Excombatienteen malenkonia
Autoan goazela, ez gatoz bat aldamenekoa eta biok ze musika hautatu irratian. Gaur-gaurko arrakastak entzun nahi ditu hark, orain dela urte batzuetakoak jartzen dituen emisore bat nik. Ez da berez gustu musikalen arazoa: bat etorri ohi gara ze kantu diren onak eta zein okaztagarriak. Aldea iraganarekiko sentipenean dago, nire jarrera nostalgikoan, bestela esanda.
Orain dela aste batzuk, lagun batek esan zidan excombatienteen bazkaria zeukala. Borrokalari ohi horiek ez ziren inongo gerrilla-taldetan ibiliak, apaizgaitegian elkarrekin ikasitako lagunak baizik. Juxtu aste horretan, beste bide batetik jakin nuen garai bateko ezkerreko talde klandestino bateko kideak ere elkartzekoak zirela, mahaiaren bueltan.
Batzuk eta besteak ez ziren gudaldi beretan ibili (izango zen hala ere baten bat, bietan jardundakoa), baina esango nuke antzekoa izango zutela giroa, antzekoa hara bildu zituen arrazoia: lagun zaharrak ikusi, elkarren berri galdetu, abentura zaharrak gogoratu, gaurko gertakariak komentatu... ardoaz eta nostalgiaz ederki blaiturik.
Ni ez naiz inoiz izan halako kofradietako bezero, baina ondo ulertzen ditut haien sentimenduak, irratian gazteago nintzeneko abestiak entzuten ditudan bitartean. Aldamenekoa ez dut uste apuntatuko litzatekeenik.