Bere eskela idatzi zuena
Eskelak informazio ziurraren barruan sartu nituen atzo, baina ez da beti hala izaten. Hil ez eta hileta-oharra argitaratu dioten jendearen istorioak behin baino gehiagotan entzun ditut, nahiz eta niri beti geratu zaidan barruan harra, benetan gertatua den ala ez ote den izango leienda urbano eder horietako bat.
Askoren ametsa omen da norbere hileta ikustea: zeremonietara nor agertzen den ikusi, zenbat maite gintuzten entzun... Aho batez oso onak ginela adituko den egun bakarra horixe izango da seguru asko. Lazkao Txikik ere halaxe kantatu zuen behin: "Usteldutzean ondutzen dira / mizpira eta gizona". Beste bertsolari batek, Andoni Egañak, ipuin bikain bat idatzi zuen, "Hil-kanpaiak" izenekoa ("Ipuin bakarrak" bilduma kolektiboan argitaratua), non protagonistak hila dela sinetsarazi nahi duen, bizitzan ukatu zaizkion laudorioak entzute hutsagatik.
Gipuzkoako herri batean gertatu omen da azkena, eskumotx hark bezala isildu egingo dut izena. Lehendik bideo-denda zeukan Patxik erosi omen du funeraria. Egin beharrekoak nola egin behar diren ikasten hasi eta, besteak beste, hildakoaren eskela bat prestatu du eta Diario Vascora bidaltzeko probak egin. Gizon zuhurra da ordea Patxi, eta sineskeria gutxikoa (hobe halakoa izatea lanbide horretan): hanka-sartzerik ez gertatzeko, bere buruarekin prestatu du gezurretako eskela; baina ez du bidali, zaudete lasai.
Benetako hildakoak ere hasi dira agertzen halako batean. Eta horientzat bai, hileta-zerbitzuetako langile batek prestatu ditu eskelak; eta prestatu ez ezik, bidaltzeko botoia sakatu ere bai posta elektronikoaren programan. Eta orduan gertatu da polita, Patxiren gezurretako eskela joan baita besteen artean, baita argitaratu ere biharamuneko periodikoan.
Patxi bera ez omen zen asko ikaratu. Baina inguruko guztiak konbentzituta, Patxi gizajoa hil egin zela. Suerte handirik ez koitaduak, negozio berria zabaldu eta lehenengo bezeroa bera. Bideo-dendaren ondoan harategia omen dago, eta harategiko nagusia malkoak irten beharrean, sartu den bezeroari berri tristea kontatzen dion bitartean; halako sentimenduz kontatu ere, non iruditu baitzaio bere dendaren ate aurretik pasatzen ikusi duela gure Patxi. "Ez da posible. Haluzinazioak ditut orain!", zioen harakin ikaratuak, eta, ikusitakoa egia edo ametsa zen ziurtatzeko, harategitik atera, giltzaz itxi eta kalean behera joan zen, Patxiren mamuaren atzetik.
Ez dakigu zer esan zuen harakinak egia jakin zuenean, edo zer esan zuen Patxik bere heriotzagatik doluminak jasotzen hasi zenean, baina entzutekoak izango ziren harategiaren barruan itxita geratu zen emakume gajoaren oihuak, handik atera zezaten.
Ipuin baterako trama bikaina. Bukaera ezin hobea; garai bateko "La cabina" gogorarazi zidak. Herri umorea ez zagok hilda, ez horixe. Matxalde