Udako postalak (I)
(Berria-n, Udako tartea gehigarrian txoko bat betetzeko eskatu didate, eta egunero idatziko dut bertan. Hona, orain artekoak)
Asteartea
Os meus irmans:
Hartu lasai arnasa. Eta bota. Hauteskunde-gauetan gertatu ohi da, boto-kutxak itxi eta benetako datuak jakin bitartean, ordu pare bateko zalantza-dantza izaten dela, eta arnasari eutsi beharra, zer gertatuko; balantza hori astebetekoa izango da zuentzat, Buenos Airesko lehengusuak erabaki arte. Presidentea nor den ez dela horren inportantea jakiteko balia ezazue astea; edo batere presidenterik gabe bizi litekeela amesteko. Prestatu txarrenerako. Eta suerte on.
Biquiños.
Asteazkena
Oi ene maite ezin ukana:
Bart gaurik laburrena. Pena izan beharko ote nuke zure ondoan lo egiteko ordu gutxiago izan nituelako? Ordu gehiago izan ziren zure begitarteari so egoteko. Eta eguzkiak gurekin iraun nahi, gure pozaren lekuko.
Hemendik aitzina, baina, dena izango omen da gainbehera; betetasuna lortu orduko hasten da galtzen lorea, heldu bezain laster usteltzen fruitua. Baita gure artean ere?
Zirkulu Artikoko maitalea
Osteguna
Lubakiz bestaldeko kolegak:
Zuek badituzue zeuen estrategia eta taktikak, eta ni ez naiz horretan sartuko. Baina bagaude beste batzuk, familia aurrera atera behar dugunak, dakigun modu bakarrean. Lehengo ezegitekoen ordez orain ez egitea erabaki duzuela-eta, pozik eta harro zabiltzate gainera. Eta besteak hor konpon. Borroka zikin baina jatorrean genbiltzalakoan eta kaka: etsaiarekin ere ezin fidatu. Zomorroiak gara gu, eta ez dugu zomorrohi bihurtu nahi.
Bizkartzain Bizkarroia
Ostirala
Aintzane:
Bakarrik zaude, bakarrik utzi zaituzte. Eta gogorra da bidaia luzea lagunik gabe egin behar izatea.
Nabarmendu nahi izan duzunean ere, zapuztu egin dizute jokaldia. Atutxaren bozketa haietan ekimen ausart bat iragarri zenuenean Izaskun Bilbao aurkeztu zuten; zure botoa Ibarretxeri emateko baldintza bi jarri dituzunean, ofizialak deitzen diezuen horiek etorri dira, bi boto eskaintzera.
Ez daukazu erraza baina, eutsi goiari.
Muxu bakarti bat.