen aurrean, eta hauek ez zaituztete ezagutzen ia. Zuk zeuk ere, ezagutzen ote duzu zeure burua buruz ikasitako lezio hori errepikatzen duzunean, edo kalea argituz doazen neskatxa arinki jantziei begiratzeko tentazioari eusten diozunean?
Hirugarren urtean ez diozu eusten kalea argituz doazen neskatxa arinki jantziei begiratzeko tentazioari. Andrearekin ez duzu ia hitz egiten. Orduak pasatzen dituzue jatetxeetan, aldameneko mahaietan zer esaten duten aditzen. Gero eta gehiago ateratzen zara kalera: aitzakia ederra, larrutan egin beharrik ez izateko. Laster iristen da zeure emaztea begien bistan ikusi ezin duzun unea, beste batekin maitemindu baitzara. Gauza bakarra dago huts egin ez zenuena: bizitzak irabazten duela. Hirugarren urteak berri bat dakar ona eta bestea txarra. Ona: zurea andreak, nazka-nazka eginda, utzi egin zaituela. Txarra: beste liburu bati ekiten diozula."
Topiko samarra, baina bixia. Tamalez, ideia horiexen inguruan jira eta bira dabil liburu ia osoa, kostunbrismo sentimentala eta txiste on batzuk eginez baina ganorazko ezer erantsi gabe. Iragarkietan trebaturiko zinemagileei beren filmek bideo-klip kutsua dutela leporatzen zaien moduan, Beigbeder-en lanak aldizkarietarako artikulu-sorta bat dirudi: txinpartaduna, baina errepikakorra. Eta guk literaturari zer edo zer gehiago eskatu nahi.
Udako postalak (I)
(Berria-n, Udako tartea gehigarrian txoko bat betetzeko eskatu didate, eta egunero idatziko dut bertan. Hona, orain artekoak)
Asteartea
Os meus irmans:
Hartu lasai arnasa. Eta bota. Hauteskunde-gauetan gertatu ohi da, boto-kutxak itxi eta benetako datuak jakin bitartean, ordu pare bateko zalantza-dantza izaten dela, eta arnasari eutsi beharra, zer gertatuko; balantza hori astebetekoa izango da zuentzat, Buenos Airesko lehengusuak erabaki arte. Presidentea nor den ez dela horren inportantea jakiteko balia ezazue astea; edo batere presidenterik gabe bizi litekeela amesteko. Prestatu txarrenerako. Eta suerte on.
Biquiños.
Asteazkena
Oi ene maite ezin ukana:
Bart gaurik laburrena. Pena izan beharko ote nuke zure ondoan lo egiteko ordu gutxiago izan nituelako? Ordu gehiago izan ziren zure begitarteari so egoteko. Eta eguzkiak gurekin iraun nahi, gure pozaren lekuko.
Hemendik aitzina, baina, dena izango omen da gainbehera; betetasuna lortu orduko hasten da galtzen lorea, heldu bezain laster usteltzen fruitua. Baita gure artean ere?
Zirkulu Artikoko maitalea
Osteguna
Lubakiz bestaldeko kolegak:
Zuek badituzue zeuen estrategia eta taktikak, eta ni ez naiz horretan sartuko. Baina bagaude beste batzuk, familia aurrera atera behar dugunak, dakigun modu bakarrean. Lehengo ezegitekoen ordez orain ez egitea erabaki duzuela-eta, pozik eta harro zabiltzate gainera. Eta besteak hor konpon. Borroka zikin baina jatorrean genbiltzalakoan eta kaka: etsaiarekin ere ezin fidatu. Zomorroiak gara gu, eta ez dugu zomorrohi bihurtu nahi.
Bizkartzain Bizkarroia
Ostirala
Aintzane:
Bakarrik zaude, bakarrik utzi zaituzte. Eta gogorra da bidaia luzea lagunik gabe egin behar izatea.
Nabarmendu nahi izan duzunean ere, zapuztu egin dizute jokaldia. Atutxaren bozketa haietan ekimen ausart bat iragarri zenuenean Izaskun Bilbao aurkeztu zuten; zure botoa Ibarretxeri emateko baldintza bi jarri dituzunean, ofizialak deitzen diezuen horiek etorri dira, bi boto eskaintzera.
Ez daukazu erraza baina, eutsi goiari.
Muxu bakarti bat.
Txinotan euskaraz
(Berria-k eskatu zidan, lehendakaria hautatzeko lehen saioaren kronika libre antxeko bat egiteko Gasteiztik, eta hona emaitza, egunkarian gaur argitaratua)
Batzuetan buruak atzera egiten dizu, oharkabean: Legebiltzarreko sarrerara nindoala, 1986. urtea etorri zitzaidan gogora, hiru lurraldeotako hateskundeen ostean Herri Batasunak Juan Karlos Ioldi preso ataundarra lehendakarigai aurkeztu zuenean, Ardanzaren aurrez aurre; Gasteizen ikaslea nintzen sasoi hartan, eta parlamentuaren aurretik pasatzea egokitu zitzaidan egun horretan: han ziren, ertzain eta kazetariez gainera, ez-dakit-zein lantegitako beharginak, jestoretako kideak, AEK-koak nor bere aldarrikapenekin, kolorea eta saltsa emanez egunari. Atzo, berriz, Bertendonan itxitako irakasleak zeuden atarian, UGT eta CCOOko lagunek babestuta, euskara EZ jakiteko beren eskubidea bozgorailutik oihuka.
Dena berdintsu dago, alde batera, baina dena aldatzen da, ez dakit okerrera ala hobera. Espainian zabaldu den joerari jarraituz, badirudi eskuinak deskubritu berria duela kalearen indarra eta manifestaldiak egitearen poza. Hemen, berriz, ezin esan ezkerra agintean dagoenik eta zertaz protesta egin ez daukanik. Jose Antonio Ardanza Euskalteleko lehendakari jauna legebiltzarreko gonbidatuen palko nagusian zegoen atzo, hizlariei adi. Ioldi, kartzelan zuzenbidea ikasi ostean, Torturaren Aurkako Taldean omen dabil gaur egun. Ba ote luke talde horrek esatekorik Gasteizko bozketaren aurrean, ala Madrilen bakarrik jokatzen da komisarietako izugarrikeriak amaitzeko borroka?
Lopez eta Ibarretxeren hitzaldiak entzun genituen goizean, hurrenez hurren. Patxi, espero nuena baino txepelago, eta Juanjo uste nuena baino ausartago. Lehenengoak PPren botoei eutsi beharrez, beharbada, eta bigarrenak ezker abertzalearenak lortu nahian, apika. Normalizazioari eta bakeari dagokienez hori. Diskurtsoen beste parte bat gobernu-programa arruntari eskaini zioten biek ere, eta horretan antzera ibili ziren aurkari biak, promesa eder eta iupi-iupi-ak eginez, eskuzabalago Lopez (gobernuaren ardura izango ez duenaren lasaitasunez), zehazgabeago Ibarretxe (kontuak eskatuko dizkiogun beldurrez). Politena, Lopezek zilborresteen bankua agindu zuenekoa; eskerrak aldameneko bati galdetu eta jakin genuen zelula ametan aberatsak direla zilborresteak.
Horrez gain, aipagarria izan da, eta horregatik aipatzen dut, euskararen erabilera. Lopezek, azkenaldiko agerraldi inportanteetan egiten duen bezala, berbatxo batzuk egin zituen euskaraz, atal bakoitzean esan behar zuenaren laburpen eta aurrekari; lastima, testu hori idatzi zionak euskaraz hobetoxeago ez jakitea. Ibarretxek, berriz, ohi baino gehiago egin zuen euskaraz, erditik hurbil, baita hitzaldiaren zati garrantzitsuenetako batzuk ere.
Interes handiagoa zeukan arratsaldekoak, bozketaren nondik norakoa zegoelako jokoan, eta ezin botorik alferrik galdu. Adibidez, Eider Mendoza legebiltzar jeltzalea, Atutxaren bozketa-garaian haurra izateko zorian zegoena, goizean ez zen azaldu, baina arratsaldean ez zuen huts egin, badaezpada.
Nork zer boto izango zituen kolokan, bata besteari begira, ez dakit mus ala poker mahai batean geunden (edo txinotan, apalxeago jarrita). Aintzane Ezenarrok bixitasuna eman zion partidari, gainera, bere boza zalantzan utziz, beren bi eskariri Ibarretxek emandako erantzunaren baitan. Hala ere, Aralarrenganako arreta eta haien botoaren balioa nabarmen gutxitu ziren Nekane Erauskinek Ibarretxeri bi boto emango zizkiotela iragarri zuenean. Urtezaharrean Arnaldo Otegik egindako 3 + 3 jokaldiak arrakasta izan du, nonbait, baina askotan errepikatzen badute etorkizunean ez du halako misteriorik izango, bistan da.
Misterio gutxiago zeukan popularren botoak, eta espero zen bidea hartu zuen Maria San Gilek, Ibarretxeri eta Lopezi, biei, egurra banatu ostean, bi txarren artean min gutxien ematen dienaren alde egingo zutela iragartzean. Erabili zuen gogortasuna, berriz, ez dakit espero zen, baina gogoan hartzekoa izan da, dudarik gabe. Aznarismoak itzal luzea utzi du, eta ez du apaltzeko itxurarik, puska batean.
Beste interesgune batzuk ere bazeuden. Esaterako, parlamentari eledun berriak bere egitekoan zelan moldatzen ziren ikustea: hitz bat edo bitan definitzearren, Aintzane Ezenarro txukun, Unai Ziarreta zurrun, Nekane Erauskin hieratiko, Maria San Gil demagogo, eta Jose Antonio Pastor diskretu baina sendo.
Horiez gainera, beste bi bozeramaile ziren, lehendik ere lan hori ezagutzen dutenak: Antton Karrera, desastre hutsa (Oskar Matutek txanda noiz hartuko zain egongo dira bere taldean, Madrazo sailburu bihurtu bezain laster), eta Joseba Egibar eroso, gaia ezagutu eta egoera menderatzen duenaren aisetasun harro samar horrekin (bere taldean zenbateraino maite duten, hori ere gai polita litzateke, beste baterako agian).
Euskara bera aipagai ez baina tresna izatea interesatzen zaigu guri, eta alde horretatik eman zuen zeresana atzoko saioak. Lehendakarigaien jarduna komentatu dugu lehenago. Taldeei dagokienez, Aralarrek euskara hutsez egin zuen bere saioa; Ezker Batuak bi hizkuntzetan baina batik bat erdaraz; Eusko Alkartasunak laburpentxoak bakarrik euskaraz; Ezker Abertzaleak alderantziz, laburpentxoak gaztelaniaz; popularrek eta sozialistek erdara huts-hutsez; eta EAJk, bere historian lehenengo aldiz beharbada, euskaraz oso-osorik. Etorkizunerako apustu moduko bat zela aipatu zuen Egibarrek berak. Ikusi egin behar etorkizunak nondik jotzen duen. Eta batez ere bere alderdiak, ez bakarrik Josebak.
Bere eskela idatzi zuena
Eskelak informazio ziurraren barruan sartu nituen atzo, baina ez da beti hala izaten. Hil ez eta hileta-oharra argitaratu dioten jendearen istorioak behin baino gehiagotan entzun ditut, nahiz eta niri beti geratu zaidan barruan harra, benetan gertatua den ala ez ote den izango leienda urbano eder horietako bat.
Askoren ametsa omen da norbere hileta ikustea: zeremonietara nor agertzen den ikusi, zenbat maite gintuzten entzun... Aho batez oso onak ginela adituko den egun bakarra horixe izango da seguru asko. Lazkao Txikik ere halaxe kantatu zuen behin: "Usteldutzean ondutzen dira / mizpira eta gizona". Beste bertsolari batek, Andoni Egañak, ipuin bikain bat idatzi zuen, "Hil-kanpaiak" izenekoa ("Ipuin bakarrak" bilduma kolektiboan argitaratua), non protagonistak hila dela sinetsarazi nahi duen, bizitzan ukatu zaizkion laudorioak entzute hutsagatik.
Gipuzkoako herri batean gertatu omen da azkena, eskumotx hark bezala isildu egingo dut izena. Lehendik bideo-denda zeukan Patxik erosi omen du funeraria. Egin beharrekoak nola egin behar diren ikasten hasi eta, besteak beste, hildakoaren eskela bat prestatu du eta Diario Vascora bidaltzeko probak egin. Gizon zuhurra da ordea Patxi, eta sineskeria gutxikoa (hobe halakoa izatea lanbide horretan): hanka-sartzerik ez gertatzeko, bere buruarekin prestatu du gezurretako eskela; baina ez du bidali, zaudete lasai.
Benetako hildakoak ere hasi dira agertzen halako batean. Eta horientzat bai, hileta-zerbitzuetako langile batek prestatu ditu eskelak; eta prestatu ez ezik, bidaltzeko botoia sakatu ere bai posta elektronikoaren programan. Eta orduan gertatu da polita, Patxiren gezurretako eskela joan baita besteen artean, baita argitaratu ere biharamuneko periodikoan.
Patxi bera ez omen zen asko ikaratu. Baina inguruko guztiak konbentzituta, Patxi gizajoa hil egin zela. Suerte handirik ez koitaduak, negozio berria zabaldu eta lehenengo bezeroa bera. Bideo-dendaren ondoan harategia omen dago, eta harategiko nagusia malkoak irten beharrean, sartu den bezeroari berri tristea kontatzen dion bitartean; halako sentimenduz kontatu ere, non iruditu baitzaio bere dendaren ate aurretik pasatzen ikusi duela gure Patxi. "Ez da posible. Haluzinazioak ditut orain!", zioen harakin ikaratuak, eta, ikusitakoa egia edo ametsa zen ziurtatzeko, harategitik atera, giltzaz itxi eta kalean behera joan zen, Patxiren mamuaren atzetik.
Ez dakigu zer esan zuen harakinak egia jakin zuenean, edo zer esan zuen Patxik bere heriotzagatik doluminak jasotzen hasi zenean, baina entzutekoak izango ziren harategiaren barruan itxita geratu zen emakume gajoaren oihuak, handik atera zezaten.
Ez zen agintzen zuen bezain ederra baina...
Periodikoa leitzean badira sinesten ditugun atalak eta dudapean uzten ditugunak. Adibidez, hildakoen eskelak sinesgarrien artean sartu behar genituzke, berez; berdin txandakako botikak, futboleko emaitzak, zinema-aretoetako ordutegia... Iritziak, aldiz, gauza jakina da, ipurdiak bezala, bakoitzak berea duela; eta bien artean gelditzen da tarte zabal bat: informazio politikoa eta bestelakoa, itsu-itsuan sinets dezakeguna edo auskalomenduzko mantapean bildu. Irakurlea zenbat fidatzen den bere egunkariarekin, hortxe dago kazeta horren arrakastaren marka; fidatze horretarako giltzarria, berriz, kalitatea izan liteke, edo inertzia, edo lotura ideologikoa.
Dexenteko sinistamendua eskaintzen diot nik telebistako filmen komentarioari. Ez aldez aurreko fedea dudalako, kontrasteak halaxe erakutsita baizik. Konfiantzak konfiantza, norberak epaitzea onena. Gauean, afalondoan, liburu batekin ohera joan edo ez erabakitzeko, film interesgarririk ematen ote duten begiratu ohi dut. Itxura ona duela ematen badu, eseri eta ikusten hasiko naiz. Hala ere, sarritan altxatu ohi naiz lehenengo iragarki-tartea baino lehen, oheak gehiago balio duela iritzita.
Astelehenetan ez da ateratzen nik irakurtzen dudan egunkaria. Aurreiritzirik gabe paratu nintzen bart gauean aparailuaren aurrean, eta hor non ikusten dudan Spidermani buruzko film bat. Zuzendariaren berri-eta, ez galdetu niri, ez dakit eta. Printzipioz, kakazahar bat izan zitekeen, Superman guztiak bezala, baina gogoan nuen Batman txukunagoren bat, eta aukera ematea erabaki nuen.
Gaurko film ia guztiek hiru ekitaldiko egitura klasikoa izan ohi dute: planteamendua, korapiloa eta askatzea, literaturatik eta antzerkitik datorrena. Literaturatik hartutako hainbat keinu eta erreferentzia ikusi uste izan nituen Spiderman-en planteamenduan, pertsonaia nagusi guztien zertzelada nagusiak ematean. Hasteko, Peter Parker protagonista, Gregor Samsa erabatekoa da, Kafkaren Itxura-aldaketan bezala gauetik goizera bere burua zomorro bihurturik ikusten duena. Norman Oscorp antagonista, nortasun bikoitzeko zientzialariaren eredura dago marraztua, bere buruarekin esperimentuak egin ondoren Stevensonek asmaturiko Doctor Jeckyll eta Mister Hyde bihurtua. Eta, azkenik, Mary Jane Watson neskatxa aingerutiarra, Dickens-en eleberrietako umezurtzen edo Errauskineren patua irudikatuko duela dirudiena.
Zinema komertzial hutsa ez baizik zer edo zer landuagoa ikusiko nuela iruditu zitzaidan eta bertan geratu nintzen. Gero emaitza ez zen hartarainokoa izan. Txarra ere ez: ongiaren eta gaizkiaren arteko borroka tipikoa, efektu txukunak, eta aspaldian ikusi dudan muxu erotiko politena: Spiderman buruz behera zintzilik, bere burua neskarenaren parean, eta biak euripean; neska mozorroa kentzen hasten zaio, baina kokotsetik hasita sudur parerainokoa da eranztea, eta horrela ematen diote elkarri muxu luze, umel eta alderantzikatua; horrexegatik bakarrik merezi zuen ikustea.
Ta, ezkondu al zen?
(Goierriko Hitza-n argitaratua)
Andy Warhol pintore iparramerikarrak esan omen zuen, telebista asmatu zen garaian, etorkizunean denok izango genuela geure hamabost segundoko aintza eta ospe-alditxoa, txandan-txandan guztiok aterako baikinen noizbait zorioneko tresna horretan.
Guztiz egiazkoak izan gabe botatzeko politak diren esaldi horietakotzat neukan Warhol-ena, baina argi dago, Goierri Telebistari esker, gero eta errealagoa bihurtu dela eta bihurtuko, gure artean. Beste edozein saio ikusten ari garela, iragarkiaren tartea iritsi eta, zapinaren bidez, denok zapaltzen dugu etxeko kanalaren botoia ere, ea orain zer dagoen; ea latako marrazkiak ematen ari diren edo bertako zerbait; eta, bigarren kasuan, begira geratuko gara pixka batean, ea ezagunen bat agertzen den. Gero halaxe esaten diogu kalean elkarri: Aurrekoan ikusi zintudan telebisioan.
Halakoetan helburua jendea ikustea bera dela esango nuke, eta ez diogula kasu askorik egiten bakoitzak zer esan duen edo zer egin duen. Burura datorkit pasadizo xelebre samar bat, Empar Pinedak kontatua. Pineda emakume heldu hernaniar bat da, aspaldi Bartzelonara joana (jatorrizko Anparo izena hantxe katalanduko zuen), eta Espainiako estatuan lesbianen mugimenduaren bultzatzaile ezagunenetakoa azken 30 urteetan, berriki Artelekun izan dena feminismoari buruzko hitzaldi bat ematen. Emakumezkoen homosexualitatea zenbateraino den ikusezina frogatzeko kontatzen zuen berak gertaera hau, baina berdin balio dezake telebista nola ikusten dugun erakusteko.
Joan omen da gure Empar hau telebistako eztabaida-saio batera, homosexualitateaz, familia-ereduaz edo dena delakoaz hitz egitera. Grabatu dute programa, bota dute gero, eta biharamunean, Hernanin, hala esan omen zioten Pinedaren amari harategian, erosketak egiten ari zela: Ikusi ninan hire alaba atzo telebisioan. Ze maja! Ta, ezkondu al zen?
Fernando Morillo: Oso aberasgarria egin zait neure testua begi arrotzez ikustea
Liburu berria kaleratu du Fernando Morillok (Azpeitia, 1974): Dragoien orroa, gaurko gazteen abenturak eta aspaldiko borroka mitologikoak uztartzen dituen eleberria; idazlan honen berezitasunik handiena sorrera bera izan da ordea, nahi izan duten irakurleek partehartze zuzena izan baitute kontakizunaren nondik norakoan, Kilometroak 2005ek antolatutako lehiaketa baten bitartez.
Hasteko, Fernando, bitxia izan da liburuaren sorrera-prozesua. Kontaiguzu zerorrek.
Kilometroak 2005eko arduradunen proposamen eroa izan zen: bukatu gabeko testu bat eskegi Interneten, eta jendeari jarraitzeko ideiak eskatu. Baldintza bakarra zegoen: kilometroak 2005 inguruan girotua egotea. Ezohiko proiektua zen, baina agian horrexegatik oso erakargarria. Ez genekien zer atera zitekeen, baina gogotsu ekin genion. Eta merezi izan du.
Enkarguak hartzeko joera izan duzu betidanik. Honek, baina, epe estu samarrak zeuzkan.
Kezka nagusia izan zen epea. Edo, hobeto esanda, epeak: zirriborroa egin, lanak jaso, irabazlea erabaki eta zirriborroa borobildu. Guztia hilabete gutxi batzuetan. Dena dela, zein mendigoizalek igoko luke tontor bat, batere zailtasunik izango ez duela ziurtatuko baliote?
Partehartzaileen maila eta haien ekarpenak zer izan dira: espero zenituenak gutxi gorabehera?
Ez nuen ideiarik jendeak nola erantzungo zuen. Zintzo izanda, zerrenda modukoak espero nituen: pertsonaia honi halakoak gertatuko zaizkio, egoera hura horrela eta horrela garatuko da. Eta ez: zenbaitek narrazioari eutsi zioten, ideia asko eta ezberdinak proposatu zituzten Idazle moduan, oso aberasgarria egin zitzaidan neure testua begi arrotzez ikustea.
Lehiaketaren berezitasunak zu autore bakarra ez izatea dakar. Nola sentitu zara alde horretatik?
Liburu guztietan izaten dira kanpoko eraginak: bizi izandakoak, irakurritakoak, kontatutakoak Kasu honetan modu bereziagoan jaso ditut ideiak, eta horrek apur bat ezberdin egiten du. Ni neu oso gustura gelditu naiz. Espero dut lehiaketan parte hartu zutenekin ere beste hainbeste gertatzea!
Mitoaren aberastasuna eta erakarpena
Nobelak bi plano ditu: bata gaur egungoa, bestea garai urrun eta zehaztugabe batekoa, pertsonaia mitologikoekin gainera. Lehenengo aldia duzu: gustura ibili zara basajaun eta herensugeekin?
Oso. Betidanik erakarri izan nau mitoaren munduak. Jakinduria gisa, narrazio gisa. Mitoak agertzen ditu, gordinean, geure ametsen ezaugarrietariko asko. Eta idazlea, neurri handi batean, ametsez elikatzen da.
Pentsatzekoa da, beraz, istorio mitologiko gehiago irakurriko dizugula aurrerantzean?
Zalantzarik gabe. Gainera, eta zorionez, euskal mundua oso aberatsa da mitoetan, geure literaturan nahi baino gutxiago erabili bada ere unibertso hori. Badugu nondik heldu eta zertaz jardun.
Liburuaren beste berezitasun bat, Debagoieneko bazterrak agertzea izan da: kokaleku lokalak mugatu egin zaitu, edo lagundu edo...?
Kilometroak 2005eko arduradunen baldintza bakarra izan zen hor inguruan kokatzea. Bertaratu nintzenean, zertaz idatzi erabakitzeko, inguru haien mitologia-usainaz konturatu nintzen: Herensugea, Anboto, Ehiztari Beltza Gogoko gaia nuenez, haritik tira egin eta baneukan nondik abiatu. Lekua, beraz, ez da muga izan, baizik eta pizgarri.
Gaztetxoen abenturak eta amodio-minak, thriller ukitu bat, fantasiazko elementuak... nola definituko zenuke obra hau?
Gaxtea nintzenean, horiek guztiak aurkitzen saiatzen nintzen irakurtzean: abentura, bihotza, ekintza, fantasia Eta horiexek sartzen ahalegintzen naiz. Ahalik eta koktel erakargarriena egitea dut helburu. Nola? Gaztetxoek bere sentituko dituzten bizipenekin: egunerokoak eta ametsen mundukoak; hurbilenak eta urrunenak.
Obra oparoa eskaini diguzu dagoeneko, gazteentzat egina batik bat: hortik jarraitzeko asmoa duzu aurrerantzean ala...?
Neurri handi batean, seguruenez. Gaztetxoen munduak bi altxor eskaintzen dizkit: barne-gatazka itzelen abiapuntua eta amets egiteko zilegitasuna (zilegitasun handiagoa, uler bedi). Nerabezaroa helduok gogoratzen duguna baino gogorragoa zen; ametsak ereiten zuen itxaropena, indartsuagoa. Ezin aproposagoa idazle batentzat!