Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Udako postalak (II)

Udako postalak (II)

xme 2005/06/29 06:21

Larunbata, ekainak 25

Estepan:

Gaur betetzen dira 68 urte Gasteizko kanposantuko paretan tiroz josi zintuztenetik (goiz eder honetan, erail behar nabe). Eta fusilatu zintuzten haien ondorengoak harro dabiltza hara eta hona (ardao onena Gomez etxean). Baina ez larritu, zure alderdiko kide batek errepikatuko du, gaur bertan, Jose Antonioren zina Gernikako arbolaren pean (eusko lur gainean zutunik, Jainkoaren aurrean apalik, asaben gomutaz). Ez dakigu “dana emon behar jakon” baina, askatasun bila gabiltza oraindik.

Beti gogoan.

Igandea, ekainak 26

Ama:

Ez jardun gehiago mesanotxean gordetako diruaren bila, alferrik zabiltza, neuk hartu dizut eta. Lasaitzen zarenean, zoaz nire armairura eta ikusiko duzu bakero eta kamixeta batzuk hartu ditudala, baita ganbaran zegoen motxila ere, eta orduan ohartuko zara oporretan joan naizela, Europan zehar Interrailez, uda-pasa.

Eskolako liburuak, apunteak eta karpetak ere falta dira, baina horiek ez ditut bidaian eraman: San Joan eguneko sutara bota nituen denak.

Idatziko dizut, Florentziatik-edo, Amsterdametik-edo, Budapestetik-edo

Asteartea, ekainak 28

Armairutxo armairu:

Zu izan zara nire habia, nire txokoa, nire gordelekua. Zure barruan topatu ditut babesa, gozotasuna, gozamena. Baina iritsi da irteteko ordua. Eguzkiaren izpiak, haizearen laztana sentitzekoa. Haizea alde daukagula dirudi gainera: gaizki begiratzen zigutenek disimulatu egiten dute, garenak garelako postuak ematen dizkigute, eta ezkontzen ere utziko omen digute. Baina ezkontzea ote da guk nahi duguna? Eraztunaren kaiola? Familia santuaren antzekoa sortzea?

Aukera izatea ez da txarra baina

Asteazkena, ekainak 29

Jefe izendaezin hori:

Gure gremio ohoragarriak Eliza Ama maiteari De Lancre eta Torquemada bezain zerbitzari leialak emanagatik, oraindik ez daukagu santu patroi bat egutegian. Eta orain, berriz, prentsaren bitartez jakin dugu gure bezeroek bai, Nazioarteko Eguna dutela. Zer lirateke, ordea, munduko unairromano guztiak, guk gure lana zintzo eta prestu beteko ez bagenu? Diskriminazio lotsagarri hori amaitzeko, saiatze eta produktibitatezko plus bat eskatu nahiko genuke, eta anaiarteko afari bat.

Ez da asko eskatzea, gure dedikazioa kontuan hartuta.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.