Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Ta, ezkondu al zen?

Ta, ezkondu al zen?

xme 2005/06/20 08:50

(Goierriko Hitza-n argitaratua)

Andy Warhol pintore iparramerikarrak esan omen zuen, telebista asmatu zen garaian, etorkizunean denok izango genuela geure hamabost segundoko aintza eta ospe-alditxoa, txandan-txandan guztiok aterako baikinen noizbait zorioneko tresna horretan.

Guztiz egiazkoak izan gabe botatzeko politak diren esaldi horietakotzat neukan Warhol-ena, baina argi dago, Goierri Telebistari esker, gero eta errealagoa bihurtu dela eta bihurtuko, gure artean. Beste edozein saio ikusten ari garela, iragarkiaren tartea iritsi eta, zapinaren bidez, denok zapaltzen dugu etxeko kanalaren botoia ere, ea orain zer dagoen; ea latako marrazkiak ematen ari diren edo bertako zerbait; eta, bigarren kasuan, begira geratuko gara pixka batean, ea ezagunen bat agertzen den. Gero halaxe esaten diogu kalean elkarri: “Aurrekoan ikusi zintudan telebisioan”.

Halakoetan helburua jendea ikustea bera dela esango nuke, eta ez diogula kasu askorik egiten bakoitzak zer esan duen edo zer egin duen. Burura datorkit pasadizo xelebre samar bat, Empar Pinedak kontatua. Pineda emakume heldu hernaniar bat da, aspaldi Bartzelonara joana (jatorrizko Anparo izena hantxe katalanduko zuen), eta Espainiako estatuan lesbianen mugimenduaren bultzatzaile ezagunenetakoa azken 30 urteetan, berriki Artelekun izan dena feminismoari buruzko hitzaldi bat ematen. Emakumezkoen homosexualitatea zenbateraino den ikusezina frogatzeko kontatzen zuen berak gertaera hau, baina berdin balio dezake telebista nola ikusten dugun erakusteko.

Joan omen da gure Empar hau telebistako eztabaida-saio batera, homosexualitateaz, familia-ereduaz edo dena delakoaz hitz egitera. Grabatu dute programa, bota dute gero, eta biharamunean, Hernanin, hala esan omen zioten Pinedaren amari harategian, erosketak egiten ari zela: “Ikusi ninan hire alaba atzo telebisioan. Ze maja! Ta, ezkondu al zen?”

Patxi
Patxi dio:
2005/06/20 13:23

Larunbatean, Ipiñarrieta jauregitik bueltan, Xabier Lasak esaten zidan - euskalkia sustatzeko sortu nahi degun programaren inguruan - kontu haundia izan behar genuela gaiak ez errepikatzearekin. Eta nik erantzun nion, nere ustez behintzat ez zuela hainbeste inporta ere. Euskalkiarekin oso motibatuei ez zitzaiela hainbeste inportako, zaharrei ere ez beti kontu berberak aitzea, iturri desberdinetatik, eta jende gehienak, alkarrizketatuari erreparatuko ziola, esaten zuenari baino.

Hau ere esan nion: garrantzitsua zala, baita alkarrizketatzaileak zerbait errepetitiboa egitea - boligrafoari etengabe bueltak eman, hazka egin beti toki berean, tik bat errepikatu parregarri gerta dadin... jendearen atentzioa erakartzeko.

Herri telebistek kate garrantzitsuenekin konpeti dezakete. Nik ez daukat zalantzarik. Hurbilekoak motibatzen gaitu - txalotzeko ala larrutzeko - baina hurbilekoak. Urrutiko gauzak ere bai, baina hor kalitateak garrantzi haundia du.

joseba
joseba dio:
2005/06/20 12:21

Gure kuadrillako batek lan luze eta gogorraren ondoren bere lehen liburua argitaratu zuen. Egin dute liburuaren aurkezpena eta periodikoetan atera da, argazki eta guzti.

Elkartu da tabernan kuadrillakoekin eta denak beregana. "Zorionak hi! Azkenean bazeukagu kuadrillan norbait importantea! Ederki atera haiz periodikoan, elegante eh! Gaurko erronda hire kontu eh!"

Bera lotsa-lotsa eginda, "eskerrikasko, eskerrikasko".

Atera ditu edariak. Hasi dira beste kontu batzuekin hizketan eta halako batean batek "Portzierto, zergatik atera haiz periodikoan?".

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.