Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Ez zen agintzen zuen bezain ederra baina...

Ez zen agintzen zuen bezain ederra baina...

xme 2005/06/21 09:55

Periodikoa leitzean badira sinesten ditugun atalak eta dudapean uzten ditugunak. Adibidez, hildakoen eskelak sinesgarrien artean sartu behar genituzke, berez; berdin txandakako botikak, futboleko emaitzak, zinema-aretoetako ordutegia... Iritziak, aldiz, gauza jakina da, ipurdiak bezala, bakoitzak berea duela; eta bien artean gelditzen da tarte zabal bat: informazio politikoa eta bestelakoa, itsu-itsuan sinets dezakeguna edo auskalomenduzko mantapean bildu. Irakurlea zenbat fidatzen den bere egunkariarekin, hortxe dago kazeta horren arrakastaren marka; fidatze horretarako giltzarria, berriz, kalitatea izan liteke, edo inertzia, edo lotura ideologikoa.

Dexenteko sinistamendua eskaintzen diot nik telebistako filmen komentarioari. Ez aldez aurreko fedea dudalako, kontrasteak halaxe erakutsita baizik. Konfiantzak konfiantza, norberak epaitzea onena. Gauean, afalondoan, liburu batekin ohera joan edo ez erabakitzeko, film interesgarririk ematen ote duten begiratu ohi dut. Itxura ona duela ematen badu, eseri eta ikusten hasiko naiz. Hala ere, sarritan altxatu ohi naiz lehenengo iragarki-tartea baino lehen, oheak gehiago balio duela iritzita.

Astelehenetan ez da ateratzen nik irakurtzen dudan egunkaria. Aurreiritzirik gabe paratu nintzen bart gauean aparailuaren aurrean, eta hor non ikusten dudan Spidermani buruzko film bat. Zuzendariaren berri-eta, ez galdetu niri, ez dakit eta. Printzipioz, kakazahar bat izan zitekeen, Superman guztiak bezala, baina gogoan nuen Batman txukunagoren bat, eta aukera ematea erabaki nuen.

Gaurko film ia guztiek hiru ekitaldiko egitura klasikoa izan ohi dute: planteamendua, korapiloa eta askatzea, literaturatik eta antzerkitik datorrena. Literaturatik hartutako hainbat keinu eta erreferentzia ikusi uste izan nituen Spiderman-en planteamenduan, pertsonaia nagusi guztien zertzelada nagusiak ematean. Hasteko, Peter Parker protagonista, Gregor Samsa erabatekoa da, Kafkaren Itxura-aldaketan bezala gauetik goizera bere burua zomorro bihurturik ikusten duena. Norman Oscorp antagonista, nortasun bikoitzeko zientzialariaren eredura dago marraztua, bere buruarekin esperimentuak egin ondoren Stevensonek asmaturiko Doctor Jeckyll eta Mister Hyde bihurtua. Eta, azkenik, Mary Jane Watson neskatxa aingerutiarra, Dickens-en eleberrietako umezurtzen edo Errauskineren patua irudikatuko duela dirudiena.

Zinema komertzial hutsa ez baizik zer edo zer landuagoa ikusiko nuela iruditu zitzaidan eta bertan geratu nintzen. Gero emaitza ez zen hartarainokoa izan. Txarra ere ez: ongiaren eta gaizkiaren arteko borroka tipikoa, efektu txukunak, eta aspaldian ikusi dudan muxu erotiko politena: Spiderman buruz behera zintzilik, bere burua neskarenaren parean, eta biak euripean; neska mozorroa kentzen hasten zaio, baina kokotsetik hasita sudur parerainokoa da eranztea, eta horrela ematen diote elkarri muxu luze, umel eta alderantzikatua; horrexegatik bakarrik merezi zuen ikustea.

etiketak: zinema
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.