Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Txinotan euskaraz

Txinotan euskaraz

xme 2005/06/23 09:50

(Berria-k eskatu zidan, lehendakaria hautatzeko lehen saioaren kronika libre antxeko bat egiteko Gasteiztik, eta hona emaitza, egunkarian gaur argitaratua)

Batzuetan buruak atzera egiten dizu, oharkabean: Legebiltzarreko sarrerara nindoala, 1986. urtea etorri zitzaidan gogora, hiru lurraldeotako hateskundeen ostean Herri Batasunak Juan Karlos Ioldi preso ataundarra lehendakarigai aurkeztu zuenean, Ardanzaren aurrez aurre; Gasteizen ikaslea nintzen sasoi hartan, eta parlamentuaren aurretik pasatzea egokitu zitzaidan egun horretan: han ziren, ertzain eta kazetariez gainera, ez-dakit-zein lantegitako beharginak, jestoretako kideak, AEK-koak nor bere aldarrikapenekin, kolorea eta saltsa emanez egunari. Atzo, berriz, Bertendonan itxitako irakasleak zeuden atarian, UGT eta CCOOko lagunek babestuta, euskara EZ jakiteko beren eskubidea bozgorailutik oihuka.

Dena berdintsu dago, alde batera, baina dena aldatzen da, ez dakit okerrera ala hobera. Espainian zabaldu den joerari jarraituz, badirudi eskuinak deskubritu berria duela kalearen indarra eta manifestaldiak egitearen poza. Hemen, berriz, ezin esan ezkerra agintean dagoenik eta zertaz protesta egin ez daukanik. Jose Antonio Ardanza Euskalteleko lehendakari jauna legebiltzarreko gonbidatuen palko nagusian zegoen atzo, hizlariei adi. Ioldi, kartzelan zuzenbidea ikasi ostean, Torturaren Aurkako Taldean omen dabil gaur egun. Ba ote luke talde horrek esatekorik Gasteizko bozketaren aurrean, ala Madrilen bakarrik jokatzen da komisarietako izugarrikeriak amaitzeko borroka?

Lopez eta Ibarretxeren hitzaldiak entzun genituen goizean, hurrenez hurren. Patxi, espero nuena baino txepelago, eta Juanjo uste nuena baino ausartago. Lehenengoak PPren botoei eutsi beharrez, beharbada, eta bigarrenak ezker abertzalearenak lortu nahian, apika. Normalizazioari eta bakeari dagokienez hori. Diskurtsoen beste parte bat gobernu-programa arruntari eskaini zioten biek ere, eta horretan antzera ibili ziren aurkari biak, promesa eder eta iupi-iupi-ak eginez, eskuzabalago Lopez (gobernuaren ardura izango ez duenaren lasaitasunez), zehazgabeago Ibarretxe (kontuak eskatuko dizkiogun beldurrez). Politena, Lopezek zilborresteen bankua agindu zuenekoa; eskerrak aldameneko bati galdetu eta jakin genuen zelula ametan aberatsak direla zilborresteak.

Horrez gain, aipagarria izan da, eta horregatik aipatzen dut, euskararen erabilera. Lopezek, azkenaldiko agerraldi inportanteetan egiten duen bezala, berbatxo batzuk egin zituen euskaraz, atal bakoitzean esan behar zuenaren laburpen eta aurrekari; lastima, testu hori idatzi zionak euskaraz hobetoxeago ez jakitea. Ibarretxek, berriz, ohi baino gehiago egin zuen euskaraz, erditik hurbil, baita hitzaldiaren zati garrantzitsuenetako batzuk ere.

Interes handiagoa zeukan arratsaldekoak, bozketaren nondik norakoa zegoelako jokoan, eta ezin botorik alferrik galdu. Adibidez, Eider Mendoza legebiltzar jeltzalea, Atutxaren bozketa-garaian haurra izateko zorian zegoena, goizean ez zen azaldu, baina arratsaldean ez zuen huts egin, badaezpada.

Nork zer boto izango zituen kolokan, bata besteari begira, ez dakit mus ala poker mahai batean geunden (edo txinotan, apalxeago jarrita). Aintzane Ezenarrok bixitasuna eman zion partidari, gainera, bere boza zalantzan utziz, beren bi eskariri Ibarretxek emandako erantzunaren baitan. Hala ere, Aralarrenganako arreta eta haien botoaren balioa nabarmen gutxitu ziren Nekane Erauskinek Ibarretxeri bi boto emango zizkiotela iragarri zuenean. Urtezaharrean Arnaldo Otegik egindako 3 + 3 jokaldiak arrakasta izan du, nonbait, baina askotan errepikatzen badute etorkizunean ez du halako misteriorik izango, bistan da.

Misterio gutxiago zeukan popularren botoak, eta espero zen bidea hartu zuen Maria San Gilek, Ibarretxeri eta Lopezi, biei, egurra banatu ostean, bi txarren artean min gutxien ematen dienaren alde egingo zutela iragartzean. Erabili zuen gogortasuna, berriz, ez dakit espero zen, baina gogoan hartzekoa izan da, dudarik gabe. Aznarismoak itzal luzea utzi du, eta ez du apaltzeko itxurarik, puska batean.

Beste interesgune batzuk ere bazeuden. Esaterako, parlamentari eledun berriak bere egitekoan zelan moldatzen ziren ikustea: hitz bat edo bitan definitzearren, Aintzane Ezenarro txukun, Unai Ziarreta zurrun, Nekane Erauskin hieratiko, Maria San Gil demagogo, eta Jose Antonio Pastor diskretu baina sendo.

Horiez gainera, beste bi bozeramaile ziren, lehendik ere lan hori ezagutzen dutenak: Antton Karrera, desastre hutsa (Oskar Matutek txanda noiz hartuko zain egongo dira bere taldean, Madrazo sailburu bihurtu bezain laster), eta Joseba Egibar eroso, gaia ezagutu eta egoera menderatzen duenaren aisetasun harro samar horrekin (bere taldean zenbateraino maite duten, hori ere gai polita litzateke, beste baterako agian).

Euskara bera aipagai ez baina tresna izatea interesatzen zaigu guri, eta alde horretatik eman zuen zeresana atzoko saioak. Lehendakarigaien jarduna komentatu dugu lehenago. Taldeei dagokienez, Aralarrek euskara hutsez egin zuen bere saioa; Ezker Batuak bi hizkuntzetan baina batik bat erdaraz; Eusko Alkartasunak laburpentxoak bakarrik euskaraz; Ezker Abertzaleak alderantziz, laburpentxoak gaztelaniaz; popularrek eta sozialistek erdara huts-hutsez; eta EAJk, bere historian lehenengo aldiz beharbada, euskaraz oso-osorik. Etorkizunerako apustu moduko bat zela aipatu zuen Egibarrek berak. Ikusi egin behar etorkizunak nondik jotzen duen. Eta batez ere bere alderdiak, ez bakarrik Josebak.

etiketak: Politika
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.